→Hego Uribe

Ipuin-kontaketak eta antzerkiak egingo dituzte Hego Uriben, ingurumenaren aldeko Asteklima ekimenean

Ostiral honetan, ‘Inguru minguru. Naturarekin bat’ ipuin-saio musikatua egongo da Etxebarrin, eta igandean, Kiribil doktorearen ipuin-kontaketa antzeztua, Ugaon. Urriaren 2an bukatuko da ekimena, Arrigorriagan egingo duten “Amalur, etxe hegalaria” lanarekin.

'Inguru minguru. Naturarekin bat' Ana Apikaren eta Intxixu Valbuenaren antzerkia // Asteklima

Arrigorriagak, Etxebarrik eta Ugaok Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen bigarren edizioan hartuko dute parte. Ekimenaren helburua, herritarrak energia- eta klima-trantsizioaren aurrean kontzientziatzea eta konponbidea ematearen alde mobilizaziora deitzea da; horretarako, 139 ekitaldi egingo dituzte irailaren 23tik urriaren 2ra arte, Bizkaian, Araban zein Gipuzkoan. Ipuin kontaketekin eta antzerkiekin, Hego Uribek emango dio hasiera eta amaiera Asteklima jaialdiari.

Lehen egunean, irailaren 23an (ostirala), ipuin-saio musikatua egongo da Etxebarrin. Inguru minguru. Naturarekin bat ekitaldian, Ana Apika eta Intxixu Valbuena sortzaileek “ingurumea zaintzearen garrantzia eta birziklatzearen balioa” ekarriko dituzte eszenatokira. Antzerkia 3 urtetik gorakoentzako edonorentzat dago prestatuta, 18:00etan hasiko da, udaletxeko plazan, eta ordubeteko iraupena izango du.

Arrigorriagan ere, antzeko ekitaldi bat egingo dute azken egunean, urriaren 2an (igandea): Amalur, etxe hegalaria lanean, Lur Usabiagak txotxongiloekin planeta ez zaintzearen ondorioez jardungo du udaletxeko plazan, 12:00etan. Ekitaldi hori ere ordubetez luzatuko da, eta 4 urtetik gorako haurrei egongo da zuzenduta.

Igande honetan, berriz, irailaren 25ean, umeentzako (4 urte baino gehiago) ipuin-kontaketa antzeztua egongo da Ugaon. Istorioan, Kiribil doktoreak (Alberto Bargas) planeta gaixorik ikusten du, eta osatzeko, zer gertatzen zaion ikertu beharko du. Kontaketa 12:30ean hasiko da, udaletxeko plazan, baina euria eginez gero, Jane Jauregian egingo da.

Asteklima ekimena

Jarduera kultural hauek Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateak antolatu ditu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta Ihobe eta bere erakunde publikoekin batera. Hego Uribeko Udalen laguntza ere jaso du ekimenak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak