Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Hego Uribe

Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira

Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik

|

Itziar Atienza 'Entrevías' telesaileko hirugarren denboraldian eta Itziar Ituño 'Touré Detektibea' telesailean // Geuria

Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.

Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.

Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.

Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.

Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.

Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.

☉ Hego Uribe

Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari

Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia

|

Basconia eta Padura futbol taldeak // Geuria

Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.

Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.

Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea

Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin

|

Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.

Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei

Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte

|

Eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an // Argazkia: James Gathany, Wikipedia

Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.

2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.

Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.

Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.

Osasun Publikoko arazotzat

Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.

Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.

Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.

Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.

Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute

Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake

|

Abuztuaren 3a arte dago zabalik alegazioak aurkezteko epea // Irekia

Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.

Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.

Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen  2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Rockein lehiaketaren 12. edizioak marka berria ezarri du: 195 artistak eman dute izena

|

Finala azaroaren 16an izango da Basauriko Social Antzokian // Rockein

Rockein musika lehiaketak marka berria hautsi du: aurten 195 artistak eman dute izena. Atzo bukatu zen izena emateko epea eta bederatzigarren urtez jarraian parte-hartze marka gainditu du.

Datuak datu, Hego Uribeko talderik onenari saria eskuratzeko 33 proiektu aurkeztu dira (iaz 31); euskarazko talderik onenari sarirako hautagaiak 55 dira (iaz 40); eta Eskarabilera saria irabazteko 15 talde edo artista daude (iaz 19).

Tokiko talderik onenari sariari dagokionez, aurreko edizioetan Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko artistak bakarrik sartzen ziren, eta aurten lehiaketa eskualde osora zabaldu du antolakuntzak: Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten taldeek eskuratu dezakete saria.

“Nabarmentzekoa da euskarazko taldeen igoera (% 8ko hazkundea 2023arekiko eta izen emandako guztien % 28a) eta izena eman duten proiektuen % 30a (58) berriak direla 2023arekiko. Rockein talentu berriak detektatzerako orduan Euskal Herrian erreferentea den lehiaketa bezala berresten duten datuak dira”, diote.

Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu finalean jotzeko. Eta antolakuntzatik adierazi dutenez, finalisten izenak uda ostean emango dituzte jakitera. Finala azaroaren 16an izango da Basauriko Social Antzokian.

Rockein lehiaketa Basauriko Udalak antolatzen du eta Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei dago zuzenduta.

Nobedadeak

Artista irabazleak EP profesional bat grabatuko du Bilboko El Tigre estudioetan, baita bideoklip profesional bat grabatu ere, eta kontzertua emango du 2025eko MAZ Basauri festibalean. Iaz Lova Loisek irabazi zuen lehiaketa:

Tokiko artistarik onenak, aurtengo nobedade bezala, bideoklip profesional bat grabatuko du, eta aurreko edizioetan bezala, kontzertua eskainiko du 2025eko MAZ Basauri festibalean.

Euskarazko artistarik onena eta Eskarabilera sariko irabazlea 2025eko MAZ Basauri festibalean arituko dira.

Beste berrikuntza bat lehiaketan da tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaldu duela bere estaldura-eremua. Hain zuzen ere, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute.

Rockein, urtez urte

2013: 85 parte-hartzaile
2014: 105 parte-hartzaile
2015: 95 parte-hartzaile
2016: 110 parte-hartzaile
2017: 129 parte-hartzaile
2018: 135 parte-hartzaile
2019: 146 parte-hartzaile
2020: 169 parte-hartzaile
2021: 179 parte-hartzaile
2022: 188 parte-hartzaile
2023: 191 parte-hartzaile
2024: 195 parte-hartzaile

Osorik irakurri