→Hego Uribe

Bideoa | Mintzodromoak, hitzaldiak eta aurkezpen jaiak antolatu ditu Hego Uribeko Berbalagun egitasmoak

Martxan dira Galdakaoko eta Basauriko berbalagunak. Herriak eta kaleak euskalduntzen laguntzeko berbalagun taldeak dagoeneko batzen hasi dira urrian, eta momentuz, abendura bitartean hamaika ekintza dituzte euskaraz hitz egin eta gozatzeko. Besteak beste, urriaren 27an eta azaroaren 30ean Mintzodromoak antolatu dituzte Basaurin eta Galdakaon, azaroan aurkezpen jaiak egingo dituzte Galdakaon zein Basaurin, eta abenduan Baskot Gaua egingo dute Basaurin (agenda osoa albistearen amaieran).

Berbalagun talderik ohikoenak taberna batean elkartu ohi dira euskaraz hitz egiteko, eta dagoeneko hasi dira gehienak biltzen. Era berean, interes taldeak ere badaude; hala nola, mendi taldea (hilean behin irteera bat), jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, paseo taldea, Gurasolagun taldeak (abenduan jarriko dira abian) eta irakurketa taldea. Berrikuntzak ere iragarri dituzte Asier Martin eta Ioritz Lopez de Alda Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunek: “Aurten pala, frontenis edo padel taldea, mus taldea eta adineko jendearentzako gimnasia taldea sortzeko apustua egingo dugu, gazte, heldu eta nagusiei aukera gehiago eskaintzeko asmoz”, diote.

Hgeo Uribeko Berbalagun ikasturte berria aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Galdakaon // Geuria

Berbalagun egitasmoan parte hartzea doakoa da eta dagoeneko taldeak batzen hasi diren arren, izena emateko epea urte osoan zehar zabalik dagoela gogorarazi dute Berbalagun dinamizatzaileek. Gaineratu dute talde batean baino gehiagotan aritzeko aukera ere badagoela.

222 BERBALAGUN IAZ

Hamazortzigarren ikasturtea hasiko du Galdakaoko Berbalagunek, hamahirugarrena Basaurikoak. Urte hauetan guztietan Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 650 lagun inguru ibili dira. Azken ikasturtean, 2021-2022 ikasturtean, 222 lagun ibili ziren 29 berbataldetan banatuta. 

“Euskaraz bizi nahi duen orori laguntza ematen dio Berbalagun programan; izan ere, euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eroateko zubi lan bikaina izateaz gain, euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzeko lanabes ezin hobea da”, diote Berbalagun programako arduradunek.

Berbalagun egitasmoan izena eman nahi dutenek 607 146 855 telefono zenbakira deitu dezakete, edo galdakao_berba@aek.eus edo hegouribe@aek.eus helbide elektronikoetara idatzi. Izena ematea doakoa da.

Hego Uribeko Berbalagun | Agenda

2022 Urria-Abendua

Urriak 27, osteguna / Basauri
Mintzodromoa
10:00-12:00 + 18:30-20:30 Solobarria plaza

Azaroak 8, asteartea / Galdakao
Aurkezpen jaia
18:30 Ganguren aberna

Azaroak 10, osteguna / Basauri
Aurkezpen jaia
18:30 Zutarri taberna

Azaroak 25, ostirala / Basauri
Hitzaldia: Jakoba Errekondo
Ordua eta lekua zehazteke

Azaroak 30, asteazkena / Galdakao
Mintzodromoa
10:30 Torrezabal Kultur Etxea

Abenduak 16, ostirala / Basauri
Baskot Gaua
20:00 San Jose ikastetxea

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak