☉ Hego Uribe
Hego Uribeko Rally 48 taldeak VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du
Eskualdeko laukoteak lau kontzertu eskainiko ditu estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan, VSB Tour 24 sariarekin
Arrigorriagako Chois eta Mark-L, Galdakaoko M. Sanchez eta Etxebarriko Quiet-Gk VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi dute Rally 48 izeneko bandarekin eta sari modura VSB Tour 24 esperientzia biziko dute: lau kontzertu eskainiko dituzte estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan. Gainera, Rally 48 taldeak, lehiaketan sariak jaso dituzten Kalipotxo, Mikosis, S.A.D (Sistemak Arriskutsuak Dira), Markos García eta Gydeon taldeekin batera Mikel Amundarain eta Andoni Barinaga musikarien aholkularitza-saioak jasoko dituzte.
VillaSounBilbaoko azken kontzertua joan den apirilaren 25ean eskaini zuen Rally 48k eta zapore onarekin utzi zituen bandako kideak. Taldekoak, kideak baino lagun onak dira. Horrela azaldu dio behintzat GEURIAri Mark-L arrigorriagarrak: “Betidanik gustatu zaigu musika eta VillaSoundean izena emateko aukera zegoela ikustean elkartzea erabaki genuen”, aitortu du eta sariak taldearen esperientziarako oso “positiboak” zirela gehitu du. “Bira edo tour bat egitea, jaialdi batean kantatzea… sari oso deigarriak ziren eta lehiaketan parte hartzea esperientzia itzela izan da. Eta horixe bera da orain egin behar duguna: taldeari era honetako esperientziak gehitzea”.
Mark-L: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”
Rally 48 eskualdeko lau lagunek osatzen dute eta horietako bi eskualdeko Belardi Rockers proiektutik datoz eta beste biak, beste musika proiektu batetik: “Proiektuak berez hilabeteko ibilera baino ez dauka: duela hilabete bi hasi ginen elkartzen”, dio Mark-Lek. “Asier (Choisy) disko bat kaleratzekoa zen eta ni EP bat prestatzen ari nintzen, horrela, zenbait lagun elkartu ginen disko bat kaleratzeko”. Hasiera batean kide bi zirenak Rally 48 izeneko laukoteean bihurtu zen eta egun batzutara izen bereko lehen diskoa kaleratu berri du. Bertan hiriko soinuak, popa, rocka eta rumba uztartzen dituzten eskualdeko musikariek, “erritmo freskoak eta urbanoak”.
Eta orain zer?
VillaSoundBilbao lehiaketa irabazita, ikusgarritasuna lortzea da taldearen hurrengo helburua: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”.
156 taldek eman dute izena aurtengo VillaSoundBilbao lehiaketan eta horietatik 12k kontzertuak eskaini zituzten Bilborocken. 12 horietatik seik sari bat irabazi dute: VSB Tour 24 (Rally 48), BIME Live (Kalipotxo), Aste Nagusia (Mikosis), Musika Bulegoa (S.A.D), Bilbao Basket (Markos García) eta Lokal Session (Gydeon).
☉ Hego Uribe
Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari
Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia
Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.
Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.
Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.
☉ Hego Uribe
Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea
Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin
Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.
Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.
Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.
Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.
Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.
Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.
☉ Hego Uribe
Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei
Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte
Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.
2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.
Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.
Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.
Osasun Publikoko arazotzat
Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.
Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.
Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.
Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.
Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.
☉ Hego Uribe
Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake
Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.
Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.
Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen 2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.