☉ Hego Uribe
Ertzaintzak 600 arau-hauste penal gehiago identifikatu ditu Hego Uriben, 2022an
Euskal Poliziak kaleratutako azken delinkuentzia-memorian bildutako datuen arabera, arau-hausteen kasuak 600 gehiago izan dira 2022an

Hego Uribeko zazpi herrietan, 2021ean baino 600 arau-hauste gehiagotan esku hartu du Ertzaintzak 2022an: 3.475etik 4.074ra igo dira kasuak. Euskal Poliziak kaleratutako azken delinkuentzia-memorian bildutako datuen arabera, delitu kopuruak, bereziki, herri handietan egin du gora, eta antzeko mantendu da gainontzekoetan; halere, eskualdeko intzidentzia-tasa ez da nabarmen hazi.
Ugaon, adibidez, 146 arau-hauste egon ziren 2021ean, eta 2022an, 145. Zaratamon, 9 kasu gutxiago identifikatu ditu Ertzaintzak azken urtean (75etik 66ra jaitsi da kopurua). Eta Zeberion, berriz, 40tik 44ra igo dira esku hartzeak. Herri handiagoetan, zertxobait gehiago nabaritu da aldaketa: Arrigorriagan, 95 arau-hauste gehiago identifikatu ditu Ertzaintzak 2022an (341etik 436ra igo dira esku hartzeak); Etxebarrin, 58 gehiago (288tik 314 kasura igo dira); Galdakaon, 117 (1.074tik 1.191ra); eta Basaurin, 1.511tik 1.878ra igaro dira (367 gehiago).
Azken bi herri horietan, gainera, Euskal Poliziaren txostenaren bidez, delituen tipologia zehaztu dute, eta datuak bat etorri dira EAEn, orokorrean, egiten diren delitu moten intzidentziekin. Izan ere, erkidegoan, jabetzaren aurkako delituek osatzen dute arau-hauste guztien % 62, eta Basaurin zein Galdakaon ere, horiek izan dira Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku hartzeko arrazoi nagusia. Tipologia horretako 1.698 kasu egon dira Basaurin (2021ean baino 315 gehiago), eta Galdakaon, 975 (61 gehiago).
Segurtasun kolektiboaren aurkako delituei dagokionez, berriz, Basaurin, 80tik 99ra igo dira tipologia horretako arau-hausteak: 42tik 50ra alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzeagatik egondako kasuak; eta 12tik 15era drogen trafikoagatikoak. Galdakaon, berriz, 50etik 67ra igo dira delitu horiek: 29tik 37ra alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzeagatik identifikatutakoak; eta 2tik 7ra, droga trafiko kasuak.
Delinkuentzia memoria | 2022
Datuak
Delinkuentzia-tasa 1.000 biztanleko
EAE
2019: 121.485 (% 55,03)
2021: 111.594 (% 50,40)
2022: 133.989 (% 60,68)
Bizkaia
2019: 67.953 (% 58,95)
2021: 62.437 (% 54,09)
2022: 75.417 (% 65,62)
Basauri
2019: 1.558 (% 38,38)
2021: 1.866 (% 46,03)
2022: 2.229 (% 55,28)
Galdakao
2019: 1.076 (% 36,69)
2021: 1.239 (% 42,14)
2022: 1.327 (% 45,31)
☉ Hego Uribe
#M28 | EH Bilduk emaitzarik onenak lortu ditu Hego Uriben, Arrigorriagan, Galdakaon, Zaratamon eta Zeberion irabazita
Jeltzaleek 2.848 boto egin dute behera 2019ko hauteskundeetatik, eta EH Bilduk, berriz, 2.952 egin du gora. Koalizio ezkertiarra izan da bozkatuena 7 herrietatik 4tan

Hego Uribeko zazpi herrietan EH Bildu izan da emaitzarik onenak lortu dituen alderdia, baita botoak irabazi dituen bakarra ere. Koalizio ezkertiarrak gorakada handia izan du ia udalerri guztietan, EAJk galdu dituen beste boto irabaziz: jeltzaleek 2.848 egin dute behera 2019ko hauteskundeetatik, eta EH Bilduk, berriz, 2.952 egin du gora.
Herri handienetan, hazkunde nabarmena izan du EH Bilduk, eta lehia egongo zela aurreikusten zen lekuetan, Galdakaon eta Arrigorriagan, zinegotzi kopuruan ere hazi da. Galdakaon, Iñigo Hernando buru, 9 zinegotzi lortu ditu ezkerreko koalizioak, aurreko legegintzaldiko 6 eserlekuak soberan gaindituz. EAJk zinegotzi kopurua mantenduko duen arren (6), 483 boto gutxiago lortu ditu herrian. Arrigorriagaren kasuan, bizilagunek beste behin egin dute Maite Ibarraren aldeko apustua, eta koalizioak zinegotzi bat gehiago (7) lortu du.
Halaber, koalizio ezkertiarra Zaratamon eta Zeberion ere izan da alderdi bozkatuena. Lehenengoan, Alberto Ugarriza buru duen EH Bilduk jarraituko du lehen indarraren ordezkari. Zeberion, berriz, EAJren bi legegintzaldiren ondoren, EH Bilduk gidatuko du Udala, Ekain Goti buru. Horrela, eskualdeko zazpi herritik lautan dago koalizio ezkertiarra lehenengo indar moduan.
Ugaon EAJk mantenduko du gobernua, 234 boto galduta, baina zinegotzi kopurua mantenduta; EH Bilduk, berriz, 13 boto irabazi ditu. Etxebarrin ere 13 boto gehiago lortu ditu koalizio ezkertiarrak, eta LVPk Udala mantenduko duen arren, Iker López plataformak 68 boz galduta helduko da lehen aldiz alkatetzara.
Aipatzeko da, Hego Uribeko herri populatuenean, Basaurin, EAJk indar handiz jarraitzen duela, nahiz eta zinegotzi bat eta 1.915 boto galdu. Bigarren alderdiak, PSEk ere behera egin du, 675 boto galdu baititu. EH Bildu hirugarren indarra izan da, lau zinegotzirekin (+1) eta 853 boto eginda. Ezkerreko koalizioa bosgarren zinegotzia lortzeko 100 boto eskasen faltan geratu da. Elkarrekin Podemosek zinegotzi kopurua mantendu du, baina botoetan beherakada handia izan du. Basauriko Alderdi Popularra izan da, EH Bildurekin batera, Hego Uribe eskualdean botoetan igo den alderdi bakarra. Oro har, emaitzok bat datoz Bizkaian alderdi guztiek izan duten bilakaerarekin.
☉ Hego Uribe
#M28 | Parte-hartzea 3,3 puntu jaitsi da Hego Uribe eskualdean (18:00)

Udal eta foru ordezkariak aukeratzeko prozesua bere bidean da. 18:00ak bitartean, parte-hartzeak 3,3 puntu egin du behera Hego Uribe eskualdean, 2019ko bozekin alderatuta. Honakoa dira azken hiru udal-hauteskundeen parte hartze datuak Hego Uriben:
Arrigorriaga
2023: % 53
2019: % 53,5
2015: % 50,3
Basauri
2023: % 46,5
2019: % 50,6
2015: % 47,7
Etxebarri
2023: % 48,3
2019: % 49,9
2015: % 48,2
Galdakao
2023: % 50
2019: % 51,2
2015: % 46,7
Ugao
2023: % 54,3
2019: % 59
2015: % 54,4
Zaratamo
2023: % 52,5
2019: % 57,2
2015: % 55,6
Zeberio
2023: % 65,5
2019: % 70,3
2015: % 66,9
☉ Hego Uribe
#M28 | Hego Uribe | Udal hauteskundeen analisia eta egoera politikoa
#M28 | Hego Uribe | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

Maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeak izango dira. Igandean bertan zuzeneko jarraipena egingo dugu GEURIAn: eguneko albisteak, emaitzak, boto kopurua eta zinegotziak.
Bozketa eguna heldu bitartean Hego Uribe eskualdeko herri bakoitzean egin dugun analisia, egoera politikoa eta 2011ko, 2015eko eta 2019ko emaitzak kontsulta ditzakezu hurrengo esteketan:
☉ Hego Uribe
Bideoa | Hego Uribeko pentsionistek Gasteizera oinezko martxa abiatu dute Basauritik

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak (EHPM) oinezko martxak hasi ditu gaur Bilbotik eta Bergaratik eta maiatzaren 25ean, ostegunez, Gasteizera helduko dira. Hego Uribe eskualdeko pentsionista batzuk ere batu dira martxara: Basauriko bost lagunek martxa osoa egingo dute, eta Galdakaoko eta Ugaoko batzuek martxaren zati bat egingo dute.
Oinezko martxan parte hartuko ez duten Hego Uribeko herritarrak ere Gasteizen izango dira maiatzaren 25ean, izan ere autobus bat irtengo da eskualdetik Gasteizera. “50 lagunentzako autobus bat hartu dugu eta momentuz 46 lagun gaude izena emanda”, adierazi diote Hego Uribeko pentsionistek GEURIAri.
2023rako gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzea eskatuko diote Espainiako gobernuari, eta horretarako EAEko eta Nafarroako gobernuen aurrean elkartuko dira EHPMko maiatzaren 25ean. “Erabaki hori hartzea EAEko eta Nafarroako gobernuen eta parlamentuen borondate politikoaren mende dago, eta ez dago hori eragozten duen arrazoi politiko edo ekonomikorik”, diote pentsionistek.
“Premiazko eta justiziako aldarrikapena da, erakunde publikoek herritarrei bizi baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, beren lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsionisten kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte”, diote.
Lau etapa
Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko kideek lau etapa egingo dituzte Bilbotik Gasteizera:
1. etapa: maiatzak 22. Bilbo-Zornotza (21,6 km)
12:00 Bilbo – Basauri 13:30 (6,5 km)
13:30 Basauri – Galdakao 14:45 (4,8 km)
17:00 Galdakao – Zornotza 19:15 (9,8 km)
2. etapa: maiatzak 23. Zornotza-Otxandio (29,4 km)
08:00 Zornotza – Durango 10:35 (11,9 km)
10:35 Durango – Izurtza 11:10 (1,9 km)
11:10 Izurtza – Mañaria 11:35 (2,5 km)
11:55 Mañaria – Urkiola 13:45 (6,1 km)
17:00 Urkiola – Otxandio 19:00 (8 km)
3. etapa: maiatzak 24. Otxandio-Gamarra (21 km)
10:00 Otxandio – Legutio 12:00 (8 km)
15:00 Legutio – Gamarra 18:30 (14 km)
4. etapa: maiatzak 25. Gamarra-Gasteiz (4,5 km)
09:30 Gamarra – Carlos I plaza 11:00
11:00 Manifestazioa
Pentsioek emakume izena
“Gaur egungo bizi-kostuaren hazkunde esponentzialaren testuinguruan, gero eta adineko eta pentsionista gehiagok beren beharretara egokitutako etxebizitza osasungarri bat, elikadura osasuntsu bat, osasuna eta arreta eraginkorra bermatzeko aukerak eten egiten dituzte, mendetasunari arreta emateko dituzten premiak arintzeko. Gaur egun 167.718 pentsiodunek EAEn eta 51.306 pentsiodunek Nafarroan, 1.080 eurotik beherako pentsioak dituzte, gehienak emakumeak”, diote EHPMtik.
Gutxieneko pentsioak, “aldagai guztietan”, emakume izena duela salatzen dute pentsionistek: “Izan ere, genero-arrakala horren aurrekari dira soldaten desberdintasuna eta emakumeak alde bakarretik esleitzea ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari ugalketaren eta zaintzaren esparruan. Kalitatezko enplegua, soldata hobeak eta arrakala ezabatzea, gainera, pentsioen etorkizuna bermatzeko eskubidea dira, ekarriko lituzketen diru-sarrera gehigarriengatik”.
“Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu: EAEn zein Nafarroan gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan osatzea. Osagarri horren kostu ekonomikoa 230 milioi euro ingurukoa izango litzateke EAEn, eta 60 milioi euro ingurukoa Nafarroan, aurrekontuaren % 2 inguru”, diote, eta gaineratu dute: “Pentsioen errebalorizazio-indizea % 0,25 edo Jasangarritasun-Faktorea indargabetzeko gai izan ginen bezala, eta murrizketa berriak saihestu ditugun bezala, justizia zorrotzeko zerbait lortzeko gai izango gara; gutxieneko pentsioa, 1.080 eurokoa, 14 ordainsaritan 2023rako. Mobilizazioa da gure bermea. Borroka hau ere irabaziko dugu”.
☉ Hego Uribe
Maria Delgado arrigorriagarrak eta Iker Echevarria basauriarrak irabazi dute Etorki Mendi Traila
Igandean (maiatzak 21) egin dute lasterketa. Osasunalde Garendi Basauriko taldeko bi korrikalariak emakumeen eta gizonezkoen kategorietan izan dira nagusi

Etorki Mendi Trail lasterketako txapela jantzi dute Basauriko Osaunalde Garendi taldeko Maria Delgado Gil arrigorriagarrak eta Iker Echevarria Landeta basauriarrak. Igandean (maiatzak 21) egin dute proba bi korrikalariek, eta lehen postua lortu dute emakumeen eta gizonezkoen kategoria nagusian.
Echevarriak 2 ordu eta 9 minutuan egin du Pozozabale, Unbe, Munarrikolanda eta Sustatxa gainetatik igaro den bidea. Delgadok, berriz, 2 ordu eta 38 minutuan burutu du 27 kilometroko ibilbidea. Arrigorriagarrak harrituta, baina pozik jantzi du garaikurra: “Lortu dudan txapelik bereziena da”, azaldu digu. “Ez nuen lasterketa irabaztea espero, ezta Bizkaiko txapeldun izatea ere, beraz, ezin naiz zoriontsuago egon”.