→Hego Uribe

Bideoa | Hego Uribeko 58 pentsiodun Gasteizen izan dira Legebiltzarraren aurrean

Euskal Herriko Pentsidunen Mugimenduak elkarretaratzea egin du gaur Gasteizen, Legebiltzarreko atarian. Guztira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.200 lagunek egin dute bat kontzentrazioan, eta Hego Uribe eskualdetik 58 pentsiodun bertaratu dira: Basauritik, Galdakaotik eta Ugaotik.

Gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko eskaera egin dute beste behin ere pentsiodunek: “Gure ustez, osagarri horrek 1935etik 1960ra bitartean jaiotako belaunaldiekin egindako bidegabekeria konpontzen du, bereziki emakumeak baitira pentsio txikienak jasotzen dituztenak. Guretzat, funtsean, lehentasun eta borondate politiko kontua da. Pertsona guztiei, adinekoei eta pentsiodunei barne, bizi-baldintza duinak lortzeko aukera ematea gobernuaren edozein ekintzaren lehentasuna izan beharko litzateke. Horregatik, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko eskaria planteatzen dugu, Euskadiko Segurtasun Zentroaren diru-sarrera nahikoen irizpideak betetzeko lehen urrats gisa”, diote Euskal Herriko Pentsidunen Mugimendutik.

Bestetik, EAEko langile eta pentsiodunei “pentsio publiko duin eta nahikorrak” bermatzeko beharrezkoak diren ekimenak onartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari: “Urrats bat eman behar da eskaera horiek EHPMren aldarrikapen izateari utz diezaioten eta gizarte bidezkoagoa, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean oinarrituta, eta solidarioa eraikitzeko oinarri bihur daitezen, bizi-baldintza duinak lortzeko eskubidea ez baita adinarekin iraungitzen”, diote.

Azkenik, Legebiltzarrean ponentzia bat sortzea proposatu dute pentsiodunek, “gure pentsioen murrizketak eta mehatxu berriak gelditzeko neurriak hartzeko”, diote. Ildo horretan, EHPMk bilerak izan ditu EAJrekin, EH Bildurekin, Elkarrekin-Podemosekin eta PSErekin. “Gure errebindikaziorik premiazkoenak dagoeneko onartu behar dira. Gobernatzen duenak pentsio publikoak defendatu egiten ditu”, aldarrikatu dute.

52 hilabete borrokan

Pentsiodunek 52 hilabete daramate kalean borrokan; lau urte baino gehiago. “Pentsio Solidarioen eta Banaketaren Sistema Publikoaren alde borrokan gaude, gaur egungo eta etorkizuneko pentsiodunentzat, eta gizarte osoaren babes irmoa eskatzen dugu, egia bihur daitezen”, diote Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik. Eskualdean astelehenero elkarretaratzeak egiten dituzte udaletxeen aurrean, esaterako, Basaurin eta Galdakaon.

Hauek Gasteiztik GEURIAra bidali dizkiguten argazkiak:

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak