☉ Hego Uribe
Iñaki Larrabeiti zaratamarrak 2.500 kilometroko bidaia-solidarioa egingo du bizikletan Almeriara galdakoztar birekin
Bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak Galdakoztar birekin: bost asteko bidaia izango da eta 30 etapetan banatuko dute, helburu solidario batekin
Ekainaren 1ean Almeriako Cabo de Gatara abiatuko da Iñaki Larrabeiti (Zaratamo, 1959) bere bizikletarekin, Elkartasunezko Bizikleta Bira burutzeko. “Betidanik maite izan dut txirrindularitza eta zale modura praktikatu dut ere”, azaldu dio zaratamarrak GEURIAri. “Bizikleta gainean bidaia luze bat egiteko gogoa betidanik izan dut . Izan ere, azken urteetan astebeteko irteerak egin izan ditut lagunekin baina inoiz ez naiz harago joan”.
Oraingo honetan bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak: bost asteko bidaia izango da 30 etapetan banatuta. “Asmoa Kantauri isurialdea zeharkatzea da Galiziaraino eta behin Galizian Portugalerantz jo, hegoalderantz, Faroraino. Portugal atzean utzi eta Andaluziarantz abiatuko naiz”. Etapa bakoitzean 80 kilometro egitea aurreikusten du eskualdeko kirolariak, ondo bidean.
Bidaiaren hasieratik amaiera arte konstante bakarra Iñaki bera izango bada ere, etapa jakin batzuetan eskualdeko txirrindulari batzuk izango ditu bidelagun: Kantauriko isurialdetik Portugaleraino Pedro Ramirez galdakoztarraren laguntza izango du eta Portugaletik Sevillarainoko tartean Eduardo Traver galdakoztarra gehituko zaie pedalei eragiten. Beren ibilbidea egunez egun jarraitzeko eta proiektuaren berri izateko Whatsapp kanal hau zabaldu dute.
Solidaritatea gurpiletan
Baina zer ezkutatzen du bidaia honek? Erronka hau ez dute kirolean zentratu soilik; elkarlaguntza solidario batekin uztartu nahi izan dute abentura honen sortzaileek. Izan ere, Eduardo Traver bidaiaria eta farmazeutikoak Kooperako Ekuma proiektua kudeatzen du: “Kirol erronka hau elkarlaguntza proiektu batekin lotu nahi genuen hasieratik Koopera Euskadi GKEarekin”, azaldu du Larrabeitik.
“Gure ekintza maila bitan sailka daiteke”, gehitu du Eduardo Traverrek: “Alde batetik erabili beharreko materiala eramaten dugu Ginea Bissaura eta bestetik kontsultak eta ebakuntzak egiten bertan”. Gineako taldea anestesista bik, kirurgialari bik, ginekologo bik, oftalmologo bik, erizain batek eta farmazialari koordinatzaile batek osattzen dute. “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”, azaldu du Traverrek. Urtean bidaia bi egiten dituzte bertara eta egonaldiak 15 egunekoak izan ohi dira. Bertara joaten diren langileak boluntarioak dira eta 10 orduko lanaldiak egin ohi dituzte.
Eduardo Traver: “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”
Elkartasunezko Bizikleta Biraren bitartez jasotako dirua 2017tik Ginea Bissaun burutzen ari diren Ekumara bideratuko dute. Horretarako, proiektuan parte hartu nahi dutenek transferentziak bidali ditzakete ES 81 2100 1551 7102 0020 1653 kontura edo BIZUMa 629 252 812 telefono zenbakira.
☉ Hego Uribe
‘Itoiz. Udako sesioak’ dokumentala proiektatuko dute Basaurin eta Galdakaon
Azaroan Zinebin estreinatu ondoren, Itoiz euskal taldearen jatorriari buruzko ‘Itoiz. Udako sesioak’ dokumentala urtarrilaren 24an helduko da zinema aretoetara.
Basaurin sei egun geroago ikusi ahal izango da Social Antzokian, Zine Kluba programaren barruan: urtarrilaren 30ean, ostegunez, 17:30ean eta 20:00etan. Sarrera 5 euroan dago salgai eta Socialeko bazkideek sarrera doakoa dute.
Bestetik, Galdakaon ere proiektatuko dute dokumentala, Torrezabalen: urtarrilaren 26an 20:15ean eta urtarrilaren 27an 20:00etan. Sarrerak 4 euroan daude salgai.
70eko hamarkadaren erdialdean eztanda egin zuen bandak eta euskal musikaren panoraman erreferente bilakatu zen Itoiz. 10 urteko historia labur baina arrakastatsuaren ondoren, Juan Carlos Perezek abentura amaitutzat eman zuen. Kritikari eta zaleen harridurarako, unerik gorenean erabaki zuen ibilbidea etetea. Itoizeko partaide izan zen Jose Garate sanmigeldarra ‘Foisis’ ezizenez ezaguna dena.
☉ Hego Uribe
Mastodon sare soziala zabaldu du GEURIAk
Urtarriletik aurrera GEURIAren informazioa Mastodon sare sozialean ere jarraitu ahalko dute herritarrek, TOKIKOMek martxan jarri duen tkm.eus zerbitzariaren bidez. Mastodon erabiltzaileek [@geuria@tkm.eus] kontuaren bidez jarraitu ahalko dute gure edukia.
“Tokikomen erabaki dugu Mastodon sare sozial irekira jauzi egitea. Mastodon hainbat komunitate txikiz osatutako sareen sare bat da, eta haren atzean ez dago korporazio multinazional gaiztorik, bere helburu bakarra erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea da”, diote Tokikometik.
☉ Hego Uribe
Upo Mendiko Oier Gil eta Bidebietako Eva Martinez, Bizkaiko buruz buruko txapeldunak
Bizkaiko Buruz buruko esku pilota txapelketako finalak jokatu ziren urtarrilaren 18an, larunbatez, Basauriko Artunduagako frontoian.
Lau final jokatu ziren: kadeteak, gazteak, emakumeak eta nagusiak. Kadete mailan, Zaratamoko Upo Mendi taldeko Oier Gil izan zen txapelduna, Basauriko Bidebieta klubeko Jon Aperribai garaituz (18-14).
“Kadeteen partiduan nahiko urduri zeuden biak, bai Jon bai Oier. Hasieran partidua berdinduta zegoen: txandaka ibili ziren markagailuan. Momentu batean Jon jarri zen aurretik (14-11), baina sakean akatsak eginda, Oierrek esku hartu eta 18ra heldu zen Zaratamoko klubeko pilotaria (14-18)”, adierazi dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebieta Pilota Taldeko entrenatzaileak.
Emakumezkoen finalean Bidebietak ordezkaria izan zuen Eva Martinezekin, eta txapela jantzi zuen finalean. Aurkari izan zuen Durangoko June Agirrebeitia (22-18).
“Emakumeen partiduan biek elkar oso ondo ezagutzen zuten —binakakoan batera aritzen dira, Junek Bidebietan lagatuta jokatzen baitu—, eta biek badakite besteak non egiten dituen akatsak: Evak argi zeukan partidua aurreko koadroetara eraman behar zuela, eta Junek argi zeukan atzera eta atzera joko behar zuela; azken batean, June atzelaria da eta Eva aurrelaria. Hasieran June aurreratu zen (3-0), baina Evak aurre hartu zion (3-6). Azken txanpan, Evak aurre egin zuen, baina June sakeei esker hurbildu eta emaitza 18-22 izan zen Evaren alde”, dio Karrillok.
Gazteen mailan, Olaburu klubeko Aratz Diezek irabazi zuen finala Lagun Arteako Galder Buruagaren aurka, eta nagusien kategorian Danak Bat klubeko Enaitz Arandiak jantzi zuen txapela, Lezamako Markel Cabello gailenduta.
☉ Hego Uribe
Langabezian dauden eskualdeko 10 gaztek praktika ordainduak egingo dituzte sei hilabetez bertoko enpresatan
Beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da
Langabezian dauden eskualdeko 10 gazte kontratatuko dituzte aurten Nerbioi Ibaizabal eskualdeko enpresetan lan egiteko.
Praktika ordainduak izango dira, eta beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da.
Ordaindutako praktika hauek egin nahi dituzten gazteek ondoko baldintzak bete behar dituzte: Nerbioi Ibaizabal eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea; Lanbiden enplegu eskatzaile bezala izena emanda egotea; unibertsitate titulua, erdi mailako nahiz goi mailako prestakuntza zikloa, hirugarren mailako doktoregoa edo profesionaltasun ziurtagiria izatea edota azken urteko ikaslea izatea; jasotako prestakuntzarekin lan esperientziarik ez izatea, edo lan esperientzia hiru hilabetetik beherakoa izatea; eta 18 eta 29 urte artean izatea (26 eta 29 urte bitartean Gazte Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute).
Beka hauen helburua gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea da, beren lanbide heziketarekin edo prestakuntza akademikoarekin lotuta dauden eskualdeko enpresetan esperientzia hartuz.
Hauek dira programa honetan parte hartuko duten eskualdeko enpresak: IK–Ingurumenaren Kideak Ingeniería, S.L. (Basauri), Camp Tecnológico–Argi Ventures S.L. (Basauri), Asesoria Etxebarri, S.L. (Etxebarri), Euskal Korreo Postal Mailing, S.L. (Etxebarri) eta Dinosa, S.A.L. (Galdakao).
Irekita dago dagoeneko programa honetan parte hartzeko eskaera epea. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena.
Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Urduña eta Orozkoko udalek sustatzen dute programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatearen laguntzarekin. Kudeaketa Novias Salcedo Fundazioarena da.
☉ Hego Uribe
Urte berriarekin batera Abando-Urduña tren ibilbidearen kudeaketa Eusko Jaurlaritzak hartu du
Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da
Urte berriarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako hainbat transferentzia gauzatu dira.
Horien artean, Hego Uriben eragin nabaria duen bat dago: Renferen C3 linearen kudeaketa, Bilbotik Urduñara doan tren ibilbidearena, alegia, gure eskualdea zeharkatzen duena, Basauritik Ugaoraino.
Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da.
Esku aldaketa horretaz harago, hainbat dira Renfetik azken hilabeetan iragarri dituzten hobekuntzak: alde batetik, Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez.
Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.
Bestetik, Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dute, eta 84 trenetik 92ra pasako dira.
Asteburuen kasuan, aldiz, 55etik 76ra.