☉ Hego Uribe
Etxerreko putzua / Fauna hezeguneetan / Animalien zerrenda
Zein animalia daude Etxerreko putzuaren bueltan? Zingira berreskuratuz gero, zein animalia bizi edo gerturatu daitezke? Desagertzeko arriskua dagoen espezieren bat berreskuratzeko balio dezake? Galdera horiei erantzunez, ikerketa-txostenei eta orrialdeotan ageri diren adituen galdetu diegu. Honakoak dira animalietako batzuk.
Zein animalia daude Etxerreko putzuaren bueltan? Zingira berreskuratuz gero, zein animalia bizi edo gerturatu daitezke? Desagertzeko arriskua dagoen espezieren bat berreskuratzeko balio dezake? Galdera horiei erantzunez, ikerketa-txostenei eta orrialdeotan ageri diren adituen galdetu diegu. Honakoak dira animalietako batzuk.
Martin arrantzalea
Alcedo atthis
Euskal Herrian urte osoan ikusten dira martin arrantzaleak, baina neguan populazioa handitu egiten da. Aintzira, padura, ibai eta erreketan aurkitzen da baina gizakiak egindako urtegi, ubide eta askatan ere ikus daiteke. Hegazti koloretsua da. Burua, bizkarra eta buztana urdinak ditu, eta luma batzuek distira metalikoa dute. Azpialdea, berriz, laranja bizia da. Buruan eta eztarrian kolore zuriko lerro batzuk ere baditu. Euskaraz zenbait izen ditu txori honek: (Ur)markinete, (Ur)martinete, Aniltxori, Endari-txori, Errekatxori, Kulaberde, Markiñota, Martin-polit, Martin arrantzale, Martintxo, Martintxori, Sanmartintxo, Ur-makinista, Ur-martin, Ur-mikelete, Urtxori…
Hegoaldeko zuhaitz-igela
Hyla meridionalis
Euskal Herriko, Frantzia hegoaldeko eta Iberiar Penintsulako hezeguneetan bizi da, inguruko urmael eta putzu iraunkorren eta errekatxoen ertzetan diren landare ugariz estalitako tokietan, batez ere, sasi, sahats, lezka eta karizeak eta beste formazio batzuk diren tokietan. 1996. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan eta Euskal Herrian desagertzear dagoen espeziea da. Gaur egun Mendizorrotz mendira eta Hazparnera mugatuta daude gelditzen diren populazioak. Hala ere, Etxerreko putzua berreskuratuko balitz, toki aproposa izango litzateke bertan bizitzeko.
marra gorridun burruntzia
Sympetrum striolatum
Europako libelularik ohikoenetako bat da, uretako eremu askotan agertzen dena, baina, hazkuntza-eremu bezala, ur bareak nahiago ditu, urmaelak eta lakuak kasu. Burruntzi txiki hori habitat mota askotan dago, hala nola, aintziretan, urmaeletan, ubideetan eta ibai geldoetan. Askotan sorgin-orratzekin nahasten dira, antzeko itxura dutelako: burruntziak gorputz handikoak eta hegaldi azkarrekoak dira, eta sorgin-orratzak argalagoak eta delikatuagoak.
Sorgin-orratza
enallagma cyathigerum
Burruntzien antzekoak dira, baina, pausaturik daudenean, sorgin-orratz helduek atzerantz oblikuoki bertikalean biltzen dituzte hegoak. Burruntziek, berriz, ez dituzte biltzen eta horizontalean jartzen dituzte. Garrantzi handiko elementuak dira ur gezetako ekosistemetan. Izan ere, bizitza osoan zehar harrapakariak direnez, zeregin erregulatzaile galanta dute biotopo horietako ornogabeen populazioa gobernatzen, eta aldi berean harrapakin izanik, katea trofikoen goi-mailetako animalien elikagai ere badira. Hortaz, txitxi-burruntzi eta sorgin-orratzak ekosistemaren osasunaren adierazle onak dira, beroriek egotea ur gezetako faunaren aberastasun-indizea delarik.
Apoarmatu istizalea
Emys orbicularis
Euskal Herriko uretan ikus daitekeen dortoka bat da. Ur geldietan eta hareazkoak eta belartsuak diren hondoak dituzten ibaien meandroetan bizi da. Orojalea da, baina intsektu, har, molusku eta arrain txikiak jaten ditu batez ere. Luzaroko bizitza dute: alegia, 100 urte baino gehiago bizi daiteke. Helduen oskola zapala 20-30 zentimetrokoa izaten da, obalo formakoa. Orokorrean, emeak arrak baino handiagoak dira.
apo lasterkaria
Epidalea calamita
Eurite edo desizozteen ostean sortutako putzuak, urmaelak edota hezeguneak erabiltzen ditu arrautzak erruteko. Apo lasterkaria ilunabarrekoa eta gautarra da baina sasoi euritsuetan eta araldian zehar egunez ere azaltzen du aktibitatea. Apo lasterkari helduek 60-70 milimetroko luzera dute eta bizkarraren erdian marratxo hori bat dute. Batez ere, intsektu, zizare eta narrasti txikiez elikatzen da. 15 urte arte bizi da.
Koartza hauskara
ardea cinerea
Koartzak ohikoak dira Euskal Herriko hezegune askotan —barnealdekoetan zein kostaldekoetan—. Ura dagoen edozein ingurutan bizi daiteke hegazti hau. Bere elikagai nagusiak urtarrak edo erdi-urtarrak direnez (arrainak eta anfibioak batez ere), padura, urmael, erreka eta ibaietan ibili ohi da normalean. Euskal Herrira negua igarotzera etortzen dira gehienak, baina badira urte osoa hemen igarotzen dutenak ere. Euskal Herrian bizi diren koartzen artean daude, besteak beste: koartza hauskara (ardea cinerea), koartza gorria (ardea purpurea), koartzatxo txikia (egretta garzetta) eta koartzatxo itzaina (bubulcus ibis). Hegazti hauek koartza, gartza edo amiamoko izenez ezagutu izan dira euskaraz, baita lertxun edo lertsun izenez ere (izen okerra).
bisoi europarra, ur-ipurtatsa
Mustela lutreola
Galzori larrian dagoen animalia da, eta haren populazio bideragarri bakarrak Euskal Herrian, Errioxan, Burgosen eta Frantziako Landetan daude. Bizkaian, besteak beste, Ibaizabal eta Nerbioi ibaietan ikusi da. Ibaietan, erreketan, aintziretan, inguru zingiratsuetan, ubideetan, paduretan eta kostaldeko inguruetan bizi izaten da. Batez ere jarduera gauekoa eta ilunabarrekoa du. Haragijalea da eta batez ere arrainak, ugaztun txikiak eta hegaztiak jaten ditu, baita anfibioak, narrastiak eta intsektuak ere.
☉ Hego Uribe
Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari
Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia
Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.
Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.
Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.
☉ Hego Uribe
Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea
Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin
Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.
Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.
Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.
Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.
Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.
Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.
☉ Hego Uribe
Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei
Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte
Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.
2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.
Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.
Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.
Osasun Publikoko arazotzat
Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.
Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.
Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.
Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.
Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.
☉ Hego Uribe
Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake
Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.
Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.
Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen 2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.