Sareak

☉ Hego Uribe

Bidegorria Galdakaoraino eraikitzeko aldarrikapenarekin jarraituko Biziz Bizi elkarteak

|

Apirilaren 27an 27. bizikleta martxa antolatu du Biziz Bizi elkarteak Bilbotik Galdakaora, Etxebarritik eta Basauritik igarota // Bizi Bizi

Bilboko Boluetatik Basauriko Kareagara bitarteko bidegorria eraikitzeko lanek aurrera darraite. Bizkaiko Foru Aldundia ari da lanak egiten eta asmoa da Durangalderaino luzatzea, tartean Galdakaotik igarota. Hala zehazten du iazko martxoan Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onartu zuten Bizkaiko Bizikleta-Bideen Lurralde Plan Sektorialak.

Momentuz Boluetatik Basauriko La Basconiarainoko tartea ari dira egiten, eta horregatik Biziz Bizi elkarteak ‘Bidegorria Galdakaora Orain’ aldarrikapenarekin jarraituko du.

Apirilaren 27an, larunbatez, 27. bizikleta martxa antolatu dute. Hilero bezala, Bilboko Kale Nagusian, Foru Aldundiaren aurrean, hasiko da martxa 11:00etan, eta Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu.

“Bizikletaz joatea gehien gustatzen zaigunaz gozatuko dugu, eta, aldi berean, lagunak egiteko, esperientziak kontatzeko, euskaraz hitz egiteko eta abar aprobetxatuko dugu, hori guztia segurtasun neurri egokiekin, poliziaren laguntzarekin eta musikarekin, musika askorekin”, diote Biziz Bizi elkarteko kideek.

Hiru urte

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, ‘Bidegorria Galdakaora orain!’ lemapean”, dio Alberto Delgado basauriarrak, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

☉ Hego Uribe

GEURIA Rockein lehiaketako komunikabide ofiziala izango da, Hego Uriben elkarlana indartuz

|

Martxan da Rockein lehiaketako 12. edizioa. Hego Euskal Herriko talde edo bakarlari interesdunek izena eman dezakete gaurtik uztailaren 11ra arte.

Izena emateko epea behin itxita, epaimahai profesional batek sei finalista aukeratuko ditu: sari nagusia irabazteko hiru hautagai eta tokiko saria irabazteko beste hiru. Finala azaroaren 16an izango da Basauriko Social Antzokian, eta bertan jakinaraziko dituzte aurtengo irabazleak: sari nagusia, tokiko artistarik onena, euskarazko artistarik onena eta Eskarabilera saria (taldeko kideen % 50a gutxienez emakumeak izatea).

Aurten nobedadeekin aurkeztu dute lehiaketa. Alde batetik, lehiaketaren tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaltzen du bere estaldura-eremua. Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute. Eta bestetik, tokiko artistarik onena irabaziko dutenek bideoklip bat ere grabatuko dute, 2025ko MAZ Basauri jaialdian jotzeaz gain.

Rockeinek eskualde mailako apustua indartu izanak ere beste berritasun bat ekarriko du, eta GEURIA musika lehiaketaren komunikabide ofiziala bilakatuko da hemendik aurrera. Hori horrela, eskualde mailan lanean ari diren bi eragileren arteko elkarlana sendotu eta elkarren eskutik joango dira, musika eta kultura bidelagun, bide berriak urratuz, loratzear dauden bakarlari eta taldeen akuilu eta heldu leku izateko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Rockein lehiaketak Hego Uribe eskualde osora ireki du tokiko artistarik onenaren saria bere 12. edizioan

|

Rockein lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago uztailaren 11ra arte // Geuria

Gaur bertan martxan jarri dute Rockein musika lehiaketaren 12. edizioan parte hartzeko prozesua, Hego Euskal Herriko bakarlari eta musika talde berriak bilatzeko lehiaketa, alegia.

Euskadiko eta Nafarroako talde edo bakarlari interesdunek izena eman dezakete gaurtik uztailaren 11ra arte: “Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu, azaroaren 16an, larunbata, Basauriko Social Antzokian arituko direnak”, azaldu dute Rockeinetik. Azaroaren 16an ospatuko den finalean bertan epaimahaiak 2024ko edizioko talde irabazleak iragarriko ditu.

Aurten nobedadeekin dator lehiaketa. Lehiaketaren tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaltzen du bere estaldura-eremua. Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute. Ildo horretan, GEURIA Rockeinen komunikabide ofiziala izango da, aurreko urteetan eman zaion babesa indartuz, lehiaketak eskualde osoaren aldeko apustua egin eta gero.

Social Antzokiko finalera tokiko 3 talde igaroko dira (sari nagusia irabazteko 3 hautagaiez gain), eta horietako bat, gutxienez, Basaurikoa izango da beti. Tokiko sariaren irabazleak bideoklip baten grabazioa jasoko du sari gisa, aurreko edizioekiko berritasun moduan.

Parte hartzeko baldintzen artean daude: Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaiotako edo bertan bizi den taldekide bat izatea, gutxienez; tokiko banda onenaren saria eskuratu ahal izateko Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako taldekide bat izatea, gutxienez; Eskarabilera saria eskuratu ahal izateko taldeko kideen % 50a gutxienez emakumeak izatea; taldekideak 16 urtetik gorakoak izatea; izena emateko unean ez izatea disko bat baino gehiago argitaratuta, kontratu diskografiko bati lotuta dagoen edo ez kontuan hartu gabe; abestiak originalak izatea; musika-estilo guztiak onartzen dira; eta aurretik Rockeinen izena emandako talde guztiek edizio berri honetan parte hartzeko aukera dute, baldin eta aurrez aipatutako baldintzak betetzen badituzte. Dagoeneko irabazle izan diren taldeek ez dute sarituak izan ziren kategoria berean errepikatzeko aukerarik izango.

Lova Lois, iazko irabazlea

Kategoria nagusiko irabazleak ere bideoklip bat grabatuko du, Bilboko El Tigre estudioetan 5 abestiz osatutako EP bat grabatzeaz gain. Lehiaketako lau kategorietako proposamen irabazle guztiek ordaindutako kontzertua emango dute 2025eko MAZ Basauri jaialdian.

Lova Lois iazko irabazleak ‘Todo son señales’ EPa eta izen bereko abestiaren bideoklipa aurkeztu ditu gaurko prentsaurrekoan, jasotako sariaren ondorioz ekoiztutakoak biak.

Talentu berriak plazaratzea

Rockeinek 2013an ekin zion bere ibilbideari, “talentu musikal berria detektatzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko beste lehiaketa batzuen lekukoa hartuz”, diote sustatzaileek.

Aurreko egitasmoetako sariei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehitu zien, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzea errazteko. “Urteen poderioz, Rockeinen sariak hobetzen joan gara, eta lehiaketak MAZ Basauri musika-zikloarekin duen lotura finkatu da, biak ere Basauriko Udalak sustatuak”, diote.

“Rockeinek zortzi urte jarraian daramatza bere parte-hartze errekorra hausten. 2023an 191 artistak eman zuten izena. Nabarmentzeko zifra da, lehiaketa hau Euskal Herrian sortzen ari diren artistentzako erreferentzia dela baieztatzen duena. Azken urteotan, Rockeinetik Sara Zozaya, Silitia edo Lova Lois bezalako izenak atera dira. Oso denbora gutxian, promesa gazte izatetik errealitate izatera igaro dira. Rockeinek bilakaera horri bere ekarpen txikia egin diola pentsatzea gustatzen zaigu”, diote.

Modu horretan, aurten lehiaketa indartu du Basauriko Udalak, “tokiko kategoriaren estaldura Hego Uribe osora zabalduz eta tokiko saria hobetuz, bideoklip baten grabaketarekin”, dio Asier Iragorri alkateak, eta gaineratu du: “Azken hau ekarpen eraginkorragoa dela iruditzen zaigu, gaur egun, musika zabaltzeko moduetara eta bizi dugun garaiari egokitzeko. Basaurik musika-talentu berria babesten jarraitzeko konpromisoarekin sendo jarraitzen du”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko mendizaleak Untzuetara igotzeko deitu dituzte Nafarroaren egunean

11:30ean hamaiketako herrikoia prestatu dute eta 12:00etan aurreskua eta ekitaldia antolatu dute maiatzaren 25ean

|

Untzueta // Geuria

Maiatzaren 25ean Nafarroaren Eguna ospatuko dute Untzueta gazteluan eta gailurrean, urtero lez, jarduera bi prestatu dituzte. 11:30ean hamaiketako herrikoia prestatu dute eta 12:00etan aurreskua eta ekitaldia antolatu dute.

Iazko maiatzean GEURIAn aipatu lez, Aitzol Altuna ikerlariak La tenencia del valle de Orozko liburuan azaldu bezala, mendiaren inguruak (Hego Uribe barne) Nafarroako Erresumaren parte ziren 1199-1200 urteen artean gaztelarrek konkistatu zituztenera arte. “Guk jatorri historiko eta lurraldekotasun hori gogora ekarri nahi ditugu”, diote antolatzaileek.

GEURIAk Gure Gerrak izeneko monografikoa argitaratu zuen 2022an (PDFa hementxe irakur daiteke), eta bertan kontatzen diren istorioen artean Jentilak Untzuetan boloetan jolastu zutenean izeneko erreportajea kontatzen da. Erreportajeak mitologia eta historia uztartzen ditu Arrankudiagako Txomin Egiluz ikertzailearen eta Juan Manuel Etxebarria etnolinguista galdakoztarraren eskutik.

Untzuetan, bilin-boloka

Orain dela mila urte inguru, XI. mendean, Nafarroako Erresuma indartsua zen garaietan, Bizkaia ere barruan zegoelarik, gotorleku txiki bat eraiki zuen Untzuetako jauntxoak mendiaren tontorrean. Estrategikoki kokatuta zegoen, handik Urduñako haitzak, Malmasin, Gorbeia, Murgia… eta ia Bizkaia erdia ikus daiteke.

Txomin Egiluz: “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako, besteak beste”

“Geroago, zonaldea Nafarroaren menpe egotera igaro zenean, gotorleku hura handitu eta sendotu zen”, azaldu du Txomin Egiluzek (Arrankudiaga, 1951). “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako, besteak beste”.

Txomin Egiluz Sagastizabal // Geuria

Urteek aurrera egin ahala gero eta garrantzi handiagoa zeukan Untzuetako gotorlekuak. Harresiak eta alboko sarrera berezia eraiki zituzten (erasoak hobeto saihesteko). XIV eta XV. mendeak benetan azpimarragarriak izan ziren gotorlekuarentzat bertan izandako batailengatik: Pedro I ‘Krudela’ Gaztelatik etorri zen On Tellori jarraika.

On Tello gotorlekuan ezkutatu zen eta Gaztelako tropen setioak hiru hilabete baino gehiago iraun zuen. Goarnizio batek gotorlekua gau eta egun zaintzen zuen beheko aldetik. Pedroren erasoa 1.351n izan zen baina lehenago, 1.334an Alfonso XI.aren erasoari eutsi zion Untzuetako postu jagoleak.

Untzuetako gaztelua // Orozkoko museoa

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Basaurik, Etxebarrik eta Galdakaok parte hartuko dute ‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioan

|

'Eutsi kirolari, gogor euskarari!' txapelketaren bigarren edizioa Balmasedan izango da aurten, iaz Basaurin antolatu ostean // Basauriko Udala

‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioa antolatu dute maiatzaren 25ean, larunbatez. Iaz, lehen edizioa Basaurin izan zen, eta aurten Balmasedako pilotalekuan izango da (10:00-14:30).

Bigarren edizioan krosa, hockeya eta txirrindularitza ginkanak antolatu dituzte eta Balmasedako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko eta Santurtziko gaztetxoek parte hartuko dute.

“Kirolean ere euskara praktikatzeko ohitura hartzeko eta, hainbat kirol eginez, euskararekin lotutako esperientzia positiboak eskaintzeko antolatu dugu ‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioa”, adierazi du Markel Baroja Laita (Bilbo, 1996) Ebete hizkuntza-zerbitzuko kideak.

Hain zuzen ere, Ebetek antolatu du jarduera Enkarterriko Mankomunitatearekin batera, eta ekimenak Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko, Santurtziko, Urduñako, Orozkoko eta Balmasedako udalek laguntzen dute.

‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioan 12 taldek hartuko dute parte, 100 jokalari baino gehiagorekin.

Euskara kalera

“Uste dugu euskara eskolatik edo eremu formaletik atera behar dela eta haur eta gazteek euskara egoera positiboekin lotu behar dutela eta ez soilik eskolarekin. Gaur egun, haur eta gazte gehienek kirola egiten dute, beraz, uste dugu funtsezko eremua dela euskara bultzatzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko, bizipen positiboen bidez eta euskaraz egiteko aukera gehiago eskainiz”, dio Barojak.

Iazko abenduan Markelekin batu ginen GEURIAko kazetariok eta proiektuak Hego Uribe eskualdean duen ohiartzunaz berba egin genuen. Erreportajea esteka honetan duzu irakurgai.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Tuberkulosi kasu baten jarraipena egiteko testak burutuko dituzte Arrigorriagako eta Ugaoko ikastetxeetan

Familiak jakinaren gainean daude, eta asmoa kutsatutako pertsonaren kontaktuen azterketa egitea dela adierazi du Osasun Sailak

|

Maiatza eta ekaina bitartean egingo dituzte testak / Osakidetza

Lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Osasun Sailak kaleratu duen oharrean, “dagoeneko tratamendua jasotzen ari den eskola-komunitateko kide batean tuberkulosi kasu bat detektatu ondoren”. Zehaztu dutenaren arabera, “pertsona horren kontaktu estuen azterketak agerian utzi du ez dagoela inolako kutsadurarik”.

Hala ere, eta protokoloak zehazten duenari kasu eginda , testak egingo dituzte Arrigorriagako Eskolan eta Ugaoko ikastetxean maiatza eta ekainean zehar. Dagoeneko gutuna igorri zaie familiei, arreta telefonoa dute eskuragarri, eta hurrengo egun eta asteetan bilerak egingo dituzte prozedura zehatzago azaltzeko.

Hori horrela, eta  “prebentzioagatik” , nahiz eta “ikasleen eta gainerako langileen esposizio-denbora oso laburra izan den arren eta kaltetutako pertsonak FFP2 maskara erabiltzen zuen arren”, kontaktuen azterketa eskola-eremura zabalduko du Osakidetzak.

Halaber, zera gogorarazi nahi izan dute: “Tuberkulosiaren gaixotasuna, normalean, ez da larria gure inguruan, eta tratamendu egokiarekin sendatzen da; airearen bidez kutsa daiteke eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, gaixotasun hori kutsatzeko, biriketako gaitza duten pertsonekin elkarbizitza estua eta luzea izan behar da; beraz, kasu honetan, kutsatzeko arriskua txikia da”.

Bukatzeko, Osasun Sailak “lasaitasunerako” mezua zabaldu nahio izan du: “izan ere, prebentzio-protokoloak egitea ohikoa da, tuberkulosia ez da aparteko gaixotasuna eta, beraz, esperientzia dauka ezarritako prozeduretarako. Gainera, Osasun Publikoaren eta Osakidetzaren jarduketa azkarra eta koordinatua nabarmendu du, erregistratutako kasua detektatzeko, tratatzeko eta kontrolatzeko, eta, aldi berean, prebentzio-protokoloa abian jartzeko”.

 

 

Osorik irakurri