☉ Hego Uribe
Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat!
Udalen hizkuntza politika kolokan jarri duten azken hiru epaiei erantzun irmoa eman die euskalgintzak. Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin lotutako hainbat ekimen gauzatu dira gure eskualdean
Mercedes Ferrer geologoak historiako olatu erraldoienak zelan sortu ziren, zer eragin suntsigarri izan zuten eta beste hainbat bitxikeria jasotzen dituen ‘Megatsunamis’ liburua kaleratu berri du. Bertan ez da Euskal Herriaren aipamenik egiten, eta eskerrak, naturaren fenomeno honek berarekin dakarren hondamena erabatekoa baita. Testuinguru jakin batean eta baldintza zehatz batzuetan soilik pizten da erauntsia, bere gorenean berrogei metrotik gorako olatuekin bukatuko dena.
Pentsatzen jarrita, halako gertakari guztiz ezohiko batek soilik hurbilduko zukeen itsasoa Hego Uribera (eta aukeran hobe hala ez izatea), baina, hala ere, azken asteetan kresal usaina zabaldu da gure herri eta auzoetan.
Arrazoia? Euskararen aurkako azken oldarraldi judiziala, Kontseiluak ‘olatu erreakzionario’ moduan definitu duena, eta euskalgintzaren baitan ezinegona, haserrea eta erabateko kezka eragiteaz harago alarma gorri guztiak piztu dituena.
Zaharrak berri
Tribunalek euskaldunon hizkuntz eskubideen kontra jotzea ez da kontu berria gurean, inondik inora ere. Joan Mari Torrealdaik (1942-2020) ‘El libro negro del euskera’ eta ‘Asedio al euskera, más allá del libro negro’ liburuetan jaso zuen euskarak mendeetan zehar jasandako errepresioaren kontakizuna, eta ez dira ez bat ez bi epaitegi eta epaile espainiar zein frantsesen deliberazioei eskaini dizkien orrialdeak.
Oraingoan, udal legea da epaitegietatik edukiz hustu nahi dutena, guztiz desitxuratuz: uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lege horren 6.2 artikulua baliogabetu zuen, udalei euskara hutsean jarduteko bidea ematen ziena, hain zuzen ere.
Ondoren, urriko astebete baten bueltan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak VOX eta PPren errekurtso bana onartu eta are gehiago kimatu du tokiko administrazioen erabaki ahalmena.
Honen harira, Zaldieroaren tira aski argigarria argitaratu zuen Berria egunkariak urriaren 18an; bi pertsona kalean hizketan doaz, zein baino zein haserreago:
– “Eskerrak VOX alderdiak ez duela indarrik EHn”.
– “Hara! Ez du indarrik! Besterik gabe ditu poliziak, txapelokerrak, militarrak, eta epaileak!”.
Alderdi ultraeskuindarren bultzada politikorik gabe ezinezkoa litzateke egungo egoera ulertzea, beraz, bidezkoa da galdetzea zenbat duten juridikotik eta zenbat euskarafobotik hartu diren erabakiek.
Jauzi kualitatiboa
Iñaki Galdeano Larizgoitia (Arrigorriaga, 1967) legelaria eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko Zerbitzu Teknikoen burua da. Hezur eta mami ezagutzen du justizia espainiarrak ataka larrian jarri duen udal legea, eta bere ikuspegi juridikoa eman dio Geuriari: “Azkenaldiko epaiek ondorio larriak dituzte ETELek ( Udal Legeak) udalei euskararen arloan aitortzen dizkien eskumenak garatzeko, lan eta zerbitzu hizkuntza gisa, eta, beraz, oztopo dira gure udalerrietan euskararen erabilera planifikatzeko eta normalizatzeko”.
Sententziak ez dira irmoak, eta Eusko Jaurlaritzak iragarri du dagoeneko, Bingen Zupiria bozeramailearen ahotan, badirela nahikoa arrazoi helegitea jartzeko. Galdeanoren arabera, “aurreko erabaki judizialekiko jauzi kualitatiboa dira. Aurrekoek udal zehatzei eragiten zieten administrazio egintza zehatzengatik, batez ere hizkuntza eskakizunekin lotuta zeudenak; aitzitik, azken epaiek udalerri guztiei eragiten diete, eta hizkuntza politikarekin eta udal autonomiarekin zerikusia duten gai asko hartzen dituzte barne (hizkuntza plangintza, herritarrei zerbitzuak ematea, kontratazioa, jendeari komunikatzea eta arreta ematea, prozeduren hizkuntza, etab”.
Euskararen kontrako oldarraldia
“Ez dira izan erabaki isolatuak, baizik eta bata bestearen atzetik datozen euskararen kontrako epaiak, oldarraldi bat. Ezin ditugu ahaztu aurretik egon diren beste erabaki judizialak, horiek lan deialdietako hizkuntza-eskakizunekin lotuta: Uliazpikoa edo Irungo udaltzaingoarena…”.
Lurdes Etxezarreta Artabe (Larrabetzu, 1975) zeberioztarraren hitzak dira. Etxezarreta AHIZE-AEKko hizkuntza aholkularia da, eta eskarmentu handia du udalekin lanean: “Administrazioan euskarari lehentasuna emateko urrats asko eman behar dira oraindik, eta 2019ko udal legea tresna egokia izan zitekeen aurrerapausoak emateko euskararen normalizazioan. Hala ere”, gehitu du, “hizkuntza politika ausartagoak egin behar dira arlo guztietan, beharra sustatzeko, espazioak irabazteko”.
Argi dauka aurrerapausoa zena justu kontrakoa bilakatu daitekeela, eta herritarren hizkuntza eskubideei dagokienean ondorio larriak aurreikusten ditu: “Azken sententzia hau behin-betikoa balitz ezingo litzateke euskara lehenetsi hainbat udal komunikaziotan, ezta euskara hutsez funtzionatu ere”.
Laburbilduz, Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin bat egiteko arrazoi nahikoa eta sobera ikusten ditu AHIZE-ko hizkuntza aholkulariak: “Bilbon egongo gara AEK-ko ordezkaritza zabala, beste milaka herritarrekin batera. Era berean, egunerokoan, lanean jarraituko dugu euskaldun aktiboak sortzen, erabilerarako espazioak irabazten, eta euskara sustatzen”.
Erantzun bateratua
Soka luzea ekarri dute azken hilabeteetako ebazpen judizialek, hortaz. Iñigo Urkullu lehendakariak berak “euskara eta gazteleraren arteko desoreka tratatzeko sentsibilitate falta” egotzi dio justiziari, eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak bere harridura erakutsi du: “Espainiako Gobernuarekin zeuden adostuta hizkuntzari buruzko artikuluak. Zer egin aztertzen ari gara, ikusten dugulako inolako arazorik eman ez duen lege bat dela, eta herri guztietan eta guztion hizkuntza eskubideak errespetatzen dituena”.
Alderdi eta sindikatu abertzaleek, gizarteko beste hainbat eragilerekin batera, euren kezka eta ezinegona adierazi eta azaroaren 4ko manifestazio deialdiarekin bat egin dute.
Hego Uribera ekarrita, hainbat izan dira azken asteetan gauzatu diren ekimenak. Arlo instituzionalean, Galdakaoko eta Arrigorriagako udalek adierazpen instituzionalak onartu dituzte urriko osoko bilkuran, lehenak herriko Bagabiz elkartearekin adostutako testua, eta bigarrenak EUDEL Euskal Udalen Elkarteak proposatutakoari atxikimendua erakutsiz.
Herri mailan, hiru izan dira hitzordu nagusiak; Basaurin, Galdakaon eta Arrigorriagan ehunka herritar batu dituen argazki masiboak. Urriaren 26ean egin ziren Basaurin ez bat, baizik eta bi argazki, goiz eta arratsaldez, AEK-k eta Geuriak deituta. Galdakaoren kasuan, hurrengo egunean luzatu zitzaien gonbidapena herritarrei Bagabiz elkartetik. Horiei biei segida emanez, azaroaren 1ean egin zuten Arrigorriagakoa.
Haserrea, tristura, indarra, irribarrea… eta klik!
Basauriko Solobarria plazako karpa zuria Mintzodromoa bilakatu zen joan den urriaren 26an. Goiz partean, eta euri petral bezain beharrezkoari aurre eginez, propio prestatutako mahaien bueltan elkartu ziren ikasleak, berbalagunak eta baita moderatzaileak ere.
Hiru gai prestatu zituzten hitz eta pitz aritzeko, baina laugarren batek hartu zuen protagonismoa topaketaren bukaeran: azaroaren 4ko manifestazioak. Bertaratutakoen artean bazeuden gaiari buruz ezer gutxi zekitenak, azaleko ezagutza bat zeukatenak, eta baita euren iritzia plazaratu zutenak ere.
Azken horien artean, Txemi Mera (Basauri, 1953) ekonomialari erretiratuak epaitegietatik heltzen ari diren berri txarren aurrean “kezka eta tristura” adierazi zuen: “euskarak bultzada behar du, eta ez atzerakada hau”.
Bilbon egoteko arrazoiak argi zituen Merak; alde batetik ” euskaldunon desadostasuna erakustea”, eta bestetik “gure hizkuntzan bizitzeko daukagun eskubidea aldarrikatzea”. Zentzu horretan, udaletan lehen hitza euskaraz egin ahal izateari berebiziko garrantzia eman zion ekonomialari erretiratuak: “Herritarrek hurbilen daukagun instituzioa da, eguneroko tratuan gehien erabiltzen duguna, eta beste arlo guztietan bezala, euskaldunok euskaraz egin ahal izatea eskubidea da, ez oparia”.
Erantzun kolektiboa zapalkuntzari
Gaztea orainak bizi duelako (aurre)iritzia orokortua dago gizartearen baitan, baina ez da June Sanchez Arrarte (1999) galdakoztarraren kasua, inondik inora ere. Santi Brouard plazan egindako argazki jendetsuan parte hartu zuen kuadrillarekin batera, eta bere lehen hausnarketa iraganaren aitortzak eta etorkizunaren kezkak zertzelatu dute: “Orain bizitzen ari garena euskararen kontrako, Euskal Herriaren kontrako eta euskal kulturaren kontrako beste zapalkuntza bat gehiago da. Orain dela berrogeita hamar urte lortutako eskubideak kolokan daude, eta horren aurrean ezin gara isilik egon, erantzun kolektibo bat eman behar dugu”.Kezka horren bueltan, Sanchezek argi dauka euskarak egiten gaituela euskaldun, eta egungo ziurgabetasun egoera honek bere isla izan dezakeela epe ertain eta luzera begira: “Orain borrokatzen ez badugu baliteke hurrengo belaunaldiek euskaraz bizitzeko eta gozatzeko aukerarik ez izatea, eta horregatik Bilboko kaleak bete behar ditugu”.
Inkisidorearen mamua
Arrigorriagako inauteri herrikoiekin batera sortutako pertsonaia da Ibarra inkisidorearena. Ez da guztiz asmatutakoa, edo bai, eta XVI. mendeko Logroñon langintza horretan ibilitako gizasemearen parodia da, edo ez. 2015etik gaurdaino, bere xede nagusia aratusteak debekatzea edo izorratzea izan da. Bistan denez, eta helburua lortzeko mila eta bat amarru erabili dituen arren, ez du sekula lortu, eta ez dirudi etorkizunean lortuko duenik ere.
Urtean behin egiten dute hitzordua berarekin Arrigorriagako gazte zein helduek, otsailaren bueltan, eta horregatik harridura eta espantua sortu du noiz eta urriko egun buruzuri batean berpiztu izanak, non eta Fernando Buesa Fundazioak antolatutako jardunaldi batzuetan, zer eta euskalgintzaren erantzun demokratiko eta zilegizkoa indarkeriarekin lotzeko.
Kontutan hartuta Ibarra orain dela gutxi arte Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea izan dela, eta arestian esan bezala, publikatu diren senten tzietan argudio juridikoen pare edo gainetik daudela balorazio politiko eta pertsonalak, hala nola; euskara lehenesteak “oreka linguistikoa urratzen duela” (gaztelera lehenesteak ez, noski), herritarrei lehen hitza euskaraz egitea “desproportzionatua” dela, edo mezuak “guztiek jakin beharreko hizkuntzan” helarazteko gomendioa (hau da, gaztelania garbian), argi eta garbi ondorioztatu daiteke olatu erreakzionario horren azpitik ura eta marea zentzu oso jakin batean mugitu dela, alderdi batzuek botoen bidez lortu ez dutena horrela erdiesteko.
2015ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Tsunamiei buruzko Kontzientziazioaren Munduko Eguna izendatu zuen azaroaren 5a, baina aurten, eta ageriko arrazoiengatik, azaroaren 4an ospatuko da, Bilboko kaleetan. Euskararekin bat, eta euskaraz bat.
☉ Hego Uribe
Langabezian dauden eskualdeko 10 gaztek praktika ordainduak egingo dituzte sei hilabetez bertoko enpresatan
Beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da
Langabezian dauden eskualdeko 10 gazte kontratatuko dituzte aurten Nerbioi Ibaizabal eskualdeko enpresetan lan egiteko.
Praktika ordainduak izango dira, eta beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da.
Ordaindutako praktika hauek egin nahi dituzten gazteek ondoko baldintzak bete behar dituzte: Nerbioi Ibaizabal eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea; Lanbiden enplegu eskatzaile bezala izena emanda egotea; unibertsitate titulua, erdi mailako nahiz goi mailako prestakuntza zikloa, hirugarren mailako doktoregoa edo profesionaltasun ziurtagiria izatea edota azken urteko ikaslea izatea; jasotako prestakuntzarekin lan esperientziarik ez izatea, edo lan esperientzia hiru hilabetetik beherakoa izatea; eta 18 eta 29 urte artean izatea (26 eta 29 urte bitartean Gazte Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute).
Beka hauen helburua gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea da, beren lanbide heziketarekin edo prestakuntza akademikoarekin lotuta dauden eskualdeko enpresetan esperientzia hartuz.
Hauek dira programa honetan parte hartuko duten eskualdeko enpresak: IK–Ingurumenaren Kideak Ingeniería, S.L. (Basauri), Camp Tecnológico–Argi Ventures S.L. (Basauri), Asesoria Etxebarri, S.L. (Etxebarri), Euskal Korreo Postal Mailing, S.L. (Etxebarri) eta Dinosa, S.A.L. (Galdakao).
Irekita dago dagoeneko programa honetan parte hartzeko eskaera epea. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena.
Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Urduña eta Orozkoko udalek sustatzen dute programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatearen laguntzarekin. Kudeaketa Novias Salcedo Fundazioarena da.
☉ Hego Uribe
Urte berriarekin batera Abando-Urduña tren ibilbidearen kudeaketa Eusko Jaurlaritzak hartu du
Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da
Urte berriarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako hainbat transferentzia gauzatu dira.
Horien artean, Hego Uriben eragin nabaria duen bat dago: Renferen C3 linearen kudeaketa, Bilbotik Urduñara doan tren ibilbidearena, alegia, gure eskualdea zeharkatzen duena, Basauritik Ugaoraino.
Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da.
Esku aldaketa horretaz harago, hainbat dira Renfetik azken hilabeetan iragarri dituzten hobekuntzak: alde batetik, Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez.
Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.
Bestetik, Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dute, eta 84 trenetik 92ra pasako dira.
Asteburuen kasuan, aldiz, 55etik 76ra.
☉ Hego Uribe
‘Yodög arraintxoa’ abusuen kontrako ipuinak urtea bete du, 16.000tik gora deskargekin eta hezkuntzan bide luzea eginez
Zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun.
‘Yodög arraintxoa’ abusuak pairatu, salatu eta indartuta agertzen den arrain baten istorioa da. Gaur urtebete argitaratu zuen GEURIAk. Ordutik ibilbide luzea izan du: zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun. Ikastetxe bakoitzak bere liburuxkak sortu, digitalean egokitu edo afixak egin ditu eta sareetan argazkiak eskegi edo egileei bidali dizkiete, albiste honen irudi nagusian ikus daitekeen bezala.
Bi basauriarrek sortu dute gazteei eta nerabeei zuzendutako ipuina: Pepe Godoyk idatzi eta Jon Spinarok ilustratu. Biak ala biak han hemenka izan dira aurkezpenak, hitzaldiak eta bilerak egiten. Lau haizeetara zabaldu dute eta hasieratik GEURIAn jarri dute konfiantza euskarri nagusia izan dadin. Horregatik, beheko esteka honetan jaitsi daiteke PDF formatuan ipuin osoa:
🐟 🐙 YODÖG ARRAINTXOA 🐳 🦀
➡️ DESKARGATU HEMEN ⬅️
Ipuina zazpi hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, italieraz, frantsesez eta alemanieraz. Euskarazko itzulpena Iñigo Isuskizak egin du, katalanera Yolanda Vigarrek itzuli du, Ainhoa Chascok ingelesera, Naiara Pérez Etxabek italierara, Yolanda Cantero Vegak frantsesera eta Mascha Karlitskayak alemanierara. GEURIAko zuzendari izandakoa eta gaur egun edizio-lanak egiten dituen Jon Villapunek egin du diseinu eta maketazio lana. Erabilera ez komertziala librea da. Ipuinaren idazlearekin harremanetan jar daiteke helbide elektroniko honetara idatzita.
Mirian Alonsoren oroimenez idatzi du ipuina Pepe Godoyk. Mirianek, Pepek bezala, sexu-abusuak pairatu eta salatu zituen. 2022ko martxoan zendu zen Mirian. Pepe Godoy basauriarrak 2018an salatu zuen eskola futbolean sexu abusuak pairatu zituela entrenatzaile batek partetik. Ondoren, entrenatzaile beraren aurkako salaketa gehiago etorri ziren. Hala ere, Baskonia Futbol Eskolak ez zuen entrenatzailea -eta idazkaria- kargutik kendu. Adin txikiko baten salaketari esker, entrenatzailea epaitegietara eraman eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2021ean. Baskonia Futbol Eskolak izena aldatu zuen eta gaur egun Baskauri Futbol Eskola da.
Modu batera edo bestera, ‘Yodög arraintxoa’ ipuinean laguntzeagatik Fran Gonzálezi, Nerea Careagari eta Yoli Calongeri esker onak eman dizkio Pepe Godoyk.
☉ Hego Uribe
‘Civis’ zerbitzuak tren maiztasun handituko du Hego Uribeko herrietan 2025ean
Zerbitzu berri honen trenek Miribillan, Bidebietan, Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak eta zazpi minutu laburtuko du gaur egungo zerbitzua
Renfek Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez. Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.
Izan ere, 2025eko urtarrilaren 7an martxan ipiniko den zerbitzu berri honen trenek Miribillan (Bilbo), Bidebietan (Basauri), Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak. Horrela, gaur egungo 52 minutuko bidaia 45era laburtuko du Renfek.
Guztira 16 bidaia egingo dituzte tren hauek egunero, zortzi Urduñarako noranzkoan eta beste zortzi, Bilboranzkoan.
Egunero, gehiago
Gainera, Renfek iragarri du aldaketak egingo dituela ohiko eguneroko zerbitzuko maiztasunean: zerbitzua 05:00etan hasiko da eta azken trena 23:35etan izango da, 30 minutuko maiztasunarekin.
Horrek eragina izango du bereziki asteburu eta jaiegunetan eta 55 zerbitzuetatik 76ra handituko dela iragarri dute tren enpresatik. Lanegunetan ere handituko dute tren zerbitzuaren maiztasuna, 84 zerbitzuetatik 92ra haziz.
Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dela azaldu dute Renfetik ere. Tren horiek geltoki guztietatik igaroko dira. “Asteburuetan momentura arteko tren zerbitzuak mantenduko ditugu eta maiztasuna 30 minutukoa izango da”, argitu dute Renfetik.
Gabonetako ordutegiak
Egun batzuk barru urteroko ordutegi bereziak ipiniko ditu Renfek. Abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra, Gabonak direla eta, Bilbo-Urduña C3 linearen maiztasuna jaitsi egingo dute. “Egun horietan bidaiari gutxiago egoteak murrizketa eragiten du, eskaintza eskarira egokitzeko”, azaldu dute Renfeko ordezkariek.
Hilaren 24an eta 31n, azken trenak 21:05ean abiatuko dira Bilbotik eta 21:34an Urduñatik. 25ean, lehen trena 10:35etik aurrera egongo da martxan, eta urte berriko egunean, berriz, zerbitzua 07:05ean hasiko da.
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko 24 eragilek bat egingo dute Bilbon etxebizitza eskubidearen alde deitu duten manifestazioarekin
Abenduaren 14an, larunbatez, manifestazioa deitu du Bilbon Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, “etxebizitza eskubidea bermatzeko”. Manifestazioa 13:00etan izango da plaza Biribiletik (Abando).
Euskal Herriko 180 eragilek atxikimendua eman diote manifestazioari. Tartean, Hego Uribeko 24k: Galdakaoko, Ugaoko eta Usansoloko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ); Berdez Bizi; Sagarrak talde ekologista; Arrigorriaga Harrera; Emakumeak Aniztasunean Elkartea; Arrigorriagako Gazte Asanblada; Lamintxu Gazte Asanblada; Txarraska Gaztetxea; Zeberioko Gazte Elkartea; Zizpa Gazte Konpartsa; Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkartea; Galdakao TEAyuda; Galdakaoko Herriko Benta; Redes Aperribai; Soinuarri; Kakitzat Koordinadora Antimilitarista; Basandere Emakume Elkartea; Batu Elkarlaguntza Sarea; Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea; Kontseilu Sozialista; Itaia; eta Gazte Koordinadora Sozialista (GKS).
“Etxebizitza negozioa den bitartean inoiz ez da eskubidea izango. Etxebizitzaren negozioa da arazoaren erantzulea, eta horren aurrean, espekulatazaileen kontura urgentziazko neurriak har daitezela eta euren poltsikoak diru publikoz ez betetzea eskatuko dugu. Arazo estrukturala gainditzeko doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde borrokatu behar dugu”, diote Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Saretik.