Hego Uribe eskualdea gero eta zaharragoa da. Ez da salbuespena Hego Euskal Herrian, izan ere 60 urtetik gorako biztanleria hazten ari da urtetik urtera maila orokorrean. Guztira, 100.222 biztanle bizi dira Hego Uribe eskualdean (2021eko datuak), eta horietatik 31.924 lagun 60 urtetik gorakoak dira (% 31,8), 51.503 herritar 20 eta 59 urte bitartekoak dira (% 51,3) eta 20 urtetik beherakoak 16.795 dira (% 16,7).
Erdiko adin-tartean daude biztanle gehien, baina 20 urteko bilakaera ikusita, hauek datuak: 2001ean 99.092 biztanle zituen Hego Uribek, 22.105 ziren 60 urtetik gorakoak (% 22,3), 60.498 lagunek 20 eta 59 urte bitarte zituzten (% 61) eta 16.489 ziren 20 urtetik beherakoak (% 16,6). Datuak datu, azken 20 urtetan 9,5 puntu hasi dira 60 urtetik gorakoak, eta 21 eta 59 urte bitartekoak, ordea, 9,7 puntu jaitsi dira. 20 urtetik beherakoak maila bertsuan mantendu dira.
Gizartea gero eta zaharragoa da, eta horrek bi irakurketa objektibo aurreikusten ditu: gero eta heriotza gehiago ematen dira eta gero eta jaiotza gutxiago. 2021ean 999 heriotza erregistratu ziren eskualdean, eta kontran, 559 jaiotza. Hau da, heriotzak jaiotzak baino ia bikoitzak dira. Azken hamar urteak aztertuta, jaiotzak % 36,1 gutxitu dira eta heriotzak % 16,3 hazi.
