☉ Hego Uribe
Rockein lehiaketak Hego Uribe eskualde osora ireki du tokiko artistarik onenaren saria bere 12. edizioan
Gaur bertan martxan jarri dute Rockein musika lehiaketaren 12. edizioan parte hartzeko prozesua, Hego Euskal Herriko bakarlari eta musika talde berriak bilatzeko lehiaketa, alegia.
Euskadiko eta Nafarroako talde edo bakarlari interesdunek izena eman dezakete gaurtik uztailaren 11ra arte: “Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu, azaroaren 16an, larunbata, Basauriko Social Antzokian arituko direnak”, azaldu dute Rockeinetik. Azaroaren 16an ospatuko den finalean bertan epaimahaiak 2024ko edizioko talde irabazleak iragarriko ditu.
Aurten nobedadeekin dator lehiaketa. Lehiaketaren tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaltzen du bere estaldura-eremua. Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute. Ildo horretan, GEURIA Rockeinen komunikabide ofiziala izango da, aurreko urteetan eman zaion babesa indartuz, lehiaketak eskualde osoaren aldeko apustua egin eta gero.
Social Antzokiko finalera tokiko 3 talde igaroko dira (sari nagusia irabazteko 3 hautagaiez gain), eta horietako bat, gutxienez, Basaurikoa izango da beti. Tokiko sariaren irabazleak bideoklip baten grabazioa jasoko du sari gisa, aurreko edizioekiko berritasun moduan.
Parte hartzeko baldintzen artean daude: Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaiotako edo bertan bizi den taldekide bat izatea, gutxienez; tokiko banda onenaren saria eskuratu ahal izateko Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako taldekide bat izatea, gutxienez; Eskarabilera saria eskuratu ahal izateko taldeko kideen % 50a gutxienez emakumeak izatea; taldekideak 16 urtetik gorakoak izatea; izena emateko unean ez izatea disko bat baino gehiago argitaratuta, kontratu diskografiko bati lotuta dagoen edo ez kontuan hartu gabe; abestiak originalak izatea; musika-estilo guztiak onartzen dira; eta aurretik Rockeinen izena emandako talde guztiek edizio berri honetan parte hartzeko aukera dute, baldin eta aurrez aipatutako baldintzak betetzen badituzte. Dagoeneko irabazle izan diren taldeek ez dute sarituak izan ziren kategoria berean errepikatzeko aukerarik izango.
Lova Lois, iazko irabazlea
Kategoria nagusiko irabazleak ere bideoklip bat grabatuko du, Bilboko El Tigre estudioetan 5 abestiz osatutako EP bat grabatzeaz gain. Lehiaketako lau kategorietako proposamen irabazle guztiek ordaindutako kontzertua emango dute 2025eko MAZ Basauri jaialdian.
Lova Lois iazko irabazleak ‘Todo son señales’ EPa eta izen bereko abestiaren bideoklipa aurkeztu ditu gaurko prentsaurrekoan, jasotako sariaren ondorioz ekoiztutakoak biak.
Talentu berriak plazaratzea
Rockeinek 2013an ekin zion bere ibilbideari, “talentu musikal berria detektatzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko beste lehiaketa batzuen lekukoa hartuz”, diote sustatzaileek.
Aurreko egitasmoetako sariei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehitu zien, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzea errazteko. “Urteen poderioz, Rockeinen sariak hobetzen joan gara, eta lehiaketak MAZ Basauri musika-zikloarekin duen lotura finkatu da, biak ere Basauriko Udalak sustatuak”, diote.
“Rockeinek zortzi urte jarraian daramatza bere parte-hartze errekorra hausten. 2023an 191 artistak eman zuten izena. Nabarmentzeko zifra da, lehiaketa hau Euskal Herrian sortzen ari diren artistentzako erreferentzia dela baieztatzen duena. Azken urteotan, Rockeinetik Sara Zozaya, Silitia edo Lova Lois bezalako izenak atera dira. Oso denbora gutxian, promesa gazte izatetik errealitate izatera igaro dira. Rockeinek bilakaera horri bere ekarpen txikia egin diola pentsatzea gustatzen zaigu”, diote.
Modu horretan, aurten lehiaketa indartu du Basauriko Udalak, “tokiko kategoriaren estaldura Hego Uribe osora zabalduz eta tokiko saria hobetuz, bideoklip baten grabaketarekin”, dio Asier Iragorri alkateak, eta gaineratu du: “Azken hau ekarpen eraginkorragoa dela iruditzen zaigu, gaur egun, musika zabaltzeko moduetara eta bizi dugun garaiari egokitzeko. Basaurik musika-talentu berria babesten jarraitzeko konpromisoarekin sendo jarraitzen du”.
☉ Hego Uribe
Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari
Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia
Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.
Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.
Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.
☉ Hego Uribe
Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea
Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin
Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.
Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.
Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.
Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.
Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.
Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.
☉ Hego Uribe
Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei
Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte
Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.
2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.
Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.
Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.
Osasun Publikoko arazotzat
Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.
Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.
Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.
Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.
Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.
☉ Hego Uribe
Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake
Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.
Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.
Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen 2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.