→Arrigorriaga

Sinadura bilketa hasi dute pediatria eta erditze zerbitzuak Galdakao-Usansoloko Ospitalean eman ditzaten eskatzeko

Barrualdeko ESIko zentroak 310.00 biztanle artatzen ditu, baina ez dauka pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzurik

Galdakao-Usansoloko Ospitalea // Geuria

Galdakao-Usansoloko Ospitalean zerbitzua jasotzen duten 70 herrietako hainbat eragilek sinadura bilketa hasi dute Barrualdeko ESI zerbitzuan pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzuak eman ditzaten eskatzeko. 60tik gora ikastetxek, guraso elkartek eta talde feministek abiatu dute ekimena, osasun zentroak historikoki izan duen “gabezia nabarmenari” aurre egiteko.

“Gure eskualdeko umeek ospitaleko larrialdi bat edo ingresu bat behar dutenean, Gurutzaldeko Ospitalera joan behar dute, eta, ondorioz, gurasoak etengabeko joan-etorriak egitera derrigortuta daude, haurrek gurasoen presentzia behar-beharrezkoa baitute egoera zaurgarri horietan”, azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. Hori gutxi balitz, salatu dute ginekologia zerbitzua badagoen arren, haurdun dauden emakumeek eta familiek ez daukatela erditzeak artatzeko gunerik, eta Barakaldoraino (Ezkerraldeko ESI) joan behar dutela haurra izateko.

Larrialdietan Barrualdeko zentroan zerbitzua izateak eskainiko lukeen abantailaz gain, erditzeen kasuan, arreta “hurbilagoa” emateko aukeraren alde agertu dira sinatzaileak. Gurutzaldeko Ospitale “erraldoian” eskaini diezaieketen arta jaso baino lehen, emakume askok ospitale txikiago batera joatea erabakitzen du eskaintzen dizkieten erditze eredu indibidualizatuagoen bila: “Dena den, ospitale horiek beste eskualde batean daudenez, eskualde hartako pazienteek dute lehentasuna, eta gerta daiteke, erditze egunean lekurik ez bada, beste ospitale batera joan behar izatea”.

Sinatzaileek azaldu dute erditze-ereduaren aldaketa pixkanaka gauzatzen ari dela EAEko zentroetan, protokoloetan gomendioak txertatzeaz gain, zenbait espazio, material eta baliabide ere erditzeko eremuetara egokituz baitoaz. Baina Galdakao-Usansoloko Ospitalean ez dituzte aldaketa horiek aurreikusten; ez, behintzat, aurten. Sinatzaileen arabera, Barrualdeko ESIan, 2023an hasi nahi dituzte eraberritze eta zabalkunde lanak, eta plan horietan ez dute pediatria eta arrisku baxuko erditze zerbitzurik integratzea planteatu.

310.00 erabiltzaile

Gaur gaurkoz, Galdakao-Usansoloko Ospitaleak 310.000 biztanleri eskaintzen die zerbitzua, Bilbo Handiko, Duragaldeko, Busturialdea-Urdaibaiko, Lea-Artibaiko, Arratia-Nerbioiko eta Aiaraldeko 70 herriri. Eta guztiek joan behar izaten dute erreferentziazkoa ez den beste osasun zentro batera, Usansolon ez dituztelako oinarrizko bi zerbitzu horiek eskaintzen.

Horren aurka egin eta beharrezko zerbitzuak egokitzen zaizkien ESI zentroan gehitzeko, Change plataformaren bidez abiatu dute sinadura bilketa, eta erabiltzaile guztiei zabaldu diete sinatzeko deia, etorkizunean “herritar guztiona eta herritar guztiontzat” izango den osasun sistemaren alde egiteko. Momentuz, 1.ooo herritar baino gehiagok egin du bat online eskaerarekin, eta hainbat herritarrek eman dute izena plataforma herritarraren parte izateko (barrualdeaosatuz23@gmail.com helbidera idatzita).

Hego Uribe eskualdean, guraso elkarte eta talde feminista hauek daude ekimenaren barruan: Etxebarriko Guraso Elkartea, Zeberioko Guraso Elkartea, Altzoan Zaintza Sarea, Basauriko Asanblada Feminista, Arrigorriagako Urruma Talde Feminista, Zaratamoko Berdintasun taldea, Wayra elkartea eta Asociación Cultural Mujeres en la Diversidad.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak