☉ Hego Uribe
Uholde-arriskua txikitu da Galdakao eta Basauri artean datozen 100 urteetarako
Bukatu dituzte Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko lanak Galdakao eta Basauri artean, 11 urteko obren eta orotara 36,2 milioi euroko inbertsioaren ondoren

URAk amaitu ditu Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak Basauritik eta Galdakaotik igarotzean uholdeetatik babesteko lanen egokitzapen hidraulikoaren hiru faseak. Modu horretan, Ibaizabal ibaiertzeko guneetan uholde-arriskuak saihestuko direla ziurtatu dute Eusko Jaurlaritzako eta URAko ordezkariek.
“Hobekuntza handia lortu da uholdeen aurreko segurtasunean: 100 urteko errepikatze denboran, uholdeek ez dituzte eremu okupatuak kaltetuko”, diote URAko ordezkariek. Beste era batera esanda, Ibaizabal ibaian uholde-arriskua txikitu da Galdakao eta Basauri artean, behintzat, 2123. urtera arte.
Instituzio ugariren elkarlanaren emaitza izan dira Nerbioi eta Ibaizabalen birbideratze lanak. Azaroaren 22an lanen amaieraren berri emateko ekitaldia antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan izan ziren Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburua; Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia; Aitor Aldasoro, Ingurumen eta Jasangarritasunerako sailburuordea; eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea.
“Urtetako lanaren ondoren, Ibaizabal ingurua prest, seguru dago. Hemendik aurrerako neguak lasaiago emango dituzte ibaiertzeko bizilagunek, errekaren emariari etengabe begira egon beharrik gabe”, adierazi zuen Hernandok.
Era berean, instituzioen arteko elkarlana nabarmendu zuen Galdakaoko alkateak: “Mahai gainean jarri ditugu ikuspuntu desberdinak, eztabaidatu dugu, eta denon artean emaitza hobea lortu dugu”. Urtero uholdeak egoten ziren Zuhatzu inguruan azken bi urteotan ez dela halakorik izan jarri zuen adibide Hernandok.
Elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi, eta Galdakaoko Udalak hemendik aurrera Ibaizabalen inguruan lanean jarraituko duela adierazi zuen. Hain zuzen ere, ibaiertzean, Torrezabaleko zubira bitartean, aisialdirako gune berri bat sortzeko asmoa du Galdakaok. “Lan horretan murgilduko gara aurrerantzean, Ibaizabali begira jarri eta ibaia eta herria lotzeko”, adierazi zuen Hernandok.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea // Irekia
Asier Iragorri Basauriko alkateak adierazi zuenez, “urteak daramatzagu ibaia herrian integratzen. Dagoeneko ibaia eguneroko bizitzan integratuta dago, ohikoa da ibaiertzetatik paseatzea, bai Galdakaora bidean zein Arrigorriagara bidean”.
Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak honela laburbildu zuen egindakoa: “Gurea moduko herri batentzat ez badago elkarlanik ezinezkoa da horrelako proiektu bat egitea. Lan hauei esker, lehen ibaiari bizkar emanda bizi ginen moduan, ibaiari begira bizi gaitezke orain”. Eta Galdakao jarri zuen elkarlanaren adibide: “2019an Galdakaoko Udala etorri zitzaigun esanaz korapiloak askatu behar genituela. Jarri ginen elkarrekin lan horretan, eta emaitza hemen dugu”.
Hiru fase, 11 urte
Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak birbideratzeko lanak duela 11 urte hasi zituen URAk eta guztira hiru fasetan burutu ditu obrak: lehehengoa Etxebarriko Bandas zubitik (Euskotren) Basauriko Arizko zubiraino; bigarrena Urbi (Basauri) eta Bengoetxe (Galdakao) tartean; eta hirugarrena Bengoetxetik Plazakoetxeraino. Inbertsioa guztira 36 milioi eurokoa izan da.

Mercadillo zubia // Irekia
Lehenengo fasean Euskotrenen Bandaseko zubiaren ordez bao bakarreko beste bat jarri zuten, ubidean euskarririk gabekoa, Etxebarri eta Basauri artean. Halaber, Gudarien kaleko (Basauri) zubiaren ordez, bao bakarreko beste bat jarri zuten. “Lehenengo fasean ibilguaren hustutze-ahalmena handitu zen Nerbioi ibaiaren 2.020 metroko tartean”, adierazi zuen Aizek azaroaren 22an Galdakaon, Mercadillo zubiaren ondoan, egin zuten agerraldian.
“Ibilguaren sekzioa handitzeari ekin zitzaion, batez ere ohantze harritsua induskatuz, 2,5 metroko sakonera irabazteko. Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek bat egiten duten tokian, 28 metroko zabalera duen ohiko emarien kanala egokitu zen ibilguan, eta 5 metroko zabalera duten aulkitxoak edota plataformatxoak ezarri ziren alboetan, hondotik 2,5 metroko altueran. Era berean, Fabrelec presa txikia zati batean eraitsi zen, 0,5 metroko altueran”, adierazi zuen Aizek. Lehenengo fasean inbertsioa 16 milioi eurokoa izan zen.

Basauriko, Galdakaoko eta Zaratamoko alkateak Arantza Tapiarekin hizketan // Irekia
Bigarren fasean, alde batetik Urbiko zubia ordezkatu zuten, baita Bridgestonekoa ere. “Bigarren fasean ibilgua 1.570 metroko tarte batean handitu zen, Nerbioi ibaiaren elkargunearen eta Ibaizabaleko Bengoetxe presa txikiaren artean, ur askoko gertakarietan behin eta berriz agerian geratu zen gaitasun hidrauliko eskasari erantzuteko. Horren ondorioz, Urbiko eta Bridgestoneko zubiak aldatu behar izan ziren, eta Urbiko presa txikia partzialki eraitsi”. Obra horiek 2017an amaitu zituzten, eta 8 milioi euroko inbertsioa izan zuten.
Hirugarren faseari dagokionez, besteak beste, Mercadillo zubia handitu eta zaharberritu zuten (Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa katalogatua dago); gainera, Txomin Egileor kaleko hiru etxebizitza eraitsi zituzten, eta Plazakoetxeko zubiko zutabeen oinarriak sendotu eta erabileraz kanpo zegoen Bengoetxeko presa txikia eraitsi zuten. Guztira 1.640 metroko luzeran burutu zuten hirugarren fasea eta inbertsioa 12 milioi eurokoa izan da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantziatua.
☉ Hego Uribe
24. Korrika martxoaren 27an igaroko da Hego Uribe eskualdetik
Hego Uribe eskualdean Korrikak zehatz-mehatz egingo duen ibilbidea jakin nahi? Albiste honetan jaso dugu!

24. Korrikaren ibilbidea publikatu du gaur AEKk. ‘Euskara gara’ lelopean, martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta martxoaren 29an bukatuko da Bilbon.
Hego Uribe eskualdean martxoaren 27an, ostiralez, igaoroko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.
Aurtengoa, gainera, goiztiarra izango da Korrika: 04:48ean helduko da lekukoa Ugaora Arrankudiagatik, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao eta Usansolo zeharkatuko ditu.
Guztira, hiru ordu emango ditu Korrikak Hego Uriben; izan ere, Bediarako bidea 08:07an egingo du lekukoak.
Zaratamotik eta Zeberiotik aurten ez da pasako Korrika, baina bertako herritarrek eta erakundeek bat egingo dute ekimenarekin beti bezala.
2.175 kilometro
Guztira 2.175 kilometro egingo ditu lekukoak Euskal Herrian zehar euskararen aldeko mezu sekretua barruan daramala, 11 egunez eta 10 gauez. Eta AEKko arduradunek zehaztu dutenez, 3.436 lekuko hartze izango ditu.
Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko du AEKk.
Hego Uribe eskualdean 70 kilometro egingo ditu lekukoak, 2.408tik 2.477ra.
Ugaon zortzi kilometro egingo ditu, 2.408tik 2.415era (04:48tik 05:02ra); Arrigorriagan 11 kilometro, 2.416tik 2.426ra (05:06tik 05:32ra); Basaurin 26 kilometro dira Korrikak egingo dituenak, 2.427tik 2.452ra (05:35tik 06:36ra); Etxebarrin bost kilometrokoa izango da ibilbidea, 2.453tik 2.457ra (06:39tik 06:56ra); Galdakaon 15 kilometro egingo ditu, 2.458tik 2.472ra (06:59tik 07:47ra); eta Usansolon beste bost kilometro egingo ditu, 2.473tik 2.477ra (07:51etik 08:07ra).
Korrika 2026 | Ibilbidea Hego Uriben
Martxoak 27, ostirala
| HERRIA | KILOMETRO ZENBAKIA | HELBIDEA | ORDUA |
| Ugao | 2408 | Ugaoko Sarrera. Sabino Arana eta Arana y Lupardo bidegurutzea | 04:48:05 |
| Ugao | 2409 | San Bartolome kalea – Txakala | 04:50:02 |
| Ugao | 2410 | Udiarraga, 69 – Felipe taberna | 04:51:59 |
| Ugao | 2411 | Torre de Ugao, 9 – Laboral Kutxa | 04:53:37 |
| Ugao | 2412 | Victor Chavarri y Salazar etxetaldea | 04:55:34 |
| Ugao | 2413 | Udiarraga kalea, 5 | 04:57:11 |
| Ugao | 2414 | BI-625. Txako auzoa, 16 | 04:59:28 |
| Ugao | 2415 | BI-625. Txako industrialdea | 05:02:23 |
| Arrigorriaga | 2416 | BI-625. Errepide erdian, IAT inguruan | 05:06:17 |
| Arrigorriaga | 2417 | BI-625. Martiartu industrialdearen sarrera | 05:10:11 |
| Arrigorriaga | 2418 | BI-625. Aixarte etorbidea, 21. Gasolindegia | 05:14:05 |
| Arrigorriaga | 2419 | Aixarte etorbidea, 8. Monty tailerra | 05:17:20 |
| Arrigorriaga | 2420 | Aixarte etorbidea, 5. Sugar taberna | 05:19:37 |
| Arrigorriaga | 2421 | Sebero Otxoa kalea, 15. Laboraleko bus geltokia | 05:22:13 |
| Arrigorriaga | 2422 | Sebero Otxoa kalea, 3. Natalia | 05:24:10 |
| Arrigorriaga | 2423 | Urgoiti pasealekua, 10. Osasun zentroa | 05:26:07 |
| Arrigorriaga | 2424 | Sebero Otxoa, 7. Zubi zaharra | 05:28:43 |
| Arrigorriaga | 2425 | Sebero Otxoa, 10. Lonboko biribilgunea | 05:30:59 |
| Arrigorriaga | 2426 | Lanbarketa. Autobus geltokia | 05:32:59 |
| Basauri | 2427 | Atxukarro sarrera | 05:35:52 |
| Basauri | 2428 | Elizondo eta Basauri kaleen arteko bidegurutzea | 05:39:26 |
| Basauri | 2429 | Hernan Cortes plaza | 05:42:22 |
| Basauri | 2430 | Goiri auzoa | 05:45:56 |
| Basauri | 2431 | Abaroa kalea, 11 | 05:49:50 |
| Basauri | 2432 | Kareaga Goikoa, 54. Marienea | 05:53:44 |
| Basauri | 2433 | Kareaga Goikoa, 42. Mikel autoeskola | 05:55:41 |
| Basauri | 2434 | Agirre Lehendakaria, 9 | 05:57:38 |
| Basauri | 2435 | Kareaga Goikoa, 53 | 05:59:35 |
| Basauri | 2436 | Kareaga Goikoa, 16 | 06:02:11 |
| Basauri | 2437 | Kareaga Goikoa, 38 | 06:04:47 |
| Basauri | 2438 | Kale Nagusia, 2 | 06:06:44 |
| Basauri | 2439 | Doktor Jose Garai kalea, 2 | 06:08:41 |
| Basauri | 2440 | Agirre Lehendakaria kalea, 67 | 06:10:58 |
| Basauri | 2441 | Catalunya kalea, 25 | 06:13:14 |
| Basauri | 2442 | Agirre Lehendakaria kalea, 76 | 06:15:11 |
| Basauri | 2443 | Urbi. Kartzela | 06:17:21 |
| Basauri | 2444 | Agirre Lehendakaria kalea, 81. Zubia | 06:19:25 |
| Basauri | 2445 | Agirre Lehendakaria kalea, 51 | 06:22:11 |
| Basauri | 2446 | Kale Nagusia, 33 | 06:23:58 |
| Basauri | 2447 | Uribarri kalea, 20 | 06:26:14 |
| Basauri | 2448 | Elkano kalea, 3 | 06:28:11 |
| Basauri | 2429 | Nafarroa kalea, 16 | 06:30:28 |
| Basauri | 2450 | Matxitxako kalea, 13 | 06:32:44 |
| Basauri | 2451 | Matxitxako kalea. Zubia. Gaztetxea baino lehen | 06:34:53 |
| Basauri | 2452 | N-634. Etxebarri kartela | 06:36:50 |
| Etxebarri | 2453 | N-634. San Antonio Hiribidea, itzulbidea. Igoera | 06:39:26 |
| Etxebarri | 2454 | Maribi Iturbe eta Euskal Herria kaleen arteko bidegurutzea | 06:43:00 |
| Etxebarri | 2455 | San Esteban Hiribidea, 16 | 06:46:54 |
| Etxebarri | 2456 | Antonio Epalza kalea, 26 | 06:52:26 |
| Etxebarri | 2457 | San Esteban Hiribidea. Kanpoko biribilgunea | 06:56:47 |
| Galdakao | 2458 | Bilbo-Galdakao errepidea. La Baskonia zubia | 06:59:23 |
| Galdakao | 2459 | Miguel Unamuno plaza, 90. BBK | 07:06:32 |
| Galdakao | 2460 | Aperribai Bidea, 5 | 07:11:05 |
| Galdakao | 2461 | Aperribai Bidea, 13 | 07:15:38 |
| Galdakao | 2462 | Sixta Barrenetxea kalea, 9 | 07:18:53 |
| Galdakao | 2463 | Sixta Barrenetxea eta Bizkai kaleen arteko bidegurutzea | 07:21:10 |
| Galdakao | 2464 | Urreta kalea, 5. Kurtzea. Biribilgunea | 07:23:26 |
| Galdakao | 2465 | Bizkai kalea, 21 | 07:25:23 |
| Galdakao | 2466 | Bizkai kalea, 16 | 07:27:20 |
| Galdakao | 2467 | Ganekogorta kalea, 20 | 07:29:37 |
| Galdakao | 2468 | Bernart Etxepare kalea, 2 | 07:31:34 |
| Galdakao | 2469 | Gipuzkoa kalea, 13 | 07:34:49 |
| Galdakao | 2470 | Juan Bautista Uriarte, 62. Autobus geltokia | 07:38:23 |
| Galdakao | 2471 | Abusu auzoa. Lehengo suhiltzaileak | 07:42:37 |
| Galdakao | 2472 | N-634.15. Olabarri autos, Diamante | 07:47:10 |
| Usansolo | 2473 | Labeaga, 1. Shiade | 07:51:23 |
| Usansolo | 2474 | N-240.14. Labea auzoa. Biribilgunea pasata | 07:53:59 |
| Usansolo | 2475 | Laminarrieta Bidea, 1 | 07:57:34 |
| Usansolo | 2476 | Torreondo kalea, 13 | 08:01:08 |
| Usansolo | 2477 | Ibaiondo kalea, 9 | 08:05:02 |
☉ Hego Uribe
Bideoa | Urte berri on!

🤪 Esamoldea zertxobait moldatu dugu, baina uste dugu ondo baino hobeto ulertzen dela: dabilen harria… GEURIAri goroldiorik ez!
🥳 Urte berri on GEURIAko lantalde guztiaren partez!
☉ Hego Uribe
‘Gau Jaia’ tren zerbitzua berrezarriko dute 2026an, berritasun deigarriekin

[Inuzenteen eguneko albistea] Berri pozgarria Hego Uribeko gautxorientzat. Renfek ohar bidez jakinarazi duenaren arabera, ‘Gau Jaia’ tren-zerbitzua berrezarriko dute 2026tik aurrera.
Pandemian kendu zuten Basauriko, San Migelgo, Arrigorriagako eta Ugaoko parrandazaleei ostiral eta larunbat goizaldean zerbitzua ematen zien trena, eta ordutik hona asko izan dira erabaki honekin kexu agertu diren herritar eta arduradun politikoak.
2023an, kasurako, manifestazioa antolatu zuten Bilbon, baina orduko hartan antolatzaileek GEURIAri adierazitakoaren arabera ez zen inor agertu: “Manifestaziora aldirietako trenean joateko deia luzatu genien herritarrei, eta tamalez denak berandu heldu ziren, atzerapenak direla eta. Manifestaziora zihoan terraplanista, konspiraziozale eta cryptobro baten arabera, Renfek nahita egin zuen, protestak ekidin nahian; baina goizeroko atzerapenak ikusita, nork sinetsi behar du halakorik?”
Zerbitzu honen garrantziaz jabetze aldera, OkerIker taldeak inkesta egin zuen iaz Hego Uribeko 3.000 herritarren artean, eta emaitzak argigarriak izan ziren: Hego Uriben 50 urtetik beherako bikoteen % 45ek Gau Jaia trenean ezagutu zuten elkar, eta horietatik % 100 bananduta dago dagoeneko, baina hori ezin zaio Renferen zerbitzu kaskarrari egotzi, “balio kristauei eta familia tradizionalari uko egin dion gizarte hedonista eta indibidualistari baizik”, Ugaon etxez etxe dabiltzan Zazpigarren Zeruko Adbentisten arabera, betiere.
Berritasun ugari
Albiste pozgarri hau ezagututa, GEURIAk Adif-Renfeko arduradunarengana jo du. Oskar Zubiak indarrean sartuko diren berritasun guztietaz hitz egin digu: “Egia esan aurrekontu itzela dago proiektu honen atzean, eta herritarren zerbitzua zein errentagarritasun ekonomikoa uztartu nahi izan ditugu”.
Elkarlan publiko-pribatuan oinarritu dute proiektua, “badakizu, guk inbertsioa egiten dugu eta enpresek irabaziak pilatzen dituzte”. Horregatik, “bidaiariei ahaztuko ez duten esperientzia eskainiko zaie: DJak izango dituzte, food truckak, kuadrillen arteko olinpiadak, ardi txakurren lehiaketak…”.
Ekonomia zirkularra eta hondakinen kudeaketa beste lehentasunetako bat izango da, eta horregatik gonbitoekin konposta egitea aurreikusten dute: “Den dena pentsatuta dago, eta hasteko irrikitan gaude”.
Hiru txartel mota jarriko dituzte salgai, “ez dugu txartel hitza erabiliko, esperientzietaz hitz egitea nahiago dugu”, merkeena 300 eurotan bidaia bakoitzeko, eta garestiena 600 eurotan: “Merkatuari egokitutako prezioak dira” borobildu du Zubiak.
☉ Hego Uribe
Gabonetako Loteriak aurten ez du saririk utzi Hego Uribe eskualdean

Abenduak 22 ditu gaur eta urtero bezala, Gabonetako Loteria izan da. Aurten, ordea, ez du sari nagusirik banatu Hego Uribe eskualdean.
Aurreko urteetan, baina, dirua utzi du zozketa handiak: duela lau urte, 2021ean 154 milioi euro utzi zituen Basaurin Gabonetako Loteriaren bigarren sariak; 2022an Galdakaon 11 milioi euro banatu zituen bosgarren sari batek; 2023an Gabonetako Loteriaren lehen sariaren dezimo bat banatu zuten Etxebarriko San Antonio auzoan eta 400.000 euro banatu zituzten; eta 2024an laugarren sari baten lau dezimo (80.000 euro) saldu zituzten Basaurin.
☉ Hego Uribe
Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dituzte Bidebideta eta Adiskide klubetako pilotariek

Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dira abenduaren 20an, larunbatez, Abadiñon, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatuko dira: emakumeak, kadeteak, gazteak eta nagusiak. Eta kategoria horietatik bitan Hego Uribe eskualdeko pilotariak arituko dira.
Emakumezkoetan, txapela Basauriko Bidebieta klubeko pilotari batek jantziko du bai ala bai; izan ere, partida Bidebietako bi pilotariren artekoa izango da: Amaia Zarrabeitia eta Eva Martinez.
Bestetik, nagusien 2. mailako kategorian Galdakaoko Adiskide klubeko Jon Gorostiagak jokatuko du finala, eta aurkari izango du Mungiako Danak Bat taldeko Eder Urresti.










