☉ Hego Uribe
Kronika / Egun-pasa ederra larunbatekoa Orio eta Hernanin

Egun-pasa ederra egin genuen larunbatean Orion, ahazten ez diren horietakoa. Autobusak animatu ginen Basauri, Galdakao eta Usansoloko 33 kideak batu, eta 11:30erako abian zen goizeko bisita gidatua. Bertan zegoen gure zain Jon, Galdakaoko jarraipen batzordeko kidea ere baden oriotarra, bere herriko istorio eta bazter kuttunak erakusteko prest.
Lehen geldialdian mende batzuk egin genuen atzera, eta herri honek itsasoarekin izandako loturaz aritu zitzaigun. Arrantzak bai, baina, batez ere, ontzigintzak markatu du Orio. Hain zuzen ere horregatik geratu ginen ontziola txiki bezain ederrean. Aiako lurretan, baina bisitatu behar genuen herriari begira, eta, noski, Euskaraldiari gure babesa ematen.
Handik alde zaharra ikustera joan ginen. Elizako arkupeetan jarraitu zuen Jonek azalpenak ematen, baina kontu erlijiosoez baino, euskarak kostaldeko herri honetan izandako eboluzioaz eta zenbait bitxikeriaz hitz egin zigun. Eliza barrutik ikusteko aukera ere izan genuen, baina sartu-irten arina izan zen, mokadutxoa deika genuen eta.
Anfitrioi bikaina izan zen Jon; izan ere, herria ez ezik, bere soziedadea ere erakutsi zigun atsegin handiz. Xarmaz betetako lekuan kokatuta, Extremaduratik etorritako zenbait herritarrek sortu zuten Aldapa. Etxeko hegaluzea eta ardo botilak mahaian jarri, eta goxo-goxo egon ginen hizketan.

Hego Uribeko berbalagunak Orion // Hego Uribeko Berbalagun
Pote bat plazan hartu, eta bazkaltzera eraman gintuen txoferrak. Zeinen gustura egon ginen orain arte bisitatu gabeko Satxota sagardotegian. Bakailao, onddo eta antxoa nahaskiak atera zizkiguten lehenbizi. Ondoren, txangurroa eta bakailaoa, eta, jakina, txuleta ederrik ezin zen falta. Bukatzeko, gazta, irasagarra, intxaurrak eta gazta-tartarekin esan genion agur hain ondo hartu gintuen sagardotegiari.
Arratsaldea, ohi legez, Hernanira joan ginen, dantza apur bat egitera. Eguraldia lagun, kalean egon ginen tarte luze batez, herria eta taberna gehienak gainezka zeudelako. Eta, konturatu orduko, bueltatzeko ordua heldu zen. Pena, primeran pasatzen ari ginelako, baina Galdakaon zein Basaurin jarraitzeko asmoz.

Satxota sagardotegian bazkaldu zuten Basauriko eta Galdakaoko berbalagunek // Hego Uribeko Berbalagun
Eta bueltako bidea arindu nahian, adarra sartzen ibili zen Asier, berbalagun eta ikasleei egindako koplen bidez. Nekatuta, baina barre egiteko geratzen zitzaigun indar apurra bertan utzi genuen: “Egun da Santimamiña, benetan egun samiña…” Bada, gure egunean saminik ez. Orain indarrak hartu, eta datorren urtekoan pentsatzen hasiko gara.
Gora zuek eta Eskerrik asko Joni, mimoz prestatutako goiz zoragarriagatik.
Eguneko argazki gehiago esteka honetan!
☉ Hego Uribe
“Oso eskertuta gaude eskualde honetan Errigorak bere tokitxoa izatea GEURIAri esker”
Errigorako kanpaina martxoaren 16ra arte luzatuko da. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan erosi eta jaso daitezke Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak

Martxoaren 16ra arte luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.
“Aurtengo leloa da ‘Eskutik eskura egiten dugu herria’, eta kanpaina honetan kontsumo ohituretan jartzen dugu arreta elikadura-burujabetzaren ikuspegitik. Eta Ager eremuko produktuak auzolanaren bidez banatzen ditugu Euskal Herri osoan ekoizleek ezarritako jatorrizko prezioan eta euskara etiketatuta”, dio Jone Gil Landaburu Errigorako kideak: “Ager eremuak badu berezkoak diren produktuak eta nekazal landa handiak daude, eta hori ere bada bide bat bultzada emateko lehenengo sektoreari eta hango nekazariei”.
GEURIAren eta Errigoraren artean lankidetza dago eta kanpaina bakoitzean zozketak antolatzen ditugu eta horren bitartez kutxak banatzen ditugu.
“Geuria eta Errigora hasieratik ibili gara elkarlanean. Guretzat garrantzitsua da Euskal Herri osotik gure proiektuari zabalkundea ematea. Batzuetan ez da erraza horrelako proiektuei ahotsa ematea; orduan, oso eskertuta gaude elkarlan honengatik eta eskualde honetan ere Errigorak bere tokitxoa izatea Geuriari esker”, dio Gilek.
Aurten, gainera, AEKk eta Korrikak Errigora omenduko dute. Horren harira, martxoaren 3an Errigora kanpaina berriaren aurkezpena egin zuten Galdakaon, Asisko Urmeneta irudigilearen eskutik.
Era berean, aurkezpenaz gain, martxoaren 11n (17:15ean) eta 12an (10:00etan eta 17:30ean) Errigora produktuen dastaketa antolatu dute, doan, Galdakaoko AEK Euskaltegian.
Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.
ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK
BASAURI
+Bolintxu AEK
GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola
☉ Hego Uribe
ZOZKETA | ‘Oihu bat Palestinara’ bidali nahi duzu? Parte hartu gure zozketan!
Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte. Irabazle batek sarrera bikoitz bat jasoko du.

Martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean ospatuko da ‘Oihu bat Palestinara’ aldarrikapen musika jaialdia. Bertan izango dira, besteak beste, Ahmend & Nur, Anari, Belago, Bengo, Borla, Chulería, joder!, Dena, EzEzEz, Eire, La furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Kiliki Lukiek, Malakias eta abar luze bat. Musikariekin batera, bertsolariak eta euskal kulturako sortzaile asko ere bai.
Palestinarekin Elkartasuna herri mugimenduak antolatuta, Palestinari laguntza emateko jaialdia izango da. Sarrerak salgai daude oihubatpalestanara.eus webgunean. Eta ekintza ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, di-da zozketa arin bat antolatu dugu Oihu Bat Palestinara jaialdiko antolatzaileekin batera GEURIAren jarraitzaileen artean sarrera bikoitz bat zozketatzeko.
Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:
😍 @oihubatpalestinara eta @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin joan nahi duzu? 😉 Etiketatu.
Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 12ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.
Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.
Saria jaso: irabazleari sarrerak PDF formatuan bidaliko zaizkio.
☉ Hego Uribe
Bideoa | M8: Ni naiz emakumea, ni naiz indarra, ni naiz ekaitza! | Geuria
☉ Hego Uribe
Martxoak 8 | Elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte Hego Uribe eskualdean asteburuan

Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna da eta Hego Uribe eskualdean elkarretaratzeak, martxa feminista eta manifestazioak deitu dituzte asteburuan zehar.
Martxoaren 8an bertan 12:00etan manifestazioa dago Bilbon, Jesusen Bihotzetik.
M8 Hego Uribe 2026
Arrigorriaga
Martxoak 8, igandea
12:00 Kontzentrazioa eta Berdintasun Kontseiluaren adierazpenaren irakurketa udaletxeko plazan
Basauri
Martxoak 8, igandea
11:00 Elkarretaratzea Begoñako Andra Mari kalean
Etxebarri
Martxoak 6, ostirala
12:00 Adierazpen instituzionala udaletxeko plazan
Martxoak 8, igandea
11:30 Kalejira Zintururiko begiratokietatik
12:00 Adierazpen komunitarioa eta jardueran udaletxeko plazan
Galdakao
Martxoak 7, larunbata
– Auzoen arteko martxa feminista
11:00 Aperribai (gosaria)
12:00 Bengoetxe
12:30 Urreta
13:00 Kurtzea
– Manifestazioa
13.00 Kurtzeko plazatik
Ugao
Martxoak 6, ostirala
12:00 Ekimen instituzionala Herriaren enparantza
Martxoak 8, igandea
Manifestazioa eta ekitaldia
Usansolo
Martxoak 7, larunbata10:00 Bankua margotzea Unkina plazan. Bertan behera geratu da eguraldiagatik (aurrerago egingo dute ekintza)
12:00 Elkarretaratzea Unkina plazan
Zaratamo
Martxoak 8, igandea
11:30 Taza eta txapa tailerra, eta musika Elexaldeko plazan
Zeberio
Martxoak 8, igandea
12:00 Elkarretaratzea udaletxeko plazan, eta M8aren dokumentalaren proiekzioa
☉ Hego Uribe
ZOZKETA | Eta zuk zein gura duzu, berdea ala gorria? Errigora eta GEURIAren eskutik
Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

ZOZKETA EGINDA! Otsailaren 26tik martxoaren 16ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.
Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:
😍 @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin egingo zenuke otordutxo eder bat? 😉 Etiketatu.
🔴 Gorria edo 💚 Berdea? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrrela jakingo dugu zein saski duzun gustukoen.
Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 4ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.
🥳 Irabazleak:
– 🟩 @ibonlopezbarrenetxea
– 🟥 @jotxin
Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.
Saria jaso: irabazleak saria jasotzeko 15 egun ditu. Saria GEURIAren egoitzan (Basozelai kalea 11, -3. Basauri, Bizkaia) jasoko du.
Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.
ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK
BASAURI
+Bolintxu AEK
GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola











