→Hego Uribe

Pilotako Bizkaiko Selekziora deitu dituzte eskualdeko zazpi kirolari

Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak atzo iragarri zuen 2023an Bizkaiko Selekzioak izango dituen kirolarien zerrenda

Bizkaiko Selekzioaren aurkezpena // Eusko Pilota Federakuntza

Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak atzo iragarri zuen 2023an Bizkaiko Selekzioak izango dituen kirolarien zerrenda. Hiru kategoriatan lehiatuko dira, 20 jokamolde ezberdinetan, guztira 160 pilotari. Horien artean egongo dira Galdakaoko Adiskide taldeko eta Zaratamoko Upo Mendiko bost lagun.

Trinketean eskuz kategorian, Oier Elorz (Upo Mendi) eta Sergio Sainz (Adiskide) egongo dira lehian Bizkaiarekin. Ezker pareta eskuz kategorian, berriz, Zaratamoko taldeko Aner Iglesias egongo da gazteen mailan, Galdakaoko taldeko Ander Arroita, 22 azpikoenean, eta Gaizka Carregal, nagusienean.

Horretaz gain, eskualdetik kanpoko taldeetan jokatzen duten bi usansolotar ere egongo dira selekzioarekin: Ainara Oiarzabal eta Uxue Urgoiti Larrabetzuko Olarreta Pilota Elkartekoak. Biak ala biak Bizkaiko txapeldunak izan ziren abenduan, palaz, bigarren mailan.

Kirolariek asteburu honetan (martxoak 19) hasiko den 2023ko GRABNI txapelketan hartuko dute parte. Bertan, aurrez aurre neurtuko dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako pilotari onenak. Horietako bakoitzean jokatuko dira lehiaketako bost saioak: finalerdiak Gipuzkoan eta Bizkaian egingo dituzte, eta maiatzaren 7ko finala, berriz, Araban.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak