Sareak

☉ Hego Uribe

GEURIA saritu du Tokikomek, “kalitatezko produktua eskaintzeagatik”

|

Geuriako kazetariak Tokikom Sariak 2022ko oroigarriarekin eta diplomarekin // Geuria

Tokikom Sariak banatuko zituzten atzo, azaroak 11, ArantzazuLab aretoan, Oñatin (Gipuzkoa). Aurten Tokikom komunikazio taldeak 10 urte bete ditu, eta aurtengo ekitaldia “berezia” izan da: ez dituzte ohiko kazetaritza lanak saritu, eta horien ordez, ‘Elkarrekin bidea eginez’ leloaz, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak saritu dituzte. Aurten, Tokikom osatzen duten medio guztiek jaso dute aitortza, GEURIAk barne.

“Ingurune bereziki zailean euskarazko tokiko komunikabide bat sortu eta aurrera ateratzeko ausardiagatik, biziraupen hutsegik harago, GEURIA bezalako kalitatezko produktua eskainiz eta bidean hainbat sari eskuratuz”. Horiek Tokikomeko ordezkarien hitzak. Oroigarria eta diploma jaso du Maider Ibañez koordinatzaileak, GEURIAko lantaldearen izenean. Jon Goikouria —Basauri, Galdakao eta Etxebarriko kazetaria—, Iraitz Madariaga —Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo eta Zeberioko kazetaria— eta Jon Villapun —editorea— ere izan dira sari banaketan.

Saritutako komunikabide guztien ordezkariak // Tokikom

Azken Tokikom Sariaz gain, aurreko urteetan ere sariak eta aitortzak jaso ditu GEURIAk tokiko komunikabideen elkartearengandik: 2017an jaso zuen lehen finalista izendapena ‘Trena gertu dugunean’ erreportajearekin; urtebete ondoren, 2018an, Eduki onenari saria jaso zuen ‘Berba eta irudia’ monografikoarekin eta finalista izan zen ‘80 urte bonbardatu gintuztela’ monografikoaren azalarekin; 2019ko azaroan Basaurin Euskal Herriko tokiko komunikabideak batu ziren Basaurin; eta 2021ko sarietan Eduki onenari saria jaso zuen ‘Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ monografikoagatik, eta finalista izan zen ikus-entzunezko onenari sarian, “egunerokoan egindako bideoaren trataera bereziagatik”.

Horrez gain, aurten GEURIA komunikabideak CAF-Elhuyar saria jaso du ‘Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ lanagatik, Zientzia-Kazetaritzaren arloan.

10 URTE, 11 AHOTS

Aurreko edizioetan ez bezala, 2022ko Tokikom Sarien ekitaldia “barrura begirako topaketa” izan da, “taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira”. Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, Tokikom beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari da, 2023ko lehen hiruhilekorako.

Bitartean, Tokikom komunikazio taldearen 10. urteurrena ospatzeko, hamar urteko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatu zuten atzo. Hurrengo egunetan ikusgarri egongo da Tokikomeko webgune guztietan, baita GEURIAn ere.

Gaur egun 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak.

120 kazetari eta toki komunikabideetako ordezkari inguru batu ginen atzo Arantzazun // Tokikom

☉ Hego Uribe

Argazkiak / Nerbioi eta Ibaizabal ibaiak harrotuta, Hego Uriben zehar

|

Alerta laranjan gaude Hego Euskal Herrian atzotik hona, euria eta haizea tarteko. Hori horrela, ibaien arroei eta zuhaitzei begira eman ditugu azken orduak. Hego Uriben zehar irudi ikusgarriak pilatu ditugun arren, ez da kalte larririk egon. Hala ere zuhaitz eroriak, lur-jausiak eta ibai ertzean abaroa bilatzen zuten hegaztiak aurkitu ditugu. Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon izan gara bertatik-bertatik.

Arrigorriaga

Basauri

Etxebarri

Galdakao

Ugao

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Irkus Badillo eta Gorka Vidal aske geratu dira, ezarritako zigorra amaitu ostean

Etxeratek jakinarazi duenez, otsailaren 23an amaitu zuten euren zigorra, 20 urtez espetxeetan egon eta gero

|

Irkus Badillo Borde ugaotarra eta Gorka Vidal Alvaro zaratamarra erabat aske geratu dira, ezarritako zigorra amaitu ostean.

Etxeratek jakinarazi duenez, otsailaren 23an amaitu zuten euren zigorra, 20 urtez espetxeetan egon eta gero.

Badillori 2021eko maiatzean eman zioten hirugarren gradua eta urte bereko urrian baldintzapeko askatasuna onartu zioten.

Vidalen kasuan, 2022ko ekainean eman zioten hirugarren gradua eta iazko otsailean aske geratu zen baldintzapean.

Gaur egun Hego Uribe eskualdeko zortzi herritar daude preso, denak Zaballako edo Basauriko espetxeetan. Horiek dira:

Zaballako espetxean:
– Jon Bienzobas Arretxe (Galdakao)
– Xabier Garcia Gaztelu (Galdakao)
– Iñaki Krutxaga Elezkano (Galdakao)
– Josune Oña Ispizua (Galdakao)
– Maite Pedrosa Barrenetxea (Ugao)

Basauriko espetxean:
– Joseba Borde Gaztelumendi (Ugao)
– Iker Lima Sagarna (Galdakao)
– Iñigo Vallejo Franco (Basauri)

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko kiroldegietako langileak grebara deitu dituzte berriro asteazkenean

Otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 4an, 5ean eta 9an grebara deitu dituzte berriro eskualdeko kiroldegietako langileak

|

Basauriko instalazioak // Geuria

Bizkaiko kiroldegietako langileak protestan ari dira abendutik. Eta aldarrikapenen arrazoia da euren hitzarmena berritu nahi dutela. Iazko abenduaren 11n eta 12an eta urtarrilaren 24an, 27an eta 30ean lanuzteak egin zituzten 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30, eta otsailaren 6an egun osoko greba egin zuten.

Oraingo honetan grebarako egun berriak deitu dituzte: otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 4an, 5ean eta 9an izango dira egun horiek.

Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri eta Ugaoko kiroldegietako langileak grebara deituta daude berriro lan-hitzarmena berritzea aldarrikatzeko. ELA sindikatutik adierazi lez, 2022an iraungi zitzaien hitzarmena eta iazko urtarriletik hitzarmen berria negoziatu nahian izan dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, akordiorik erdietsi gabe: “Patronalak planteatzen duen eskaintza langileen aldarrikapenetatik urrun dago”, diote.

Kudeaketa desberdinak

Basaurin eta Arrigorriagan Udalek kudeatzen dituzte instalazioak eta beste enpresa batzuen esku daude bai ikastaroak zein monitoreak (Sport Studio eta Xaker, hurrenez hurren).

Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon enpresa pribatuek kudeatzen dituzte kirol instalazioak eta langileak (Emtesport Etxebarrin eta Guedan Galdakaon eta Ugaon).

Hitzarmena berritzea

Bizkaiko kiroldegietan kudeaketa eta administrazio modu desberdinak egon arren, hitzarmena bera da lurraldeko kiroldegi guztietan.

“Patronalaren proposamenak ez du erosteko ahalmena bermatzen, proposatutako lanaldi murrizketa ez da asteko 35 orduetara iristen eta langileen gainerako aldarrikapenei ez zaie jaramonik egiten”, salatu dute sindikatuek: “Bizkaiko sektore honetan 2.000 pertsona inguruk egiten dute lan, gehienak udal kiroldegietan, baina baita klubetan, kiroletan, golfean eta abarretan ere. Horiek guztiek merezi dute lan baldintzak hobetzea, are gehiago hitzarmen berrian islatu behar den Kirolaren Lege berria kontuan hartuta”, diote.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa / Malmasingo garbiketako lanek “ikuspegi arkeologikoa” kontutan hartu beharko luketela diote adituek

Jagoba Hidalgo ikerlariaren arabera, entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko lirateke mendien kudeaketa “arrunta” egiteko

|

Duela hilabete batzuk entresaka lanak hasi zituzten Malmasin mendian, Arrigorriaga eta Basauriko lurretan, bertako eukaliptoak kentzeko. Prozedura legala izan arren, eukalipto horietara heltzeko makina astunak sartu zituzten mendian barrena eta aurrean zegoen guztia birrindu zuten: pistak, informazio panelak… eta horrek herritarren eta Sagarrak Ekologista Taldearen arreta erakarri zuen.

Arrigorriagako aldean, esaterako, baso itxia zena hankaz gora ipini zituzten makinek Abrisketarako baserrietara arte eta Basauriko lurretan zeuden oinezkoentzako zein txirrindularientzako pistak guztiz suntsitu zituzten, auzotar batzuek GEURIAri azaldu lez: “Basauriko Basozelaitik Arrigorriagako Abrisketako baserrietara arteko bidean sekulako birrinketa egin dute”, izan ziren Jabi Valle basauriarraren berbak.

Makinek eragindako paisaia, Malmasingo Arrigorriagako aldean // Geuria

Jagoba Hidalgo Malmasingo aztarnategiko lanetan diharduen ikerlari arkeologoa da eta bankaketa-lan horiek mendiari eta inguruari nola eragiten dion azaldu dio GEURIAri: “Entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko ginateke mendien kudeaketa normala egiteko”, dio ikerlariak. “Gure ustetan ondo legoke lan hauetan jarraipen arkeologiko bat egotea eta entresaketan arkeologo baten presentzia egoteko”.

Jagoba Hidalgo: “Entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko ginateke mendien kudeaketa normala egiteko”

Makina bat, Malmasineko magalean lanean // Geuria

Hidalgok hilabeteak daramatza Malmasingo tontorreko aztarnategian arkeologia proiektu ez-intrusiboa lantzen: “Lurretako jabeen onespena behar dugu gure lan arkeologikoak aurrera eramateko eta ez hori bakarrik: auzotarren bizitza ez oztopatzea garrantzitsua da guretzat, mendiaren egunerokotasunean arazorik ez eragiteko. Hori dela eta, uste dugu baso-industriak bere lan egiteko moduak birmoldatu behar dituela eredu sozializatuagoak sortzeko eta auzokideen eta herritarren bizitzetara egokitzeko nolabait”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Udalkutxak 77,6 milioi euro banatuko ditu Hego Uribeko udaletan

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan. Aldundiaren behin-behineko aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago jaso dituzte eskualdeko udalek

|

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan // Geuria

Bizkaiko udalerriek 1.033,65 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik eta Gizarte Zerbitzuen Udal Funtsetatik, hasierako aurreikuspenen aldean 23,3 milioi euro gehiago.

Behin betiko kopuruak hobetu egin ditu urrian Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bileran ekitaldia ixteko egindako aurreikuspenak. Bilera hartan hasierako aurreikuspenarekiko 15,70 milioi euroko gehikuntza aurreikusi zen.

Udalek 2024an izango duten gastu- eta inbertsio-ahalmen handiago hau Bizkaiko zerga itunduek 2023an izandako bilketaren datu onetatik dator.

Hego Uribe eskualdeko udalei dagokienez, 77,6 milioi euro jasoko dituzte. Aldundiaren aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago.

Datuak datu, zenbateko hauek jasoko dituzte Hego Uribeko udalek:

  • Arrigorriaga: 9,2 milioi euro (aurreikuspena baino 211.000 euro gehiago)
  • Basauri: 31,2 milioi euro (aurreikuspena baino 719.000 euro gehiago)
  • Etxebarri: 9 milioi euro (aurreikuspena baino 206.000 euro gehiago)
  • Galdakao (Usansolo barik): 22,3 milioi euro (aurreikuspena baino 422.000 euro gehiago)
  • Ugao: 3,34 milioi euro (aurreikuspena baino 73.500 euro gehiago)
  • Usansolo: 96.302 euro
  • Zaratamo: 1,3 milioi euro (aurreikuspena baino 29.000 euro gehiago)
  • Zeberio: 1,2 milioi euro (aurreikuspena baino 25.000 euro gehiago)

Datuetan ikus daitekeenez, Finantzetako Lurralde Kontseiluak lehen aldiz sartu du Usansolo udal-finantzaketarako foru-funtsei buruzko gaietan. Usansolo, udalerri moduan inskribatu zenetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria da: “Ondorio guztietarako Bizkaiko udal-finantzaketaren sisteman sartu da lehen aldiz Usansolo, autonomia-printzipioari eta finantza-nahikotasunari jarraiki”, diote foru ordezkariek.

Osorik irakurri