→Hego Uribe

Bat-bateko magiaren eskolak Hego Uriben

2012an hiru bertso eskola zeuden Hego Uriben. Gaur egun, hamar urte geroago, Arrigorriagakoa da eskualdean martxan dagoen bakarra. Hala ere, bertsozaletasuna egon badagoela erakusten dute hainbat ekitaldik.

Iker Garitagoitia, Asier Martin eta Arkaitz Zipitria // Geuria

Bertso eskolak, bertsozale elkartearen arabera, bertsotan, bat-batean zein idatzizkoan, ikasteko guneak dira. Helduei ala haurrei bideratuta egon daitezke eta haien helburuak ezberdinak izan daitezke oso. Batzuk, bertsotan trebatzeko daude sortuak soilik; beste batzuk, herrira begirako ekimenak antolatzeko sortuak dira. Baina, non hasten da horrelako proiektu bat sortzeko ideia?

Galdakaon, pertsona baten zaletasunetik hasi zen dena, Asier Martinen (Galdakao, 1984) zaletasunetik. 2005ean, bertso-eskola baterako ideia sortu zen Galdakaon, eta urte erdiz AEKk Galdakaon duen euskaltegian klaseak egon ziren. Proiektu horrek aurrera jarraitu ez zuen arren, 2010ean Asier Martinen ideia proiektu hura “berpiztea” zen, berarekin batera klase horietan egondako ikasleak erakartzeko asmoarekin. Horretarako, galdakoztarra herrian kartelak jartzen hasi zen; horri esker, “hiruzpalau lagun” batzea lortu zuen, herrian bertsozaletasuna egon bazegoela demostratuz. Izan ere, Arrigorriagarekin batera, Galdakao Hego Uribeko bertsozaletasunaren ikurra da. Asier Martinen arabera, “Galdakao betidanik izan da herri oso bertsozalea, baina zaletasun horrek ez zuen biderik topatzen bertsotan aritzeko”. Arazo horri irtenbidea bilatu zioten zenbait urtetan herria zipriztindu zuten kartel horiek.

Egungo egoera

Arrigorriaga eta Galdakao dira, egun, Hego Uriben bertsolaritza bizirik mantentzen duten bi herriak; batez ere, Basauriko bertso-eskolak bere ateak itxi zituenetik, duela zortzi urte. Arrigorriagak, bertso-eskolari esker; eta Galdakaok, herrian dagoen zaletasunak aurrera eramaten dituen ekintzei esker. Arkaitz Zipitria (Zorrotza, 1987) Arrigorriagako bertso-eskolaren arduradunak dioenez, bertsolaritzak “nolabaiteko erreferentzia” du Hego Uriben, “eguneroko jarraipen bat egon ez arren”. Honen adibiderik argienak Galdakaoko plazak dira, saio bat dagoen bakoitzean lepo betetzen baitira.

Iker Garitagoitia, Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria Arrigorriagako bertsolariak // Geuria

Urtero hiru saio nagusi egiten dira Galdakaon: Gabonetan, herriko jaietan (irailaren 14an) eta Tximelarreko jaietan (uztailaren bukaeran). Martinek azken saio hau “guztiz miresten” du, urtero auzo elkarteak bertso saio “potente” bat antolatzea lortzen baitu. Asier Martinen aburuz, bete-beterik egoten dira hiru saio nagusiak herritarrek buruan dituztelako data horiek eta bertsoarekin lotzen dituztelako; bertso-eskolatik antolatzen zituztenak ez bezala. Bere ustez, hori zen arrazoia haien bertso saioetara hainbeste jende ez gerturatzeko, “dohainik izan arren”.

Saioak ez dira egungo zaletasunaren adierazle bakarrak baina. Asier Martini AEKtik “bertso kiniela” bat sortzea otu zitzaion. Horretarako, txirrindularitzako tropela edo kirol ezberdinetako fantasy ligak hartu zituen eredutzat, Bertsolari Txapelketa Nagusian antzeko zerbait egiteko, “jende gehien mugitzen duen ekitaldia baita”. Bertso kinielan lortutako diruari esker, bertso saio bat antolatu zen herrian. Galdakoztarrak dioenez, “bertsolaritzaz ezer gutxi zekien jendea mundu horretara gerturatzea” lortu zuten; eta, “jadanik interesa zutenek handitu egin zuten, kanporaketen emaitzak eta abar luze bat begiratzen zituztelako”.

Hala ere, ez da berdina bertsozalea izatea saioetara joateko eta ekintza ezberdinetan parte hartzeko, edo bertsotan ikasi eta aritzeko; hala ikusten du Asier Martinek behintzat. Ezinbestekoa ikusten du, gainera, bertso eskola bizi-bizirik egotea “Arrigorriagan gertatzen den bezala, interesa duen edonork bertara jotzeko aukera izan dezan eta ez dezan futbolera edo saskibaloira jo beharrik izan bertsotan aritzeko aukerarik ez duelako”. Arkaitz Zipitriaren aburuz baina, belaunaldi aldaketak zaildu egiten du hori, “sorrerako bi belaunaldiak mantentzen baitira bertso eskoletan Hego Uriben, salbuespen gutxi batzuekin”.

Lehen kontaktua

Bertso eskoletarako pausoa ematen ez duten arren, haurrek geroz eta ezagutza handiagoa dute bertsolaritzaren inguruan, ikastetxeetako eskola orduetan beste irakasgai bat izango balitz bezala irakasten delako. Arkaitz Zipitriak azaldutakoaren arabera, “bertsolaritzarekiko lehen kontaktua eskoletan izatea da planteamendua, gero, interesa piztuz gero, bertso eskoletara igarotzeko”. Izan ere, Arrigorriagako bertso eskolaren parte den Iker Garitagoitiak (Arrigorriaga, 1997) dioenez, azken hamarkadetan “normalean bertso eskoletara datozenak eskolan bertsolaritzarako zaletasuna lortzen dutenak dira”.

Garitagoitiaren ustez, bertsolaritzak ikastetxeak baliatu beharko lituzke gazteak bereganatzeko, “bertsozaletasunera eta bertsoak egiteko gaitasunera” hurbilduz. Asier Martinen arabera eskola orduetan bertsotan ibiltzea “aurrerapauso itzela” da. Izan ere, bere (eta bere belaunaldiko askoren) kasuan, askoz geroago izan zuten lehen kontaktu hori, hamazazpi urte zituela. Bere ustez, hau gertatu izana “penagarria” da.

Lehenengo kontaktu horretan eratzen diren harremanak ezinbestekoak dira, Zipitriaren arabera, “bertsolaritzarekin saretzen doazen harremanek zaletasuna handitzen dutelako, baita zaletasun hori pizten lagundu ere”. Esaterako, jendea egon badago bertso-udalekuetara joan dena bertsoetarako zaletasunik izan gabe, eta hor egin dituen lagunengatik afizio hori garatzen joan dena.

Bertso-eskolen garrantzia

Harreman horiek eratzen dute bertso eskola ere. Arrigorriagako bertso eskolan “berebiziko garrantzia” dute; izan ere, Arkaitz Zipitriaren aburuz, bertso eskola izena mantentzen duten arren, bertsotan ikasteko leku bat baino gehiago dira, “edozein gairen inguruan hitz egiteko eta elkarren artean hausnarketak partekatzeko lekua ere badira”. Arrigorriagakoa baina, ez da harreman horien adibide bakarra, Galdakaon ere beste horrenbeste gertatu baita: Martinen arabera, bertako kideak, elkarrekin bertsotan ibili eta hamaika gairen inguruan kantatu eta berba egin ostean lagun egin ziren.

Lagunak egin eta bertsolaritzaren barnean saretzeaz gain, bertso eskolek “garrantzi handiko ekarpena egiten diote euskarari zein euskal kulturari”, galdakoztarraren aburuz. Gainera, bertso-eskola herrigintzan inplikaturik ez egotea “zerbait txarra” dela azpimarratzen du. Iker Garitagoitia iritzi berekoa da, eta bertso eskola orokorrean erdalduna den eskualde batean kokaturik egotea “oso garrantzitsua” dela dio, “euskal kulturari babes handia” eskaintzen diolako.

Zipitria, Garitagoitia eta Altuna, Arrigorriagako bertso eskolan // Geuria

Asier Martinen arabera, halere, euskararen transmisioa “bermaturik” dago, baina, bertsoa bezalako kultura-adierazpidea ahozko transmisioari esker mantentzen da bizirik. Transmisio hau bertsotan ibiltzeko ahalmenak ziurtatzen du, eta, antzina, ahalmen hori, buru azkartasun hori, betidanik zeukanak transmititu zezakeen soilik. Galdakoztarraren ustez, bertso eskolek transmisio hori erraztu dute “bertsotan ibiltzeko ahalmena demokratizatu” dutelako, “jaiotzen zaren momentutik dohain hori izan ez arren ikasi egin daitekeelako eta magia puntu bat duen bat-batekotasun hori lor dezakezulako”.

Eskolen bilakaera

Bertsoaren demokratizazio honetatik hamaika bizilagun igaro dira urteetan zehar, baina ez dira beti berdin mantendu. Izan ere, bi eskoletako arduradunek azaldutakoaren arabera, fase ezberdinetatik igaro dira. Adibiderik argiena Arrigorriagan topa daiteke. Momentu honetan zortzi pertsona inguruko talde batek osatzen du bertso eskola, baina duela urte batzuk gauzak oso bestelakoak ziren. Gaur egun helduen taldea soilik mantentzen den arren, normalean bi talde egoten ziren: txikiena eta helduena. Arkaitz Zipitriaren hitzetan, taldeen osaketa “urtez urte aldatzen doa”, eta orain gutxi arte koronabirusak eragindako egoera dela-eta, “gauzak zaildu dira azken urteotan”.

Jende kopuruari erreparatuz, Galdakaoko bertso-eskolak ere fase ezberdinak bizi izan ditu. Normalean batu izan ziren hiruzpalau lagunei zenbait haur batu behar zaizkie. “Neska bat etorri zen lehendabizi, bere amak eskatu zigulako bertsoen inguruan zerbait irakas geniezaion”, dio Asier Martinek. Urtebete beranduago, 2017an, lau ume gerturatu ziren bertso-eskolara ikastetxeak gomendatuta. Martinen aburuz urte hartan haien helburua betetzen ari zela ikusi zuten: “Gure helburua ez zen inoiz izan plazetan kantatzea, baizik eta herrian bertsozaletasuna sustatu eta espazio bat eskaintzea”.

Gazte horiek urtebete egon ziren bertsotan Asier Martinekin batera. Hala ere, ikasle eta talde kopuruak ez dira izan prozesu hauetan aldaketak bizi izan dituzten ezaugarri bakarrak. Arrigorriagako bertso-eskolak, esaterako, era autonomoan jarduten du gaur egun, baina hasieran ez zen halakorik. Izan ere, Abarrak euskal elkarteak sortu zuen bertso-eskolaren egitasmoa. Zipitriaren ustez, halere, aldaketarik nabariena da “irakaslearen rola desagertu egin dela”.

kolak bere ekintzak garatzeko guneak ere aldaketak jasan ditu urte hauetan. Arrigorriagan, egun, ez dute leku finkorik; gaztetxean, Lonbo aretoko gela batean edo, eguraldiak nahi baldin badu, kalean egiten dute bertsotan. Galdakaoko bertso-eskolaren leku aldaketak, aldiz, helburu jakin bat zuen. Asier Martinen arabera, jende gehiago erakartzeko asmoarekin pasa zituzten urte batzuk herriko gaztetxean: “Bertan hamaika ekintza egiten direnez, gure ideia zen gaztetxeak eskaintzen dituen ekintzetan parte hartzen zutenei gurekin bertsotan egiteko aukera eskaintzea”. Baina, ez zuten jende askorik biltzea lortu.
Bat-batekotasunaren magiak Hego Uriben duen etorkizuna zaila ikusten dute Galdakaon zein Arrigorriagan. 2017an Galdakaoko bertso eskola itxi zenetik Arrigorriagakoa izan da bakarra eskualdean, eta Garitagoitiaren esanetan, “txikien talderik ez egoteak belaunaldi arteko jarraipena asko zailtzen du”. Hala ere, eskolaren helburua datorren ikasturteei begira gazteak bertsozaletasunera erakartzea da. Eta nork daki, agian hurrengoan beste norbaitek jarriko ditu kartelak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak