Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Hego Uribe

Zeberiok eta Zaratamok kontsultorioetako lehen arretako zerbitzuaren egungo egoera salatu dute

Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiagako alkateak Zeberioko plazan elkartu dira eta Osakidetzaren “interes falta” salatu dute lehen arretako arazoari aurre egiteko

|

Txutxi Ariznabarreta, Ekain Goti eta Alberto Ugarriza alkateak // Geuria

Gaur goizean Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiagako alkateak Zeberioko udaletxe aurrean elkartu dira Osakidetzak herri txikiei eskaintzen dien arreta salatzeko. Izan ere, Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiaga bezalako herriek ez daukate anbulatoriorik, baina bai erizaintza eta mediku zerbitzuak eskaintzen dituzten kontsultategiak.

Hala ere, urtean zehar, Osakidetzak iragartzen dituen arrazoiak direla eta, zerbitzu horiek ez dira bere osotasunean eskaintzen (batzuetan erizaintza zerbitzua dago baina medikuarena ez, esaterako) eta horrek eragin zuzena dauka Hego Uribeko herrietako herri txikienetako herritarrengan.

“Aspalditik, Osakidetzaren gainbehera agerikoa da eta Zeberioko egoera ez da salbuespena”, izan dira Ekain Goti Zeberioko alkatearen berbak. “Urtean zehar, bereziki oporraldian eta uda garaian hainbatetan egoten da anbulatorioa mediku eta erizain barik”. Herriko alkatearen arabera, anbulatorioa guztiz itxita egon ez arren, bertako zerbitzuak “ez dira behar bezala eskaintzen eta herritarrei ez diete kalitatezko osasuna bermatzen”.

2023an, eta Osakidetzako datuen arabera, kontsultorioa egun bi itxita egun zen (erizain eta mediku barik, alegia), baina mediku barik 61 egun eta erizain barik beste bederatzi egun. Aurtengo lehen hiruhilabetean 13 egun egon dira herritarrak mediku zerbitzu barik. “Aipatutako guztia onartezina da sarritan errepikatzen den egoera baita, promesak promesa arazo honi ez diote irtenbiderik bilatu”, kexatu da Zeberioko alkatea eta osasun sistema publiko, duina eta kalitatezkoa eskatu du.

Zaratamok ere antzeko egoera bizi du gaur egun eta lehen mailako arreta “desmantelatze estrukturala” leporatu dio Alberto Ugarriza alkateak Osakidetzari. Izan ere,  Osakidetzako datuen arabera, Zaratamoko Elexalde auzoko kontsultorioan 60 egunez ez da medikurik egon 2023an: “Hiru hilabete guztira mediku zerbitzu barik”, nabarmendu du Ugarrizak. Arkotxako kontsultorioan 33 egunez falta izan da mediku zerbitzua.

Osakidetzako datuen arabera, Zaratamoko Elexalde auzoko kontsultorioan 60 egunez ez da medikurik egon 2023an

“Ikusten denez, Zaratamoko herritarrok gero eta aukera gutxiago ditugu osasungintza publikoan erreferentziazko medikuarekin egoteko”, gehitu du Zaratamoko alkateak.

Txutxi Ariznabarreta, Ekain Goti eta Alberto Ugarriza // Geuria

Zeberioko herritarrek erreferentziazko medikuarenera joan nahi badute Ugaora jo behar dute eta Zaratamokoek, Arrigorriagara. “Zaratamori dagokionez, landa eremuetan bizi diren herritarrak Arrigorriagaraino mugitu behar dira eta zer esanik ez Arkotxako auzotarren inguruan: Arkotxako auzokideek sekulako itzulia egin behar dute Arrigorriagara joan behar badira, garraiobide publikorik ez daukatelako”.

Alberto Ugarriza: “Osakidetzak ez digu jaramonik egiten. Momentu honetan, Osakidetzaren aburuz gaur egun bizi dugun egoera hau onartu behar dugu”

Zaratamoko udal ordezkariek urtero salatzen dute gaur egun bizi duten egoera hau eta urtez urtez lehen arretako zerbitzuak mantentzeko eskatzen diote Osakidetzari: “Baina alferrik: ez digute jaramonik egiten. Momentu honetan, Osakidetzaren aburuz gaur egun bizi dugun egoera hau onartu behar dugu eta denboraren poderioz egoera txarrera egiten ari da”.

“Azken urteetan, Osakidetza, egoera jakin batzuetaz baliatuz herrietako kontsultorioen zerbitzuak murriztu ditu eta lehen arretako osasun zerbitzuan izugarrizko eragina izan du horrek”, azaldu du Txutxi Ariznabarreta Arrankudiagako alkateak. “Eta ez hori bakarrik, gaur egun bizi dugun egoera normaltzat jotzen ari da”.

☉ Hego Uribe

Langabezian dauden eskualdeko 10 gaztek praktika ordainduak egingo dituzte sei hilabetez bertoko enpresatan

Beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da

|

Langabezian dauden eskualdeko 10 gazte kontratatuko dituzte aurten Nerbioi Ibaizabal eskualdeko enpresetan lan egiteko.

Praktika ordainduak izango dira, eta beka jasoko duten gazteek hilean 871,66 euro gordin jasoko dituzte egunean 6 orduz lan egitearen truke. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da.

Ordaindutako praktika hauek egin nahi dituzten gazteek ondoko baldintzak bete behar dituzte: Nerbioi Ibaizabal eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea; Lanbiden enplegu eskatzaile bezala izena emanda egotea; unibertsitate titulua, erdi mailako nahiz goi mailako prestakuntza zikloa, hirugarren mailako doktoregoa edo profesionaltasun ziurtagiria izatea edota azken urteko ikaslea izatea; jasotako prestakuntzarekin lan esperientziarik ez izatea, edo lan esperientzia hiru hilabetetik beherakoa izatea; eta 18 eta 29 urte artean izatea (26 eta 29 urte bitartean Gazte Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute).

Beka hauen helburua gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea da, beren lanbide heziketarekin edo prestakuntza akademikoarekin lotuta dauden eskualdeko enpresetan esperientzia hartuz.

Hauek dira programa honetan parte hartuko duten eskualdeko enpresak: IK–Ingurumenaren Kideak Ingeniería, S.L. (Basauri), Camp Tecnológico–Argi Ventures S.L. (Basauri), Asesoria Etxebarri, S.L. (Etxebarri), Euskal Korreo Postal Mailing, S.L. (Etxebarri) eta Dinosa, S.A.L. (Galdakao).

Irekita dago dagoeneko programa honetan parte hartzeko eskaera epea. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena.

Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Urduña eta Orozkoko udalek sustatzen dute programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatearen laguntzarekin. Kudeaketa Novias Salcedo Fundazioarena da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Urte berriarekin batera Abando-Urduña tren ibilbidearen kudeaketa Eusko Jaurlaritzak hartu du

Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da

|

C3 linea Basauri, San Migel, Arrigorriaga eta Ugaotik igarotzen da // Geuria

Urte berriarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako hainbat transferentzia gauzatu dira.

Horien artean, Hego Uriben eragin nabaria duen bat dago: Renferen C3 linearen kudeaketa, Bilbotik Urduñara doan tren ibilbidearena, alegia, gure eskualdea zeharkatzen duena, Basauritik Ugaoraino.

Kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena izango den arren, Renfek 2027ko abendurarte dauka kontratua. Ondoren, 2028an, lehiaketa publikoa egingo da.

Esku aldaketa horretaz harago, hainbat dira Renfetik azken hilabeetan iragarri dituzten hobekuntzak: alde batetik,  Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez.

Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.

Bestetik, Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dute, eta 84 trenetik 92ra pasako dira.

Asteburuen kasuan, aldiz, 55etik 76ra.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Yodög arraintxoa’ abusuen kontrako ipuinak urtea bete du, 16.000tik gora deskargekin eta hezkuntzan bide luzea eginez

Zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun.

|

'Yodög arraintxoa' ipuinarekin irakurle, ikastetxe eta ikasleek bidalitako argazkiak

‘Yodög arraintxoa’ abusuak pairatu, salatu eta indartuta agertzen den arrain baten istorioa da. Gaur urtebete argitaratu zuen GEURIAk. Ordutik ibilbide luzea izan du: zazpi hizkuntzara itzuli da, 16.000 deskargatik gora izan ditu geuria.eus atari digitalean eta ehunka ikastetxetan ikasgai dute egun. Ikastetxe bakoitzak bere liburuxkak sortu, digitalean egokitu edo afixak egin ditu eta sareetan argazkiak eskegi edo egileei bidali dizkiete, albiste honen irudi nagusian ikus daitekeen bezala.

Bi basauriarrek sortu dute gazteei eta nerabeei zuzendutako ipuina: Pepe Godoyk idatzi eta Jon Spinarok ilustratu. Biak ala biak han hemenka izan dira aurkezpenak, hitzaldiak eta bilerak egiten. Lau haizeetara zabaldu dute eta hasieratik GEURIAn jarri dute konfiantza euskarri nagusia izan dadin. Horregatik, beheko esteka honetan jaitsi daiteke PDF formatuan ipuin osoa:


🐟 🐙 YODÖG ARRAINTXOA 🐳 🦀
➡️ DESKARGATU HEMEN ⬅️


Ipuina zazpi hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, italieraz, frantsesez eta alemanieraz. Euskarazko itzulpena Iñigo Isuskizak egin du, katalanera Yolanda Vigarrek itzuli du, Ainhoa Chascok ingelesera, Naiara Pérez Etxabek italierara, Yolanda Cantero Vegak frantsesera eta Mascha Karlitskayak alemanierara. GEURIAko zuzendari izandakoa eta gaur egun edizio-lanak egiten dituen Jon Villapunek egin du diseinu eta maketazio lana. Erabilera ez komertziala librea da. Ipuinaren idazlearekin harremanetan jar daiteke helbide elektroniko honetara idatzita.

Mirian Alonsoren oroimenez idatzi du ipuina Pepe Godoyk. Mirianek, Pepek bezala, sexu-abusuak pairatu eta salatu zituen. 2022ko martxoan zendu zen Mirian. Pepe Godoy basauriarrak 2018an salatu zuen eskola futbolean sexu abusuak pairatu zituela entrenatzaile batek partetik. Ondoren, entrenatzaile beraren aurkako salaketa gehiago etorri ziren. Hala ere, Baskonia Futbol Eskolak ez zuen entrenatzailea -eta idazkaria- kargutik kendu. Adin txikiko baten salaketari esker, entrenatzailea epaitegietara eraman eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2021ean. Baskonia Futbol Eskolak izena aldatu zuen eta gaur egun Baskauri Futbol Eskola da.

Modu batera edo bestera, ‘Yodög arraintxoa’ ipuinean laguntzeagatik Fran Gonzálezi, Nerea Careagari eta Yoli Calongeri esker onak eman dizkio Pepe Godoyk.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Civis’ zerbitzuak tren maiztasun handituko du Hego Uribeko herrietan 2025ean

Zerbitzu berri honen trenek Miribillan, Bidebietan, Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak eta zazpi minutu laburtuko du gaur egungo zerbitzua

|

Aldiriakeko tren bat, Arrigorriagara heltzen // Geuria

Renfek Urduña eta Bilbo konektatzen dituen C3 lineako trenen maiztasuna handituko du Civis izeneko zerbitzuaren bidez. Zerbitzu honen ibilbidea C3 lineako berbera izango da, baina trenek geldialdi gutxiago izango dituzte.

Izan ere, 2025eko urtarrilaren 7an martxan ipiniko den zerbitzu berri honen trenek Miribillan (Bilbo), Bidebietan (Basauri), Arrigorriagan, Ugaon, Aretan, Laudion, Amurrion eta Urduñan egingo dituzte geldiuneak. Horrela, gaur egungo 52 minutuko bidaia 45era laburtuko du Renfek.

Guztira 16 bidaia egingo dituzte tren hauek egunero, zortzi Urduñarako noranzkoan eta beste zortzi, Bilboranzkoan.

Egunero, gehiago

Gainera, Renfek iragarri du aldaketak egingo dituela ohiko eguneroko zerbitzuko maiztasunean: zerbitzua 05:00etan hasiko da eta azken trena 23:35etan izango da, 30 minutuko maiztasunarekin.

Horrek eragina izango du bereziki asteburu eta jaiegunetan eta 55 zerbitzuetatik 76ra handituko dela iragarri dute tren enpresatik. Lanegunetan ere handituko dute tren zerbitzuaren maiztasuna, 84 zerbitzuetatik 92ra haziz.

Bilbo eta Laudio arteko lanegunetako tren zerbitzuko maiztasuna 15 minutura laburtuko dela azaldu dute Renfetik ere. Tren horiek geltoki guztietatik igaroko dira. “Asteburuetan momentura arteko tren zerbitzuak mantenduko ditugu eta maiztasuna 30 minutukoa izango da”, argitu dute Renfetik.

Gabonetako ordutegiak

Egun batzuk barru urteroko ordutegi bereziak ipiniko ditu Renfek. Abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra, Gabonak direla eta, Bilbo-Urduña C3 linearen maiztasuna jaitsi egingo dute. “Egun horietan bidaiari gutxiago egoteak murrizketa eragiten du, eskaintza eskarira egokitzeko”, azaldu dute Renfeko ordezkariek.

Hilaren 24an eta 31n, azken trenak 21:05ean abiatuko dira Bilbotik eta 21:34an Urduñatik. 25ean, lehen trena 10:35etik aurrera egongo da martxan, eta urte berriko egunean, berriz, zerbitzua 07:05ean hasiko da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko 24 eragilek bat egingo dute Bilbon etxebizitza eskubidearen alde deitu duten manifestazioarekin

|

Hego Uribeko 24 eragilek atxikimendua eman diote manifestazioari // Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea

Abenduaren 14an, larunbatez, manifestazioa deitu du Bilbon Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, “etxebizitza eskubidea bermatzeko”. Manifestazioa 13:00etan izango da plaza Biribiletik (Abando).

Euskal Herriko 180 eragilek atxikimendua eman diote manifestazioari. Tartean, Hego Uribeko 24k: Galdakaoko, Ugaoko eta Usansoloko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ); Berdez Bizi; Sagarrak talde ekologista; Arrigorriaga Harrera; Emakumeak Aniztasunean Elkartea; Arrigorriagako Gazte Asanblada; Lamintxu Gazte Asanblada; Txarraska Gaztetxea; Zeberioko Gazte Elkartea; Zizpa Gazte Konpartsa; Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkartea; Galdakao TEAyuda; Galdakaoko Herriko Benta; Redes Aperribai; Soinuarri; Kakitzat Koordinadora Antimilitarista; Basandere Emakume Elkartea; Batu Elkarlaguntza Sarea; Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea; Kontseilu Sozialista; Itaia; eta Gazte Koordinadora Sozialista (GKS).

“Etxebizitza negozioa den bitartean inoiz ez da eskubidea izango. Etxebizitzaren negozioa da arazoaren erantzulea, eta horren aurrean, espekulatazaileen kontura urgentziazko neurriak har daitezela eta euren poltsikoak diru publikoz ez betetzea eskatuko dugu. Arazo estrukturala gainditzeko doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde borrokatu behar dugu”, diote Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Saretik.

Osorik irakurri