Durangoko Azokak ateak itxi zituen atzo. Hala ere, ‘Zu non, han DA!’ ekimenari esker, Azokak herriz herri jarraituko du Euskal Herrian zehar urtarrilaren 7ra bitartean. Hego Uribe eskualdean, bost liburudendatan egongo da aukera Durangoko Azokako nobedadeak eskuratzeko. Horiek dira: Pinpilinpauxa Liburudenda (Arrigorriaga), Elkar eta Umeak Liburudenda (Basauri) eta Hiperoffice eta Cercantes Liburudenda (Galdakao).
Bestetik, euskarazko liburu aurkezpenak ere ekarriko ditu ‘Zu non, han DA!’ ekimenak Hego Uribe eskualdera. Alde batetik, Karlos Aretxabaletak ‘Sex-sua’ aurkeztuko du Basaurin abenduaren 15ean (Elkar, 18:30), eta Maribel Aiertzak ‘Txirolo’ aurkeztuko du Arrigorriagan abenduaren 16an (Pinpilinpauxa, 18:00).
Haur eta Gazte Literatura
Karlos Aretxabaleta Txapel (Rukoma, Ruanda, 1990) Arrigorriagako Institutuan Euskara irakasle ibilitakoa da eta aurtengo uztailean argitaratu du Elkar argitaketxearekin ‘Sex-sua’ nobela. Gazte Literaturaren barruan, 15 urtetik gorako gazteei dago zuzenduta eta bederatzi ipuin erotiko ditu barnean. Iaz ‘KaixoMaitia’ kontakizun erotikoen lehiaketa irabazi zuen eta gainera, ‘Larru bero’ bilduma argitaratu zuen.
Maribel Aiertza (Etxebarria, 1962) ‘Txirolo’ aurkeztuko du Arrigorriagan. Haur eta Gazte Literatura alorrean idatzi duen “istorio errealistena” dela dio Aiertzak berak: “Familiako eta lagunen arteko harremanekin batera garapen pertsonala eta gatazken konponketa ardatz dituen istorioa bizia da. 10 urteko protagonistak, skatean oso abila denak, ikasturte batean sufritzen duen jazarpena eta bizitzako zenbait aldaketa esanguratsu kontatzen ditu lehen pertsonan”. Liburua 9 urtetik gorakoei dago zuzenduta eta Manu Ortegaren ilustrazioak ditu.
