☉ Hego Uribe
Hego Uribeko 1.500 ikaslek ‘Mundu bat bertso’ proiektuan hartuko du parte
Eskualdeko 24 ikastetxek eta 1.591 ikaslek hartuko dute parte ‘Mundu bat bertso’ proiektuan. Proiektuak umeen hizkuntza gaitasunean eta ahozkotasunean eragitea ditu helburu nagusi, eta, horretarako, bertsolaritza du tresna
Hego Uribe eskualdeko ikastetxe guztiek eman diote dagoeneko hasiera 2023-2024 ikasturteari. Eta ikasturte berriarekin batera heldu da Bertsozale Elkartearen ‘Mundu bat bertso’ egitasmoa.
Eskualdeko 24 ikastetxek eta 1.591 ikaslek hartuko dute parte proiektuan: Arrigorriagako eskola (73 ikasle) eta institutua (150 ikasle); Basauriko Arizko ikastola (49 ikasle), Basozelai-Gaztelu (44 ikasle, Bizkotxalde (18 ikasle), Etxegarai (42 ikasle), Kareaga Goikoa (22 ikasle), San Jose (51 ikasle), Sofia Taramona (29 ikasle), Basauri ikastetxea (51 ikasle), Uribarri (84 ikasle) eta Urbi (46 ikasle); Etxebarriko Kukullaga ikastetxea (110 ikasle) eta institutua (20 ikasle); Galdakaoko Urreta (116 ikasle), Gandasegi (151 ikasle), Aperribai (26 ikasle), Eguzkibegi Ikastola (157 ikasle), Elexalde (92 ikasle) eta Bengoetxe (83 ikasle); Usansoloko Unkina (97 ikasle); Ugaoko Leitoki ikastola (38 ikasle); Zaratamoko eskola (18 ikasle); eta Zeberioko Zubialde ikastetxea (24 ikasle).
Lehen Hezkuntzako 5. mailako eta 6. mailako ikasleak eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako eta 2. mailako ikasleak dira ‘Mundu bat bertso’ proiektuan parte hartuko dutenak. Eskolak astero izango dira, Bertsozale Elkarteko irakasleen eskutik.
“Aipatu eta eskertu gura dugu proiektua aurrera ateratzea posible egiten duten ikastetxe, guraso elkarte eta udalen inplikazioa. Bereziki nabarmentzekoa da, Galdakaoko Udalaren inplikazioa, proiektua udalerri honetan baita zabalena, hau da, 5. mailan, 6. mailan eta DBHn lantzen dute bertsolaritza eta ahozkotasuna, eta horrez gain, ikasturte honetan eskolaz kanpoko ekintza moduan ere eskainiko da bertsolaritza DBHko gazteentzat. Azken honen helburua aisialdian ere bertsolaritza lantzen jarraitzea da, euskararekin jolasean, eta euskaraz bizitzeko eta harremantzeko guneak sortuz”, dio Ione Narbaiza Gallastegi Bizkaiko Bertsolaze Elkarteko Sustapen arloko arduradunak.
Ahozkotasuna eta bertsolaritza
Proiektuak umeen hizkuntza gaitasunean eta ahozkotasunean eragitea ditu helburu nagusi, eta, horretarako, bertsolaritza du tresna.
“Proiektuan lau arlo nagusi lantzen dira, bere helburuei lotuta: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak. Lau arlo izanda ere, etengabe daude harremanetan eta elkarreragiten. Izan ere, euskara bultzatzen dute berau erabilitzen duten jarduera ludiko eta dinamikoen bitartez, baina horrek ezinbestean lotzen ditu euskal kulturara. Eta horren parte da bertsolaritza”, diote Bertsozale Elkarteko ordezkariek.
Era berean, bertsolaritzaren ezaugarriak ezagututa, musikarekin ere lotura egiten dutela diote, “doinuak, entzute aktiboa, intonazioa eta abar lantzen dituztelako”. “Eta, azkenik, berba hartze horretan, aurreko hiru arlo horiek lantzeaz gain, jendaurrera irtetea lantzen dute; baita dialektika eta lankidetza ere, esaterako”, diote.
Ikasturte amaierako topaketak
Ikasleei bertsolaritzarekiko zaletasuna pizteaz gain, eskolek euskararekiko “jarrera positiboa” eragiten dieteela diote Bertsozale Elkartetik, eta jendaurreko emanaldietarako trebatzen dituela ere.
Hain zuzen ere, ikasturte amaieran ikasturte amaierako topaketak antolatzen dituzte herrika: “Ikasgela bakoitzeko umeak oholtzara irten eta bere emanaldia eskaintzen dute. Emanaldia bertsolaritza klaseetan prestatzen da, jendaurrekotasuna lantzeko baliatuz”, diote.
☉ Hego Uribe
GEURIAko abenduko alearen banaketa atzeratu da, inprimategi greba dela eta
Comeco Grafico Norte enpresa greban dago, eta besteak beste, bertan GEURIA inprimatu egiten da.
Azaroaren 28an, ostegunez, abenduko alea publikatu genuen, baina online bakarrik irakurri daiteke momentuz; izan ere, inprimategiaren greba dela eta, oraindik ezin izan dute paperezko alea inprimatu.
Aurreikuspenen arabera, aste honetan bertan imprimatuko litzateke GEURIA, eta jaso bezain pronto hasiko dugu banaketa, bai horretarako propio dauden puntuetan, eta bai harpidedunentzat euren etxeetan. Bitartean, PDFa online irakur daiteke esteka honetan.
☉ Hego Uribe
GEURIAk tokiko komunikabideen erronkak hizpide izan dituen Tokikom jardunaldietan parte hartu du
Tokikom Sariak banatu zituzten atzo, azaroak 22, Artikako (Berriobeiti, Nafarroa) Maria de Maeztu kultur etxean.
Euskarazko toki komunikabideen urteko lanik onenak ezagutzeko eta sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak partekatzeko aukera izan zuten han bildutako 80 bat lagunek. GEURIAtik Eñaut Barandiaran zuzendaria eta Maider Ibañez kazetaria bertaratu ziren.
Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak hitzaldiak eskaini zituzten.
Sarasuaren arabera, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen ditu tokiko hedabideak, “euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera baitauka”.
Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu zuen: “Orain arte egin duguna egitea ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz gehiago fragmentatuta dagoelako”, adierazi zuen Sarasuak.
Eskualde mailako komunikazioan euskarazko hedabide taldeek lidergoa har dezaketela esan zuen Sarasuak, “lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan”.
Sarasuak behin baino gehiagotan nabarmendu zuen ideia baten ildotik, “gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela” adierazi zuten AEKko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean.
Aurki 50 urte beteko ditu AEKk, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute “etengabeko eraldaketa”.
Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak beren hedabidearen ereduaz hizketan jardun zuen, kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diena 95.000 bazkideren sostengua izatea dela argudiatuta, “bazkideena eta ez harpideena”.
Bazkideak proiektuaren protagonistak direla esan du, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean.
Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun zuen Argelinak, eta baita bazkideei modu esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere: “Bazkideak asko zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori asko baliosten duten zerbait da. Gauzak etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten digute”.
Lau sari
Hitzaldiak baino lehen, 2024ko Tokikom Sariak banatu zituzten.
Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan zen, ‘Matxismoa ari du’ goiburu duen aldizkariaren azalari esker.
Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan zen, Maialen Etxaniz kazetariak egindako ‘Gelditu dira inprentaren makinak’ erreportajeagatik.
Eta, Ikus-etzunezko Onenaren Saria Antxeta irratiarentzat izan zen, ‘Uhin inklusiboak’ lanagatik.
Aurten, gainera, sari berezi bat ere banatu zuen Tokikomek: Nafarroa Saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako ‘Dialeko azkenak’ ikus-entzunezko lanari eman zioten saria.
Ekitaldia Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatu zuen. Nafarroako Gobernuaren izenean Jabier Arakama Euskarabideako zuzendaria, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean Jokin Azkue HABEko zuzendaria ere izan ziren ekitaldian.
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko 21 supermerkatuk bat egingo dute Bizkaiko Elikagaien Bankuko bilketa handiarekin
Azaroaren 22an eta 23an izango da Bilketa Handia Bizkaiko supermerkatuetan, tartean, Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Usansolon
Bizkaiko Elikagaien Bankuak bilketa handia egingo du azaroaren 22an eta 23an lurraldeko supermerkatuetan. Baita Hego Uribe eskualdean ere.
Zehazki, Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko eta Usansoloko 21 supermerkatutan izango dira Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak elikagaiak jasotzen.
Bizkaiko Elikagaien Bankutik zehaztu dutenez, olioa, haurrentzako elikagaiak, latak eta kontserbak dira gehien behar dituztenak.
Aurten, Bizkaiko familiak laguntzeaz gain, Valentziako hondamendiko kaltetuei elikagaiak bidaltzea da kanpainaren helburua.
360 boluntario
Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, 360 boluntario egongo dira Hego Uribeko supermerkatuetan.
Bilketa handirako boluntarioak “ezinbestekoak” direla aipatu dute, eta herri batzuetan faltan dituztela esan du: “Adibidez, Etxebarrin boluntarioak behar ditugu azaroaren 22an eta 23an herriko supermerkatuetan egoteko. Gero eta gehiago kostatzen zaigu boluntarioak topatzea supermerkatuetan egoteko. Beraz, oso garrantzitsua da irakurleek parte hartzea!”, diote.
Boluntario izateko interesa dutenek izena eman dezakete Bizkaiko Elikagaien Bankuko webgunean edo 944 499 258, 946 053 779 edo 747 454 396 telefono zenbakietara deituta.
☉ Hego Uribe
Rockein 2024: Monday Potions da Hego Uribeko taldetik onena
Monday Potionsek Etxebarriko taldekide bat du eta sari bezala bideoklip profesional bat grabatuko dute eta kontzertua eskainiko dute 2025eko MAZ Basaurin
Azaroaren 16an, larunbatez, Rockein lehiaketako finala izan zen Basauriko Social Antzokian. Hego Euskal Herriko musikari eta taldeei zuzendutako lehiaketako hamabigarren edizioan Ben Santana diziplina anitzeko artista bilbotar gazteak irabazi zuen sari nagusia.
Hego Uribeko talderik onenaren kategorian Monday Potions laukotea izan zen garaile, musika proposamen eklektiko batekin, pop barrokotik art rockera nabigatzen duena. Eneko Peña da proiektuaren buru eta Etxebarri (Danel Marin), Bilbo eta Santurtziko kideez osatuta dago.
Sari bezala, Monday Potions taldeak bideoklip profesional bat grabatuko du eta kontzertua eskainiko du 2025eko MAZ Basaurin.
Bestetik, Maialen Ibarra sanmigeldarra eta bere taldea Euskarazko artistarik onena saria irabazi zuen eta Edgar Allan Pop bikoteak —Beatriz Álvaro arabarra eta Jaime Buenaventura madrildarra— jaso zuen Eskarabilera Saria.
Irabazleak erabakitzeko epaimahaia honako hauek osatu zuten: Nara Pinto (Primavera Sound festibalean promotorea); Jon Agirrezabalaga (El Tigre Studios-en ekoizle eta soinu-ingeniar eta musikari eta konpositore); Anne Salazar (BIME Live festibalaren koordinatzaile eta artisten kontratazioaren arduradun); Iker Bárbara (MondoSonoro musika-komunikabidearen Euskal Herriko eta Errioxako edizioaren koordinatzaile); eta Jon Zugazagoitia (Basauriko Udaleko Gazteria, Kirol eta Informatika zinegotzia).
☉ Hego Uribe
Bi autok istripua izan dute N-634 errepidean Basauri parean
Auto istripua gertatu da N-634 errepidean Basauri parean bi autoren artean. Istripua 15:00ak aldera jazo da.
Galdakaoko eta Donostiako noranzkoan errepidea moztuta egon da tarte batez eta trafikoa Baskonia zubitik bideratu dute. Errepidea dagoeneko zabalik dago.