Sareak

☉ Hego Uribe

Eutsi kirolari, eta eman aukera bat euskarari

Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko eta Ugaoko 19 kirol-klubek hartuko dute parte 2023/2024 ikasturtean gazteen kirol esparruan euskara sustatzeko programa batean. Markel Baroja Ebeteko kidearekin berba egin dugu proiektu honi buruz

|

Euskara eta kirola. Bi esparru horiek batzen dituen proiektua gauzatuko da Hego Uribeko hainbat herritan: Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon, alegia. Euskara eskolarekin bakarrik ez lotzea, eskolatik kanpo euskararen erabilpena erraztea eta hizkuntza egoera positiboekin lotzea da proiektuaren helburua.

Horretarako, azken urteetan Udalak, kirol klubekin hasitako harreman sare eta bideari jarraipena emango diote Ebete hizkuntza-zerbitzuko teknikariek. Proiektu hau 2020an jarri zuen martxan Ebetek lehen aldiz, gazte eta nerabeek euskararen erabileran dituzten gabeziak arintzeko asmoz. Proiektuak, klubeko zuzendaritza taldeekin egiten du lan lehendabizi, kirolak eduki dezakeen garrantzia gazteek euskararekiko duten ikuspegia aldatzeko, eta hurrengo urteetan erronka formatuen bidez, klubak egingo dituen aurrerapasuoak zehaztuz.

Entrenatzaileen formazio praktikoak eskaintzen ditu Ebetek, “euskarak lekua eduki dezan entrenamenduetan”. Kirol kluben komunikazio sareetan arreta jartzen dute eta elebietan idazteko baliabideak eskaintzen dizkiete. Gainera, kirolariekin partidu osteko bideo elkarrizketak sortuko dituzte hizkuntzaren erabilpena jorratzeko eta gertuko erreferenteekin dinamikak proposatuko dituzte.

“Hau guztia zehaztuz, emaitza hobeak lortzea espero da, hizkuntzaren erabileran, hizkuntzaren pertzepzioan eta taldearen hizkuntza irizpideen hobekuntzei begira”, dio Markel Baroja Laita (Bilbo, 1996) Ebete hizkuntza-zerbitzuko kideak. Hain zuzen ere, Ebete hizkuntza-zerbitzuak enpresak aholkularitza eta laguntza eskainiko die bide horretan kirol-klubei.

Proiektua hiru urtera dago zehaztuta, baina epe horiek errealak ez direla jakitun da Markel: “Ohiturak aldatzea oso zaila da. Badakigu denok hori. Ezin dugu pentsatu hiru urteko kontu bat dela: ohitura bat aldatzeko denbora behar da eta ondoren proiektua eraginkorra izango da. Eta ez dut esaten guk mantendu behar dugunik. Agian hemendik urte gutxira gu ez gaude eta klubak izango dira ardura hori hartuko dutenak”.

19 kirol klub

Guztira, Hego Uribe eskualdeko 19 kirol-klubek hartuko dute parte. Horiek dira: Basaurin Eskubaloi Taldea, Indartsu Futbol Kluba, Basconia Futbol Taldea, Bidebieta Pilota Elkartea, Artunduaga Atletismo Eskola, BSK Saskibaloi Taldea eta Baskauri Futbol Taldea; Etxebarrin Urdin-gorri Futbol Taldea, Berdezurigorri Eskubaloi Taldea, Kukullaga Eskubaloia eta Kukullaga Areto Futbola; Galdakaon Adiskide Pilota Elkartea, Ibaizabal Saskibaloi Taldea, Galdakao Atletismo Taldea, Galdakao Boleibol Taldea, GDKO Igeriketa, Galdakao Futbol Taldea eta Txirrindularitza Gela; eta Ugaon Ugao Futbol Taldea. Txikienetatik hasi eta kadete kategorira arte esku hartuko du Ebetek.

“Batzuk proiektuan estreinatuko dira eta beste batzuk, berriz, bigarren edo hirugarren urteko jarraipen batean hartuko dute parte”, dio Barojak. Datuak datu, Basaurin Artunduaga Atletismo Eskola, BSK eta Baskauri ikasturte honetan hasiko dira programan parte hartzen: “Indartsu, Basconia, Basauri Eskubaloia eta Bidebieta klubak aurreko ikasturtean hasi ziren programa honetan lanean eta aurten jarraipena egingo dute”, dio Barojak.

Eskualdeko gainerako herriei dagokionez, Ugao Basauri ondoren sartu zen proiektuan iaz, ondoren Etxebarri eta azkenik Galdakao. “Galdakaon luzerako joango da proiektua. Orain ekimena aurkezten ari gara, eta euskararen egunerako dinamika bat prestatu dugu bertako klubekin, Basaurin bezala”, dio.

“Eskualdean zerbait ederra lortu dezakegu klubekin batera”, dio Barojak. Gainera, ikasturte amaieran iaz Basaurin egin zuten ‘Eutsi kirolari, gogor euskarari’ egitasmoa antolatu nahi du Ebetek Udalekin batera: “Herriz herri mugitzen den txapelketa bat imajinatzen dugu eta kirol berriak probatzea, euskarazko ingurune batean eta urtean zehar herri desberdinetan parte hartu duten kirol taldeekin egitea da asmoa”. Oraindik ez dakite non egingo duten txapelketa, baina Santurtzin edo Enkarterrietan antolatzea planteatzen ari dira.

Programaren mamia

Markel Baroja ari da, besteak beste, Hego Uribeko kirol-klubekin harremanetan. Programaren nondik norakoei buruz galdetuta, zera dio Barojak: “Zazpi atmosferetan banatzen dugu programa. Kirol esparruan euskararen sustapenean gazteengan eragin beharko luketeen zazpi atmosfera dira. Lehenengo urtean zentratzen naiz zuzendaritza taldeetan eta entrenatzaileetan, bigarren urtean kirolarietan eta komunikazioan eta orain hirugarren urte bat diseinatzen ari gara gurasoekin eta erreferenteekin lotuta”.

“Kirol elkarteek oinarrian bolondres lana egiten dute eta horrek zailtasun asko ekartzen dizkio euskararen sustapenean. Zergatik? Bada ez dagoelako normalkuntza arduradun bat, entrenatzaileek ez dute soldata on bat kobratzen, eta askotan errepikatzen den mezua da: “egiten dutenaz gain, hau ere [euskara sustatzea] egiun behar dute?”, dio Barojak.

Markelek azaldu digunez, hasteko zuzendaritza taldeekin jartzen da harremanetan: “Lehenik eta behin erronka batzuk planteatzen ditugu. Guk zerrenda bat helarazten diegu eta eurek aukeratuko dituzte zein erronka dituzten egingarri. Hiru urteko proiektua izango balitz, bide bat markatzen diegu eta helburua da pixkana-pixkana zuzendaritza taldeek pausoak ematea”, dio.

Ondoren, entrenatzaileekin formakuntza antolatzen du Ebetek. “Entrenatzaileetan aurkitzen ditugun profilak lau dira: euskalduna, badakiena baina ohiturarik gabekoa, badakiena baina euskara oxidatua duena, eta hizkuntza gaitasun baxua duena. Tarteko profilak kontzientziatzeko lan egiten dugu aurrena —lehenengoa dagoeneko kontzientziatua dagoelako—, eta material praktikoa edo gida ematen diegu entrenamenduetan euskara erabiltzeko, hala nola, harrerarako zer aukera dauden, beroketa eta luzaketa errutinak euskaraz, beroketa-jolasak, teknifikazio ariketa batzuk, hiztegia edo animatzeko leloak. Modu horretan, kirolariak, batez ere, gaztetxoenak, ohituko dira entrenatzailea euskaraz entzuten”, dio Barojak: “Zuzendaritzaren herraminta bakarra entrenatzaileak dira, eta entrenatzaileen motibazio puntu bakarra da kirolariek euskaraz egiten hasten badira”.

“Gurasoekin eta familiekin egin nahi ditugun saioak guztiz berriak dira, baita erreferenteekin antolatu nahi ditugunak ere”, dio Barojak: “Erreferenteei dagokienez, gure helburua litzateke eredu berriak ezagutaraztea gazteei. Eta horretan profesionala eta ezaguna desberdintzen ditugu: profesionalak eredu dira, erreferente dira, baina euren klubean, goreneko taldean jokatzen duten kirolariak ezagunak eta erreferenteak dira aldi berean. Orduan, bilatzen duguna da bien arteko oreka bat”. Zentzu horretan, Ebete diseinatzen ari dena da Basauriko ikastetxeekin irteera egun bat antolatu, kirol-guneetara bideratu umeak eta bertan elkarrizketa bat edukitzea kirol arloko erreferente batekin.

Partidu osteko elkarrizketak

Gazteen kirol esparruan euskara sustatzeko programaren bitartez hainbat ekintza sustatuko dituzte kirol-klubek. Besteak beste, partidu osteko elkarrizketak. “Urtarriletik aurrera hasiko da proiektua martxan. Apirilera arte. Helburua da gazteek motibatuta egin dezaketen ekintza hau konturatu gabe euskaraz egitea”, dio Barojak: “Finaean bilatu duguna izan da: ‘zer proposatu ahal diegu gazteei euskaraz gustatuko zaiena?’, eta kiroletik honek funtzionatzen du. Probatu genuen Deustun duela hiru urte eta funtzionatzen du”.

Egitasmo horrek bere prozesua daukala ere zehaztu du Markelek: “Ezin dituzu umeak edo gazteak mikrofono baten aurrean hitz egiten jarri. Lehenengo gurasoen bilera bat deituko dugu; ondoren, online saioak antolatuko ditugu sei-zortzi laguneko taldetxoetan hizkuntza-gaitasunak irabazteko; eta azkenik, partiduen osteko elkarrizketak”.

Elkarrizketa batek dituen atalak edo kirol arloan ohikoak diren esaldiak edo gehien erabiltzen diren esaldiak irakatsiko dizkiete kirolari gazteei saio horietan. Era berean, erreferenteen ereduak jarriko dizkiete. “Dinamika horrekin bilatzen duguna da kirolariak hitz egiten hastea eta sare sozialetatik eurek bideo-elkarrizketak zabaltzea”, dio Barojak: “Proiektuaren ardatza kirolarien elkarrizketak dira. Behin hori hasita, uste dut gauza gehiagora iristen hasiko garela”.

Basauri, aitzindari

Pandemia eta gero hasi zen Ebete proiektu hau garatzen, baina lehenago antzekoa izan zitekeen beste proiektu bat gauzatu zuen Basaurin: “Ez nuke esango poroiektu bera denik. Pandemia eta gero erabaki genuen Ebeten, estrategikoki, kirolaren arloari garrantzia gehiago ematea”. Ildo horretan, Basauri —Santurtzirekin batera— aitzindari izan dela nabarmendu du Barojak: “Urteak daramatzagu euskara sustatzeko ahaleginetan Basaurin eta Santurtzin. Gerora sartu ziren Ugao, Enkarterriko mankomunitatea, Etxebarri eta Orozko. Eta aurten berriak dira Galdakao eta Urduña”.

Basaurin programa martxa jarri dutenetik izan diren lorpenek inguruan galdetu diogu Markeli: “Bada, lortu dena da: zuzendaritzetan argi edukitzea honetan ere egon behar direla. Agian oraindik ez daukate erraztasunik kudeatzeko, baina badakitela eta kontziente direla argi dago. Nabarmenduko nuke Indartsuk eta Bidebietak landu dutena: Euskadi mailan zabaldu daitekeen proiektu eredugarriak landu dituzte. Euskararen sustapena errotuta daukate jada”, dio, eta gaineratu du: “Klub horiek gu barik ere jarraipena emango liokete euskararen sustapenari. Eta hori da bilatzen duguna”.

“Zuzendaritza taldeetan badator errelebo bat, euskalduna dena edo behintzat euskaraz ikasi duena, beraz, erraztasuna gero eta handiagoa da”, dio Barojak.

Motibazio falta?

Erreleboa badagoela esan du Markelek, baina uste du lanketa handi bat egin behar dela gazteekin: “Hainbat gazteen egunerokoan, euskara, ikasgai bat gehiago besterik ez da”. “Nire ustez ez da motibazio kontua: sistematizatu dugun zerbait da. Egiten dudan hausnarketa da: euskara dago eskolan, guztiok gaur egun ikasten dugu euskara eskolan, eta eskolak ume batzuei esperientzia positiboak ekartzen dizkie, beste batzuei esperientzia ez hain positiboak, eta beste batzuei esperientzia txarra. Baina guztiek lotzen dute euskara eskolarekin”.

Eta hori “hausteko” eratu dute kirolean euskara sustatzeko programa: “Euskalgintzan lan egiten dugunok oso estretagiko ikusten dugu kirola. Datu batzuk aipatzeko, umeen % 85ak kirola egiten du. Eta proiektu honekin lor daitekeena da euskararekiko duten pertzepzioa positiboa izatea”, dio Barojak.

“Ume batek bere kirol erreferentean, hezkuntza ez formaleko aisialdian, euskara entzuten badu, ohitu egingo da euskara bere egunerokotasunean, eskolatik kanpo ere entzuten. Eta esperientzia positiboarekin lotuko du”, dio Barojak.

☉ Hego Uribe

“Oso eskertuta gaude eskualde honetan Errigorak bere tokitxoa izatea GEURIAri esker”

Errigorako kanpaina martxoaren 16ra arte luzatuko da. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan erosi eta jaso daitezke Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak

|

Jone Gil (Errigora) eta Maider Ibañez (Geuria) Errigorako kutxekin // Geuria

Martxoaren 16ra arte luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.

“Aurtengo leloa da ‘Eskutik eskura egiten dugu herria’, eta kanpaina honetan kontsumo ohituretan jartzen dugu arreta elikadura-burujabetzaren ikuspegitik. Eta Ager eremuko produktuak auzolanaren bidez banatzen ditugu Euskal Herri osoan ekoizleek ezarritako jatorrizko prezioan eta euskara etiketatuta”, dio Jone Gil Landaburu Errigorako kideak: “Ager eremuak badu berezkoak diren produktuak eta nekazal landa handiak daude, eta hori ere bada bide bat bultzada emateko lehenengo sektoreari eta hango nekazariei”.

GEURIAren eta Errigoraren artean lankidetza dago eta kanpaina bakoitzean zozketak antolatzen ditugu eta horren bitartez kutxak banatzen ditugu.

“Geuria eta Errigora hasieratik ibili gara elkarlanean. Guretzat garrantzitsua da Euskal Herri osotik gure proiektuari zabalkundea ematea. Batzuetan ez da erraza horrelako proiektuei ahotsa ematea; orduan, oso eskertuta gaude elkarlan honengatik eta eskualde honetan ere Errigorak bere tokitxoa izatea Geuriari esker”, dio Gilek.

Aurten, gainera, AEKk eta Korrikak Errigora omenduko dute. Horren harira, martxoaren 3an Errigora kanpaina berriaren aurkezpena egin zuten Galdakaon, Asisko Urmeneta irudigilearen eskutik.

Era berean, aurkezpenaz gain, martxoaren 11n (17:15ean) eta 12an (10:00etan eta 17:30ean) Errigora produktuen dastaketa antolatu dute, doan, Galdakaoko AEK Euskaltegian.

Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.

ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK

BASAURI
+Bolintxu AEK

GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

ZOZKETA | ‘Oihu bat Palestinara’ bidali nahi duzu? Parte hartu gure zozketan!

Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte. Irabazle batek sarrera bikoitz bat jasoko du.

|

'Oihu Bat Palestinara' zozketa / Geuria

Martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean ospatuko da ‘Oihu bat Palestinara’ aldarrikapen musika jaialdia. Bertan izango dira, besteak beste, Ahmend & Nur, Anari, Belago, Bengo, Borla, Chulería, joder!, Dena, EzEzEz, Eire, La furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Kiliki Lukiek, Malakias eta abar luze bat. Musikariekin batera, bertsolariak eta euskal kulturako sortzaile asko ere bai.

Palestinarekin Elkartasuna herri mugimenduak antolatuta, Palestinari laguntza emateko jaialdia izango da. Sarrerak salgai daude oihubatpalestanara.eus webgunean. Eta ekintza ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, di-da zozketa arin bat antolatu dugu Oihu Bat Palestinara jaialdiko antolatzaileekin batera GEURIAren jarraitzaileen artean sarrera bikoitz bat zozketatzeko.

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:

😍 @oihubatpalestinara eta @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin joan nahi duzu? 😉 Etiketatu.

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 12ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.

Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.

Saria jaso: irabazleari sarrerak PDF formatuan bidaliko zaizkio.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa | M8: Ni naiz emakumea, ni naiz indarra, ni naiz ekaitza! | Geuria

|

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Martxoak 8 | Elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte Hego Uribe eskualdean asteburuan

|

Iazko elkarretaratzea Basaurin // Geuria

Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna da eta Hego Uribe eskualdean elkarretaratzeak, martxa feminista eta manifestazioak deitu dituzte asteburuan zehar.

Martxoaren 8an bertan 12:00etan manifestazioa dago Bilbon, Jesusen Bihotzetik.

M8 Hego Uribe 2026

Martxoak 8, igandea
12:00 Kontzentrazioa eta Berdintasun Kontseiluaren adierazpenaren irakurketa udaletxeko plazan

Martxoak 8, igandea
11:00 Elkarretaratzea Begoñako Andra Mari kalean

Martxoak 6, ostirala
12:00 Adierazpen instituzionala udaletxeko plazan

Martxoak 8, igandea
11:30 Kalejira Zintururiko begiratokietatik
12:00 Adierazpen komunitarioa eta jardueran udaletxeko plazan

Martxoak 7, larunbata
– Auzoen arteko martxa feminista
11:00 Aperribai (gosaria)
12:00 Bengoetxe
12:30 Urreta
13:00 Kurtzea

– Manifestazioa
13.00 Kurtzeko plazatik

Martxoak 6, ostirala
12:00 Ekimen instituzionala Herriaren enparantza

Martxoak 8, igandea
Manifestazioa eta ekitaldia

Martxoak 7, larunbata
10:00 Bankua margotzea Unkina plazan. Bertan behera geratu da eguraldiagatik (aurrerago egingo dute ekintza)
12:00 Elkarretaratzea Unkina plazan

Martxoak 8, igandea
11:30 Taza eta txapa tailerra, eta musika Elexaldeko plazan

Martxoak 8, igandea
12:00 Elkarretaratzea udaletxeko plazan, eta M8aren dokumentalaren proiekzioa

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

ZOZKETA | Eta zuk zein gura duzu, berdea ala gorria? Errigora eta GEURIAren eskutik

Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

|

Errigora zozketa / Geuria

ZOZKETA EGINDA! Otsailaren 26tik martxoaren 16ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:

😍 @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin egingo zenuke otordutxo eder bat? 😉 Etiketatu.
🔴 Gorria edo 💚 Berdea? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrrela jakingo dugu zein saski duzun gustukoen.

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 4ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.

🥳 Irabazleak:
– 🟩 @ibonlopezbarrenetxea
– 🟥 @jotxin

Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.

Saria jaso: irabazleak saria jasotzeko 15 egun ditu. Saria GEURIAren egoitzan (Basozelai kalea 11, -3. Basauri, Bizkaia) jasoko du.

Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.

ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK

BASAURI
+Bolintxu AEK

GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola

Osorik irakurri