Eitb-k eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak Saretzen proiektua jarri dute martxan, “elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko”. “Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin eta elkarlanean lantzea, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren Local News Partnership ereduari jarraituz”, diote.
Azaroaren 29an, asteartez, kaleratu zen elkarlan horren lehen emaitza Eitb-ren eta Tokikomen medioetan. Tartean, GEURIAn ere. Hego Euskal Herriko demografia aztertu da orokorrean, eta tokiko komunikabideok nork bere esparruari erreparatu diogu, ezaugarriei eta eremuari egokituta. Zehazki, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu ditugu, Eustat eta Nastat (Nafarroako Estatistika Zentroa) iturri hartuta. Azken 20 urteotako biztanleriaren bilakaera aztertzeaz gain, gizartearen erradiografia egin dugu, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza- zein heriotza-tasari erreparatuta.
GEURIAren kasuan, Hego Uribe eskualdean eman diren fenomenoetan jarri dugu arreta eta udalerriak ere aztergai izan ditugu. Hain zuzen ere, Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia da datuak modu bateratuan biltzea, eta horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokitzea.
> Heriotzak jaiotzak baino bikoitza
> Basauri: 5.000 biztanle gutxiago
> Galdakao: ez aurrera, ez atzera
> Arrigorriaga: % 12ko hazkundea
> Etxebarri: jaiotza-booma apalduta
> Zaratamo: % 57 biztanle gutxiago
