→Hego Uribe

GEURIAk bat egin du Eitb-k eta Tokikom-ek elkarlanean abiatu duten Saretzen proiektuarekin

Alaitz Artolazabal (TOKIKOMeko zuzendari nagusia), Iban Arantzabal (TOKIKOMeko presidentea), Arantza Ruiz (EiTBko albistegietako burua) eta Isabel Octavio (EiTBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria) // Saretzen

Eitb-k eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak Saretzen proiektua jaru¡ri dute martxan, “elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko”. “Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin eta elkarlanean lantzea, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren Local News Partnership ereduari jarraituz”, diote.

Bihar, azaroak 29, kaleratuko da elkarlan horren lehen emaitza Eitb-ren eta Tokikomen medioetan. Tartean, GEURIAn. Hego Euskal Herriko demografia aztertuko da orokorrean, eta tokiko komunikabideok nork bere esparruari erreparatuko diogu, ezaugarriei eta eremuari egokituta.

Zehazki, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landuko ditugu, Eustat eta Nastat (Nafarroako Estatistika Zentroa) iturri hartuta. Azken 20 urteotako populazioaren bilakaera aztertzeaz gain, gizartearen erradiografia egingo dugu, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza-tasari erreparatuta. GEURIAren kasuan, Hego Uribe eskualdean eman diren fenomenoetan jarriko dugu arreta eta udalerriak ere aztergai izango ditugu. Hain zuzen ere, Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia da datuak modu bateratuan biltzea, eta horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokitzea.

EiTBko eta Tokikomeko ordezkariak Saretzen proiektuko hitzarmena sinatzen // Tokikom

Tematika gehiago

Eitb-k eta Tokikom-ek sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen, eta aliantza horri jarraituz, asmoa da aurrerantzean beste hainbat tematika ere elkarlanean lantzea. “Hain zuzen ere, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da sinatutako  hitzarmenaren xedea, biztanlegoaren informazio beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazio esparruko komunikabideen arteko elkarlan eredu bat lantzeko“, diote Tokikomeko ordezkariek.

“Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea ere helburutzat jo du akordioak eta, horri lotuta, eraginkorrak izateko aldaketa teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta baliatzea, besteak beste, honako alorretan: formazioa, Internet bidezko telebista, datu kazetaritzaren lanketa edota dataren ustiapen egokia eta bateratua”, diote.

Etorkizuneko ikus-entzunezko ereduaren inguruko hausnarketaren erronka ere jasotzen du Eitb-ren eta Tokikom sarearen arteko hitzarmen berriak.

Local News Partnership egitasmoa

2021eko azaroan Komunitatea Josten jardunaldiak antolatu zituen Tokikom-ek, Tokikom sari banaketari lotuta, eta hainbat kasu praktiko aurkeztu zituzten bertan, tartean orain oinarri bezala hartutako Local News Partnership proiektua.

BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren artean osatutako proiektua da Local News Partnership, Matthew Barraclough egitasmoaren zuzendariak jardunaldiotan azaldu zuenez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak