Sareak

☉ Hego Uribe

Bideoa / Hego Uribe urez gainezka jaiki da gaur

Goizeko lehen orduetan gainezka egin du Ibaizabal ibaiak eskualdeko hainbat herritan (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri). Basauriko Arizen urak pasealekua eta ibaiaren gertuko lorategiak hartu ditu, herritar askoren garajeetara sartuz.

|

Goizeko lehen orduetan gainezka egin du Ibaizabal ibaiak eskualdeko hainbat herritan (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri). Basauriko Arizen urak pasealekua eta ibaiaren gertuko lorategiak hartu ditu, herritar askoren garajeetara sartuz. Etxebarriko Sabino Arana aldeko zubia itxi egin behar izan dute, arriskua ekiditeko. Egunak aurrera egin ahala, ur kopuruak behera egin du eta astiro-astiro euria egiteari utzi egin dio.

☉ Hego Uribe

Udalkutxak 77,6 milioi euro banatuko ditu Hego Uribeko udaletan

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan. Aldundiaren behin-behineko aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago jaso dituzte eskualdeko udalek

|

Lehen aldiz Usansolo sartu du Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxako funtsetan // Geuria

Bizkaiko udalerriek 1.033,65 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik eta Gizarte Zerbitzuen Udal Funtsetatik, hasierako aurreikuspenen aldean 23,3 milioi euro gehiago.

Behin betiko kopuruak hobetu egin ditu urrian Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bileran ekitaldia ixteko egindako aurreikuspenak. Bilera hartan hasierako aurreikuspenarekiko 15,70 milioi euroko gehikuntza aurreikusi zen.

Udalek 2024an izango duten gastu- eta inbertsio-ahalmen handiago hau Bizkaiko zerga itunduek 2023an izandako bilketaren datu onetatik dator.

Hego Uribe eskualdeko udalei dagokienez, 77,6 milioi euro jasoko dituzte. Aldundiaren aurreikuspenarekin konparatuta, 1,8 milioi euro gehiago.

Datuak datu, zenbateko hauek jasoko dituzte Hego Uribeko udalek:

  • Arrigorriaga: 9,2 milioi euro (aurreikuspena baino 211.000 euro gehiago)
  • Basauri: 31,2 milioi euro (aurreikuspena baino 719.000 euro gehiago)
  • Etxebarri: 9 milioi euro (aurreikuspena baino 206.000 euro gehiago)
  • Galdakao (Usansolo barik): 22,3 milioi euro (aurreikuspena baino 422.000 euro gehiago)
  • Ugao: 3,34 milioi euro (aurreikuspena baino 73.500 euro gehiago)
  • Usansolo: 96.302 euro
  • Zaratamo: 1,3 milioi euro (aurreikuspena baino 29.000 euro gehiago)
  • Zeberio: 1,2 milioi euro (aurreikuspena baino 25.000 euro gehiago)

Datuetan ikus daitekeenez, Finantzetako Lurralde Kontseiluak lehen aldiz sartu du Usansolo udal-finantzaketarako foru-funtsei buruzko gaietan. Usansolo, udalerri moduan inskribatu zenetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria da: “Ondorio guztietarako Bizkaiko udal-finantzaketaren sisteman sartu da lehen aldiz Usansolo, autonomia-printzipioari eta finantza-nahikotasunari jarraiki”, diote foru ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Galdakaoko eta Etxebarriko anbulatorioetako erabiltzaileak aztertuko dituzte osasun-tratamenduak diseinatzeko

Azterketaren jarraipena 20 urtez egingo da, eta datu medikoak, biologikoak eta soziodemografikoak jasoko ditu, galdetegien, miaketa fisikoen, proba fisiologikoen eta biomarkatzaileen analisien bidez

|

Galdakaoko anbulatorioan 16 eta 79 urte bitarteko udalerriko biztanleekin jarri dira dagoeneko harremanetan // Barrualde-Galdakao ESI

Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) osasun-ikerketa batean parte hartuko du datozen 20 urteetan, gaixotasun nagusien kausak, horien prebentzioa eta tratamendua aztertzeko.

Proiektu honen helburua da biztanleei eragiten dieten gaixotasun nagusien lehen mailako prebentzioa eta diagnostiko eta tratamendu goiztiarra hobetzeko zehaztapen-estrategiak eta ereduak diseinatzea, Osakidetzako arduradunek adierazi dutenez.

Zehazki, Galdakaoko eta Etxebarriko anbulatorioek hartuko dute parte ikerketan. Koordinaziorako egoitza nagusia Galdakaoko anbulatorioan dago, eta 16 eta 79 urte bitarteko udalerriko biztanleekin harremanetan jarri dira dagoeneko. Aurrerago, Etxebarriko -eta Arratiako bailarako- herritarrak hasiko dira biltzen.

Jarraipen hori 20 urtez egingo da, eta datu medikoak, biologikoak eta soziodemografikoak jasoko ditu, galdetegien, miaketa fisikoen, proba fisiologikoen eta biomarkatzaileen analisien bidez.

Estatu mailan 200.000 pertsonaren parte-hartzea lortzea da helburua, eta datu horiekin, osasunaren faktore erabakigarrien ezagutzan sakondu nahi dute, pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokituko diren osasun-programak eta tratamenduak diseinatzeko.

Herritarren lankidetza, “funtsezkoa”

Osakidetzako arduradunek zehaztu dutenez, herritarren lankidetza “funtsezkoa” izango da proiektu honetan: “Herritarren lankidetza funtsezkoa da. Espero dugu parte hartzen duten osasun-zentroetan artatutako pertsonek proiektuaren potentziala ulertzea, eta horrek herritar guztien osasuna hobetzean eragina izango duela”, dio Pilar Echevarria Galdakaoko Lehen Mailako Arretako Unitateko buruak.

Ildo horretan, Barrualde-Galdakaoko ESItik eta proiektuaren koordinaziotik deia egiten dute herritarrek parte har dezaten: “Zure osasun-zentrotik deitzen badizute, ez izan zalantzarik, eta etorri”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko kiroldegietan egun osoko grebak deitu dituzte bihar, otsailak 6

|

Abenduan eta urtarrilean zenbait lanuzte deitu zituzten sindikatuek // Argazkia: @euke77

Bizkaiko kiroldegietako langileak protestan ari dira abendutik. Eta aldarrikapenen arrazoia da euren hitzarmena berritu nahi dutela.

Abenduaren 11n eta 12an eta urtarrilaren 24an, 27an eta 30ean lanuzteak egin zituzten 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30, eta otsailaren 6an egun osoko greba deitu dute. Bizkaiko kiroldegietako 2.000 langile daude deituta grebara.

Hego Uribe eskualdean, Basauriko, Etxebarriko eta Galdakaoko kiroldegiko langileek aurretik deitutako mobilizazioetan parte hartu dute; Arrigorriagan eta Ugaon, aldiz, ez dute orain arte lanuzterik egin.

Otsailaren 6ko grebari dagokionez, Basaurin igerilekuak itxi beharko dituztela aurreikusi dute Basauri Kirolaketik, “soroslerik ez egoteagatik”, eta kirol ikastaro batzuk bertan behera geratu ahal izango direla aurreratu dute. Galdakaon, Udalak aurreikusi du langileek greba egingo dutela, “baldin eta liskarra lehenago konpontzen ez bada”.

Ugaoko kiroldegiko langileen kasuan ere greba egingo dute otsailaren 6an: “Abenduan eta urtarrilean ez genuen lanuzteetan parte hartu, ez genuelako lanuzte horien berri. Duela gutxi, ordea, ELA sindikatuko ordezkariekin batu ginen eta otsailaren 6an greba egingo dugu”, esan digute. Eta Etxebarrin ere, aurreko lanuzteekin gertatu bezala, langileek greba eguna egin dezate.

Arrigorriagaren kasuan, otsailaren 6an kiroldegia irekita egongo dela aurreikusi dute bertako arduradunek: “Kiroldegiko langile gehienek oso lanordu gutxi sartzen dituzte eta, hortaz, lanuzteak egiten badituzte diru asko galtzen dute”, adierazi diote Arrigorriagako kiroldegiko ordezkariek GEURIAri.

Kudeaketa desberdinak

Basaurin eta Arrigorriagan udalek kudeatzen dituzte instalazioak eta beste enpresa batzuen esku daude bai ikastaroak zein monitoreak (Sport Studio eta Xaker, hurrenez hurren).

Etxebarrin, Galdakaon eta Ugaon enpresa pribatuek kudeatzen dituzte kirol instalazioak eta langileak (Emtesport Etxebarrin eta Guedan Galdakaon eta Ugaon).

Hitzarmena berritzea

Bizkaiko kiroldegietan kudeaketa eta administrazio modu desberdinak egon arren, hitzarmena bera da lurraldeko kiroldegi guztietan.

2022an iraungi zitzaien hitzarmena eta iazko urtarriletik hitzarmen berria negoziatu nahian izan dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, akordiorik erdietsi gabe: “Patronalak planteatzen duen eskaintza langileen aldarrikapenetatik urrun dago”, diote.

“Patronalaren proposamenak ez du erosteko ahalmena bermatzen, proposatutako lanaldi murrizketa ez da asteko 35 orduetara iristen eta langileen gainerako aldarrikapenei ez zaie jaramonik egiten”, salatu dute sindikatuek: “Bizkaiko sektore honetan 2.000 pertsona inguruk egiten dute lan, gehienak udal kiroldegietan, baina baita klubetan, kiroletan, golfean eta abarretan ere. Horiek guztiek merezi dute lan baldintzak hobetzea, are gehiago hitzarmen berrian islatu behar den Kirolaren Lege berria kontuan hartuta”, diote.

Erabiltzaileei dirua itzultzea

Kiroldegietako langileen lanuzteen eta grebaren eraginez, zenbait ikastaro bertan behera utzi zituzten abenduan eta urtarrilean, eta otsailaren 6ko greban egoera bera emango da.

Galdakaoko Udalak, adibidez, erabaki bat hartu du: lanuzteen eraginez ikastaroak galdu dituzten erabiltzaileei diru proportzionala itzuliko die, “ofizioz, gatazka amaitutakoan”, diote, eta gaineratu dute: “Ondoren, Udala bera konponduko da Guedanekin, enpresak bueltatu beharreko diruari buruz”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zeru oskarbiek udaberriko egunsentiak utzi dituzte Hego Uriben

‘Rayleighen dispertsioa’ zeruaren argi gorria azaltzen duen fenomeno optikoa da, eta egun hauetan ikusi dugu Hego Uribeko zeru oskarbietan

|

Zeberioko mendiak, egun hauetan // Geuria

Arraroa egiten da urtarrila hasieran udaberrian izan ohi diren egunsenti gorriak ikustea. Aldaketa klimatikoaren beste ondorioetako bat dugu eta azken egun hauetan eszena itxurosoak utzi dizkigu gure zeruetan.

Zergatik gorri?

Egunsenti eta iluntzeetako kolore gorriek arrazoi zientifiko bat dute eta egusentiak betidanik zein iluntzeak betidanik existitu badira ere John William S. Rayleigh fisikari eta matematikariak azaldu zuen goiz eta gauetan ikusten dugun ikuskizun koloretsu honen arrazoia.

Rayleighek nobel saria irabazi zuen 1904an optikaren esparruan egindako ikerketa lanengatik, argiaren polarizazioaren ingurukoetan bereziki. ‘Rayleighen dispertsioa’ zeruaren argi gorria azaltzen duen fenomeno optikoa da. Horren arabera, eguzki izpiek atmosfera zeharkatzen dutenean, aireko molekulek eta suspentsioan dauden bestelako partikulek norabide guztietan sakabanatzen dituzte.

Upo eta Artanda mendiak, eguzkia irten baino minutu batzuk lehenago // Geuria

Uhin-luzera laburrenak, urdina kasu, uhin-luzera luzeenak baino gehiago barreiatzen dira, gorria bezala. Horregatik, eguzkia zeruan goian dagoenean, argi urdina norabide guztietan barreiatzen da, eta horrek zerua urdina denaren sentsazioa ematen digu.

Zeberioko mendiak // Geuria

Eguzkia posizio baxuagoan dagoenean (egunsenti eta iluntzeetan, alegia) argiak atmosfera gehiago zeharkatu behar du gure begietara iristeko. Horrek esan nahi du argi urdin gehiago barreiatzen dela, eta begietara iristen zaiguna argi urdinaren eta argi gorriaren nahasketa da. Ondorioz, hainbeste barreiatzen ez den argi gorria da nagusi.

Zaratamoko skylinea, gaur goizen // Geuria

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Renfek bideozaintzako sistema adimendunak instalatu ditu Hego Uribeko geltokietan

Arrigorriaga, Bidebieta, Ugao eta Ollargan geltokietan instalatu ditu Renfek bidezaintzako sistema adimenduak

|

Arrigorriagako tren geltokia // Geuria

Renfek bideozaintzako sistema adimendunak instalatu ditu Bizkaiko aldirietako geltokietan. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Arrigorriaga, Bidebieta (Basauri), Ugao eta Ollargan geltokietan jarri dute bideozaintzako sistema berritua.

RS3 proiektuaren barruan (‘Renfe Smart Security Station’) IP kamerak jarri dituzte aipatutako geltokietan segurtasun-kamera analogikoen ordez, eta bideo-analitikako sistema integratu batean CCTV (telebista-zirkuitu itxia) sistemaren bidez jasotako informazioa partekatu ahal izango dute.

Segurtasun-sistema adimendun horri esker, Renfe aldirietako geltokietan gertatzen ari dena denbora errealean ezagutu ahal izango dute.

Proiektua geltoki gehiagotan hedatuko dutela adierazi dute Renfetik, eta azken belaunaldiko zerbitzariak instalatzea eta aldiriko geltokietako sistema eragileak, instalazioak eta elementu digitalak berritzea aurreikusi dute.

Zibersegurtasuneko zundak jartzea ere aurreikusi du Renfek. Helburua da segurtasun digitala eta zibersegurtasuna handitzea.

Proiektu hau Europar Batasunaren Next Generation funtsen barruan kokatzen da eta dagoeneko Estatuko 190 geltokitan instalatu dituzte bidezaintzako sistema adimenduak.

Asmoa da 600 geltokitan ezartzea sistema berritu hori eta inbertsioa guztira 31 milioi eurokoa izango da. ‘Renfe Smart Security Station’ proiektuari hasiera eman zioten 2021ean eta aurreikuspenen arabera 2026ra arte luzatuko da.

Inbertsio gehiago

Euskal Autonomia Erkidegoko geltokiak hobetzeko jarduketen barruan, Renfek beste 9,7 milioi euro bideratuko ditu Bilboko aldirietako C3 linean (Hego Uribe eskualdetik igarotzen den linea).

Renfeko arduradunek zehaztu dutenez, C3 linearen programazio berri bat egingo dute, Bilbo eta Urduña artean. Ibilbide osoan 74 trenen zirkulazioa aurreikusi dute, 30 minutuko maiztasunarekin astelehenetik igandera, 05:00etatik 23:30era bitartean.

Zerbitzu hori Bilbotik Laudiora doazen 56 trenek osatuko dute. Tren horiek Urduñatik datozen trenekin tartekatuko dira, eta 15 minutuko maiztasuna izango dute Abando eta Laudio artean.

Gainera, maiztasun handieneko orduetan, Bilbo eta Urduña artean noranzko bakoitzeko zortzi Civis tren ibiliko direla dute Renfetik (geltoki bakan batzuetan soilik egiten dituzte geldialdiak)

Era berean, puntualtasuna hobetzeko plan bat egin du Renfek, linea horretako aldiriko zerbitzuen fidagarritasuna bermatzen duen ordu-birprogramazio baten bidez.

Bestetik, geltokietako argiztapena, igogailuak, txratelak erosteko makinak, markesinak eta altzariak hobetuko dituzte.

Osorik irakurri