Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Hego Uribe

Saio irekian zabalduko dituzte mankomunitateko energia plana idazteko prozesu parte-hartzailearen emaitzak

Klima aldaketari buruz Arrigorriagako, Etxebarriko, Ugaoko, Zaratamoko eta Zeberioko herritarrek dituzten pertzepzioak jaso ditu Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateak, eskualdeko energia plan berria osatzeko

|

Udal-ibilgailu elektrikoa Arrigorriagan // Geuria

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea Klima-Energia Plan Integratu berria (KAAEPI) prestatzeko azken pausoak ematen ari da. Azaroan, prozesu-parte hartzailea abiatu zuten sareko inkesta baten bidez, eta erakundea osatzen duten bederatzi udalerrietan (Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao, Zaratamo eta Zeberio, Hego Uriben) biztanleek klima aldaketaren inguruan dituzten pertzepzioak jaso zituzten. Orain, ikerketaren emaitzak publiko egingo dituzte, eta 2023aren lehen erdirako prest egongo den planean zeintzuk integratu daitezkeen azalduko dute.

Mankomunitateko ordezkariek saio irekian emango dute nondik-norako guztien berri. Ostegun honetan (otsailak 9), Arrigorriagako Edurne Garitazelaia Kultur Etxean bilduko dira interesa duten herritar guztiekin, eta bi orduko bileran (18:30etatik 20:30era), diagnostikoa aurkeztu ondoren zabalduko dute eztabaidarako denbora, “etorkizunari buruzko ideiak eta egin beharreko ekintzak jasotzeko”. Parte hartzeko, gomendatzen da, aldez aurretik, mankomunitatearen sareko inkestan bertaratzea baieztatzea.

Emisioak murrizteko

Orain arte, hainbat herritarrek eta eragilek hartu dute parte diagnostiko fasean, eta beren erantzunak Global Factor eta EDE Ingenieros enpresen laguntzarekin ebaluatu dituzte. Bileran egingo dute prozesu parte-hartzailearen jarraipenarekin eta jasotako ekarpenekin, herri bakoitzaren analisia egitea eta udalerrietan berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ekintza espezifikoak planteatzea aurreikusten da.

Plana martxan jartzeko, 50.530 euroko inbertsioa egingo du mankomunitateak. Aurrekontu osoaren gehiena (15.000 euro), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari esker finantzatuko da; 7.500 euro, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailetik; eta 5.856 euro, Energiaren Euskal Erakundetik.

☉ Hego Uribe

Erreportajea / Elkartasuna Hego Uribetik Valentziara

|

Xabier Urrutikotxea (ezkerrean), eta Unai Etxebarria eta Aiaraldeko lagunak (eskuman) // Utzitakoak

Tanta hotzak hondamendia eragin du Valentziako Erkidegoan eta Albaceten, besteak beste. Erreportaje hau idazten ari naizen momentuan berrehundik gora dira hildakoak, milaka dira desagertuta jarraitzen duten herritarrak eta 4.800 lagun erreskatatu dituzte.

Telebistatik edo sare sozialetatik jasotzen ditugun irudiak ikaragarriak dira, askotan malkotan uzten dizkizutenak. Halakoetan, zerbait egiteko ezintasuna sentitzen dugu, baina une horietan zerua eta lurra mugitzeko gai diren pertsonak agertzen dira, kaltetutako udalerrietan eta bertako herritarrei laguntza ematera joateko. Unai Etxebarria basauriarraren, Xabier Urrutikoetxea usansolotarraren eta Galdakaoko GBGE elkartearen kasuak dira horiek.

Hego Uribe eskualdetik Valentziara bidaia egin dute: janaria, ura edota lokatza kentzeko materiala eraman dituzte. Eta Urrutikoetxearen kasuan, Euskal Herriko beste ehun suhiltzaileekin batera bertaratu da laguntza eta erreskate lanak egitera. GEURIAn aukera izan dugu Unairekin eta Xabierrekin berba egiteko, Paiportan edota Sedaví herrietan euren laguntza eskaini duten momentuan.

Unai Etxebarria Larrauri basauriarra (Basauri, 1993) azaroaren 2an joan zen Valentziara. Zehazki, Paiporta ingurura. “Sareetan Valentziako hondamendiaren inguruko bideo asko ikusi nituen eta jarraian esan nuen: ‘Bertara joan behar dut laguntzera’. Ikaragarriak ziren bideo horiek eta nire ekarpena egin nahi nuen”, adierazi dio GEURIAri basauriarrak. Azaroaren 2an, larunbatez eta gauez, irten zen Laudiotik boluntario talde batekin eta azaroaren 3an 07:00ak aldera iritsi ziren. “Bertako Euskal Etxeko lagun batekin egon nintzen aurreko egunetan harremanetan eta bere bitartez lortu genuen Valentziara sartzea”, dio Unaik.

Valentziara joan aurretik diru bilketa jarri zuen martxan Unaik materiala erosteko eta bertan banatzeko. Bilketa horren berri eman zuen Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak Instagram kontuan, eta ordu gutxitan 10.000 euro biltzea lortu zuen: “Izugarria izan zen jendearen laguntza hori. Egia da Ogasunak bizum horretatik jaso genuen diru kopuru bat hartu egingo duela, horregatik 10.000 eurora iritsi ginenean bertan behera utzi nuen diru bilketa. Bizuma irekita mantendu izan banu, 50.000 eurora ere helduko ginen! Jendearen elkartasun uholdea ikaragarria da!”, dio Unaik, eta Ogasunak kenduko dion dirua, 3.000 euro gutxi gorabehera, bere gain hartuko du basauriarrak. Laudiotik Valentziara bitarteko bidaia “isiltasunean” egin zutela aitortu digu Unaik: “Isilik eman genuen bidaia osoa, pentsatzen zer aurkituko genuen bertan. Eta, iritsi ginenean eta lupetza artean sartu ginenean, dena aldrebestu zen: Netflixeko filmaketa bat zirudien. Izugarria benetan”. Valentziara heldu zirenean “etsipena, abandonua eta gobernuen utzikeria” topatu zituztela dio Unaik.

“Oso gogorra”

Valentzian dagoen egoera “oso gogorra” dela ziurtatu du Etxebarriak: “Bertako herritarrek dena galdu dute. Ez bakarrik gauza materialak, herrikide asko hil egin dira hondamendi honetan. Bertako herritarrak bertatik atera behar dituzte lehenbailehen: dena ondo garbitu, gero dena ondo jarri eta ondoren euren herrietara eta etxeetara itzuli daitezen”, dio.

“Ikusi duguna da herritar askok ez dutela inolako laguntzarik jaso. Igandean hasi ziren laguntza apurra jasotzen, eta herritarrengandik bakarrik. Lehenengo kolpean oso beldurtuta daude herritarrak, baita haserre ere. Jaramonik egin ez dietela sentitzen dute askok, eta hiltzen utzi dutela jendea”, dio Unaik. Herritarren haserrealdia azaroaren 3an, igandez, handitu zen Paiportan, Carlos Mazón Generalitateko presidentearen, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen eta Erregeen bisitarekin. “Paiportara joan ginenean esan ziguten Erregeen bisita zela eta ezin genuela bertan denbora asko eman. Amorrua eman zigun horrek, baina beste herri batera joatea lortu genuen laguntza ematen jarraitzeko”, dio Unaik.

Unai dagoeneko Euskal Herrian dago, baina Valentziara bueltatzeko asmoa du: “Ez dakigu noiz, orain laguntza mordoa dagoelako Valentzian. Eta gainera, laguntza profesionala. Itxarongo dugu, baina gure asmoa da berriro bueltatzea eta gure laguntza ematea”, dio Unaik.

Suhiltzaileen laguntza

Valentziako hondamendian laguntza emateko Euskal Herritik ehun suhiltzaile baino gehiago joan dira bertara. Tartean, Xabier Urrutikoetxea Apraiz usansolotarra (Usansolo, 1984). “Telebistan ikusi genuenean Valentzian gertatu zena jarraian jarri ginen suhiltzaile talde guztiak lanean, eta Euskadiko eta Nafarroako zerbitzu guztiak prest jarri ginen Valentziara joateko”, dio Xabierrek. Hala ere, ez zieten baimenik eman Generalitatetik eta joan barik geratu ziren. Seigarren egunean, ordea, azaroaren 3an irten ziren Euskal Herriko suhiltzaileak Valentziara bidean. “Gugatik izan balitz, lehen edo bigarren egunetik egongo ginatekeen hemen, baina seigarren egunera arte ez digute utzi etortzen”, dio Xabierrek.

Azaroaren 4an, astelehenez, egin genuen berba Xabierrekin. Orduan Sedaví herrian zegoen usansolotarra. “Azaroaren 3an gauez heldu ginen Valentziara. Kriston euri zaparrada ari zuen, eta txarrena pentsatzen hasi ginen. Berriro ur-jasak izango zirela pentsatu genuen, eta Valentziako sarrera dramatikoa izan zen: ibai artifizial bat egin zuten bere garaian eta normalean ur gutxi darama, baina heldu ginenean goraino zihoan. Ez zegoen argindarrik eta sirenak baino ez ziren ikusten. Hori Valentzia hiriburuan”, dio Xabierrek. Sedavíra iritsi zirenean kotxe guztiak pilatuta aurkitu zituzten, “baten bat zuhaitzetan zintzilik, lokatza, eta ez zegoen inor kaletik ez zegoelako argindarrik”, dio, eta gaineratu du: “Ematen zuen hondamendiaren lehen eguna zela, eta ez seigarrena”.

“Herritarrak oso gaizki daude. Jendea etortzen zaizu negarrez, batzuk eskerrak emanez. Jende asko beheko pisuetan bizi da eta etxeak eta kotxeak galdu dituzte. Hondamendiaren zazpigarren eguna da (azaroaren 4a) eta batzuk ur gabe jarraitzen dute, argindarrik gabe…”, gogaitu da Xabier. Valentziako hondamendia zuzenean pairatu duten herritar asko abandonatuta sentitzen direla esan du Xabierrek: “Nik uste politikariak bertatik egon zirenean konturatu ziren hau oso oso larria dela”, dio.

Herriak soilik salba dezake herria?

Valentziako uholdeak urriaren 29an gertatu zirenetik sareetan asko irakurtzen den esaldia da ‘Herriak bakarrik salba dezake herria’. Unai Etxebarria erabat ados dago hausnarketa horrekin: “Benetan horrela da. Eta ez bada horrela, hil egingo gaituzte. Hori da egiten dudan hausnarketa. Herrikide asko euren bizilagunak laguntzen ari dira”, dio.

Kontran, Xabier Urrutikoetxea suhiltzailea ez dago ados adierazpen horrekin, eta arrazoitu egin du bere iritzia: “Herriak ez du salbatu behar herria. Herriak hauteskundeetan ondo bozkatu behar du herria salbu egon dadin. Eta hemen profesionalak egon behar dira lanean. Boluntarioek ginarra batekin ezin dute ezer egin; hemen behar da makinaria ona eta handia, eta jende profesionala. Zerbitzu publikoak egon behar dira herri hauetan, prestatuta eta lekuan bertan”, dio Xabierrek. Boluntarioen lana aitortu du Xabierrek, baina hasieratik “kudeaketa arazo izugarria” egon dela: “Egia da hau ez dela erraza kudeatzen: ekarri hainbeste jende, suhiltzaileak, kamioiak, ez dago argirik, errepide asko moztuta daude, kamioiak lokatzetan geratzen dira ez atzera eta ez aurrera… Nik ulertzen dut ez dela erraza kudeatzen”.Elkartasun keinuek denbora luzez biziraun beharko dute hemendik aurrera, Valentziako herri asko berriro garatzen has daitezen. Gauden lekutik zertan lagundu dezakegun baino ezin dugu itxaron. Elkartasun keinuek jarraituko dute.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Itziar Ituño, Mikel Urrutikoetxea eta Esti Urresola dira 2025eko Euskaraldiko Hego Uribeko enbaxadoreak

Datorren urteko maiatzaren 15etik 25era antolatu duten Euskaraldiko laugarren edizioa. Taldea osatzen duten guztiek Euskaraldiaren gonbitea “ilusioz eta erantzukizunez” jaso dutela adierazi dute

|

2025eko Euskaraldiko enbaxadoreak, Bilboko aurkezpenean // Euskaraldia

Gaur bertan 2025eko maiatzaren 15etik 25era antolatu duten Euskaraldiko laugarren edizioaren hamaikakoa aurkeztu dute Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Izen guztien artean Hego Uribeko hiru izen potolo ageri dira: Itziar Ituño aktore basauriarra, Mikel Urrutikoetxea Zaratamoko pilotaria eta Esti Urresola Ugaorekin harreman estua daukan Laudioko zinemagilea ageri dira.

Hamaikakoaren izenean, Eneko Garciak eta Esti Urresolak hartu dute hitza, eta taldea osatzen duten guztiek Euskaraldiaren gonbitea “ilusioz eta erantzukizunez” jaso dutela adierazi dute. Urresolak, bere aldetik, Euskaraldia bezalako ekimenen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi izan du. “Ariketaren jatorri Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du”, nabarmendu du zinemagileak.

Lehen edizioan bezala, talde anitza osatu dute azken edizio honetan eta hauxe da Euskaraldiaren hamaikakoa osatzen duen talde osoa:

1. Eneko Atxa Azurmendi, sukaldaria
2. Oihana Azkorbebeitia Urizar, mendi lasterkaria
3. Aitor Bengoetxea Zabalza, musikari eta break dantzaria
4. Lutxo Egia del Rio, idazlea
5. Eneko Garcia Jaurena (Albina Stardust), trabestia
6. Ana Goitia Erkiaga, kazetaria, aurkezlea eta umoregilea
7. Itziar Ituño Martinez, aktorea
8. Roberto Moso Gil, komunikatzailea
9. Zibel Untsain Damestoy, dantzaria
10. Esti Urresola Solaguren, zinemagilea
11. Mikel Urrutikoetxea Azkueta, pilotaria

Laugarren edizioaren leloarekin bat eginez – “Elkar mugituz egingo dugu” – hamaikakoa osatzen duten lagunek erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak.

Esti Urresola: “Ariketaren jatorri Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du”

Lehen aldiz udaberrian antolatu dute Euskaraldia. Edizio berrian, Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleraztea izango dute egiteko nagusien artean. “Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta”, azaldu du Goiatz Urkijok Euskaraldiatik.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

ZOZKETA | Agerreko uzta euskarari puzka, Errigora eta GEURIAren eskutik

Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

|

Urriaren 24tik azaroaren 14ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuz osatutako 3 saskiko eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Euskarari Puzka’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:

1️⃣ GEURIA Instagram orrialdeko jarraitzaile izan
2️⃣ Zein lagunekin egingo zenuke otordu eder bat? Argitalpenean zure lagun bat etiketatu
3️⃣ Berdea (eko) edo gorria: zein nahi duzu? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrela jakingo dugu zein saski duzun gustokoen.

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 11ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.

Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.

Irati, Errigorako kidea, eta Eñaut, GEURIAko zuzendaria, zozketatzeko bi kutxekin / Geuria

Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.

ARRIGORRIAGA
+Arrigorriaga (Eguzkibegi Ikastolan utziko dira internet bidezko erosketak)
+Arrigorriagako AEK

BASAURI
+Arizko Ikastola
+Bolintxu AEK

GALDAKAO
Barandiaran AEK
+Eguzkibegi Ikastola

USANSOLO
+Usansolo

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Gazteei zuzendutako Gurot euskarazko tribial lehiaketa martxan da Galdakaon eta Etxebarrin

|

arteari, historiari, zientziei, kirolei eta euskal kulturari buruzko galderak ditu Gurot tribial jokoak // Gurot

Gurot, euskal kultura eta kultura unibertsala euskaraz eta online lantzeko tribial jokoa, martxan jarri dute Bizkaiko 14 herri eta eskualdetan, tartean, Galdakaon eta Etxebarrin.

Besteak beste, arteari, historiari, zientziei, kirolei eta euskal kulturari buruzko galderak erantzutean datza lehiaketa, eta urriaren 28an hasi eta abenduaren 15ean bukatuko da.

Erabiltzaileek puntu gehien lortzea bilatu beharko dute sariak irabazi nahi badituzte. Lehiaketa eskuragarri dago herritar guztientzat, baina Galdakaon, Etxebarrin, Abanto-Zierbenan, Zornotzan, Durangaldean, Enkarterrietan, Erandion, Gernikan, Getxon, Lekeition, Mungian, Sestaon, Txorierrin eta Uribe Kostan bizi diren 12 eta 18 urte bitarteko gazteek bakarrik izango dute sariak jasotzeko aukera. Gehienez ordubete aritu ahal izango da erabiltzaile bakoitza egun bakoitzeko.

Aurten hiru sari zozketatuko dituzte: asteburu pasa zein esperientzia bonoak Tarragonako Port Aventuran, Toledoko Puy du Foun eta Euskal Herriko nekazal turismo etxe batean bizitzeko. Horiek lortzeko aukera izateko jokalariek ahalik eta puntu gehien bildu beharko dituzte galderei zuzen erantzunez.

Zozketak abenduaren 16an egingo dira eta sariak honela banatuko dira: lehenengo saria puntu gehien lortzen dituen erabiltzaileak jasoko du zuzenean; bigarren saria banatzeko zozketa egingo da puntu gehien egin dituzten 15 erabiltzaileen artean; eta hirugarren saria banatzeko zozketan puntu gehien egin dituzten lehen 50 erabiltzaileek hartuko dute parte. Sariak 2025eko urtarriletik abendura bitartean erabili beharko dira.

2019an abiarazi zenetik, banakako lehiaketan parte hartu duten pertsonen kopuruak gora egin du etengabe, eta iaz 3.220 parte-hartzaile izan zituen.

Orain martxan dagoen lehiaketa banakakoa da, baina 2025eko lehen hilabeteetan taldekako lehiaketa jarriko dute martxan. Iaz 231 hirukotek parte hartu zuten taldekako lehiaketan, eta finala San Mameseko Ipar Aretoan jokatu zen eta finalistak 500 lagunen aurrean lehiatu ziren.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa / Martxan dira Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun taldeak!

|

Galdakaoko eta Basauriko berbalagunak eta udal ordezkariek // Geuria

Martxan da Berbalagun ekimena Galdakaon eta Basaurin. Aurtengoa hogeigarren ikasturtea da Galdakaon eta hamabosgarrena Basaurin.

Dagoeneko biltzen hasi dira astero taberna batean biltzen diren ohiko berbalagun taldeak, baita interes taldeak ere, hala nola, mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, paseo taldea, Gurasolagun taldeak, musean aritzeko taldeak edota irakurketa taldea.

Berritasun bezala, aurten behingoz Eskalada taldea sortu dute. Iaz taldea eratzeko “ahalegina” egin zuten, eta aurten errealitate izango da, behintzat, Galdakaon: urriaren 22an izan dute lehenengo hitzordua Urreta kiroldegian.

Ildo berean, aurten “erronka potoloa” izango da Galdakaon zein Basaurin Gurasolagun taldeak indartzea. Orain arte eskulanak egiteko saioak antolatzen zituzten guraso eta umeekin, eta aurten bi adar gehitu dituzte: “Alde batetik, umeak eskolaz kanpoko ekintzak egiten dauden bitartean, zain dauden gurasoen arteko hizkuntza ohiturak euskararatu nahi ditugu. Eta bestetik, kiroldegietako ikastaroak egin bitartean ere gurasoak euskaraz aritzeko taldeak sortu nahi ditugu”, adierazi dute.

“Uste dugu erronka honekin fruituak lortu ditzakegula. Gurasoek tarte horiek aprobetxatu ditzakete euren euskara erabiltzeko. Planteamendu hau oso erraza da”, diote.

Ikasturte berriko Hego Uribeko Berbalagun egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute Galdakaoko Ganbara tabernan. Bertan izan dira Asier Martin eta Ioritz Lopez de Alda Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun dinamizatzaileak, Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko alkateordea eta Asier Iragorri Basauriko alkatea.

Izena ematea: doan!

Berbalagun taldeak martxan dauden arren, izena emateko epea ikasturte osoan zehar zabalik dagoela gogorarazi dute Berbalaguneko dinamizatzaileek.

Izena ematea doakoa dela azpimarratu dute, eta eskatzen den gauza bakarra euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea dela.

Taldeetan eta ekintzetan izena emateko 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus edo hegouribe@aek.eus helbide elektronikoetara idatz dezakete interesdunek.

Basauriko eta Galdakaoko Udalek, Udal euskaltegiek, AEK-k eta, Basauriko Hizkuntz Eskolak babesten dute Hego Uribeko Berbalagun programa.

Euskara, gero eta gehiago

Urte hauetan guztietan Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 770 lagun inguru ibili dira. Azken ikasturtean, 2023-2024 ikasturtean, 260 lagun ibili ziren 36 berbataldetan banatuta.

“Berbalagun programak euskaraz bizi nahi duten horiei, bizitza bere osotasunean euskaraz egiteko pausoak ematen laguntzen die. Izan ere, euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eroateko zubi lana bikaina izateaz gain, euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzeko lanabes ezin hobea da”, diote.

Bai Galdakaok eta bai Basaurik euren kaleetan “euskara gero eta gehiago entzuteko erronka” dutela azpimarratu dute Edurne Espillak eta Asier Iragorrik, eta horretarako, Berbalagun proiektua “oso zubi ona” dela.

“Ohiturak aldatzea batzuetan zaila dela onartu arren, ekimenak aldaketa hori oso modu apropos eta atseginean egitea errazten du”, dio Espillak.

Iragorrik nabarmendu du euskara “leku formaletatik kanpo” ere erabili behar dela: “Zorionez, gaur egun, gazte gehienek ikastetxeetan euskaraz ikasten dute; beraz, gure erronka kaleetan gero eta euskara gehiago entzutea da”.

Hego Uribeko Berbalagun / Agenda

2024 Urria-Abendua

Urriak 24, osteguna / Basauri
Kosmetika Naturala egiten ikasteko tailerra
18:30 Nai Lua Tetegia

Azaroak 5, asteartea / Galdakao
Berbalagun Jaia
18:30 Ganguren taberna

Azaroak 7, osteguna / Basauri
Berbalagun Jaia
18:30 Bonboi taberna

Azaroak 10, igandea / Basauri
Mendi irteera: Gaztelu-Malmasin-Tximintxe
09:00 Basauriko udaletxe ondoan

Abenduak 3, asteartea / Galdakao
Mintzodromoa
10:30 Kurtzeko frontoia

Abenduak 3, asteartea / Basauri
Mintzodromoa
10:30 + 18:30 Solobarria plaza

Abenduak 13, larunbata / Basauri
Baskott Gaua
–:– San Jose ikastetxea

Osorik irakurri