→Hego Uribe

Hego Uribe taldea prest, Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketean parte hartzeko

Hego Uribe taldeko bertsolariak aurreko edizio baten BBK Sariketan // Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 30. edizioari ekin diote azaroaren 7an, astelehenez. Aurreko urteetan bezala, Hego Uribe taldeak hartuko du parte txapelketan, sei ordezkari hauekin: Garazi Uriarte, Iraia Lauzirika eta Haizea Telleria gazteen taldean (18 urtera arteko kategoria), eta Maddi Askaiturrieta, Unai Foruria eta Maite Sarasola nagusien taldean (19 eta 25 urte bitarteko kategoria).

Guztira Bizkaiko eskualde desberdinetako 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta dira Hego Uribez gain txapelketan parte hartuko duten eskualdeak. Talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute, eta bi multzo ezarri dituzte: 18 urtera arteko bertsolariak eta 19 urtetik 25 urtera arteko bertsolariak.

Txapelketa atzo hasi zen Markina-Xemeinen eta finala abenduaren 1ean izango da Bilboko BBK Salan. Tartean lau kanporaketa, bi finalaurreko eta finala jokatuko dira. Hego Uribeko taldeak debuta egingo du azaroaren 9an, asteazkenez, eta aurrean izango dituzte Uribe Kostako bertsolariak: kanporaketa Leioako Betiko Ikastolan izango da 10:00etan. Kanporaketa irabaziz gero, Hego Uribeko bertsolariek finalaurrekoa jokatuko dute azaroaren 21ean, astelehenez, Zornotzako Zelaieta Zentroan (18:00), Lea-Artibai edo Arratia taldeen kontra (lehenengo kanporaketa).

Urteurren jaia

Aurten, finalarekin batera, urteurren jaia antolatuko du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. “Bertsolari Gazteen BBK Sariketeak 30 urteko ibilbidea egin du dagoeneko, eta hori ospatzeko ekitaldi berezia egingo da finalagaz batera, abenduaren 1ean. Bertan momentu hauetan guztietan sariketa honen parte izan diren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak… batuko gara, egindako bidea gogoan hartu eta ospatzeko”, diote Bertsozale Elkartetik.

Finala “sorpresa txikiz” beteriko egitaraua izango dela diote antolatzaileek: “Protagonistak eskualde bakoitzeko bertsolari bana izango dira: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria, Idoia Anzorandia eta Igor Menikaren gidaritzapean”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak