Sareak

☉ Hego Uribe

GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin

Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

|

Azaroaren 21ean banatuko dituzte Tokikom Sariak Aretxabaletan // Geuria

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.

Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.

Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.

“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.

GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.

‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.

Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.

Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.

Adimen artifiziala hizpide

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.

Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.

Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.

☉ Hego Uribe

Gurpildun aulkiak edo taka-takak dohaintzan emateko kanpaina martxan jarri dute Hego Uriben

Herritar guztiei dei egin diete material horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabiltzeko

|

Materiala egoera onean emateko deia egin diete herritarrei, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten // Argazkia: Steven HWG, Unsplash

Mugitzeko zailtasunak edo mendekotasuna duten pertsonei behar dituzten baliabideak errazteko helburuz Laguntza Teknikoen Bankuak (BAT) egiten duen material bilketarekin bat egin dute Arrigorriagako, Etxebarriko eta Ugaoko udalek, Galdakako Erabide Emakume Elkarteak eta Domus VI adinekoen egoitzek (Aperribai eta Arrigorriaga).

Modu horretan, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak, etxeko garabiak, taka-takak, makuluak, mugimendu sentsoredun alarmak edo antzeko gailuak erabilerarik gabe dituzten herritarrei dohaintzan emateko deia egin dute, horien beharra dutenek berrerabil ditzaten.

Kanpaina honen helburua da herritarren zahartze-testuinguruan laguntza-baliabide horiek gero eta gehiago behar izateari erantzutea, herritar guztiei dei eginez produktu horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten.

Dohaintza egiteko, 944 409 116 telefono zenbakira deitu edo bat@bultzatu.org helbide elektronikora idatzi behar dute herritarrek. Ondoren, materiala entregatzeko edo jasotzeko modurik egokiena zein den zehaztuko dute.

“Puntu bat hurbil badago, non entregatu behar den adieraziko da, bestela, edo produktua handia bada, etxez etxeko bilketa antolatuko da kanpaina amaitzean”, diote antolatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Araban gertatutako lurrikara Hego Uriben ere sentitu da

Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara, maila txikiago batean, Espainiako Intitutu Geografikoak zehaztu duenez

|

Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara // Espainiako Institutu Geografikoa

Abenduaren 7tik 8ra bitarteko gauean, 00:10ean, lurrikara gertatu zen Iruña Okan, Araban.

Dardara Richter eskalako lau gradukoa izan zen, eta Espainiako Institutu Geografikoak adierazi duenez, Bizkaiko 15 puntutan ere sentitu zen. Tartean, Hego Uribe eskualdean.

Iturri berak publikatutako maparen arabera, Ugaon, San Migelen eta Basaurin ere nabaritu zen lurrikara, maila txikiago batean.

Hain zuzen ere, Hego Uribe eskualdean sentitutako dardara bigarren mailakoa izan zen Richter eskalan.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

JAITSI | Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko 2025eko gabon gutuna!

Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeko helbidea duen gutun berria prestatu dugu GEURIAn! Jaitsi, inprimatu, idatzi, bidali eta zuzen-zuzen helduko zaie!

|

Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeko helbidea duen gutun berria prestatu dugu GEURIAn, Irrimarrako Karmele Gorroño ilustratazaile galdakoztarraren eskutik!

Jaitsi, inprimatu, idatzi, bidali eta zuzen-zuzen helduko zaie!

Paperezko edizioan argitaratu dugu gutuna, baina ezin baduzu paperezkoa hartu, hemen dituzu digitalean: orrialde bat bi aldeetatik inprimatu, marretatik moztu eta hortxe gabon-gutuna. Eta gogoratu, oparirik ederrenak, ondoan ditugunak!

👉 Jaitsi! 👈

 

Hona hemen beste aukera batzuk:

👉 Jaitsi! 👈

👉 Jaitsi! 👈

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Txulalai haur musika taldeak disko berria aurkeztuko du Durangoko Azokan

‘Boom Boom’ du izena diskoak eta abenduaren 5ean kaleratuko dute Durangoko Azokarekin bat eginez

|

Txulalai taldeko kideak // Txulalai

Mikel Leibar, Argiñe Belakortu eta Iñigo Agirrezabala Galdakaoko eta Usansoloko lagunek Txulalai haur musika talde berria eratu zuten iaz, Kantu Kolore taldea desegin ostean.

Eta iaz euren lehen diskoa argitaratu eta gero (‘Zure ametsak’), abenduaren 5ean bigarren lana kaleratuko dute: ‘Boom Boom’.

Disko berriak 11 abesti ditu eta 2 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat dago zuzenduta. Lehenengo singlearen izena da ‘Txiza eta kaka’.

“Oraingo honetan txikienek adibidez komunera joateko kanta edukiko dute, eta lateralitatea eta pentsamendua lantzeko ere bai. Nagusiagoek, ordea, enpatia, bullying-a eta maitasuna lantzeko kantak izango dituzte besteak beste”, diote.

Durangoko Azokan aurkeztuko dute diskoa eta Gabonetan ikuskizun berria plazaratuko dute.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Javier Castroviejo Bravo: “Irisgarritasuna da, ziurrenik, C3 lineako trenek duten arazorik larriena”

Basauriarrak Hego Uribe zeharkatzen duen tren linearen barrenak azaldu dizkigu, zehaztasun osoz

|

Javier Castroviejo, Basaurin // Geuria

Renfeko C3 linea Hego Uribe eskualdeko zenbait herritako bizkarrezurra da gaur egun. Bertako trenbideetatik igarotzen diren tren zuri-gorriek milaka pertsona garraiatzen dituzte egunero leku batetik bestera, Bilbo eta Urduña arteko herrietatik barrena.

Basauri, Ugao eta Arrigorriagako trenbideetatik igarotzen diren trenak egunero ikusten eta erabiltzen dituzten pertsonek soberan ezagutuko dituzte ibilbideko geltoki guztien, edo gehienen izenak. Bidaiari asko modu automatikoan igotzen dira, eserlekuetan eseri, musika ipini eta bidaia ere modu automatikoan egiten dute, linea honek ezkutatzen duen historia ezagutu barik.

Gaur egungo C3 tren lineak 162 urte ditu. 1863 urtekoa da. Kontuan izan beharrekoa da lurrinezko lehen lokomotora prototipoa 1804an sortu zuela Richard Trevithick ingeniariak. 21 urte geroago, 1825ean, lehen lurrinezko lokomotora sortu zuten Britainia Handiko Stockton-Darlington arteko linea betez. 1830ean, Liverpool eta Manchester hiri arteko linea inauguratu zuten.

Hego Uribera bueltatuz, C3 lineako trazadura originalak Bilbo eta Tutera arteko distantzia betetzen zuen 1863an. Gaur egungo tren zerbitzua aldirietako tren linearen parte da. Honek esan nahi du trenbide beretik bidaiariak zein merkantziak garraiatzen dituzten trenak igarotzen direla. “446 serieko trenak ditugu Hego Uribeko C3 linean, 1989 eta 1992 urteen artean Beasainen eraikitakoak”, azaldu dio GEURIAri Javier Castroviejo Bravok (Basauri, 2001).

“Heldu berri zirenean tren iraultzaileak izan ziren, aldirietako zerbitzuak eskaintzeko apropos diseinatu zen lehen trena, alegia”. 24 urte baino ez ditu Castroviejok, baina trenen entziklopedia hankadun batekin berba egitea bezalakoa da. “Tren bat ikusten dudan bakoitzean gelditu eta jubilatu edo ume batek egiten duen bezalaxe, horrelaxe egiten dut nik ere”.

Txikitan ez zen haurtzaindegira joan Javier eta amamak egunero eramaten zuen Basauriko Euskotreneko Arizko geltokiaren parean dagoen parkera. Tren bat zetorren bakoitzean korrika hurbildu egiten zen ikustera.

 

Bartzelona bizi zara gaur egun ikasketak direla eta. Zelan zabiz? Oso ondo egia esanda. Bartzelonan nabil Bide, Ubide eta Portuen masterraren bigarren kurtsoa egiten Universitat Poliècnica de Catalunyan. Ahal dudan bakoitzean nator Basaurira, normalean jaiegunen bat dagoenean aprobetxatzen dut motzegi ez izateko.

Suposatzen dut joan-etorriak trenez egiten dituzula. Beti saiatzen naiz trenez bidaiatzen, aukerarik erosoena eta jasangarriena dalako. Zoritxarrez, pandemiaren aurretik Bartzelonarekin geneuzkan Alviako bi maiztasunak ez dira berreskuratu, egunean tren bakarra lotzen gaitu Kataluniarekin. Bilbotik Bartzelonara doan trena arratsaldez da ta Bartzelonatik datorrena goizean berriz, beraz unibertsitateko ordutegiekin bateraezina. Halakoetan AVE trenean egiten dut bidaia Zaragozaraino eta gero autobusa Bilboraino, esan beharra dago aukera hau, naiz ta ordubeteko aldaketa izanda Zaragozan, azkarragoa dela Alvia zuzena baino, asko dago egiteke aldirietan ez soilik, ibilbide luzeko trenetan ere.

Gure eskualdeari dagokionez, Nolakoak dira C3 lineako trenak? 446 serieko trenak ditugu eskualdeko C3 linean, 1989 eta 1992 urteen artean eraikiak Beasainen. Heldu berri zirenean tren iraultzaileak izan zen, aldirietako zerbitzuak eskaintzeko apropos diseinatutako lehen trenak baitziren. Fitxa teknikoari erreparatuz, 100 kilometro orduko abiadura maximoa duten trenak dira. Trenaren lehen eta azken kotxeetako bogietan dauden korronte zuzeneko 8 motorrek 2400kW eko potentzia ematen diete trenari. Hauei esker, “chopper” etengailu elektronikoen teknologiarekin batera, azelerazio oso ona duten trenak lortu ziren, ezaugarri oso garrantzitsua aldirietako zerbitzuetan geldialdiak egiterakoan ahalik eta denbora gutxien gal dezaten abiadura hartzen.

202 eserleku ditu tren unitate batek, zutunik joan daitekeen bidaiariak gehituz guztira 759 pertsona mugitu dezake. “Serie honetako trenek ez dute konketarik eta zaleen artean “Dodotis” ezizenarekin esaten diogu horrexegatik”

Nire ustez tren oso onak izan dira, historikoki problema gutxi eman dituztenak eta diseinatuak izan ziren zerbitzua eskaintzen egon direnak etengabe, ehundaka kilometro egin dituztenak egunero Aiaraldea, Hego Uribe eta Bilbo lotuz. Hain zuzen ere, Bilbon ditugunak bigarren sortakoak dira, 1991ean eraikiak, 34 urte dituzte beraz eta hasi zaie nabaritzen adina. Zahartasun honek ere inplikatzen ditu arazoak ordezko piezak aurkitzerako orduan, hornitzaileek haien produkzioa eten dutelako jada, eta tailerrak behartuta ikusten dira originalak ez diren piezak muntatzera edo fabrikatzera berton. Honen erruz, orain dela pare bat uda arazo asko izan zituzten tren unitateek berez, baino zorionez konponduak izan ziren arazo hauek eta, dakidanik, ez dira errepikatu.

Nolako nota merezi dute irisgarritasun eta segurtasunaren esparruan? Irisgarritasuna ziurrenik tren hauek duten problemarik larriena dela. Nasa eta trenaren altuera desberdintasuna ia metro erdikokoa da, Bidebietako geltokiaren kasuan gainera kurbaren peraltearekin tarte hau handiagoa dela. 2019. urtetik aurrera egindako barrualdeko erreforman H plazak ipini zituzten gurpildun aulkientzat, nahiz ta hauek trenera sartzea praktikoki ezinezkoa izanda. Bilbon zein Urduñako geltokietan eskaintzen da mugikortasun urrituta duten pertsonentzat laguntza zerbitzua gurpildun aulkia igotzeko plataforma bat erabiliz. Hala ere zerbitzua ez omen da oso eraginkorra aurreko egunean eskaera egin behar delako, trenak eskaintzen duen ordutegi-malgutasuna murriztuz.

Garraio sailburuak adierazi zuen orain dela aste batzuk froga pilotoa egingo dela aurreko bi geltokietan nasari gehigarri bat jarriz trenaren altuera berdintzeko H plaza dauden ateetan. Behin behineko soluzioa da printzipioz, tren berriak heldu arte, Europako beste tokietan ikusi dudan soluzioa da eta eraginkorra omen da.

Segurtasunari dagokionez, trenek ASFA Digitalarekin ekipatuak daude. Sistema honek lineako seinaleak antzematen ditu gidariari abisatuz eta automatikoki trena geldituz beharrezkoa balitz. Gizaki hila pedala ere badute, gidariak 30 segunduro aktibatu behar du pedal hau trenari esateko bizirik jarraitzen duela, bestela automatikoki larrialdietako balazta aktibatuko zen.

Zenbat trenek egiten dute C3 lineako ibilbidea gaur egun? Zerbitzua eskaintzeko 10 unitate behar dira zirkulazioan eta beste bizpahiru erreserban edo tailerrean. Linearen egoerarekin zaila da zehaztea gutxi, behar beste edo asko diren. Bidebietako geltokian egiten ari diren eraberritze lanekin trenbide bakarra dago Ollargan eta San Migel artean eta honek behartu du egun dugun ordutegi arraroak ezartzera maiztasun aldakorrarekin, botila lepo dezentea sortu da bertan. Lanak guztiz beharrezkoak eta eskertzekoak dira, geltoki nagusien artean Bidebietakoa zen bakarra erreformarik jasan ez duena eta salto kualitatibo handia suposatuko du.

Beste arazo larri bat lineak dituen behin behineko abiadura mugak dira. Asko dira, 23 hain zuzen ere, eta gehienak 30 km/h-ra abiadura mugatzen dutenak, gidarien artean C-30 linea deitzen omen diote. Nire ustez garrantzitsua da hauek konpontzea bidai denbora onak eskaini ahal izateko eta atzerapenak murrizteko ere, azpiegituran ere inbertsioa egin beharra dago.

“23 abiadura muga daude C3 linean, eta gehienak 30 km orduko abiadurara mugatzen dute. Gidarien artean C-30 linea deitzen omen diote”

Benetan falta botatzen ditudan zerbitzuak, eta ziur nago eskualdeko gazte gehienok ere, Gaujaiak dira. Pandemiaren aurretik estatuko autonomia erkidego bakarra ginen aldirietako gaueko zerbitzuak genituenak, baino joan ziren eta momentuz haien buruzko berririk ez dut jaso. Espero dut Jaurlaritzarekiko eskualdatzearekin hauek berreskuratzea eta beste zerbitzu batzuk gehitzea egunean zehar ere.

Renfek iragarri zuen 2025 eta 2027 bitartean 500 tren ipiniko zituztela, horietako 33 Hego uribeko C3 linean. Berriak ez dira izango baino gaurkoak baino berriagoak bai. Egun ditugun seriearen anai txikiak dira, 447 seriea 1992 eta 2001 urteen artean eraikiak. Kanpotik praktikoki berdinak dira, baino hauen erdiko kotxea irisgarria da eta komuna du. Pantailak dituzte barnealdean ibilbideko geltokiak erakusten dituztenak eta haien abiadura maximoa 120 km/h koa da, baino ez dut uste bidaia denborak aldatuko direnik. Azkenengo hilabeteetan Donostiatik ekarritako serie berriago honen trenetan formakuntza jasotzen ari dira Bilboko gidariak, beraz seinale ona.

Zaragozatik ere ekarri zen 464 serieko trena frogak egitera, Civia izenekoa eta berriagoa, 2004. urtekoa. Hauek ere komuna eta kotxe irisgarria dute. Epe ertainean hauek ere heldu beharko lirateke Bilbora, baino momentuz ez dago argi noiz. 447 serieko trenak ekartzea errazagoa da, tailerretan eta bestelako instalazioetan egokitze lan oso gutxi egin behar direlako eta bi serieak aldi berean mantendu daitezkelako Ollarganen. 447 edo Civia hona etorriko dira trenak estatuko beste aldirietako nukleotan tren benetan berriak diren trenak entregatzen direnean, 446 seriea pixkanaka erretiratuz.

Basauri, Arrigorriaga eta Ugao udalerrietatik igarotzen dira C3 lineako aldiriak. Baina metroa ere Hego Uribeko zenbait herritara heltzen ari da: Basaurin eta Etxebarrin badago eta laster Galdakaora helduko da. Handia al da RENFEko aldiriak eta Metro zerbitzuaren artean dagoen aldea? Bai, eta guztiz normala da. Bakoitzak mugikortasun bektore desberdin bati erantzuna ematen dio, hau da, zerbitzu bakoitza diseinatuta dago eskaera fluxu eta mota desberdinentzat. Adibidez, metroko geltokien arteko bataz besteko distantzia kilometro batekoa da, aldirietako zerbitzu baten berriz lauzpabostekoa. Atetik atera dauden bidai denbora desberdinei ere erantzuten diote, aldiriko trenak denbora askoz motzagoak eskainiz metroa baino batezbesteko abiadura altuagoa bat duelako.

Uler dezaket galdera, gainera egon zelako garai bat zeinetan herri guztiek nahi zuten metroa izatea, baino Nerbioiko aranean dagoen biztanleria distribuzioarekin aldirietako zerbitzu bat aproposena da. Beste kontu bat da bidaiarien pertzepzioa zerbitzuarekiko. Hemen erabiltzaileok ulertu behar dugu erabat desberdinak direla aldiriko tren bati gertatu ahal zaizkion egoerak metroarekin alderatuz. Aldirietako trenak hamaika kanpo aldagaietatik eteta ikusi dezake bere zerbitzua, arazoak bestelako trenetan (merkantziak edo ibilbide luzekoak) adibidez, edo eguraldiaren kontuak ere eragin askoz handiagoa dute lur mailan izanda lurrazpian baino. Aprobetxatu nahiko nuke eskertzeko bidaiariei haien pazientziagatik zein renfe eta adifeko langileei lineak dituen goraberak izanda egunero zerbitzua aurrera ateratzeko duten gaitasunari.

Europan ibilitakoa zara eta tren ezberdinetan bidaiatzeko aukera izan duzu. Nolakoa da Bizkaian bizi dugun egoera eta Europako zein eredu jarraitu beharko genuke tren zerbitzu on bat izateko? Urtebete egon nintzen Alemanian, Erasmusen, Karlsruhen. Bertan trenak beste dimentsio batean daude, sarea askoz zabalagoa da eta oso saretuta dago. Aurretik komentatu dudan biztanleriaren banaketak eragin handia du horretan, Alemania herrialde nahiko laua baita eta herriak distribuzio nahiko uniformea dute. Ez soilik hemen, baizik eta estatu osoan bertan duten ibilbide ertaineko trenen eredua aplikatu beharko genuke. Aldizkarietan ziur irakurleok ikusi dute nola soilik aldirietaz edo abiadura handiaz idazten den, guztiz ahaztu dugu erdikoa eta garrantzi handia du sare on bat eraikitzerako orduan.

Bestalde, tarifa-sistema hobetzeko tarte dezentea dago ere. Ikaragarria da 2025ean tarifak integratuak ez egotea eta prezio desberdinak ordaindu behar izana antzeko ibilbideak egiterako orduan segun eta zein garraiobide hartzen dugun. Alemanian adibidez hiri edo eskualde bakoitzak bere garraio paurtzeguak ditu beraien tarifa integratuekin. Eta gero “makropaurtzegu” bat dago Länder (autonomia erkidegoak) bakoitzeko eskualde desberdinen arteko tarifa bateratuak ezartzen dituena, horrela txartel bakar batekin hainbat garraiobide har ditzakezu bakoitzerako bat erosi ordean. C3ren kasuan, jubilatuek beraien barik gorria ezin erabiltzea da egun dugun arazorik larriena kontu honetan.

Azkenik, orokorrean planifikazioarekin pentsaera arazo bat dago: lineak modu indibidualean antolatzen dira. Ez dago “errudun” zehatz bat, baizik eta betidanik halan egin delako ba halan egiten jarraitzen da. Nire master amaierako lana Euskadi osorako ordutegi integratu bat diseinatzea izango da, trenak aldaketa geltokietan koordinatuz ordutegi kadentziatu batekin. Honek bidaiarien esperientzia hobetu beharko luke, trena erakargarriagoa eginez.

Luze eta sakon mintzatu gara trenen inguruan. Nondik datorkizu trenenganako zaletasun hau, Javier? Egia esanda, ez dakit zehazki nondik datorkidan. Etxeko inork ez du trenekin erlazionatuta dagoen esparruetan lan egiten. Ez nintzen haurtzaindegira joan eta egunero amamak eramaten zidan euskotreneko Arizeko geltokiaren parean dagoen parkera eta tren bat zetorren bakoitzean korrika nihoa hesitik ikustera eta pixkanaka-pixkanaka ba haiekiko zeozer garatu nun nere buruan, hona nere teoria. Hala ere baditut argazkiak urte ta erdirekin trenekin jada, jendeak galdetzen didanean noiztik gustatzen zaizkidan trenak erantzuten diet ez dudala nire bizitzako unerik gogoratzen zeinetan ez nituen gustuko.

Zure pasioa hain da handia ezen tren elkarte batzuen kide zara gaur egun. Hiru elkarteetakoa hain zuzen ere! Lehena Agrunorte da, 2007tik kidea naiz eta N eskalan egiten ditugu trenen maketak, famatuak gara urtero Bilbon antolatzen dugun gabonetako erakusketa solidarioarekin baino beraiekin hamaika tokitan ibili naiz. Adibidez Stuttgarten egiten den mundu mailako topaketan, zeinetan etxekoek egindako Cuencako abiadura handiko geltokiaren moduluarekin 2017an irabazi genuen 2º saria maketa onenari.

Bigarrena Trenbideen Bilboko Lagunen Elkartea da, 2017tik kidea naiz honetan eta hasieratik tartean sartu nintzen nahikotxo. Elkarteko idazkaria izan naiz azken lau urteotan eta orain batzordekidea naiz. Nahiz ta maketa ere izan, tren errealarekin erlazionatuta dauden ekintzak antolatzen ditugu: hitzaldiak, bidaiak eta tren historikoen mantentzea. Zorte handia izan dut elkartean nere adineko hainbat lagun egiteko aukera izan baitut, eta haiekin oso gustura nabil trenei eta beste hainbat gauzetaz berbatan zein bidaiatzen edo festan.

Eta hirugarrenean nahiko berria naiz, Kataluniako PTPan (Promoció del Transport Públic) pasa den urtean egin nintzen kide. Izenak dion moduan Katalunian zehar garraio publikoaren promozioan zentratzen da elkartea, proiektuak eta eskariak helarazten herri administrazio desberdinei eta kanpainak egiten garraio publikoaren garrantzia jendearteratzeko.

Osorik irakurri