Sareak

☉ Hego Uribe

Programa / Ondarearen Europako Jardunaldiak 2023 / Hego Uribe

Ondarearen Europako Jardunaldiek 13 kultura-jarduera eskainiko ditu urrian Hego Uribe eskualdean

|

Galdakaoko argazki zahar batzuk // Bizkaiko Foru Aldundia

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatuko ditu beste urte batez Bizkaiko Foru Aldundiak. Ohi bezala, urrian izango dira jardunaldiok eta Hego Uribe eskualdean hamaika kultur-jarduera eskainiko dituzte: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zaratamon.

Aurtengo leloa da ‘Ondarea Bizirik’ eta hitzaldiak, tailerrak, bisita gidatuak, jokoak, argazki eta ikus-entzunezkoen erakusketak, ikuskizunak eta dokumentalen proiekzioak izango dira urrian zehar Hego Uribe eskualdean.

Bizkaiko Ondarearen Euopako Jardunaldien aurkezpena // Bizkaiko Foru Aldundia

Ondarearen Europako Jardunaldiak 2023 / Egitaraua

Hauek dira urrian zehar Hego Uribe eskualdean Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu dituzten jarduerak:

Arrigorriaga

Urriak 25, asteazkena
Hitzaldia: Arrigorriagako eta inguruko ohiturak eta sinesmenak
19:00-20:30 Edurne Garitazelaia Kultur Etxea
Hizkuntza: Euskara

Oraingo honetan, Manu Etxebarria Aiestaren eskutik, gure herriko eta inguruko sinesmen eta ohituretan bidaiatzea proposatzen dizuegu. Bere hitzaldian, gure arbasoek beren ingurunea nola ulertzen eta erlazionatzen zuten, nola bizi eta babesten ziren, ondare hori nola sortu den eta urteetan zehar eskualdatu den aberastasun immaterial hori nola sortu den azalduko digu.

Antolatzailea: Malmasingo Lagunak eta Arrigorriagako Udala
Sarrerak eta informazioa: malmasingolagunak@gmail.com

Basauri

Urriak 29, igandea
Bisita gidatua (solasaldiak eta jokoak barne): Basauriko altxor ezkutuen bila
11:00 Arizko Dorretxea
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Ibilbide honetan ondo baino hobeto ikusiko dugu urteen joan-etorrian Basaurik izan duen aldaketa. Lehengo baserri, soro eta arboladiak ia guztiz galdu dira. Basauri nekazaritza-herri izatetik industrialde handiz
eta eraikin altuz beteriko hiri izatera pasatu da oso denbora gutxian. Arizko Dorretxean hasi eta Taberna Nagusian amaituko da sorpresaz betetako ibilbidea. Azalpenak jasotzeaz gain, pista-joko baten bidez, ume, gazte eta nagusiekin ibilbide bat egingo dugu Basauriko ondarean barrena.

Antolatzailea: Basauriko Udala
Sarrerak eta informazioa: ondareabizkaia.eus

Urriak 9, 10, 11
Argazkien eta ikus-entzunezkoen erakusketa: Basauri martxan, basilabasilabasilaba
11:30-16:30 Bizkotxalde egoitza (Uribarri 7)
Hizkuntza: Gaztelera

Basauriko San Fausto jaiak izango direla aprobetxatuta, argazkierakusketa bat antolatuko dugu jaiei buruz: festen hasiera, tradizioak, kuadrillak eta auzoetan nola bizitzen zituzten. Halaber, herriko adinekoen testigantzak aurkeztuko ditugu proiekzio baten eskutik: beren garaian jaiak nola bizitzen zituzten eta egunotan nola bizitzen dituzten kontatuko digute.

Antolatzailea: Bizkotxalde egoitza. Senideak, herritarrak eta herriko erakundeak gonbidatuko dituzte
Sarrerak era informazioa: 944 050 000 / ondareabizkaia.eus

Etxebarri

Urriak 20, 21, 22
Jardunaldiak, ikuskizunak eta erakusketak: Etxebarri bizirik!
Herriko gune batzuk
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Ekitaldi honen helburua da, Etxebarrin dugun gizarte-sare sendoa elkartu eta herritarrei erakustaraztea. Elkarte eta talde desberdinei egin zaie gonbidapena parte-hartzeko. Hilabeteetan landuko den prozesuaren emaitza izango da urriko ekitaldi hau. Etxebarrin tradizio luze edo ez hain luze duten gizarte, kultura arloko disziplina anitzak erakutsiko ditugu horretarako propio antolatuko den eszenatokian: dantza, musika, aisialdi taldeak, gizarte mugimenduak…

Antolatzailea: Etxebarriko Udala
Sarrerak eta informazioa: 944 267 005 / kultura@etxebarri.eus

Galdakao

Urriak 8, igandea
Dokumentala: Galdakao, kontaiguzu zure istorioa! (Zabalea)
12:00 Torrezabal Kultur Etxea
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Urriak 10, 24
Dokumentala: Galdakao, kontaiguzu zure istorioa! (Bengoetxe-La Troka)
19:30 Torrezabal Kultur Etxea
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Urriak 17, 31
Dokumentala: Galdakao, kontaiguzu zure istorioa! (Zabalea)
19:30 Torrezabal Kultur Etxea
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Urriak 29, igandea
Dokumentala: Galdakao, kontaiguzu zure istorioa! (Bengoetxe-La Troka)
12:00 Torrezabal Kultur Etxea
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Bizitzaren erritmo azkarrak eta globalizazioak gure bizitzen agertokia berdindu egiten dute, eta gure lehenaldia, berriz, lausotu egiten da, protagonistak desagertu ahala. Zabalea eta Bengoetxe-La Troka auzoetako bitxikeria eta jazoera ezezagunetako batzuk bildu eta zabaltzeko asmoz, bi dokumental proiektatuko dira herritarren istoriotxo handiak ezagutzera emateko. Ondoren, belaunaldien artean partekatuko dira, jendearen hitzen bitartez.

Antolatzaila: Galdakaoko Udala eta Bigite
Sarrerak eta informazioa: 944 010 528 / ondareabizkaia.eus

Ugao

Urriak 27, ostirala
Hitzaldia eta familientzako tailerra: Zer da Hiru hodietako iturriaren bolari buelta emateko ohitura?
17:00-18:30 Jane Jauregia
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Plazan, Kale Zaharrean —garai bateko Errege Bidearen zatia izan zena, hiru tutuko iturria dago. XX. mendearen hasieratik, bolari bira bat emateko tradizioa dago, herriko jaiaren amaiera emateko, ziklo baten amaieraren ikur edo, eta 70eko hamarkadaz geroztik, ohitura hori jai-programan sartu zen. Tradizioaren arabera, bolari bira emateko ardura herriaren onerako ekintzaren bat egin duen ugaotar bati dagokio: eskailera batera igo eta iturriaren goialdean dagoen bola hiru aldiz biratzen du.

Antzolatzailea: Ugao-Miraballesko Historia eta Ingurumena Interpretazio Zentroa
Sarrerak eta informazioa: 946 480 704 / kultura.ugao@ortzadar.es

Zaratamo

Urriak 20, ostirala
Dokumentala: Zaratamo, kontaiguzu zure istorioa!
19:30 Elexalde Kultur Etxea
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

Urriak 28, larunbata
Dokumentala: Zaratamo, kontaiguzu zure istorioa!
19:30 Arkotxako San Bizente parrokia
Hizkuntza: Euskara eta Gaztelera

XXI. mendearen bereizgarri diren bizi-erritmo azkarrak eta globalizazioak gure inguru hurbilaren oroitzapenak eta berezitasunak desagerraraz ditzakete. Gure iraganeko gertaera eta pasadizo ezezagunetako batzuk gogora ekartzeko asmoaz, dokumental bat egingo dugu herritaren istoriotxo handiak protagonista izanda. Ondare bizia, benetako 0 Km, belaunaldi guztiekin partekatu nahi duguna.

Antolatzailea: Zaratamoko Udala eta Bigite Elkartea
Sarrerak eta informazioa: 946 710 052 / zaratamo.com / ondareabizkaia.eus

Urriak 3-29
Arkotxako Pasio Biziaren erakusketa: Pasio Biziaren backstagea
10:30-13:30 Bilboko Eleiz Museoa (astelehenetan itxita)
Hizkuntza: Gaztelera

Urriak 7, 14, 21, 28
Arkotxako Pasio Biziaren entseguak: Pasio Biziaren backstagea
17:00-18:30 Bilboko Eleiz Museoa
Hizkuntza: Gaztelera

Urtero legez, Arkotxan urrian hasiko da Aste Santua, aurten ere, jada 55 urte bete dituen Pasio Bizidun herrikoia ospatzeko lehenengo pausoen eskutik. Oraingo honetan, ezohizko, ekitaldi ikusgarri horren prozesu luzea jendaurrean izango da aurrenekoz. Baina ez Arkotxan baizik eta Bilboko Eleiz Museoan. Han, 2024ko ekitaldiaren entseguak ikusteko aukera izango da. Aldi berean, ondare bizi horren historia xehe-xehe ezagutzeko aukera egongo da erakusketa sutsu baten bidez.

Antolatzailea: Eleiz Museoa eta Gaztek-Abi Kultur Elkartea
Sarrerak eta infirmazioa: eleizmuseoa.com / pasionvivientearkotxa.com // Entseguak ikusteko erreserbak: 944 320 125 (astelehenetik ostiralera, 10:30-13:30)

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko mendizaleak Untzuetara igotzeko deitu dituzte Nafarroaren egunean

11:30ean hamaiketako herrikoia prestatu dute eta 12:00etan aurreskua eta ekitaldia antolatu dute maiatzaren 25ean

|

Untzueta // Geuria

Maiatzaren 25ean Nafarroaren Eguna ospatuko dute Untzueta gazteluan eta gailurrean, urtero lez, jarduera bi prestatu dituzte. 11:30ean hamaiketako herrikoia prestatu dute eta 12:00etan aurreskua eta ekitaldia antolatu dute.

Iazko maiatzean GEURIAn aipatu lez, Aitzol Altuna ikerlariak La tenencia del valle de Orozko liburuan azaldu bezala, mendiaren inguruak (Hego Uribe barne) Nafarroako Erresumaren parte ziren 1199-1200 urteen artean gaztelarrek konkistatu zituztenera arte. “Guk jatorri historiko eta lurraldekotasun hori gogora ekarri nahi ditugu”, diote antolatzaileek.

GEURIAk Gure Gerrak izeneko monografikoa argitaratu zuen 2022an (PDFa hementxe irakur daiteke), eta bertan kontatzen diren istorioen artean Jentilak Untzuetan boloetan jolastu zutenean izeneko erreportajea kontatzen da. Erreportajeak mitologia eta historia uztartzen ditu Arrankudiagako Txomin Egiluz ikertzailearen eta Juan Manuel Etxebarria etnolinguista galdakoztarraren eskutik.

Untzuetan, bilin-boloka

Orain dela mila urte inguru, XI. mendean, Nafarroako Erresuma indartsua zen garaietan, Bizkaia ere barruan zegoelarik, gotorleku txiki bat eraiki zuen Untzuetako jauntxoak mendiaren tontorrean. Estrategikoki kokatuta zegoen, handik Urduñako haitzak, Malmasin, Gorbeia, Murgia… eta ia Bizkaia erdia ikus daiteke.

Txomin Egiluz: “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako, besteak beste”

“Geroago, zonaldea Nafarroaren menpe egotera igaro zenean, gotorleku hura handitu eta sendotu zen”, azaldu du Txomin Egiluzek (Arrankudiaga, 1951). “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako, besteak beste”.

Txomin Egiluz Sagastizabal // Geuria

Urteek aurrera egin ahala gero eta garrantzi handiagoa zeukan Untzuetako gotorlekuak. Harresiak eta alboko sarrera berezia eraiki zituzten (erasoak hobeto saihesteko). XIV eta XV. mendeak benetan azpimarragarriak izan ziren gotorlekuarentzat bertan izandako batailengatik: Pedro I ‘Krudela’ Gaztelatik etorri zen On Tellori jarraika.

On Tello gotorlekuan ezkutatu zen eta Gaztelako tropen setioak hiru hilabete baino gehiago iraun zuen. Goarnizio batek gotorlekua gau eta egun zaintzen zuen beheko aldetik. Pedroren erasoa 1.351n izan zen baina lehenago, 1.334an Alfonso XI.aren erasoari eutsi zion Untzuetako postu jagoleak.

Untzuetako gaztelua // Orozkoko museoa

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Basaurik, Etxebarrik eta Galdakaok parte hartuko dute ‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioan

|

'Eutsi kirolari, gogor euskarari!' txapelketaren bigarren edizioa Balmasedan izango da aurten, iaz Basaurin antolatu ostean // Basauriko Udala

‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioa antolatu dute maiatzaren 25ean, larunbatez. Iaz, lehen edizioa Basaurin izan zen, eta aurten Balmasedako pilotalekuan izango da (10:00-14:30).

Bigarren edizioan krosa, hockeya eta txirrindularitza ginkanak antolatu dituzte eta Balmasedako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko eta Santurtziko gaztetxoek parte hartuko dute.

“Kirolean ere euskara praktikatzeko ohitura hartzeko eta, hainbat kirol eginez, euskararekin lotutako esperientzia positiboak eskaintzeko antolatu dugu ‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioa”, adierazi du Markel Baroja Laita (Bilbo, 1996) Ebete hizkuntza-zerbitzuko kideak.

Hain zuzen ere, Ebetek antolatu du jarduera Enkarterriko Mankomunitatearekin batera, eta ekimenak Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko, Santurtziko, Urduñako, Orozkoko eta Balmasedako udalek laguntzen dute.

‘Eutsi kirolari, gogor euskarari!’ txapelketaren bigarren edizioan 12 taldek hartuko dute parte, 100 jokalari baino gehiagorekin.

Euskara kalera

“Uste dugu euskara eskolatik edo eremu formaletik atera behar dela eta haur eta gazteek euskara egoera positiboekin lotu behar dutela eta ez soilik eskolarekin. Gaur egun, haur eta gazte gehienek kirola egiten dute, beraz, uste dugu funtsezko eremua dela euskara bultzatzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko, bizipen positiboen bidez eta euskaraz egiteko aukera gehiago eskainiz”, dio Barojak.

Iazko abenduan Markelekin batu ginen GEURIAko kazetariok eta proiektuak Hego Uribe eskualdean duen ohiartzunaz berba egin genuen. Erreportajea esteka honetan duzu irakurgai.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Tuberkulosi kasu baten jarraipena egiteko testak burutuko dituzte Arrigorriagako eta Ugaoko ikastetxeetan

Familiak jakinaren gainean daude, eta asmoa kutsatutako pertsonaren kontaktuen azterketa egitea dela adierazi du Osasun Sailak

|

Maiatza eta ekaina bitartean egingo dituzte testak / Osakidetza

Lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Osasun Sailak kaleratu duen oharrean, “dagoeneko tratamendua jasotzen ari den eskola-komunitateko kide batean tuberkulosi kasu bat detektatu ondoren”. Zehaztu dutenaren arabera, “pertsona horren kontaktu estuen azterketak agerian utzi du ez dagoela inolako kutsadurarik”.

Hala ere, eta protokoloak zehazten duenari kasu eginda , testak egingo dituzte Arrigorriagako Eskolan eta Ugaoko ikastetxean maiatza eta ekainean zehar. Dagoeneko gutuna igorri zaie familiei, arreta telefonoa dute eskuragarri, eta hurrengo egun eta asteetan bilerak egingo dituzte prozedura zehatzago azaltzeko.

Hori horrela, eta  “prebentzioagatik” , nahiz eta “ikasleen eta gainerako langileen esposizio-denbora oso laburra izan den arren eta kaltetutako pertsonak FFP2 maskara erabiltzen zuen arren”, kontaktuen azterketa eskola-eremura zabalduko du Osakidetzak.

Halaber, zera gogorarazi nahi izan dute: “Tuberkulosiaren gaixotasuna, normalean, ez da larria gure inguruan, eta tratamendu egokiarekin sendatzen da; airearen bidez kutsa daiteke eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, gaixotasun hori kutsatzeko, biriketako gaitza duten pertsonekin elkarbizitza estua eta luzea izan behar da; beraz, kasu honetan, kutsatzeko arriskua txikia da”.

Bukatzeko, Osasun Sailak “lasaitasunerako” mezua zabaldu nahio izan du: “izan ere, prebentzio-protokoloak egitea ohikoa da, tuberkulosia ez da aparteko gaixotasuna eta, beraz, esperientzia dauka ezarritako prozeduretarako. Gainera, Osasun Publikoaren eta Osakidetzaren jarduketa azkarra eta koordinatua nabarmendu du, erregistratutako kasua detektatzeko, tratatzeko eta kontrolatzeko, eta, aldi berean, prebentzio-protokoloa abian jartzeko”.

 

 

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIA Basauriko eta Galdakaoko Euskara Planen lanketan ari da herrietako eragileekin batera

Hurrengo urteetako Euskara eta Erabilera Planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

|

Basauriko eta Galdakaoko lan mahaiak / Geuria

Bi udalerrietako euskararen egungo egoera abiapuntutzat hartuta, hurrengo urteetako euskara eta erabilera planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

Basauriren kasuan, euskarari buruzko udalerriko datu soziolinguistikoak aztertu dituzte, azken urteetan euskara sustatzeko planaren barruan egindako ekintzak baloratu, eta hobetzeko proposamenak jaso. Batzar sektorialak ere egin dira, eta  atzo, maiatzak 9, plan berria garatzeko lan bilera egin zuen Udalak eragile ezberdinekin, GEURIA bertan zela.

Galdakaoko Udalari dagokionez,  euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa (AROA) diseinatzen ari dira. Planak Galdakaoko gizartearen beharrei erantzun nahi die eta gizartea eraldatzeko tresna izan nahi du, euskararen ekosistema osoan eragina izan dezaketen erronkak definituz eta bere eginez, euskararen hizkuntza komunitatea zabaltzeko eta ahalduntzeko bidean.

Hori horrela, atzo  planaren balorazioa egin zen, otsaila-martxoan egindako galdetegiaren datu nagusiak aztertu ziren, eta galdera baten bueltan aritu ziren partaideak, tartean GEURIA: euskararen egoerak zelako izan beharko luke 2034. urtean?

Hurrengo pausoak ere zehaztuta daude, bai Basaurin eta bai Galdakaon:

GALDAKAO

• Maiatzaren 23an, 18:30ean, Torrezabaleko erakusketa gelan. Planaren helburu nagusien aurkezpena egingo da.

Aurkezpenaren ostean, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hartuko du hitza hizkuntza-eskubideez hitz egiteko. Eta bukatzeko, erakunde biek hitzarmena izenpetuko dute, aurrera begira elkarrekin eman ditzaketen urratsak aztertze aldera.

BASAURI

• Ekainak 1ean, 10:30ean, Solabarria plazan Open topaketa. Bertan orain arteko prozesuaren ondorioak azalduko dira, eta plan berria aurkeztuko da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko Rally 48 taldeak VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du

Eskualdeko laukoteak lau kontzertu eskainiko ditu estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan, VSB Tour 24 sariarekin

|

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Arrigorriagako Chois eta Mark-L, Galdakaoko M. Sanchez eta Etxebarriko Quiet-Gk VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi dute Rally 48 izeneko bandarekin eta sari modura VSB Tour 24 esperientzia biziko dute: lau kontzertu eskainiko dituzte estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan. Gainera, Rally 48 taldeak, lehiaketan sariak jaso dituzten Kalipotxo, Mikosis, S.A.D (Sistemak Arriskutsuak Dira), Markos García eta Gydeon taldeekin batera Mikel Amundarain eta Andoni Barinaga musikarien aholkularitza-saioak jasoko dituzte.

VillaSounBilbaoko azken kontzertua joan den apirilaren 25ean eskaini zuen Rally 48k eta zapore onarekin utzi zituen bandako kideak. Taldekoak, kideak baino lagun onak dira. Horrela azaldu dio behintzat GEURIAri Mark-L arrigorriagarrak: “Betidanik gustatu zaigu musika eta VillaSoundean izena emateko aukera zegoela ikustean elkartzea erabaki genuen”, aitortu du eta sariak taldearen esperientziarako oso “positiboak” zirela gehitu du. “Bira edo tour bat egitea, jaialdi batean kantatzea… sari oso deigarriak ziren eta lehiaketan parte hartzea esperientzia itzela izan da. Eta horixe bera da orain egin behar duguna: taldeari era honetako esperientziak gehitzea”.

Mark-L: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”

Rally 48 eskualdeko lau lagunek osatzen dute eta horietako bi eskualdeko Belardi Rockers proiektutik datoz eta beste biak, beste musika proiektu batetik: “Proiektuak berez hilabeteko ibilera baino ez dauka: duela hilabete bi hasi ginen elkartzen”, dio Mark-Lek. “Asier (Choisy) disko bat kaleratzekoa zen eta ni EP bat prestatzen ari nintzen, horrela, zenbait lagun elkartu ginen disko bat kaleratzeko”. Hasiera batean kide bi zirenak Rally 48 izeneko laukoteean bihurtu zen eta egun batzutara izen bereko lehen diskoa kaleratu berri du. Bertan hiriko soinuak, popa, rocka eta rumba uztartzen dituzten eskualdeko musikariek, “erritmo freskoak eta urbanoak”.

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Eta orain zer?

VillaSoundBilbao lehiaketa irabazita, ikusgarritasuna lortzea da taldearen hurrengo helburua: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”.

156 taldek eman dute izena aurtengo VillaSoundBilbao lehiaketan eta horietatik 12k kontzertuak eskaini zituzten Bilborocken. 12 horietatik seik sari bat irabazi dute: VSB Tour 24 (Rally 48), BIME Live (Kalipotxo), Aste Nagusia (Mikosis), Musika Bulegoa (S.A.D), Bilbao Basket (Markos García) eta Lokal Session (Gydeon).

Osorik irakurri