Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko neska* gazteak: “Neska* gazteok ditugun erronkak eztabaidatzera goaz Baterajotzean”

Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzea egingo dute urriaren 9an eta 10ean, Elizondon.

|

Hego Uribeko Neska* Gazteak // Utzitakoa

‘Mugimenduan gaude, lurrikara gara’ lelopean Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzea egingo dute urriaren 9an eta 10ean Elizondon (Nafarroa). Hego Uribeko Neska* Gazteek ere bat egin dute topaketarekin eta eurekin hitz egin du GEURIAk.

Zer da Baterajotzea?
Urriaren 9an eta 10ean Elizondon ospatuko dena ‘Mugimenduan gaude, lurrikara gara’ lelopean Euskal Herri osoko neska* gazteak batuko dituen elkargunea da. Bertan, bizi dugun krisi anizkoitzari nola erantzun behar diogun hausnartzera goaz. Horrez gain, formakuntzarako eta aisialdirako espazioa ere izango da.

Zergatik egingo duzue baterajotze nazional bat?
Momentu berezian ospatuko dugu baterajotzea, mundu mailako pandemia batek eztanda egin duen momentuan, alegia. Ez du soilik pandemiak eztanda egin, sostengaezina den sistema oso batek egin du eztanda. Horrekin batera, agerian geratu da mugimendu feministak aspaldi zioena: alde batetik, sistema honetan bizitzak baino, kapitalaren interesak daudela zentroan eta eredu horrek bizitza bera erasotzen duela, pertsonona zein planetarena. Horregatik diogu hau ez dela osasun krisia, krisi sistemikoa baizik. Pandemiak gogor kolpatu ditu herri eta langile sektoreak. Era berean, ez da garai erraza Herri Mugimenduentzako, antolakuntza eta jarduera politikoa sustatzea zaila izan da, aliantzak ehundu eta espazio seguruak sortzeko aukerak murritzak izan baitira. Krisi momentuak, ordea, aukeraz beteriko momentuak ere badira, eta horrela ulertu behar ditugu. Beste eredu baten alde borrokatzeko momentua da. Garai zailak datoz, eta prest egon behar gara. Horregatik, neska* gazteok, zailtasun guztien gainetik, indarberritzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazio bat behar genuela ikusi genuen eta horrela jaio zen Baterajotzearen egitasmoa.

Egitarau oparoa jarraituko duzue urriaren 9an eta 10ean Elizondon.
Larunbat goiz-eguerdian abiatuko da egitaraua, autobusak iritsi, kanpin dendak montatu eta izen-ematea egiteko tarte bat utzi ostean. Harrera ekitaldi batekin emango diogu hasiera eta, ostean, mahai-inguru zentrala izango dugu, bertan egungo krisi anizkoitzaren testuinguruari erreparatuko diogu. Arratsaldean hainbat tailer eta hitzaldi izango ditugu aukeran eta hurrengo gaiak landuko ditugu: ekofeminismoa, prekarietatea, zaintza lanak, hezkuntza sistema… Kiskali Basauriko Gazte Talde Feministak egindako ‘Konfinatu ezinezko ahotsak’ dokumentala ere ikusteko aukera egongo da. Ostean manifestazioa egingo dugu eta gauean aisialdi eskaintza egongo da hainbat sortzaileren eskutik. Igande goizean eduki zentralen eztabaidarekin jarraituko dugu, mugimenduak dituen erronken ingurukoa. Ekitaldiaren ostean, amaiera emango diogu baterajotzeari eta autobusak 18:00ak aldera irtengo dira.

Eskualdetik zenbait neska* gazte joango zarete.
Galdakao, Ugao, Arrigorriaga eta Basauriko hainbat neska* gazte goaz; urtean zehar mugimendu feministan zein gazte mugimenduan antolatzen garenak zein ez garenak. Eskualdeko Momoak talde feministakoak, Kiskalikoak, Arrigorriaga institutuko talde feministakoak eta Ugaoko neska* gazteak bertan izango gara.

Baterajotzeari buruzko aurkezpenak egin dituzue eskualdean, hala nola, institutuetan. Zein harrera izan duzue institutuko ikasleekin?
Herrietan aurkezpenak egiteaz gain institutuetan ere egin ditugu. Hauetan baterajotzea aurkezteaz gain neska* eta ikasle izateagatik bizi ditugun zapalkuntza egoerez hitz egiten aritu gara; izan ere, gaur egungo hezkuntza ereduak sistema heteropatriarkal kapitalistaren beharrei erantzuten die. Interes pribatuak asetzen dituen heinean ez duelako ikasleon garapena erdigunean kokatzen. Hau argi ikusi dezakegu, ikastetxeko edukietan gizonezkoak baitira nagusi, gizartean nagusitzen den ikuspuntu androzentrikoaren ondorioz.

Zer egin duzue aurkezpenetan?
EHko neska* gazteon sarearen ibilbidea kontatzen duen ‘Mugimendutik lurrikarara’ dokumentala ikusi dugu, nondik gatozen jakin eta nora goazen zehazteko. Aurkezpenek herriko beste neska* gazteekin batzeko aukera eman digute, baita beste eragile gazte eta feministak ezagutzeko ere. Eskualdeko herrietan aurkezpenak egin ostean, sareko kideak Txarraska gaztetxean batu ginen azkenengo kontuak lotu eta deialdia berriz zabaltzeko.

Hego Uribeko neska* gazteon sarea eratu duzue.
Eskualdeko neska* gazteon saretzea duela pare bat urte hasi genuen. Saretze honen arrazoi nagusia gure artean ez ezagutzea eta elkarren berri ez izatea izan zen. Hasieran Ugaokoak eta Galdakaokoak batzen hasi ginen eta gerora Basaurikoak ere batu ziren sarera. Gaur egun, herriko talde feministetan kide garenok zein norbanakoak batzen gara eta hilabetero biltzen saiatzen gara dinamikaren bat abiatu edo formakuntzari erreparatzeko.

Ekintza zehatzak antolatzeko asmoa duzue eskualdean etorkizun laburrean, ertainean edo luzean?
Baterajotzera neska* gazteon mugimenduan ditugun etorkizuneko erronkak eztabaidatzera goaz eta honekin batera, borroka molde eta behar ditugun egitasmo alternatiboez hitz egitera. Beraz, zalantzarik gabe baterajotzeak epe motz zein luzean eragina izango du eskualdean. Neska* gazteok autodefentsa feministaz eragiten jarraituko dugulako eta inoiz baino saretuago egongo garelako. Bizitzak erdigunean jartzearen alde kaleetan ikusiko gaituzue!

Zelan gonbidatuko zenituzkete eskualdeko beste neska* gazteak Baterajotzera edota sarera batzea?
Gaztetasuna erregai izanik feminismoa dugu motor, bizi garen errealitatea eraldatu nahi dugu; neska* gazte izateagatik zapaldu eta alboratu egiten gaituelako. Horretarako ezinbestekoa da neska* gazteak borroka feministara batzea eta gurekin batera, elkarrengandik ikasiz eta elkar zainduz aurrera egitea.

Leire eta Helena (Kiskali): “Emakumeon arazoak larriagotu eta asko agerian jarri dira pandemian zehar”

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko eta Kurdistango musikariek emanaldia eskainiko dute Durangoko Azokan

Itziar Ituño, Roberto Awanari eta Azibar Terreros basauriarrek eta Janire Egaña galdakoztarrak hartu dute parte proiektuan

|

Janire Egaña galdakoztarrak eta Roberto Awanari eta Itziar Ituño basauriarrek hartu dute parte proiektuan // Suargi elkartea

Suargi Elkarteak Berria Egunkariarekin eta Basauriko Zutarri Kultur Elkartearekin batera kultura kurduei buruzko musika emanaldia sustatu du: ‘Mugarik gabe – Bê Sinôr’.

Proiektuan parte hartu dute Hego Uribeko zenbait herritar: Itziar Ituño, Roberto Awanari eta Azibar Terreros basauriarrak eta Janire Egaña galdakoztarra.

Ines Osinaga, Jon Maia, David Espinazo (Ingot) zein Yado Uzun, Onur Kepenek, Mizgin Tahir, Ciwan Issa musikari kurduak eta Chris O´Shea irlandarra ere dira proiektuaren parte.

Abenduaren 7an, larunbatez, 22:30ean emanaldia egingo dute Durangoko Azokan, Plateruenan.

Abestiak eta dokumentala

“Proiektuak erakutsiko du lurralde ezberdinetako musikarien loturek unibertsala den musikaren hizkuntzaren bitartez muga geografikoak gainditzen dituztela”, diote proiektuko sustatzaileek.

Proiektuaren lehen zatia da abenduaren hasieran aurkeztuko dutena Durangoko Azokan. Bigarren zatian euskaldunak izango dira Rojavara -Siriako herrialde kurdura- joko dutenak.

Elkarlan honekin batera, abestiak eta dokumentala grabatzen ari dira. “Ikus-entzunezko lanean Rojavako eta Euskal Herriko musikarien nortasun gurutzatuak arakatuko ditugu, istorio partekatuen bidez, non mugak desagertu eta loturak sakontzen diren”, diote.

Hizkuntzak, lurra, historia bezalako gaiak jorratzen dituzten bitartean, protagonistek musikaren hizkuntza unibertsalak banaketa geografikoak gainditzen dituela erakutsiko dute, “bihotzak eta kulturak elkartuz”.

Liburu aurkezpena

Kultura kurduaren bidaia Durangoko Azokara ez da soilik musikara mugatuko. Hain zuzen, abenduaren 7an bertan 14:00etan Ahotsenean ‘Kurdistan + 100’ liburua aurkeztuko dute, berriki euskaratuta.

Aurkezpena Laura Mintengik bideratuko du eta Meral Simsek eta Jin Swani idazle kurduek parte hartuko dute, besteak beste. Kiera Henderson itzultzaileak eta Ra Page Comma Press editorialeko zuzendariak ere hitza hartuko dute.

Bestetik, kultura zapalduen haritik, abenduaren 7an 16:30ean, mahai-inguru bat antolatu dute Talaia-Durangoko Museoan. Bertan parte hartuko du Roberto Awanari musikari basauriarra.

Mahai-inguru hori Suargi elkarteko Jon Landabideak aurkeztuko du eta Berria egunkariko Arantxa Iraolak moderatuta, Sevinaz Evdike zuzendari kurduak, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarrak, Kiera Henderson itzultzaileak, Meral Simsek idazle kurduak, Jin Swani idazle kurduak, Joseba Sarrionandia idazleak eta Robertok berak hartuko dute parte.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIAko abenduko alearen banaketa atzeratu da, inprimategi greba dela eta

|

GEURIA inprimatzen den inprimategia greban dago eta momentuz abenduko alea online bakarrik irakur daieteke // Geuria

Comeco Grafico Norte enpresa greban dago, eta besteak beste, bertan GEURIA inprimatu egiten da.

Azaroaren 28an, ostegunez, abenduko alea publikatu genuen, baina online bakarrik irakurri daiteke momentuz; izan ere, inprimategiaren greba dela eta, oraindik ezin izan dute paperezko alea inprimatu.

Aurreikuspenen arabera, aste honetan bertan imprimatuko litzateke GEURIA, eta jaso bezain pronto hasiko dugu banaketa, bai horretarako propio dauden puntuetan, eta bai harpidedunentzat euren etxeetan. Bitartean, PDFa online irakur daiteke esteka honetan.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIAk tokiko komunikabideen erronkak hizpide izan dituen Tokikom jardunaldietan parte hartu du

|

Maider Ibañez eta Eñaut Barandiaran GEURIAko ordezkari gisa Tokikom Sarietan // Geuria

Tokikom Sariak banatu zituzten atzo, azaroak 22, Artikako (Berriobeiti, Nafarroa) Maria de Maeztu kultur etxean.

Euskarazko toki komunikabideen urteko lanik onenak ezagutzeko eta sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak partekatzeko aukera izan zuten han bildutako 80 bat lagunek. GEURIAtik Eñaut Barandiaran zuzendaria eta Maider Ibañez kazetaria bertaratu ziren.

Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak hitzaldiak eskaini zituzten.

Sarasuaren arabera, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen ditu tokiko hedabideak, “euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera baitauka”.

80 bat lagun batu ginen Tokikom Sarietan, tartean GEURIAtik Eñaut Barandiaran eta Maider Ibañez // Tokikom

Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu zuen: “Orain arte egin duguna egitea ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz gehiago fragmentatuta dagoelako”, adierazi zuen Sarasuak.

Eskualde mailako komunikazioan euskarazko hedabide taldeek lidergoa har dezaketela esan zuen Sarasuak, “lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan”.

Sarasuak behin baino gehiagotan nabarmendu zuen ideia baten ildotik, “gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela” adierazi zuten AEKko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean.

Aurki 50 urte beteko ditu AEKk, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute “etengabeko eraldaketa”.

Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak beren hedabidearen ereduaz hizketan jardun zuen, kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diena 95.000 bazkideren sostengua izatea dela argudiatuta, “bazkideena eta ez harpideena”.

Bazkideak proiektuaren protagonistak direla esan du, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean.

Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun zuen Argelinak, eta baita bazkideei modu esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere: “Bazkideak asko zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori asko baliosten duten zerbait da. Gauzak etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten digute”.

Lau sari

Hitzaldiak baino lehen, 2024ko Tokikom Sariak banatu zituzten.

Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan zen, ‘Matxismoa ari du’ goiburu duen aldizkariaren azalari esker.

Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan zen, Maialen Etxaniz kazetariak egindako ‘Gelditu dira inprentaren makinak’ erreportajeagatik.

Eta, Ikus-etzunezko Onenaren Saria Antxeta irratiarentzat izan zen, ‘Uhin inklusiboak’ lanagatik.

Aurten, gainera, sari berezi bat ere banatu zuen Tokikomek: Nafarroa Saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako ‘Dialeko azkenak’ ikus-entzunezko lanari eman zioten saria.

Ekitaldia Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatu zuen. Nafarroako Gobernuaren izenean Jabier Arakama Euskarabideako zuzendaria, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean Jokin Azkue HABEko zuzendaria ere izan ziren ekitaldian.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko 21 supermerkatuk bat egingo dute Bizkaiko Elikagaien Bankuko bilketa handiarekin

Azaroaren 22an eta 23an izango da Bilketa Handia Bizkaiko supermerkatuetan, tartean, Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Usansolon

|

Azaroaren 22an eta 23an izango da Bilketa Handia // Bizkaiko Elikagaien Bankua

Bizkaiko Elikagaien Bankuak bilketa handia egingo du azaroaren 22an eta 23an lurraldeko supermerkatuetan. Baita Hego Uribe eskualdean ere.

Zehazki, Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko eta Usansoloko 21 supermerkatutan izango dira Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak elikagaiak jasotzen.

Bizkaiko Elikagaien Bankutik zehaztu dutenez, olioa, haurrentzako elikagaiak, latak eta kontserbak dira gehien behar dituztenak.

Aurten, Bizkaiko familiak laguntzeaz gain, Valentziako hondamendiko kaltetuei elikagaiak bidaltzea da kanpainaren helburua.

360 boluntario

Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, 360 boluntario egongo dira Hego Uribeko supermerkatuetan.

Bilketa handirako boluntarioak “ezinbestekoak” direla aipatu dute, eta herri batzuetan faltan dituztela esan du: “Adibidez, Etxebarrin boluntarioak behar ditugu azaroaren 22an eta 23an herriko supermerkatuetan egoteko. Gero eta gehiago kostatzen zaigu boluntarioak topatzea supermerkatuetan egoteko. Beraz, oso garrantzitsua da irakurleek parte hartzea!”, diote.

Boluntario izateko interesa dutenek izena eman dezakete Bizkaiko Elikagaien Bankuko webgunean edo 944 499 258, 946 053 779 edo 747 454 396 telefono zenbakietara deituta.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Rockein 2024: Monday Potions da Hego Uribeko taldetik onena

Monday Potionsek Etxebarriko taldekide bat du eta sari bezala bideoklip profesional bat grabatuko dute eta kontzertua eskainiko dute 2025eko MAZ Basaurin

|

Monday Potions taldean Danel Marin etxebarritarra dago // Rockein

Azaroaren 16an, larunbatez, Rockein lehiaketako finala izan zen Basauriko Social Antzokian. Hego Euskal Herriko musikari eta taldeei zuzendutako lehiaketako hamabigarren edizioan Ben Santana diziplina anitzeko artista bilbotar gazteak irabazi zuen sari nagusia.

Hego Uribeko talderik onenaren kategorian Monday Potions laukotea izan zen garaile, musika proposamen eklektiko batekin, pop barrokotik art rockera nabigatzen duena. Eneko Peña da proiektuaren buru eta Etxebarri (Danel Marin), Bilbo eta Santurtziko kideez osatuta dago.

Sari bezala, Monday Potions taldeak bideoklip profesional bat grabatuko du eta kontzertua eskainiko du 2025eko MAZ Basaurin.

Bestetik, Maialen Ibarra sanmigeldarra eta bere taldea Euskarazko artistarik onena saria irabazi zuen eta Edgar Allan Pop bikoteak —Beatriz Álvaro arabarra eta Jaime Buenaventura madrildarra— jaso zuen Eskarabilera Saria.

Irabazleak erabakitzeko epaimahaia honako hauek osatu zuten: Nara Pinto (Primavera Sound festibalean promotorea); Jon Agirrezabalaga (El Tigre Studios-en ekoizle eta soinu-ingeniar eta musikari eta konpositore); Anne Salazar (BIME Live festibalaren koordinatzaile eta artisten kontratazioaren arduradun); Iker Bárbara (MondoSonoro musika-komunikabidearen Euskal Herriko eta Errioxako edizioaren koordinatzaile); eta Jon Zugazagoitia (Basauriko Udaleko Gazteria, Kirol eta Informatika zinegotzia).

Osorik irakurri