→Hego Uribe

Ordaindutako praktika ez-laboralak egiteko aukera eskainiko die Gaztedik 18-25 urte bitartekoei

Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko, Zaratamoko zein Zeberioko gazteek eman dezakete izena

Gazteak lanean // John Schnobrich, Unsplash

Nerbioi Ibazabalgo Gaztedi programak eskualdeko enpresetan praktika ez-laboralak egiteko aukera eskainiko die 18 eta 25 urte bitarteko gazteei. Prestakuntza saioek sei hilabeteko iraupena izango dute, egunean sei orduko lanaldian, eta gazteek 828 euroko lan-saria jasoko dute hilero.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko 24 plaza eskainiko dituzte, eta eskualdeko hainbat herritako gazteek aurkeztu dezakete hautagaitza: Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko, Zaratamoko zein Zeberioko gazteek. Interesa dutenek, Lanbiden enplegu eskatzaile gisa egon beharko dute izena emanda, eta hiru hilabete baino gutxiagoko lan esperientzia izan.

Ikasketa mailaren dagokionez, berriz, gazteek erdi- edo goi-mailako prestakuntza zikloa eduki beharko dute bukatuta, hirugarren mailako profesionaltasun ziurtagiria izan, edo azken urteko ikasle moduan izena emanda egon. Era berean, unibertsitate titulua duten gazteek zein doktoretza ikasketak dituztenek ere har dezakete parte programan.

Izena-emateko, erreferentzia zentroko gazteria zerbitzura idatzi edo deitu beharko dute interesdunek:

Arrigorriaga eta Zaratamo: arrigogazteria@gmail.com; 946001876
Basauri: gazteria@basauri.eus; 944 666 400
Etxebarri: gazteria@etxebarri.net; 944 267 005
Galdakao: mlezameta@galdakao.net; 944010598
Ugao eta Zeberio: gazteinfo.ugao@ortzadar.es; 94 632 20 14/ 688 693 836

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak