Sareak

☉ Hego Uribe

Edurreko eta Etorkiko 23 dantzarik parte hartu dute Gazteen Dantza Topaketan, Asparrenan

|

Euskal Herriko lehenengo Gazteen Dantza Topaketa Araian // Euskal Dantzarien Biltzarra

Euskal Herriko lehenengo Gazteen Dantza Topaketa antolatu du Euskal Dantzarien Biltzarrak. Araian (Asparrena, Araba) izan da topaketa ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean, eta guztira Euskal Herri osoko 116 dantzari batu dira, 15 eta 25 urte bitartekoak.

Bizkaitik 90 dantzari bertaratu ziren, eta besteak beste, Hego Uribe eskualdeko bi dantza taldetako gazteak bertaratu ziren topaketara: Edurreko (Basauri) 16 eta Etorkiko (Ugao) 7. Aipatzekoa da, Bizkaiko dantza taldeetatik dantzari gehien eraman zituena izan zela Edurre.

Nortasuna, ezaugarri

“Euskal Herriko hainbat lurraldetako dantzari gazteek aukera izan dute dantzari gisa betetzen duten paperaz ozen hausnartzeko. Hausnarketa hau elkarrekin egin dute, zaletasun bat ez ezik nortasun ezaugarri bat ere partekatzen duten dantzariek”, diote Euskal Dantzarien Biltzarretik: “Dinamiketan zehar, euskal kultura transmititzeko beren zeregina integratuta dutela azaleratu da: harro daude dantzari izateaz eta euskal ondare kulturaleko kide izateaz”.

☉ Hego Uribe

GEURIA Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldian izan da, Naiz, EITB eta Berria-rekin batera

|

Maider Ibañez eta Eñaut Barandiaran Rikardo Arregi sarietako oroigarriarekin // Argazkia: Dabid Argindar

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatu zituzten azaroaren 29an Andoaingo Bastero Kulturgunean. Bertan izan ginen GEURIAko lantaldeko Maider Ibañez kazetaria eta Eñaut Barandiaran zuzendaria.

Azaroa hasieran jakinarazi bezala, GEURIAren ‘Zelan sentitzen zara?’ ale monografikoa finalista izan da 35. Rikardo Arregi Sarietan. Azkenean, Kazetaritza Sariko irabazlea izan da Naiz irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutako ‘Bideak’ podcasta.

‘Zelan sentitzen zara?’ monografikoari buruz honakoa esan zuen epaimahaiak: “Azpimarratzekoa da ahalegin horren ausardia, bertako herritarren aurpegia jarrita gaia lantzeko gaitasuna eta emaitzaren kalitatea. Tokiko prentsak tokian tokiko gai konkretuak lantzeaz harago, kazetaritzari eta herritarrei egin diezaiekeen ekarpenaren adibide aipagarria da aldizkariaren ale monografiko hau”.

“Rikardo Arregi Sariak oso garrantzitsuak dira Euskal Herri mailan eta GEURIA finalisten artean egotea bada sari bat bere horretan”, dio Eñaut Barandiaran GEURIAko zuzendariak: “Tokian tokiko kazetaritza xumea baina aldi berean unibertsala izan daitekeela erakutsi dugu, eragile eta norbanako ezberdinekin talde lanean arituz eta gizarte osoari eragiten dion gai bat jorratuz. GEURIAko komunitatea da sari banaketa honetan presente egon dena, eta horrek bereziki pozten gaitu, txikitik handira eragin daitekeela erakutsi dugulako beste behin”.

35. Rikardo Arregi Sarietako finalistak eta irabazleak // Argazkia: Dabid Argindar

GEURIAtik 35. Rikardo Arregi Sarietako irabazleak (Naiz Irratiaren ‘Bideak’ podkastaz gain, Eitb Podkasten ‘Lore hostoak’ podkastak irabazi zuen Komunikazio Saria) zoriondu nahi ditugu, baita gainerako finalistak ere: Berriaren ‘Kinka’ podcasta; ‘Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera’ Xabier Itzainaren kronika sorta dantzan.eus hedabidean; Eitb-ren ‘#10garrena’ podcasta; ‘Muak ET’ webseriea; eta Eitb-ren ‘Harpa jotzen’ podacasta. “Plazera da Euskal Herriko maila handiko lanekin finalista izatea”, gaineratu du Barandiaranek.

Ekitaldiaren gidaritza Ander Arzak kazetariak egin zuen, eta hitza hartu zuten Andoni Alvarez Andoaingo alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Polikako sailburuak, baita Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza Ruiz de Alda idazleek ere. Sari banakerta ekitaldian ere izan ziren, halaber, hainbat erakundetako ordezkariak, Kazetaritza Elkargoaren buruzagiak eta euskalgintzako eragile ugari. Ekitaldia Ainara eta Joana Ortega musikariek girotu zuten.

Menane Oxandabaratz: ohorezko aipamena

2023ko sari banaketa ekitaldian, epaimahaiak ohorezko mugarria eskaini zion Menane Oxandabaratzi, Xabier Lakak diseinatutako lana oparituz.

Menane Oxandabaratz (Gamarte, 1962) Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko herri irratiak funtsezko tresna izan ziren hango euskaldunengana heltzeko, tokian tokiko eta Euskal Herri osoko berriak emateko, euskal musika eta kultura etxeetako sukaldeetaraino sartzeko eta hedabideen kanala hein batez euskalduntzeko. Dozenaka boluntarioen lan militantea ezinbestekoa zen irrati haiek aitzina eramateko, eta Oxandabaratz gidari erreferentea izan zen.

Kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen duela zenbait urte, Herria astekariaren gidaritza hartu zuenean: herriz herriko berrien bidez, gai sozialak jorratuz, Euskal Herriko eta mundu zabaleko albisteak landuz eta aldizkaria osatzeko baitezpadakoa den herritarren sare militanteari kohesioa emanez.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Egitaraua / A30 greba orokorra Hego Uribe eskualdean

|

Hego Uribeko greba batzordearen agerraldia duela egun batzuk Basaurin // Geuria

Bihar, azaroak 30, greba feminista orokorra deituta dago. Hego Uribe eskualdean hamaika ekintza antolatu diztuzte, ‘Zaintza eskubide kolektiboaren alde’.

A30 greba feminista orokorra / Egitaraua

Eskualdea
09:00. Kotxe karabana Basauriko Txarraska Gaztetxetik
09:30. Bizkotxaldeeko Nagusien egoitzan geldialdia. Ondoren Arrigorriagara eta Ugaora joango da kotxe karabana

Arrigorriaga-Zaratamo
08:45-12:30. 3-10 urte bitarteko umeentzako zaintza gunea Lamiaenan
11:00. Herri kafea Argala plazan
11:30. Nagusien egoitzan elkarretaratzea
12:15. Osasun zentroan kontzentrazioa
12:50. Elkarretaratzea eskolan
13:30. Bazkaria Lamiaenan

Basauri
07:45. Pikete informatiboa Urbi Institututik
09:00. Kotxe karabana Txarraska Gaztetxetik
09:30. Bizkotxaldeko nagusien egoitza
10:00. Hamaiketako kolektiboa Araba kalean
11:30. Kazerolada udal erresidentzian
12:00. Manifestazioa Azaroak 25 plazatik
14:00. Bazkaria Arizgoitiko plazan
16:30. Bilbora jaisteko anbulatorioko metroan

Galdakao
00:00. Txupina eta ekintza
Goizaldean piketeak
08:30. Gosari kolektiboa
09:00. Anbulatorioan ekintza
10:00. Piketeak eta herri-pasa
12:30. Manifestazioa
14:00. Bazkaria
16:30. Bilbora

Ugao
00:00. Kalejira zaratatsua
11:00. Pikete solidarioak
12:00. Kafea eta salda
13:00. Manifestazioa
14:00. Bazkari autogestionatua
15:00. Bizipenak konpartitzeko unea
16:00. Renfen Bilbora joateko

Usansolo
10:30. Kotxe karabana herritik zehar
11:00. Manifestazioa Mailu plazatik
12:30. Kafea eta tertulia Unkina plazan
14:00 Herri bazkaria Unkina plazan (taperrak etxetik)
16:34 Trena Bilbora

17:30. Manifestazioa Bilbon, Jesusen Bihotzetik

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Uholde-arriskua txikitu da Galdakao eta Basauri artean datozen 100 urteetarako

Bukatu dituzte Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko lanak Galdakao eta Basauri artean, 11 urteko obren eta orotara 36,2 milioi euroko inbertsioaren ondoren

|

Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea, Arantza Tapia sailburua eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea // Irekia

URAk amaitu ditu Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak Basauritik eta Galdakaotik igarotzean uholdeetatik babesteko lanen egokitzapen hidraulikoaren hiru faseak. Modu horretan, Ibaizabal ibaiertzeko guneetan uholde-arriskuak saihestuko direla ziurtatu dute Eusko Jaurlaritzako eta URAko ordezkariek.

“Hobekuntza handia lortu da uholdeen aurreko segurtasunean: 100 urteko errepikatze denboran, uholdeek ez dituzte eremu okupatuak kaltetuko”, diote URAko ordezkariek. Beste era batera esanda, Ibaizabal ibaian uholde-arriskua txikitu da Galdakao eta Basauri artean, behintzat, 2123. urtera arte.

Instituzio ugariren elkarlanaren emaitza izan dira Nerbioi eta Ibaizabalen birbideratze lanak. Azaroaren 22an lanen amaieraren berri emateko ekitaldia antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan izan ziren Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburua; Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia; Aitor Aldasoro, Ingurumen eta Jasangarritasunerako sailburuordea; eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea.

“Urtetako lanaren ondoren, Ibaizabal ingurua prest, seguru dago. Hemendik aurrerako neguak lasaiago emango dituzte ibaiertzeko bizilagunek, errekaren emariari etengabe begira egon beharrik gabe”, adierazi zuen Hernandok.

Era berean, instituzioen arteko elkarlana nabarmendu zuen Galdakaoko alkateak: “Mahai gainean jarri ditugu ikuspuntu desberdinak, eztabaidatu dugu, eta denon artean emaitza hobea lortu dugu”. Urtero uholdeak egoten ziren Zuhatzu inguruan azken bi urteotan ez dela halakorik izan jarri zuen adibide Hernandok.

Elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi, eta Galdakaoko Udalak hemendik aurrera Ibaizabalen inguruan lanean jarraituko duela adierazi zuen. Hain zuzen ere, ibaiertzean, Torrezabaleko zubira bitartean, aisialdirako gune berri bat sortzeko asmoa du Galdakaok. “Lan horretan murgilduko gara aurrerantzean, Ibaizabali begira jarri eta ibaia eta herria lotzeko”, adierazi zuen Hernandok.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea // Irekia

Asier Iragorri Basauriko alkateak adierazi zuenez, “urteak daramatzagu ibaia herrian integratzen. Dagoeneko ibaia eguneroko bizitzan integratuta dago, ohikoa da ibaiertzetatik paseatzea, bai Galdakaora bidean zein Arrigorriagara bidean”.

Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak honela laburbildu zuen egindakoa: “Gurea moduko herri batentzat ez badago elkarlanik ezinezkoa da horrelako proiektu bat egitea. Lan hauei esker, lehen ibaiari bizkar emanda bizi ginen moduan, ibaiari begira bizi gaitezke orain”. Eta Galdakao jarri zuen elkarlanaren adibide: “2019an Galdakaoko Udala etorri zitzaigun esanaz korapiloak askatu behar genituela. Jarri ginen elkarrekin lan horretan, eta emaitza hemen dugu”.

Hiru fase, 11 urte

Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak birbideratzeko lanak duela 11 urte hasi zituen URAk eta guztira hiru fasetan burutu ditu obrak: lehehengoa Etxebarriko Bandas zubitik (Euskotren) Basauriko Arizko zubiraino; bigarrena Urbi (Basauri) eta Bengoetxe (Galdakao) tartean; eta hirugarrena Bengoetxetik Plazakoetxeraino. Inbertsioa guztira 36 milioi eurokoa izan da.

Mercadillo zubia // Irekia

Lehenengo fasean Euskotrenen Bandaseko zubiaren ordez bao bakarreko beste bat jarri zuten, ubidean euskarririk gabekoa, Etxebarri eta Basauri artean. Halaber, Gudarien kaleko (Basauri) zubiaren ordez, bao bakarreko beste bat jarri zuten. “Lehenengo fasean ibilguaren hustutze-ahalmena handitu zen Nerbioi ibaiaren 2.020 metroko tartean”, adierazi zuen Aizek azaroaren 22an Galdakaon, Mercadillo zubiaren ondoan, egin zuten agerraldian.

“Ibilguaren sekzioa handitzeari ekin zitzaion, batez ere ohantze harritsua induskatuz, 2,5 metroko sakonera irabazteko. Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek bat egiten duten tokian, 28 metroko zabalera duen ohiko emarien kanala egokitu zen ibilguan, eta 5 metroko zabalera duten aulkitxoak edota plataformatxoak ezarri ziren alboetan, hondotik 2,5 metroko altueran. Era berean, Fabrelec presa txikia zati batean eraitsi zen, 0,5 metroko altueran”, adierazi zuen Aizek. Lehenengo fasean inbertsioa 16 milioi eurokoa izan zen.

Basauriko, Galdakaoko eta Zaratamoko alkateak Arantza Tapiarekin hizketan // Irekia

Bigarren fasean, alde batetik Urbiko zubia ordezkatu zuten, baita Bridgestonekoa ere. “Bigarren fasean ibilgua 1.570 metroko tarte batean handitu zen, Nerbioi ibaiaren elkargunearen eta Ibaizabaleko Bengoetxe presa txikiaren artean, ur askoko gertakarietan behin eta berriz agerian geratu zen gaitasun hidrauliko eskasari erantzuteko. Horren ondorioz, Urbiko eta Bridgestoneko zubiak aldatu behar izan ziren, eta Urbiko presa txikia partzialki eraitsi”. Obra horiek 2017an amaitu zituzten, eta 8 milioi euroko inbertsioa izan zuten.

Hirugarren faseari dagokionez, besteak beste, Mercadillo zubia handitu eta zaharberritu zuten (Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa katalogatua dago); gainera, Txomin Egileor kaleko hiru etxebizitza eraitsi zituzten, eta Plazakoetxeko zubiko zutabeen oinarriak sendotu eta erabileraz kanpo zegoen Bengoetxeko presa txikia eraitsi zuten. Guztira 1.640 metroko luzeran burutu zuten hirugarren fasea eta inbertsioa 12 milioi eurokoa izan da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantziatua.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bridgestonek bi astez geldituko du produkzioa Basaurin eta hamar egunez Usansolon

|

basauri bridgestone 2017 lantegia
Basauriko Bridgestone lantegia // Geuria

Bridgestonek aldi baterako lan-erregulazio espedientea ezarriko du Basauriko eta Usansoloko lantegietan. Modu horretan, abenduan eta 2024an zehar hainbat egunez geldituko dute produkzioa, zuzendaritzak jakinarazi duenez. Erabaki horrek, Basauriko eta Usansoloko lantegiez gain, eragina izango du Burgoseko eta Puente de San Migueleko (Kantabria) fabriketan.

Basauriko lantegiari dagokionez, abenduan bi astez produkzioa etetea erabaki dute: abenduaren 17tik 30era bitartean, goizeko zein gaueko txandetan.

Usansolon hamar egunez geldituko dute produkzioa, abenduaren 20tik 30era bitartean, kasu honetan ere goizeko eta gaueko txandetan.

Enoresak “beharrezkotzat” jo du neurria, “biltegietako stocka gehiegizkoa delako eta aurreikusitako eskaerak murriztu direlako, merkatuaren egungo egoera konplexuak eraginda, eta planten eraginkortasuna eta lehiakortasuna eta etorkizuna bermatzeko helburuarekin”, adierazi dute.

2024an etenaldi gehiago

Aldi baterako lan-erregulazio espedientea 2023ko abenduan aplikatzeaz gain, 2024an ere hainbat egunez ezarriko dute, eta hortaz, produkzioa etengo dutela adierazi du zuzendaritzak.

Basaurin 63 eguneko geldialdia egitea proposatu du Bridgestonek 2024an, urtarriletik urrira bitarteko epean. Eta, Usansolon 47 egun aurreikusi dituzte gelditzeko datorren urtean, urtarriletik irailera bitartean.

Geldialdi horiek 1.000 langile ingururi eragingo die Basaurin eta 50 ingururi Usansolon.

Nolanahi ere, enpresako zuzendaritzak adierazi du aldi baterako enplegu espedientea bertan behera utz dezakeela, “une bakoitzeko produkzio-bilakaera kontuan hartuta”. Bridgestonek gutxienez 24 ordu lehenago abisatuko ditu sindikatuak eta langileak.

Iazko azaroan ere aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea aktibatu zuen Brdgestonek, “eskariaren beherakadaren ondorioz biltegietan pilatzen ari zen stocka gero eta handiagoa zelako”.

Sindikatuak “kezkatuta”

CCOO, UGT, BUB eta SITB sindikatuek bere kezka nabarmendu dute: “Egun askotako geldialdia da lantegi guztietan”, adierazi dute: “Urtebete geroago enpresak antzeko egoera, argudio eta irtenbide berdinak aurkeztu ditu”.

Sindikatuentzat, erabaki horietako asko zuzenean lotuta daude hurrengo hitzarmena negoziatzen hastearekin. “Enpresak egoera dramatikoa planteatu nahi du, murrizketa batzuk egiteko asmoz. Hala ere, joan den abuztuan jakin genuen Bridgestone Hispania Manufacturing enpresak eta Bridgestone Corporation enpresak irabaziak bikoiztu dituztela”, diote sindikatuek.

“Gainera, duela egun batzuk argitaratu zen mozkin garrantzitsu horiek urteko hirugarren hiruhilekoan mantendu direla, eta multinazionalak ez duela aurreikusi urteko gainerako urteetarako finantza-pronostikoan aldaketarik egitea”, diote sindikatuek. Aurreikuspenen arabera, aurten 2.069 milioi euroko irabazi garbiak lortuko ditu Bridgestonek.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Sweet Rage taldeak, Usansoloko baxu-jotzaile batekin, Rockein lehiaketa irabazi du tokiko mailan

|

Sweet Rage taldeak 2023ko Rockeineko tokiko artistarik onena saria jaso zuen // Rockein

Azaroaren 18an, larunbatez, Rockein lehiaketako finala izan zen Basauriko Social Antzokian. Hego Euskal Herriko musikari eta taldeei zuzendutako lehiaketako hamaikagarren edizioan Lova Lois Astrabuduako raperak, poetak eta kantautoreak irabazi zuen sari nagusia.

Tokiko talderik onenaren kategorian Sweet Rage azken belaunaldiko metal seikote bizkaitarra izan da garaile: baxu-jotzailea Usansolokoa da. Era berean, Islabat taldeak (Asier Olabarrieta elgoibartarraren rock intimista proiektua, Andoni Alonso galdakoztarra taldean duena) euskarazko talderik onena saria irabazi zuen, eta Nun kantautore gasteiztarrak Eskarabilera Saria jaso zuen.

Irabazleak erabakitzeko epaimahaia honako hauek osatu zuten: Álvaro Fierro (musika kritikaria, musika dokumentalen zuzendaria eta Kultumetriako arduraduna, kulturaren eremuan inpaktua aztertzeko enpresa); Eva Ausín (ekoizlea, konpositorea, gidoilaria eta koreografoa. Let ‘s Dance konpainiako zuzendaria eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako kidea); Jon Agirrezabalaga (soinu-ekoizle eta -ingeniaria El Tigre Estudiosen (Bilbon). Musikaria eta konpositorea WAS eta Zabalan); María Larrinaga (Basauriko Udaleko Kultura zinegotzia); Iker Bárbara (MondoSonoro aldizkariaren Euskal Herriko eta Errioxako edizioaren koordinatzailea, kultur sustatzailea eta DJa); eta Javier Jiménez (Arrigorriagako Gaztegunea).

Osorik irakurri