☉ Hego Uribe
Euskara sustatzeko Berbalagun taldeak martxan, Hego Uriben
Hego Uribeko AEK euskaltegiek, Udal Euskaltegiek edota Euskara Zerbitzuek dagoeneko martxan jarri dituzte mintzapraktika taldeak euskara bultzatu eta sustatzeko.
Bederatzigarren urtez jarriko dute abian Berbalagun egitasmoa Arrigorriagako Udal Euskaltegiak eta Euskara Zerbitzuak. Astean behin ordubeteko saioak antolatuko dituzte. Izena eman nahi duenak bulegoa@arrigorriagakoeuskaltegia.eus helbide elektronikoaren bitartez edo 944 020 211 edo 944 002 060 telefono zenbakien bitartez eman dezake izena, doan.
Etxebarrin Berbalapiko ekimena egongo da martxan. Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, hitzaldiak, tailerrak eta irteerak antolatuko dituzte. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du irailaren 22a baino lehen Cimen, 944 267 005 telefono zenbakian edo euskarazerbitzua@etxebarri.net helbide elektronikoan.
Berbalagun ere Ugaon ere izango da. Interesa duenak Jane Jauregian eman ahalko du izena, irailaren 29ra bitartean, 09:00etatik 14:00etara.
Era berean, Arrigorriaga, Basauri eta Galdakaoko AEK euskaltegiek euskara ikastaroetatik aparte, Berbalagun programa ere eskaintzen dute. Horietan parte hartu nahi izanez gero, hegouribe@aek.eus helbide elektronikora idatzi, deitu 607 14 68 55 telefono zenbakira edo sartu Hego Uribe Berbalagunen Facebook atarian. Urria hasieran hasiko dira taldeak elkartzen.
Mintzapraktika-ikastaroak gurasoentzat Arrigorriagan
Euskaraz hitz egiteko eskolak eskainiko ditu Arrigorriagako Udal Euskaltegiak urritik maiatzera bitartean, astean bi aldiz. Ekimena ikastetxeko gurasoei dago zuzenduta, “seme-alabei etxerako lanak egiten laguntzeko edo beste barik, euskararen erabilera hobetzeko”, diote.
Mintzapraktika eskolak 15:00etatik 16:30era izango dira eta prezio orokorra 104,40 eurokoa izango da. Langabetuek 52,50 euro ordaindu beharko dituzte. Parte hartu nahi dutenek irailaren 22ra arte eman ahal izango dute izena Arrigorriagako Udal Euskaltegian edo Gure Magalean gurasoen elkartean.
☉ Hego Uribe
Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari
Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia
Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.
Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.
Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.
☉ Hego Uribe
Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea
Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin
Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.
Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.
Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.
Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.
Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.
Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.
☉ Hego Uribe
Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei
Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte
Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.
2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.
Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.
Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.
Osasun Publikoko arazotzat
Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.
Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.
Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.
Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.
Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.
☉ Hego Uribe
Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake
Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.
Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.
Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen 2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.