☉ Hego Uribe
Elkarretaratzeak Hego Uriben, Katalunian izan diren atxiloketak salatzeko
Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu urriaren 17an Euskal Herriko plazetan, Kataluniako Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart atxilotuko dituztela salatzeko.
Gure Esku Dago plataformak elkarretaratzeak deitu ditu urriaren 17an Euskal Herriko plazetan, Kataluniako Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea atxilotzeko agindua Auzitegi Nazionalak -Carmen Lamela epailearen izenean- eman ostean.
“Herritarren borondateari bide emateagatik espetxeratzea onartezina da. Kalera ateratzeko ordua da”, diote Gure Esku Dago taldetik. Hego Uribe eskualdean kontzentrazio hauek deitu dituzte:
Basauri. 20:00 Bentako plaza
Galdakao. 19:00 Iturriondo plaza
Ugao. 19:00 Udaletxeko plaza
Irailaren 20an Bartzelonan Guardia Zibilaren aurkako “setio bat” hauspotzea egotzi die epaileak Omnium eta ANCko buruei. Fidantzarik gabeko behin-behineko kartzelatzea ezarri diete. Madrilen giltzaperatu dituzte, bart gauean, Soto del Realeko espetxean. Josep Lluis Trapero Mossos d’Esquadren burua eta Teresa Laplana intendentea, aldiz, aske utzi ditu, baina kautelazko neurriak jarrita.
☉ Hego Uribe
Langabezian dauden eskualdeko 10 gaztek praktika ordainduak egingo dituzte sei hilabetez bertoko enpresatan
Beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da
Langabezian dauden eskualdeko 10 gazte kontratatuko dituzte aurten Nerbioi Ibaizabal eskualdeko enpresetan lan egiteko.
Praktika ordainduak izango dira, eta beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da.
Ordaindutako praktika hauek egin nahi dituzten gazteek ondoko baldintzak bete behar dituzte: Nerbioi Ibaizabal eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea; Lanbiden enplegu eskatzaile bezala izena emanda egotea; unibertsitate titulua, erdi mailako nahiz goi mailako prestakuntza zikloa, hirugarren mailako doktoregoa edo profesionaltasun ziurtagiria izatea edota azken urteko ikaslea izatea; jasotako prestakuntzarekin lan esperientziarik ez izatea, edo lan esperientzia hiru hilabetetik beherakoa izatea; eta 18 eta 29 urte artean izatea (26 eta 29 urte bitartean Gazte Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute).
Beka hauen helburua gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea da, beren lanbide heziketarekin edo prestakuntza akademikoarekin lotuta dauden eskualdeko enpresetan esperientzia hartuz.
Hauek dira programa honetan parte hartuko duten eskualdeko enpresak: IK–Ingurumenaren Kideak Ingeniería, S.L. (Basauri), Camp Tecnológico–Argi Ventures S.L. (Basauri), Asesoria Etxebarri, S.L. (Etxebarri), Euskal Korreo Postal Mailing, S.L. (Etxebarri) eta Dinosa, S.A.L. (Galdakao).
Irekita dago dagoeneko programa honetan parte hartzeko eskaera epea. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena.
Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Urduña eta Orozkoko udalek sustatzen dute programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatearen laguntzarekin. Kudeaketa Novias Salcedo Fundazioarena da.
☉ Hego Uribe
Urte berriarekin batera Abando-Urduña tren ibilbidearen kudeaketa Eusko Jaurlaritzak hartu du
Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da
Urte berriarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako hainbat transferentzia gauzatu dira.
Horien artean, Hego Uriben eragin nabaria duen bat dago: Renferen C3 linearen kudeaketa, Bilbotik Urduñara doan tren ibilbidearena, alegia, gure eskualdea zeharkatzen duena, Basauritik Ugaoraino.
Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da.
Esku aldaketa horretaz harago, hainbat dira Renfetik azken hilabeetan iragarri dituzten hobekuntzak: alde batetik, Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez.
Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.
Bestetik, Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dute, eta 84 trenetik 92ra pasako dira.
Asteburuen kasuan, aldiz, 55etik 76ra.
☉ Hego Uribe
‘Yodög arraintxoa’ abusuen kontrako ipuinak urtea bete du, 16.000tik gora deskargekin eta hezkuntzan bide luzea eginez
Zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun.
‘Yodög arraintxoa’ abusuak pairatu, salatu eta indartuta agertzen den arrain baten istorioa da. Gaur urtebete argitaratu zuen GEURIAk. Ordutik ibilbide luzea izan du: zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun. Ikastetxe bakoitzak bere liburuxkak sortu, digitalean egokitu edo afixak egin ditu eta sareetan argazkiak eskegi edo egileei bidali dizkiete, albiste honen irudi nagusian ikus daitekeen bezala.
Bi basauriarrek sortu dute gazteei eta nerabeei zuzendutako ipuina: Pepe Godoyk idatzi eta Jon Spinarok ilustratu. Biak ala biak han hemenka izan dira aurkezpenak, hitzaldiak eta bilerak egiten. Lau haizeetara zabaldu dute eta hasieratik GEURIAn jarri dute konfiantza euskarri nagusia izan dadin. Horregatik, beheko esteka honetan jaitsi daiteke PDF formatuan ipuin osoa:
🐟 🐙 YODÖG ARRAINTXOA 🐳 🦀
➡️ DESKARGATU HEMEN ⬅️
Ipuina zazpi hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, italieraz, frantsesez eta alemanieraz. Euskarazko itzulpena Iñigo Isuskizak egin du, katalanera Yolanda Vigarrek itzuli du, Ainhoa Chascok ingelesera, Naiara Pérez Etxabek italierara, Yolanda Cantero Vegak frantsesera eta Mascha Karlitskayak alemanierara. GEURIAko zuzendari izandakoa eta gaur egun edizio-lanak egiten dituen Jon Villapunek egin du diseinu eta maketazio lana. Erabilera ez komertziala librea da. Ipuinaren idazlearekin harremanetan jar daiteke helbide elektroniko honetara idatzita.
Mirian Alonsoren oroimenez idatzi du ipuina Pepe Godoyk. Mirianek, Pepek bezala, sexu-abusuak pairatu eta salatu zituen. 2022ko martxoan zendu zen Mirian. Pepe Godoy basauriarrak 2018an salatu zuen eskola futbolean sexu abusuak pairatu zituela entrenatzaile batek partetik. Ondoren, entrenatzaile beraren aurkako salaketa gehiago etorri ziren. Hala ere, Baskonia Futbol Eskolak ez zuen entrenatzailea -eta idazkaria- kargutik kendu. Adin txikiko baten salaketari esker, entrenatzailea epaitegietara eraman eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2021ean. Baskonia Futbol Eskolak izena aldatu zuen eta gaur egun Baskauri Futbol Eskola da.
Modu batera edo bestera, ‘Yodög arraintxoa’ ipuinean laguntzeagatik Fran Gonzálezi, Nerea Careagari eta Yoli Calongeri esker onak eman dizkio Pepe Godoyk.
☉ Hego Uribe
‘Civis’ zerbitzuak tren maiztasun handituko du Hego Uribeko herrietan 2025ean
Zerbitzu berri honen trenek Miribillan, Bidebietan, Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak eta zazpi minutu laburtuko du gaur egungo zerbitzua
Renfek Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez. Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.
Izan ere, 2025eko urtarrilaren 7an martxan ipiniko den zerbitzu berri honen trenek Miribillan (Bilbo), Bidebietan (Basauri), Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak. Horrela, gaur egungo 52 minutuko bidaia 45era laburtuko du Renfek.
Guztira 16 bidaia egingo dituzte tren hauek egunero, zortzi Urduñarako noranzkoan eta beste zortzi, Bilboranzkoan.
Egunero, gehiago
Gainera, Renfek iragarri du aldaketak egingo dituela ohiko eguneroko zerbitzuko maiztasunean: zerbitzua 05:00etan hasiko da eta azken trena 23:35etan izango da, 30 minutuko maiztasunarekin.
Horrek eragina izango du bereziki asteburu eta jaiegunetan eta 55 zerbitzuetatik 76ra handituko dela iragarri dute tren enpresatik. Lanegunetan ere handituko dute tren zerbitzuaren maiztasuna, 84 zerbitzuetatik 92ra haziz.
Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dela azaldu dute Renfetik ere. Tren horiek geltoki guztietatik igaroko dira. “Asteburuetan momentura arteko tren zerbitzuak mantenduko ditugu eta maiztasuna 30 minutukoa izango da”, argitu dute Renfetik.
Gabonetako ordutegiak
Egun batzuk barru urteroko ordutegi bereziak ipiniko ditu Renfek. Abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra, Gabonak direla eta, Bilbo-Urduña C3 linearen maiztasuna jaitsi egingo dute. “Egun horietan bidaiari gutxiago egoteak murrizketa eragiten du, eskaintza eskarira egokitzeko”, azaldu dute Renfeko ordezkariek.
Hilaren 24an eta 31n, azken trenak 21:05ean abiatuko dira Bilbotik eta 21:34an Urduñatik. 25ean, lehen trena 10:35etik aurrera egongo da martxan, eta urte berriko egunean, berriz, zerbitzua 07:05ean hasiko da.
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko 24 eragilek bat egingo dute Bilbon etxebizitza eskubidearen alde deitu duten manifestazioarekin
Abenduaren 14an, larunbatez, manifestazioa deitu du Bilbon Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, “etxebizitza eskubidea bermatzeko”. Manifestazioa 13:00etan izango da plaza Biribiletik (Abando).
Euskal Herriko 180 eragilek atxikimendua eman diote manifestazioari. Tartean, Hego Uribeko 24k: Galdakaoko, Ugaoko eta Usansoloko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ); Berdez Bizi; Sagarrak talde ekologista; Arrigorriaga Harrera; Emakumeak Aniztasunean Elkartea; Arrigorriagako Gazte Asanblada; Lamintxu Gazte Asanblada; Txarraska Gaztetxea; Zeberioko Gazte Elkartea; Zizpa Gazte Konpartsa; Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkartea; Galdakao TEAyuda; Galdakaoko Herriko Benta; Redes Aperribai; Soinuarri; Kakitzat Koordinadora Antimilitarista; Basandere Emakume Elkartea; Batu Elkarlaguntza Sarea; Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea; Kontseilu Sozialista; Itaia; eta Gazte Koordinadora Sozialista (GKS).
“Etxebizitza negozioa den bitartean inoiz ez da eskubidea izango. Etxebizitzaren negozioa da arazoaren erantzulea, eta horren aurrean, espekulatazaileen kontura urgentziazko neurriak har daitezela eta euren poltsikoak diru publikoz ez betetzea eskatuko dugu. Arazo estrukturala gainditzeko doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde borrokatu behar dugu”, diote Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Saretik.