Sareak

☉ Hego Uribe

Galdakaok eta Etxebarrik Mugiment Pausu Erronkan parte hartuko dute: udalerrien arteko pausoen lehiaketa birtuala

Euskadiko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala da, Wellk app-aren bitartez. Maiatzaren 19tik ekainaren 8ra bitartean herritarrek ahalik eta pauso gehien egin behar dituzte. Aritz Guinea galdakoztarrarekin berba egin dugu, Wellk app-ko garapeneko arduraduna

|

Maiatzaren 19tik ekainaren 8ra bitartean burutuko da erronka EAEko 50 udalerritan // Geuria

Euskadiko udalerrien arteko lehiaketa birtual bat martxan jarriko du maiatzean Mugiment egitasmoak: ‘Mugiment Pausu Erronka’.

EAEko Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua (JFOZ) duten 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala izango da, eta helburua da herritarrek ahalik eta pauso gehien egitea erronkak irauten duen bitartean, maiatzaren 19tik ekainaren 8ra bitartean.

Hego Uribe eskualdeko bi herrik bat egin dute erronkarekin: Galdakaok eta Etxebarrik.

“Helburu nagusia da herritarrek eguneroko bizitzan ahalik eta pauso gehien ematea, osasuna eta ongizatea hobetzeko bidean”, diote Mugiment egitasmoko arduradunek.

Erronka Wellk app-aren bidez garatuko da. Parte hartzeko, nahikoa da aplikazioa deskargatzea eta norberaren udalerriko taldean izena ematea.

Aritz Guinea galdakoztarra Wellk aplikazioaren garapeneko arduraduna da // Geuria

App-a Android eta iOS gailuetan deskargatu daiteke. Interesdunak izena eman behar du, eta talde batera batu beharko da: Erronkak atalean, Taldeak sakatu eta ‘Mugiment Pausu Erronka’ ligan nahi den udalerria aukeratu behar du.

Pausuak automatikoki zenbatuko ditu aplikazioak. Baina horretarako Health (Apple) eta Health Connect (Android) aplikazioekin lotu beharko da Wellk app-a. Argibideak esteka honetan aurkituko dituzte herritarrek.

Bakarka edo taldeka parte har daiteke, eta udalerrien arteko sailkapena ere izango da ikusgai. Talde bakoitzak bere udalerria ordezkatuko du erronkan zehar.

Sariak ere izango dira bai banaka zein taldean. Pausu gehien ematen dituen emakumeak eta gizonak kirol denda baterako 75 euroko opari-txartela jasoko du. Era berean, onartutako desgaitasuna duen eta pauso gehien eman dituen emakumeari eta gizonari ere kirol denda batean 75 euro gastatzeko opari-txartela emango diote.

Taldekako sariak ere egongo dira: udalerri bakoitzean urrats gehien pilatu dituzten 5 pertsonentzat 30 euroko opari-txartela banatuko dute, eta udalerriko parte-hartzaileen artean beste 5 opari-txartelen zozketa egingo dute.

“Erronka dibertigarria eta osasuntsua”

Aritz Guinea galdakoztarra Wellk-en sortzaileetariko bat da (iazko apirilean elkarrizketa egin genion! Hemen duzu elkarrizketa!) eta berarekin berba egin dugu erronka honen inguruan: “Erronkaren bitartez, modu birtualean eta taldeka parte hartzeko aukera eskainiz, jarduera fisikoa eguneroko bizitzan integratzeko bide erakargarri eta eskuragarria eskaintzen saiatzen gara”.

“Erronkaren ideia jarduera fisikoaren kultura bultzatzeko beharraren ondorioz sortu zen, herritarren osasun fisiko eta emozionala hobetzeko helburuarekin, Wellk aplikazioaren bitartez egin daitezken dinamika desberdinekin bat eginez. Era berean, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua (JFOZ) duten udalerrien zerbitzua ezagutaraztea eta ikusgarritasuna handitzea ere bilatzen da. Horregatik ez dute Euskal Herriko herri guztiek parte hartzen”, dio Guineak.

Hala eta guztiz ere, Euskadiko udalerri guztiek parte hartu ez arren, erronkan parte hartzen duen udalerri bati “oparitu” ahal dizkiote herritarrek pausuak.

Galdakaoko, Etxebarriko eta eskualdeko herritarrak erronkan parte hartzera animatu ditu Guineak: “Nik lagunak eta eskualdekoak animatuko nituzke, hasteko, edonork, edonondik parte hartu dezakeelako, herri baten izenean”.

“Talde gisa parte hartzeko aukera azpimarratuko nuke. Etxebarriko eta Galdakaoko herritarrak elkarrekin lan egin dezakete euren udalerria lehen postuetan jartzeko, eta horrek taldeko espiritua eta herriaren harrotasuna indartzen ditu”, dio Guineak.

Era berean, sari “erakargarriak” daudela gogorarazi du galdakoztarrak: “Banakako eta taldeko sariak egongo dira, eta parte hartze hutsagatik ere sariak irabazteko aukera dago”.

“Ez da zertan kirolari izan behar; eguneroko ibilaldiak, paseoak edo erosketak egitera joatea nahikoa da pausuak pilatzeko”, zehaztu du, eta gaineratu du erronka “dibertigarria eta osasuntsua” dela: “Osasuna hobetzeko modu sinplea eta motibagarria da, eta gainera, mugikorreko aplikazioarekin dena erraztuta dago”.

☉ Hego Uribe

ZOZKETA | Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrera bikoitza irabazi gura duzu?

|

Zozketarako Geuriak prestatutako karteltxoa / Geuria

Galdakaotik pasa eta gero, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala heldu da: Abenduaren 20an, Bilbon, Casillan, 17:00etatik aurrera.

Onintza Enbeita, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra, Gorka Pagonabarraga eta Txaber Altube izango dira finalean arituko diren bertsolariak.

Geuriak sarrera bikoitz bat zozketatzen ari da Instagram sare sozialean.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Gurpildun aulkiak edo taka-takak dohaintzan emateko kanpaina martxan jarri dute Hego Uriben

Herritar guztiei dei egin diete material horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabiltzeko

|

Materiala egoera onean emateko deia egin diete herritarrei, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten // Argazkia: Steven HWG, Unsplash

Mugitzeko zailtasunak edo mendekotasuna duten pertsonei behar dituzten baliabideak errazteko helburuz Laguntza Teknikoen Bankuak (BAT) egiten duen material bilketarekin bat egin dute Arrigorriagako, Etxebarriko eta Ugaoko udalek, Galdakako Erabide Emakume Elkarteak eta Domus VI adinekoen egoitzek (Aperribai eta Arrigorriaga).

Modu horretan, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak, etxeko garabiak, taka-takak, makuluak, mugimendu sentsoredun alarmak edo antzeko gailuak erabilerarik gabe dituzten herritarrei dohaintzan emateko deia egin dute, horien beharra dutenek berrerabil ditzaten.

Kanpaina honen helburua da herritarren zahartze-testuinguruan laguntza-baliabide horiek gero eta gehiago behar izateari erantzutea, herritar guztiei dei eginez produktu horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten.

Dohaintza egiteko, 944 409 116 telefono zenbakira deitu edo bat@bultzatu.org helbide elektronikora idatzi behar dute herritarrek. Ondoren, materiala entregatzeko edo jasotzeko modurik egokiena zein den zehaztuko dute.

“Puntu bat hurbil badago, non entregatu behar den adieraziko da, bestela, edo produktua handia bada, etxez etxeko bilketa antolatuko da kanpaina amaitzean”, diote antolatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Araban gertatutako lurrikara Hego Uriben ere sentitu da

Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara, maila txikiago batean, Espainiako Intitutu Geografikoak zehaztu duenez

|

Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara // Espainiako Institutu Geografikoa

Abenduaren 7tik 8ra bitarteko gauean, 00:10ean, lurrikara gertatu zen Iruña Okan, Araban.

Dardara Richter eskalako lau gradukoa izan zen, eta Espainiako Institutu Geografikoak adierazi duenez, Bizkaiko 15 puntutan ere sentitu zen. Tartean, Hego Uribe eskualdean.

Iturri berak publikatutako maparen arabera, Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara, maila txikiago batean.

Hain zuzen ere, Hego Uribe eskualdean sentitutako dardara bigarren mailakoa izan zen Richter eskalan.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

JAITSI | Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko 2025eko gabon gutuna!

Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeko helbidea duen gutun berria prestatu dugu GEURIAn! Jaitsi, inprimatu, idatzi, bidali eta zuzen-zuzen helduko zaie!

|

Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeko helbidea duen gutun berria prestatu dugu GEURIAn, Irrimarrako Karmele Gorroño ilustratazaile galdakoztarraren eskutik!

Jaitsi, inprimatu, idatzi, bidali eta zuzen-zuzen helduko zaie!

Paperezko edizioan argitaratu dugu gutuna, baina ezin baduzu paperezkoa hartu, hemen dituzu digitalean: orrialde bat bi aldeetatik inprimatu, marretatik moztu eta hortxe gabon-gutuna. Eta gogoratu, oparirik ederrenak, ondoan ditugunak!

👉 Jaitsi! 👈

 

Hona hemen beste aukera batzuk:

👉 Jaitsi! 👈

👉 Jaitsi! 👈

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Txulalai haur musika taldeak disko berria aurkeztuko du Durangoko Azokan

‘Boom Boom’ du izena diskoak eta abenduaren 5ean kaleratuko dute Durangoko Azokarekin bat eginez

|

Txulalai taldeko kideak // Txulalai

Mikel Leibar, Argiñe Belakortu eta Iñigo Agirrezabala Galdakaoko eta Usansoloko lagunek Txulalai haur musika talde berria eratu zuten iaz, Kantu Kolore taldea desegin ostean.

Eta iaz euren lehen diskoa argitaratu eta gero (‘Zure ametsak’), abenduaren 5ean bigarren lana kaleratuko dute: ‘Boom Boom’.

Disko berriak 11 abesti ditu eta 2 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat dago zuzenduta. Lehenengo singlearen izena da ‘Txiza eta kaka’.

“Oraingo honetan txikienek adibidez komunera joateko kanta edukiko dute, eta lateralitatea eta pentsamendua lantzeko ere bai. Nagusiagoek, ordea, enpatia, bullying-a eta maitasuna lantzeko kantak izango dituzte besteak beste”, diote.

Durangoko Azokan aurkeztuko dute diskoa eta Gabonetan ikuskizun berria plazaratuko dute.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna