Sareak

☉ Hego Uribe

Zeru oskarbiek udaberriko egunsentiak utzi dituzte Hego Uriben

‘Rayleighen dispertsioa’ zeruaren argi gorria azaltzen duen fenomeno optikoa da, eta egun hauetan ikusi dugu Hego Uribeko zeru oskarbietan

|

Zeberioko mendiak, egun hauetan // Geuria

Arraroa egiten da urtarrila hasieran udaberrian izan ohi diren egunsenti gorriak ikustea. Aldaketa klimatikoaren beste ondorioetako bat dugu eta azken egun hauetan eszena itxurosoak utzi dizkigu gure zeruetan.

Zergatik gorri?

Egunsenti eta iluntzeetako kolore gorriek arrazoi zientifiko bat dute eta egusentiak betidanik zein iluntzeak betidanik existitu badira ere John William S. Rayleigh fisikari eta matematikariak azaldu zuen goiz eta gauetan ikusten dugun ikuskizun koloretsu honen arrazoia.

Rayleighek nobel saria irabazi zuen 1904an optikaren esparruan egindako ikerketa lanengatik, argiaren polarizazioaren ingurukoetan bereziki. ‘Rayleighen dispertsioa’ zeruaren argi gorria azaltzen duen fenomeno optikoa da. Horren arabera, eguzki izpiek atmosfera zeharkatzen dutenean, aireko molekulek eta suspentsioan dauden bestelako partikulek norabide guztietan sakabanatzen dituzte.

Upo eta Artanda mendiak, eguzkia irten baino minutu batzuk lehenago // Geuria

Uhin-luzera laburrenak, urdina kasu, uhin-luzera luzeenak baino gehiago barreiatzen dira, gorria bezala. Horregatik, eguzkia zeruan goian dagoenean, argi urdina norabide guztietan barreiatzen da, eta horrek zerua urdina denaren sentsazioa ematen digu.

Zeberioko mendiak // Geuria

Eguzkia posizio baxuagoan dagoenean (egunsenti eta iluntzeetan, alegia) argiak atmosfera gehiago zeharkatu behar du gure begietara iristeko. Horrek esan nahi du argi urdin gehiago barreiatzen dela, eta begietara iristen zaiguna argi urdinaren eta argi gorriaren nahasketa da. Ondorioz, hainbeste barreiatzen ez den argi gorria da nagusi.

Zaratamoko skylinea, gaur goizen // Geuria

☉ Hego Uribe

Argazkiak / Nerbioi eta Ibaizabal ibaiak harrotuta, Hego Uriben zehar

|

Alerta laranjan gaude Hego Euskal Herrian atzotik hona, euria eta haizea tarteko. Hori horrela, ibaien arroei eta zuhaitzei begira eman ditugu azken orduak. Hego Uriben zehar irudi ikusgarriak pilatu ditugun arren, ez da kalte larririk egon. Hala ere zuhaitz eroriak, lur-jausiak eta ibai ertzean abaroa bilatzen zuten hegaztiak aurkitu ditugu. Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon izan gara bertatik-bertatik.

Arrigorriaga

Basauri

Etxebarri

Galdakao

Ugao

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Irkus Badillo eta Gorka Vidal aske geratu dira, ezarritako zigorra amaitu ostean

Etxeratek jakinarazi duenez, otsailaren 23an amaitu zuten euren zigorra, 20 urtez espetxeetan egon eta gero

|

Irkus Badillo Borde ugaotarra eta Gorka Vidal Alvaro zaratamarra erabat aske geratu dira, ezarritako zigorra amaitu ostean.

Etxeratek jakinarazi duenez, otsailaren 23an amaitu zuten euren zigorra, 20 urtez espetxeetan egon eta gero.

Badillori 2021eko maiatzean eman zioten hirugarren gradua eta urte bereko urrian baldintzapeko askatasuna onartu zioten.

Vidalen kasuan, 2022ko ekainean eman zioten hirugarren gradua eta iazko otsailean aske geratu zen baldintzapean.

Gaur egun Hego Uribe eskualdeko zortzi herritar daude preso, denak Zaballako edo Basauriko espetxeetan. Horiek dira:

Zaballako espetxean:
– Jon Bienzobas Arretxe (Galdakao)
– Xabier Garcia Gaztelu (Galdakao)
– Iñaki Krutxaga Elezkano (Galdakao)
– Josune Oña Ispizua (Galdakao)
– Maite Pedrosa Barrenetxea (Ugao)

Basauriko espetxean:
– Joseba Borde Gaztelumendi (Ugao)
– Iker Lima Sagarna (Galdakao)
– Iñigo Vallejo Franco (Basauri)

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko kiroldegietako langileak grebara deitu dituzte berriro asteazkenean

Otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 4an, 5ean eta 9an grebara deitu dituzte berriro eskualdeko kiroldegietako langileak

|

Basauriko instalazioak // Geuria

Bizkaiko kiroldegietako langileak protestan ari dira abendutik. Eta aldarrikapenen arrazoia da euren hitzarmena berritu nahi dutela. Iazko abenduaren 11n eta 12an eta urtarrilaren 24an, 27an eta 30ean lanuzteak egin zituzten 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30, eta otsailaren 6an egun osoko greba egin zuten.

Oraingo honetan grebarako egun berriak deitu dituzte: otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 4an, 5ean eta 9an izango dira egun horiek.

Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri eta Ugaoko kiroldegietako langileak grebara deituta daude berriro lan-hitzarmena berritzea aldarrikatzeko. ELA sindikatutik adierazi lez, 2022an iraungi zitzaien hitzarmena eta iazko urtarriletik hitzarmen berria negoziatu nahian izan dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, akordiorik erdietsi gabe: “Patronalak planteatzen duen eskaintza langileen aldarrikapenetatik urrun dago”, diote.

Kudeaketa desberdinak

Basaurin eta Arrigorriagan Udalek kudeatzen dituzte instalazioak eta beste enpresa batzuen esku daude bai ikastaroak zein monitoreak (Sport Studio eta Xaker, hurrenez hurren).

Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon enpresa pribatuek kudeatzen dituzte kirol instalazioak eta langileak (Emtesport Etxebarrin eta Guedan Galdakaon eta Ugaon).

Hitzarmena berritzea

Bizkaiko kiroldegietan kudeaketa eta administrazio modu desberdinak egon arren, hitzarmena bera da lurraldeko kiroldegi guztietan.

“Patronalaren proposamenak ez du erosteko ahalmena bermatzen, proposatutako lanaldi murrizketa ez da asteko 35 orduetara iristen eta langileen gainerako aldarrikapenei ez zaie jaramonik egiten”, salatu dute sindikatuek: “Bizkaiko sektore honetan 2.000 pertsona inguruk egiten dute lan, gehienak udal kiroldegietan, baina baita klubetan, kiroletan, golfean eta abarretan ere. Horiek guztiek merezi dute lan baldintzak hobetzea, are gehiago hitzarmen berrian islatu behar den Kirolaren Lege berria kontuan hartuta”, diote.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa / Malmasingo garbiketako lanek “ikuspegi arkeologikoa” kontutan hartu beharko luketela diote adituek

Jagoba Hidalgo ikerlariaren arabera, entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko lirateke mendien kudeaketa “arrunta” egiteko

|

Duela hilabete batzuk entresaka lanak hasi zituzten Malmasin mendian, Arrigorriaga eta Basauriko lurretan, bertako eukaliptoak kentzeko. Prozedura legala izan arren, eukalipto horietara heltzeko makina astunak sartu zituzten mendian barrena eta aurrean zegoen guztia birrindu zuten: pistak, informazio panelak… eta horrek herritarren eta Sagarrak Ekologista Taldearen arreta erakarri zuen.

Arrigorriagako aldean, esaterako, baso itxia zena hankaz gora ipini zituzten makinek Abrisketarako baserrietara arte eta Basauriko lurretan zeuden oinezkoentzako zein txirrindularientzako pistak guztiz suntsitu zituzten, auzotar batzuek GEURIAri azaldu lez: “Basauriko Basozelaitik Arrigorriagako Abrisketako baserrietara arteko bidean sekulako birrinketa egin dute”, izan ziren Jabi Valle basauriarraren berbak.

Makinek eragindako paisaia, Malmasingo Arrigorriagako aldean // Geuria

Jagoba Hidalgo Malmasingo aztarnategiko lanetan diharduen ikerlari arkeologoa da eta bankaketa-lan horiek mendiari eta inguruari nola eragiten dion azaldu dio GEURIAri: “Entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko ginateke mendien kudeaketa normala egiteko”, dio ikerlariak. “Gure ustetan ondo legoke lan hauetan jarraipen arkeologiko bat egotea eta entresaketan arkeologo baten presentzia egoteko”.

Jagoba Hidalgo: “Entresaka edo mendi garbiketa hauek normalak izan arren, arkeologo eta herritarrak akordio batera heldu beharko ginateke mendien kudeaketa normala egiteko”

Makina bat, Malmasineko magalean lanean // Geuria

Hidalgok hilabeteak daramatza Malmasingo tontorreko aztarnategian arkeologia proiektu ez-intrusiboa lantzen: “Lurretako jabeen onespena behar dugu gure lan arkeologikoak aurrera eramateko eta ez hori bakarrik: auzotarren bizitza ez oztopatzea garrantzitsua da guretzat, mendiaren egunerokotasunean arazorik ez eragiteko. Hori dela eta, uste dugu baso-industriak bere lan egiteko moduak birmoldatu behar dituela eredu sozializatuagoak sortzeko eta auzokideen eta herritarren bizitzetara egokitzeko nolabait”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Udalkutxak 77,6 milioi euro banatuko ditu Hego Uribeko udaletan

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan. Aldundiaren behin-behineko aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago jaso dituzte eskualdeko udalek

|

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan // Geuria

Bizkaiko udalerriek 1.033,65 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik eta Gizarte Zerbitzuen Udal Funtsetatik, hasierako aurreikuspenen aldean 23,3 milioi euro gehiago.

Behin betiko kopuruak hobetu egin ditu urrian Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bileran ekitaldia ixteko egindako aurreikuspenak. Bilera hartan hasierako aurreikuspenarekiko 15,70 milioi euroko gehikuntza aurreikusi zen.

Udalek 2024an izango duten gastu- eta inbertsio-ahalmen handiago hau Bizkaiko zerga itunduek 2023an izandako bilketaren datu onetatik dator.

Hego Uribe eskualdeko udalei dagokienez, 77,6 milioi euro jasoko dituzte. Aldundiaren aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago.

Datuak datu, zenbateko hauek jasoko dituzte Hego Uribeko udalek:

  • Arrigorriaga: 9,2 milioi euro (aurreikuspena baino 211.000 euro gehiago)
  • Basauri: 31,2 milioi euro (aurreikuspena baino 719.000 euro gehiago)
  • Etxebarri: 9 milioi euro (aurreikuspena baino 206.000 euro gehiago)
  • Galdakao (Usansolo barik): 22,3 milioi euro (aurreikuspena baino 422.000 euro gehiago)
  • Ugao: 3,34 milioi euro (aurreikuspena baino 73.500 euro gehiago)
  • Usansolo: 96.302 euro
  • Zaratamo: 1,3 milioi euro (aurreikuspena baino 29.000 euro gehiago)
  • Zeberio: 1,2 milioi euro (aurreikuspena baino 25.000 euro gehiago)

Datuetan ikus daitekeenez, Finantzetako Lurralde Kontseiluak lehen aldiz sartu du Usansolo udal-finantzaketarako foru-funtsei buruzko gaietan. Usansolo, udalerri moduan inskribatu zenetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria da: “Ondorio guztietarako Bizkaiko udal-finantzaketaren sisteman sartu da lehen aldiz Usansolo, autonomia-printzipioari eta finantza-nahikotasunari jarraiki”, diote foru ordezkariek.

Osorik irakurri