Sareak

☉ Hego Uribe

A30 greba feminista orokorrarekin bat egiteko deia luzatu dute Hego Uriben

“Zaintza sistema berri baten beharra” aldarrikatzeko deitu du Hego Euskal Herriko mugimendu feministak, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin

|

Basauriko A30 greba batzordearen bilera bat urrian // Basauriko Asanblada Feminista

Azaroaren 30erako greba feminista orokorra antolatu du Hego Euskal Herriko mugimendu feministak, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin. “Zaintza sistema berri baten beharra zabaltzeko deitu da greba”, diote Hego Uribeko greba batzordetik. Basauriko, Galdakaoko, Arrigorriagako eta Ugaoko eragile feministek osatzen dute Hego Uribeko greba batzordea.

“Asko dira eta oso anitzak dira greba feminista orokor honen aldarrikapenak, baina guztien helburua zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatzea da. Horretarako badakigu lehentasun eta epe desberdinak markatu behar direla. Alde batetik, epe laburrean gaur egun prekarioenen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egiteko neurriak proposatzen ditugu. Eta bestalde, epe luzeagoan pentsatuz, bizitza erdigunean jarriko duen sistema soziala eraikitzen hasteko neurriak”, diote Hego Uribeko greba batzordeko ordezkariek.

Besteak beste, epe laburrean proposatzen dituzten neurriak dira: zaintza-sistema publikoa indartzea eta garatzea, zaintza-zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea, etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea, etxeko langileentzat gutxieneko soldataren gainetik dagoen soldata ezartzea, lan-baldintzak hobetzea edo zaintza-baimenak zabaltzea. Eta epe luzeari begira, zaintza-sistema publiko eta komunitario bat garatzea, “aldaketa kultural handia eskatzen duena eta une oro zeharka jorratu behar dena, hala nola, zaintzaren kontzeptua lantzea eta zaintzaren kultura zabaltzea, gizonei erantzukizuna eskatzea edo hezkuntzatik zaintza sustatzea”; edo antolaketa sozial feminista bat garatzea, “espazioen diseinua eraldatuz eta etxebizitza komunitarioak eraikiz”.

Emakumeak eta gizonak daude deituta azaroaren 30eko greba feminista orokorrean parte hartzera, “plazaratzen gaiak guztioi eragiten digulako”, diote Hego Uribeko greba batzordetik: “Bizitza osoan zehar askatasunez eta konpromezuz zaintza jaso eta eskaintzeko eskubidearen aldeko apustua egiten dugu, eta hori guztion artean eraiki beharreko zerbait da. Hala ere, prozesu honen lidergoa mugimendu feministarena da”.

Azaroak 18: agerraldia

Azaroaren 30ekoa Euskal Herriko mugimendu feministak deitzen duen lehenengo greba feminista orokorra izango da (2018an eta 2019an greba feministak izan ziren, baina ez ziren orokorrak izan), eta prozesu luze baten emaitza da. “Greba honek oso gogoan ditu zaintzan aritzen direlako greba egin ezin duten emakumeak eta prozesu honetan garrantzi handia eman zaio berauek ikusarazteko moduari. Zaintza, bizitzaren oinarri den heinean, ezin da erabat gelditu: jakin badakigu zaintza lanetan aritzen diren emakume askok ezingo dutela grebarik egin azaroaren 30ean; horrek agerian uzten du zaintzek gizartean duten garrantzia: zaintzak ezinbestekoak dira, baina zaintza lanek ez dute merezitako aitortzarik, sektore prekarizatuenetarikoa da”, diote Hego Uribeko greba batzordeko bozeramaileek.

Greba izan aurretik mahai-inguruak antolatu dituzte Basaurin eta Arrigorriagan, eta azaroan zehar ekimen gehiago antolatuko ditu Hego Uribeko greba batzordeak. Hala nola, aldarrikapen eguna, poteo feminista eta kotxe karabana. “Gainera, azaroaren 18an agerraldi bat egingo dugu eskualdean grebaren nondik norakoak eta egitaraua ezagutarazteko”. diote.

☉ Hego Uribe

Argazkiak / Nerbioi eta Ibaizabal ibaiak harrotuta, Hego Uriben zehar

|

Alerta laranjan gaude Hego Euskal Herrian atzotik hona, euria eta haizea tarteko. Hori horrela, ibaien arroei eta zuhaitzei begira eman ditugu azken orduak. Hego Uriben zehar irudi ikusgarriak pilatu ditugun arren, ez da kalte larririk egon. Hala ere zuhaitz eroriak, lur-jausiak eta ibai ertzean abaroa bilatzen zuten hegaztiak aurkitu ditugu. Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon izan gara bertatik-bertatik.

Arrigorriaga

Basauri

Etxebarri

Galdakao

Ugao

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Irkus Badillo eta Gorka Vidal aske geratu dira, ezarritako zigorra amaitu ostean

Etxeratek jakinarazi duenez, otsailaren 23an amaitu zuten euren zigorra, 20 urtez espetxeetan egon eta gero

|

Irkus Badillo Borde ugaotarra eta Gorka Vidal Alvaro zaratamarra erabat aske geratu dira, ezarritako zigorra amaitu ostean.

Etxeratek jakinarazi duenez, otsailaren 23an amaitu zuten euren zigorra, 20 urtez espetxeetan egon eta gero.

Badillori 2021eko maiatzean eman zioten hirugarren gradua eta urte bereko urrian baldintzapeko askatasuna onartu zioten.

Vidalen kasuan, 2022ko ekainean eman zioten hirugarren gradua eta iazko otsailean aske geratu zen baldintzapean.

Gaur egun Hego Uribe eskualdeko zortzi herritar daude preso, denak Zaballako edo Basauriko espetxeetan. Horiek dira:

Zaballako espetxean:
– Jon Bienzobas Arretxe (Galdakao)
– Xabier Garcia Gaztelu (Galdakao)
– Iñaki Krutxaga Elezkano (Galdakao)
– Josune Oña Ispizua (Galdakao)
– Maite Pedrosa Barrenetxea (Ugao)

Basauriko espetxean:
– Joseba Borde Gaztelumendi (Ugao)
– Iker Lima Sagarna (Galdakao)
– Iñigo Vallejo Franco (Basauri)

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko kiroldegietako langileak grebara deitu dituzte berriro asteazkenean

Otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 4an, 5ean eta 9an grebara deitu dituzte berriro eskualdeko kiroldegietako langileak

|

Basauriko instalazioak // Geuria

Bizkaiko kiroldegietako langileak protestan ari dira abendutik. Eta aldarrikapenen arrazoia da euren hitzarmena berritu nahi dutela. Iazko abenduaren 11n eta 12an eta urtarrilaren 24an, 27an eta 30ean lanuzteak egin zituzten 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30, eta otsailaren 6an egun osoko greba egin zuten.

Oraingo honetan grebarako egun berriak deitu dituzte: otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 4an, 5ean eta 9an izango dira egun horiek.

Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri eta Ugaoko kiroldegietako langileak grebara deituta daude berriro lan-hitzarmena berritzea aldarrikatzeko. ELA sindikatutik adierazi lez, 2022an iraungi zitzaien hitzarmena eta iazko urtarriletik hitzarmen berria negoziatu nahian izan dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, akordiorik erdietsi gabe: “Patronalak planteatzen duen eskaintza langileen aldarrikapenetatik urrun dago”, diote.

Kudeaketa desberdinak

Basaurin eta Arrigorriagan Udalek kudeatzen dituzte instalazioak eta beste enpresa batzuen esku daude bai ikastaroak zein monitoreak (Sport Studio eta Xaker, hurrenez hurren).

Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon enpresa pribatuek kudeatzen dituzte kirol instalazioak eta langileak (Emtesport Etxebarrin eta Guedan Galdakaon eta Ugaon).

Hitzarmena berritzea

Bizkaiko kiroldegietan kudeaketa eta administrazio modu desberdinak egon arren, hitzarmena bera da lurraldeko kiroldegi guztietan.

“Patronalaren proposamenak ez du erosteko ahalmena bermatzen, proposatutako lanaldi murrizketa ez da asteko 35 orduetara iristen eta langileen gainerako aldarrikapenei ez zaie jaramonik egiten”, salatu dute sindikatuek: “Bizkaiko sektore honetan 2.000 pertsona inguruk egiten dute lan, gehienak udal kiroldegietan, baina baita klubetan, kiroletan, golfean eta abarretan ere. Horiek guztiek merezi dute lan baldintzak hobetzea, are gehiago hitzarmen berrian islatu behar den Kirolaren Lege berria kontuan hartuta”, diote.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa / Malmasingo garbiketako lanek “ikuspegi arkeologikoa” kontutan hartu beharko luketela diote adituek

Jagoba Hidalgo ikerlariaren arabera, entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko lirateke mendien kudeaketa “arrunta” egiteko

|

Duela hilabete batzuk entresaka lanak hasi zituzten Malmasin mendian, Arrigorriaga eta Basauriko lurretan, bertako eukaliptoak kentzeko. Prozedura legala izan arren, eukalipto horietara heltzeko makina astunak sartu zituzten mendian barrena eta aurrean zegoen guztia birrindu zuten: pistak, informazio panelak… eta horrek herritarren eta Sagarrak Ekologista Taldearen arreta erakarri zuen.

Arrigorriagako aldean, esaterako, baso itxia zena hankaz gora ipini zituzten makinek Abrisketarako baserrietara arte eta Basauriko lurretan zeuden oinezkoentzako zein txirrindularientzako pistak guztiz suntsitu zituzten, auzotar batzuek GEURIAri azaldu lez: “Basauriko Basozelaitik Arrigorriagako Abrisketako baserrietara arteko bidean sekulako birrinketa egin dute”, izan ziren Jabi Valle basauriarraren berbak.

Makinek eragindako paisaia, Malmasingo Arrigorriagako aldean // Geuria

Jagoba Hidalgo Malmasingo aztarnategiko lanetan diharduen ikerlari arkeologoa da eta bankaketa-lan horiek mendiari eta inguruari nola eragiten dion azaldu dio GEURIAri: “Entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko ginateke mendien kudeaketa normala egiteko”, dio ikerlariak. “Gure ustetan ondo legoke lan hauetan jarraipen arkeologiko bat egotea eta entresaketan arkeologo baten presentzia egoteko”.

Jagoba Hidalgo: “Entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko ginateke mendien kudeaketa normala egiteko”

Makina bat, Malmasineko magalean lanean // Geuria

Hidalgok hilabeteak daramatza Malmasingo tontorreko aztarnategian arkeologia proiektu ez-intrusiboa lantzen: “Lurretako jabeen onespena behar dugu gure lan arkeologikoak aurrera eramateko eta ez hori bakarrik: auzotarren bizitza ez oztopatzea garrantzitsua da guretzat, mendiaren egunerokotasunean arazorik ez eragiteko. Hori dela eta, uste dugu baso-industriak bere lan egiteko moduak birmoldatu behar dituela eredu sozializatuagoak sortzeko eta auzokideen eta herritarren bizitzetara egokitzeko nolabait”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Udalkutxak 77,6 milioi euro banatuko ditu Hego Uribeko udaletan

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan. Aldundiaren behin-behineko aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago jaso dituzte eskualdeko udalek

|

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan // Geuria

Bizkaiko udalerriek 1.033,65 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik eta Gizarte Zerbitzuen Udal Funtsetatik, hasierako aurreikuspenen aldean 23,3 milioi euro gehiago.

Behin betiko kopuruak hobetu egin ditu urrian Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bileran ekitaldia ixteko egindako aurreikuspenak. Bilera hartan hasierako aurreikuspenarekiko 15,70 milioi euroko gehikuntza aurreikusi zen.

Udalek 2024an izango duten gastu- eta inbertsio-ahalmen handiago hau Bizkaiko zerga itunduek 2023an izandako bilketaren datu onetatik dator.

Hego Uribe eskualdeko udalei dagokienez, 77,6 milioi euro jasoko dituzte. Aldundiaren aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago.

Datuak datu, zenbateko hauek jasoko dituzte Hego Uribeko udalek:

  • Arrigorriaga: 9,2 milioi euro (aurreikuspena baino 211.000 euro gehiago)
  • Basauri: 31,2 milioi euro (aurreikuspena baino 719.000 euro gehiago)
  • Etxebarri: 9 milioi euro (aurreikuspena baino 206.000 euro gehiago)
  • Galdakao (Usansolo barik): 22,3 milioi euro (aurreikuspena baino 422.000 euro gehiago)
  • Ugao: 3,34 milioi euro (aurreikuspena baino 73.500 euro gehiago)
  • Usansolo: 96.302 euro
  • Zaratamo: 1,3 milioi euro (aurreikuspena baino 29.000 euro gehiago)
  • Zeberio: 1,2 milioi euro (aurreikuspena baino 25.000 euro gehiago)

Datuetan ikus daitekeenez, Finantzetako Lurralde Kontseiluak lehen aldiz sartu du Usansolo udal-finantzaketarako foru-funtsei buruzko gaietan. Usansolo, udalerri moduan inskribatu zenetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria da: “Ondorio guztietarako Bizkaiko udal-finantzaketaren sisteman sartu da lehen aldiz Usansolo, autonomia-printzipioari eta finantza-nahikotasunari jarraiki”, diote foru ordezkariek.

Osorik irakurri