Sareak

☉ Hego Uribe

Ondareak bizirik dirau Hego Uribe eskualdean

Ondarearen Europako Jardunaldiek 13 kultura-jarduera eskainiko dituzte urrian zehar Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zaratamon. Hitzaldiak, dokumentalak, bisita gidatuak eta tailerrak eta jolasak antolatu dituzte

|

Desagertutako baserri bat Basaurin (1985) // Basauriko udal artxiboa

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu beste urte batez Bizkaiko Foru Aldundiak. Ohi bezala, urrian izango dira jardunaldiok eta Hego Uribe eskualdean hamaika kultur-jarduera eskainiko dituzte: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zaratamon. Aurtengo leloa ‘Ondarea Bizirik’ da eta hitzaldiak, tailerrak, bisita gidatuak, jokoak, argazki eta ikus-entzunezkoen erakusketak, ikuskizunak eta dokumentalen proiekzioak izango dira urrian zehar Hego Uribe eskualdean.

Ohiturak eta sinesmenak

Urriaren 25ean, asteazkenarekin, ‘Arrigorriagako eta inguruko ohiturak eta sinesmenak’ hitzaldia eskainiko du euskaraz Manu Etxebarria zeberioztarrak Arrigorriagako Edurne Garitazelaia Kultur Etxean, 19:00etatik 20:30era.

“Oraingo honetan, Manu Etxebarria Aiestaren eskutik, gure herriko eta inguruko sinesmen eta ohituretan barrena bidaiatzea proposatzen dizuegu. Bere hitzaldian, gure arbasoek beren ingurunea nola ulertzen eta erlazionatzen zuten, nola bizi eta babesten ziren, ondare hori nola sortu den eta urteetan zehar eskualdatu den aberastasun immaterial hori nola sortu den azalduko digu”, diote antolatzaileek, hau da, Malmasingo Lagunak taldeko eta Arrigorriagako Udaleko ordezkariek. Hitzaldiari buruzko informazio gehiago nahi duenak malmasingolagunak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake.

Altxor ezkutuak

Basaurin bi jarduera antolatu dituzte: bisita gidatu bat, batetik, eta argazkien eta ikus-entzunezkoen erakusketa bat, bestetik. ‘Basauriko altxor ezkutuen bila’ bisita gidatua urriaren 29an, igandez.“Ibilbide honetan ondo baino hobeto ikusiko dugu urteen joan-etorrian Basaurik izan duen aldaketa. Lehengo baserri, soro eta arboladiak ia guztiz galdu dira. Basauri nekazaritza-herri izatetik industrialde handiz eta eraikin altuz beteriko hiri izatera pasatu da oso denbora gutxian. Arizko Dorretxean hasi eta Taberna Nagusian amaituko da sorpresaz betetako ibilbidea. Azalpenak jasotzeaz gain, pista-joko baten bidez, ume, gazte eta nagusiekin ibilbide bat egingo dugu Basauriko ondarean barrena”, diote Basauriko udal ordezkariek. Bisita gidatua Arizko Dorretxean hasiko da 11:00etan, eta bi hizkuntzetan izango da: euskaraz eta gaztelaniaz.

Bestetik, urriaren 9an, 10ean eta 11n ‘Basauri martxan, basilabasilabasilaba’ izeneko argazkien eta ikus-entzunezkoen erakusketa antolatu du Bizkotxalde egoitzak bere zentroan (Uribarri 7), 11:30etik 16:30era bitartean. “Basauriko San Fausto jaiak izango direla aprobetxatuta, argazki erakusketa bat antolatuko dugu jaiei inguruan: festen hasiera, tradizioak, kuadrillak eta auzoetan nola bizitzen zituzten. Halaber, herriko adinekoen testigantzak aurkeztuko ditugu proiekzio baten bidez: beren garaian jaiak nola bizitzen zituzten eta egunotan nola bizitzen dituzten kontatuko digute”, diote. Senideak, herritarrak eta herriko erakundeak gonbidatuko dituzte. Jarduera honen inguruko informazio gehiago nahi duenak 944 050 000 telefono zenbakira dei dezake.

Gizarte-sare “sendoa”

Etxebarrin ‘Etxebarri bizirik!’ izeneko jardunaldiak antolatu ditu Udalak urriaren 20tik 22ra bitartean. “Ekitaldi honen helburua Etxebarrin dugun gizarte-sare sendoa elkartu eta herritarrei erakustea da. Hainbat talde eta elkarteri luzatu diogu parte hartzeko gonbidapena. Hilabeteetan landu den prozesuaren emaitza izango da urriko ekitaldi hau. Etxebarrin tradizio luzea edo ez hain luzea duten gizarte zein kultura arloko diziplinak erakutsiko ditugu horretarako propio antolatuko den eszenatokian: dantza, musika, aisialdi taldeak, gizarte mugimenduak…”, diote udal arduradunek. Informazioa eskatzeko 944 267 005 telefono zenbakia eta kultura@etxebarri.eus helbide elektronikoa herritarren eskura jarri dituzte.

Auzoetako bitxikeriak

Galdakaon bi dokumental ekoitzi ditu Udalak Bigite elkartearen laguntzarekin. Zabalea eta Bengoetxe-La Troka auzoei buruzko dokumentalak dira eta Jesus Muñiz galdakoztarra egon da lan horren atzean. “Bizimoduaren erritmo azkarrak eta globalizazioak gure bizitzen agertokia berdindu egiten dute, eta gure lehenaldia, berriz, lausotu egiten da, protagonistak desagertu ahala. Zabalea eta Bengoetxe-La Troka auzoetako bitxikeria eta jazoera ezezagunetako batzuk bildu eta zabaltzeko asmoz, bi dokumental proiektatuko dira herritarren istoriotxo handiak ezagutzera emateko. Ondoren, belaunaldien artean partekatuko dira, jendearen hitzen bitartez”, azaldu udal ordezkariek.
Urriaren 8an, 17an eta 31n Zabaleari buruzko dokumentala proiektatuko dute Torrezabalen (hilaren 8an 12:00etan eta 17an eta 31n 19:30ean), eta urriaren 10ean, 24an eta 29an Bengoetxe-La Trokakoa (hilaren 10ean eta 24an 19:30ean eta 29an 12:00etan). Sarrerak eskuratzeko 944 010 528 telefono zenbakira dei dezakete herritarrek.

Hiru tutuko iturriaz

‘Zer da Hiru hodietako iturriaren bolari buelta emateko ohitura?’ hitzaldia eta familientzako tailerra antolatu dute Ugaon urriaren 27rako (ostirala), 17:00etatik 18:30era Jane Jauregian. “Plazan, Kale Zaharrean —garai bateko Errege Bidearen zatia izan zena—, hiru tutuko iturria dago. XX. mendearen hasieratik bolari bira bat emateko tradizioa dago, herriko jaiei amaiera emateko, ziklo baten amaieraren ikur gisa nolabait, eta 70eko hamarkadaz geroztik ohitura hori jai-programan sartzen da. Tradizioaren arabera, bolari bira emateko ardura herriaren onerako ekintzaren bat egin duen ugaotar bati dagokio: eskailera batera igo eta iturriaren goialdean dagoen bola hiru aldiz biratzen du”, diote Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentroko arduradunek. Hitzaldira eta tailerrera bertaratu nahi duenak 946 480 704 telefono zenbakira deitu edo kultura.ugao@ortzadar.es helbide elektronikora idatzi behar du.

Zero kilometroko ondarea

Zaratamon, Galdakaon bezala, Jesus Muñizek dokumental bat ekoitzi du. “XXI. mendearen bereizgarri diren bizi-erritmo azkarrak eta globalizazioak gure inguru hurbilaren oroitzapenak eta berezitasunak desagerraraz ditzakete. Gure iraganeko gertaera eta pasadizo ezezagunetako batzuk gogora ekartzeko asmoaz, dokumental bat egingo dugu herritarren istoriotxo handiei protagonismoa emanez. Ondare bizia, benetako 0 Km, belaunaldi guztiekin partekatu nahi duguna”, diote. Dokumentala urriaren 20an proiektatuko dute Elexaldeko Kultur Etxean, eta urriaren 28an Arkotxako San Bizente parrokian; biak 19:30ean.

Beste alde batetik, Gaztek-Abi elkarteak Arkotxako Pasio Biziaren erakusketa eta entseguak antolatu ditu Bilboko Eleiz Museoan. Erakusketa urriaren 3tik 29ra bitartean ikusi ahal izango da, eta entseguak urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an egingo dituzte 17:00etatik 18:30era bitartean. Entseguak ikusi nahi dituztenek aldez aurretik izena eman behar dute 944 320 125 telefono zenbakira deituz.

☉ Hego Uribe

Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari

Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia

|

Basconia eta Padura futbol taldeak // Geuria

Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.

Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.

Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea

Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin

|

Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.

Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira

Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik

|

Itziar Atienza 'Entrevías' telesaileko hirugarren denboraldian eta Itziar Ituño 'Touré Detektibea' telesailean // Geuria

Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.

Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.

Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.

Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.

Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.

Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei

Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte

|

Eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an // Argazkia: James Gathany, Wikipedia

Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.

2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.

Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.

Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.

Osasun Publikoko arazotzat

Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.

Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.

Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.

Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.

Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute

Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake

|

Abuztuaren 3a arte dago zabalik alegazioak aurkezteko epea // Irekia

Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.

Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.

Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen  2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.

Osorik irakurri