☉ Hego Uribe
Hego Uribeko euskal dantza taldeek Bizkaiko Dantzari Egunean parte hartuko dute igandean

Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko da maiatzaren 15ean Zamudion. Bizkaiko 64 taldek parte hartuko dute jaialdian, 3.500 dantzari inguru. Tartean Hego Uribe eskualdeko dantza taldeak arituko dira dantzan: Arrigorriagako Aritz Berri; Basauriko Edurre, Basauritar eta Agintzari; Etxebarriko Bekosolo; Galdakaoko Andra Mari; Ugaoko Etorki; eta Usansoloko Oinarin.
Eguna 10:00etan hasiko da: Zamudioko Bidekoetxe parkean batuko dira dantzariak eta 10:30ean kalejira egingo dute Txinbo kaletik. Emanaldi nagusia 11:30ean hasiko da Gazituagako futbol zelaian. Besteak beste, agintariena, zortzinangoa, ezpata jokoak, makil jokoak, agurra, zinta dantza, txulalai, zazpi jauziak, arku dantza, Eltziegoko dantzak, Kaixarranka eta Larrain dantza dantzatuko dituzte dantzariek. Arratsaldean, 16:30ean, erromeria izango da Agirre Lehendakaria plazan Luhatz taldearen eskutik.
“Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz egoera zaila bizi izan dugu. Hala eta guztiz ere, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrari dagokion jarduerari dagokionez, bai dantzaren atalean, bai musikaren atalean, jarduera horrekin jarraitu dugu, ahal izan dugun neurrian eta beti ere dekretuetan une bakoitzean jasotako neurri soziosanitarioei aurre eginez. Hala ere, dantza taldeek babesgabetasuneko eta gogorik gabeko egoera orokor batean ikusi dute beren burua. Horregatik guztiagatik, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu jarduera normaltasunez berreskuratzea. Ohiko jardunari berriro ekitea. Bizkaiko Dantzari Eguna urteko jarduerarik garrantzitsuena da gure Federazioarentzat eta elkarteko kideentzat. Antolaketan eta kolektiboen inplikazioan lan handia egitea dakar”, diote Bizkaiko Dantzarien Biltzarretik.
☉ Hego Uribe
#M28 | Hego Uribe | Udal hauteskundeen analisia eta egoera politikoa
#M28 | Hego Uribe | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

Maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeak izango dira. Igandean bertan zuzeneko jarraipena egingo dugu GEURIAn: eguneko albisteak, emaitzak, boto kopurua eta zinegotziak.
Bozketa eguna heldu bitartean Hego Uribe eskualdeko herri bakoitzean egin dugun analisia, egoera politikoa eta 2011ko, 2015eko eta 2019ko emaitzak kontsulta ditzakezu hurrengo esteketan:
☉ Hego Uribe
Bideoa | Hego Uribeko pentsionistek Gasteizera oinezko martxa abiatu dute Basauritik

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak (EHPM) oinezko martxak hasi ditu gaur Bilbotik eta Bergaratik eta maiatzaren 25ean, ostegunez, Gasteizera helduko dira. Hego Uribe eskualdeko pentsionista batzuk ere batu dira martxara: Basauriko bost lagunek martxa osoa egingo dute, eta Galdakaoko eta Ugaoko batzuek martxaren zati bat egingo dute.
Oinezko martxan parte hartuko ez duten Hego Uribeko herritarrak ere Gasteizen izango dira maiatzaren 25ean, izan ere autobus bat irtengo da eskualdetik Gasteizera. “50 lagunentzako autobus bat hartu dugu eta momentuz 46 lagun gaude izena emanda”, adierazi diote Hego Uribeko pentsionistek GEURIAri.
2023rako gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzea eskatuko diote Espainiako gobernuari, eta horretarako EAEko eta Nafarroako gobernuen aurrean elkartuko dira EHPMko maiatzaren 25ean. “Erabaki hori hartzea EAEko eta Nafarroako gobernuen eta parlamentuen borondate politikoaren mende dago, eta ez dago hori eragozten duen arrazoi politiko edo ekonomikorik”, diote pentsionistek.
“Premiazko eta justiziako aldarrikapena da, erakunde publikoek herritarrei bizi baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, beren lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsionisten kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte”, diote.
Lau etapa
Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko kideek lau etapa egingo dituzte Bilbotik Gasteizera:
1. etapa: maiatzak 22. Bilbo-Zornotza (21,6 km)
12:00 Bilbo – Basauri 13:30 (6,5 km)
13:30 Basauri – Galdakao 14:45 (4,8 km)
17:00 Galdakao – Zornotza 19:15 (9,8 km)
2. etapa: maiatzak 23. Zornotza-Otxandio (29,4 km)
08:00 Zornotza – Durango 10:35 (11,9 km)
10:35 Durango – Izurtza 11:10 (1,9 km)
11:10 Izurtza – Mañaria 11:35 (2,5 km)
11:55 Mañaria – Urkiola 13:45 (6,1 km)
17:00 Urkiola – Otxandio 19:00 (8 km)
3. etapa: maiatzak 24. Otxandio-Gamarra (21 km)
10:00 Otxandio – Legutio 12:00 (8 km)
15:00 Legutio – Gamarra 18:30 (14 km)
4. etapa: maiatzak 25. Gamarra-Gasteiz (4,5 km)
09:30 Gamarra – Carlos I plaza 11:00
11:00 Manifestazioa
Pentsioek emakume izena
“Gaur egungo bizi-kostuaren hazkunde esponentzialaren testuinguruan, gero eta adineko eta pentsionista gehiagok beren beharretara egokitutako etxebizitza osasungarri bat, elikadura osasuntsu bat, osasuna eta arreta eraginkorra bermatzeko aukerak eten egiten dituzte, mendetasunari arreta emateko dituzten premiak arintzeko. Gaur egun 167.718 pentsiodunek EAEn eta 51.306 pentsiodunek Nafarroan, 1.080 eurotik beherako pentsioak dituzte, gehienak emakumeak”, diote EHPMtik.
Gutxieneko pentsioak, “aldagai guztietan”, emakume izena duela salatzen dute pentsionistek: “Izan ere, genero-arrakala horren aurrekari dira soldaten desberdintasuna eta emakumeak alde bakarretik esleitzea ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari ugalketaren eta zaintzaren esparruan. Kalitatezko enplegua, soldata hobeak eta arrakala ezabatzea, gainera, pentsioen etorkizuna bermatzeko eskubidea dira, ekarriko lituzketen diru-sarrera gehigarriengatik”.
“Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu: EAEn zein Nafarroan gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan osatzea. Osagarri horren kostu ekonomikoa 230 milioi euro ingurukoa izango litzateke EAEn, eta 60 milioi euro ingurukoa Nafarroan, aurrekontuaren % 2 inguru”, diote, eta gaineratu dute: “Pentsioen errebalorizazio-indizea % 0,25 edo Jasangarritasun-Faktorea indargabetzeko gai izan ginen bezala, eta murrizketa berriak saihestu ditugun bezala, justizia zorrotzeko zerbait lortzeko gai izango gara; gutxieneko pentsioa, 1.080 eurokoa, 14 ordainsaritan 2023rako. Mobilizazioa da gure bermea. Borroka hau ere irabaziko dugu”.
☉ Hego Uribe
Maria Delgado arrigorriagarrak eta Iker Echevarria basauriarrak irabazi dute Etorki Mendi Traila
Igandean (maiatzak 21) egin dute lasterketa. Osasunalde Garendi Basauriko taldeko bi korrikalariak emakumeen eta gizonezkoen kategorietan izan dira nagusi

Etorki Mendi Trail lasterketako txapela jantzi dute Basauriko Osaunalde Garendi taldeko Maria Delgado Gil arrigorriagarrak eta Iker Echevarria Landeta basauriarrak. Igandean (maiatzak 21) egin dute proba bi korrikalariek, eta lehen postua lortu dute emakumeen eta gizonezkoen kategoria nagusian.
Echevarriak 2 ordu eta 9 minutuan egin du Pozozabale, Unbe, Munarrikolanda eta Sustatxa gainetatik igaro den bidea. Delgadok, berriz, 2 ordu eta 38 minutuan burutu du 27 kilometroko ibilbidea. Arrigorriagarrak harrituta, baina pozik jantzi du garaikurra: “Lortu dudan txapelik bereziena da”, azaldu digu. “Ez nuen lasterketa irabaztea espero, ezta Bizkaiko txapeldun izatea ere, beraz, ezin naiz zoriontsuago egon”.
☉ Hego Uribe
Osakidetzako biltegietako langileek mobilizazioak egingo dituzte 2026ko zentralizazio eta pribatizazio asmoen aurka
Zentro medikoetan behar diren produktuak gordetzeko biltegi txikiak (ospitaleetakoak) itxi eta Iurretako EITBren egoitza zaharrean makro zentro logistiko bat irekiko du Osasun Sailak 2026an

Osakidetzaren zentro medikoetan behar diren produktuak gordetzeko biltegi txikiak itxi eta Iurretako EITBren egoitza zaharrean hauek batzeko makro zentro logistiko bat irekiko du Osasun Sailak 2026an. Horrela iragarri du instituzio publikoak asteazkenean, apirilaren 3an, egindako adierazpenetan. ELA sindikatuak GEURIAri esan dionez, susmoa dute martxan jarriko duten zerbitzua enpresa pribatu batek kudeatuko duela, eta horrek 300 langile kalean utziko lituzkeela.
Ostiral honetan, lanpostuen galeraz galdetu dio EH Bilduk Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Baina bere erantzunak ez du inor konbentzitu. Sagarduiren hitzetan, egingo luketen zerbitzuaren zentralizazioak ez luke enplegurik suntsituko. Hala ere, biltegiko langileak kexu dira postu kopurua mantendu arren, enpresa pribatuko langileak izango direlako beteko dituztenak, eta ez egun dauden Osakidetzako langileak, ospitale bakoitzean dagoen biltegian lan egiten dutenak.
Koldo Villar ELAko ordezkariak hedabide honi jakinarazi dionez, “plantilla oso kezkatuta dago desinformazioaren aurrean”. Epe luzeko plana izan arren, zantzuak daude zerbitzuaren kanporatzean eta postuen galeran pentsatzeko. Horregatik, “langileek grebara joan nahi dute, ahal dela, hauteskundeak egin baino lehen”, azaldu digu Villarrek. “Baina oso zaila da, kontuan hartuta, gainera, Osakidetzan datorren ostegunean eta ostiralean ere greba deituta dagoela”.
Mobilizazioa, astelehenean
Momentuz, beraz, kontzentrazioak egingo dituzte. Astelehenean (maiatzak 15), Galdakao-Usansolo Ospitalearen aurrean (11:00tan) egingo dute lehenengoa. Bertan batuko dira Basurtuko, Gurutzetako eta Galdakao-Usansolo ospitaleko langileak. Azken honetan, Hego Uribeko zentroan, dago biltegirik handienetako bat, 20 langilekoa.
☉ Hego Uribe
Galdakao-Usansolo Ospitaleko aparkalekuak doakoak izaten jarraitzeko eskaera egin dio FACUAk Osakidetzari
Ospitalea birmoldatzeko planak 600 eta 650 plaza dituen parkina aurreikusten du. FACUAren arabera, “ordainpenko zerbitzua izatera pasatu daiteke”

Galdakao-Usansolo ospitaleko aparkalekua doakoa izaten jarraitzeko eskaera luzatu dio FACUA Euskadik Osakidetzari. Zentroa handitzeko Osasun Sailak prestatu duen planean, parking berria eraikitzeko asmoa biltzen dute. Eta aparkaleku horiek ordainpekoak izan ez daitezen eskatzeko idazkia luzatu dio kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko elkarteak Osasun Sailari.
Ospitalea birmoldatzeko planak 600 eta 650 plaza dituen parkina aurreikusten du, FACUAren arabera, “ordainpenko zerbitzua izatera pasatu daitekeena”. Elkarteak salatu duenez, aparkaleku horiek zerbitzu publikoa eskaintzen dutenez, “administrazioak ez luke baimendu beharko enpresa pribatu batek herritarren beharrizanen kontura etekina ateratzea”.
Elkartetik gogoratu dute ospitalera doazen erabiltzaileek ez dutela zentroa “aisialdirako” erabiltzen, arta medikoa jasotzeko edo gaixorik dauden familiako kideak edo lagunak bisitatzeko baizik. Bestalde, osasun zentrora heltzeko pazienteen eskura jartzen duten garraio publikoa mugatua dela esan dute, Bizkaibus zerbitzua baino ez baita heltzen ospitalera. Erabiltzaile askorentzat, gainera, “linea hau erabiltzea ez da beti posiblea ezta egokia ere”.
Legeak dioena
Gauzak horrela, erantzukizuna eskatu diote Osakidetzari, eta EAEko Osasun Administrazioari dagozkion eskumenak bete ditzala eskatu diote. Ekainaren 26ko 8/1997 legearen hirugarren artikuluan zehazten den bezala, haiei dagokie “osasun publikoaren babes orokorra bermatzea” eta “bitarteko egokiak bermatzea izaera publikoarekin aseguratutako prestazioak hornitzeko, batez ere titulartasun publikoko bitartekoen horniduraren, mantenuaren eta hobekuntzaren bitartez”.
12 agente aukeratu dituzte Galdakao-Usansolo ospitalean aparkaleku arazoak arintzeko