Sareak

☉ Hego Uribe

Jon Gago (psikologoa): “Koronabirusagatik hildakoen familiek dolua jasateko deiak izan dira gehien jaso ditugunak”

Bizkaiko Psikologia Elkargoko kidea da Jon Gago. Psikobizi arreta zerbitzua jarri dute martxan, erabat doan, edozein herritarrek konfinamenduan erabil dezan.

|

/ Utzitakoa

Egunetik egunera itxialdiak eragiten dituen egoera berriak ikusten ari gara. Horietako bat, eragin psikologikoa. Adinaren arabera eragina ezberdina bada ere, batera edo bestera guztioi eragin ditu, eta horiek arintzeko asmoz zerbitzu asko martxan jartzen ari dira. Basauriko Udaleko teknikariek 80 urtetik gorakoei telefonoz deitzen die eta eurekin berba egiten dute: euren egoeraren zein den galdetzen diete, ea zerbait behar duten, erosketa zerbitzuak behar dituzten. Ugaoko Udalak, aldiz, 65 urtetik gorako herritar guztiekin telefonoz berba egiten ari da. Galdakakaoko Udalak arreta sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzua eskaintzen ari da adingabeak dituzten familientzat, konfinamenduak iraun bitartean. Udaleko Gizarte Ekintza Arloko hezitzaile eta psikologoen taldekoek (EISEP) eskainiko dute zerbitzua. Eurekin harremanetan jartzen eise@galdakao.net helbide elektronikoa eta 648 200 272 whatsapp zenbakia daude eskuragarri.

Horiek horrela, Bizkaiko Psikologia Elkargoak Psikobizi doako arreta zerbitzua martxan jarri zuen martxoaren erdialdean. GIPEC larrialdietan berezitutako psikologoek arreta psikologikoa eskaintzen dute: edozein herritarrek erabili dezake, telefono bidez (686 202 918) zein emailez (psikobizi.bizkaia@cop.es). Jon Gago elkargoko psikologoa da eta, besteak beste, konfinamenduaren eragin psikologikoez, errutina bat finkatzeaz edota alarma egoera bukatu ondorengoaz aritzen da zerbitzua erabiltzen duten herritarrekin. Era berean, konfinamendua eramangarria izan dadin aholkuak eman dizkigu.

Hilabetea egin dugu konfinatuta. Hasierako beldurrak, osteko barreak eta oraingo negarrak.
Egoeraren eta pertsonaren araberakoa da hori. Adibidez, ez dauka zer ikusirik landan edo baserrian bizi denaren bizitza, hirian bizi denaren pertsonarekin alderatuta. Era berean, lagun eta senideekin izan beharreko loturak distantzian mantentzea sentipen desberdinak ekarriko dizkigu. Uste dut gomendio ona dela itxialdia luzea edo laburra izango den pentsatu beharrean, gure burua egin beharrekoetan jartzea. Kontrolaezina da egoera hau, beraz, ezin dugu entzungorrarena egin, baina gauza asko gure eskuetan daude eta aldaketak edo hobekuntzak egin ditzakegu, posible den egoera onenean aurrera egiteko.

Eta alarma egoera bukatzen denean, zer? Kostatuko zaigu lehengo bizitzara bueltatzea ala indartsuago itzuliko gara?
Oraindik ere murgilduta gauden krisialdi honen ondoren zer etorriko den ez dakigu. Aldaketak nabariak dira jada eremu askotan: ekonomian, bizikidetzan, kontsumoan… Egoera berria da guztiontzat. Baliteke batzuk konfinamendua amaitu eta ospatzera aterako dira eta beste batzuen kasuan egoera guztiz desberdina izango da senide baten galera izan duenaren agur aproposa bilatuko dutelako, adibidez. Geure barne bileretan honen inguruan hausnartzen gabiltza ere eta ideien artean batzutan entzun daiteke egoera honek “lehengo bizitza” hura goitik behera aldatuko duela etorkizunean. Nork daki?

Etxean itxita egoteak eragin psikologikorik izango du herritarrongan.
Jendarteak nabaritu duen bezala, etxean itxita egoteak badauzka ondorioak. Isolamenduan gero eta egun gehiago pasa, baliteke antsietatearen edo depresioaren inguruko sentipenak jasaten hastea. Baina, beharrezkoa da jakitea horrela sentitzea normala dela.

📊 DATUAK | Koronabirusa | Hego Uribeko datuak herrika

Zelan eragingo die helduei, adin txikikoei, bakarrik bizi direnei edota familian bizi direnei?
Konfinamenduak ez die ondo egiten, adibidez, umeei. Horrek gurasoen eta umeen irudimena asko lantzera behartuko ditu, eta hori izaten ari da familia askoren ardatza seme-alaben aktibitatea eta ikasketa gosea asetzeko. Helduetan, ostera, ariketa fisiko, psikologiko eta emozionalak etxetik lantzeko eskura dugun tresnekin moldatu beharko dira. Etxetik kanpo genituen jokaerak aldatu ditugu, batik bat senideengan edo auzokideengan oinarrituz. Eta bakarrik bizi direnak baliteke triste sentitzea. Horregatik garrantzitsua da egunerokotasun batean lan egitea, ohitura berriak sortu, eta egin beharrekoak ondo planifikatu.

Errutina eta ordutegi bat finkatzea garrantzitsua da orduan.
Oso gomendagarria da, lana egiteko eta denbora pasatzeko ordutegi finko bat edukitzea. Errutina edo ordutegi finko bat izateak ordena ematen dio gure buruari eta, orokorrean, eremu ordenatu batean hobeto moldatzen gara. Interneten hainbat aholku irakur daitezke, baina informazio gehiegi dago, askotan kontraesanak, eta hori ez da ona. Bizkaiko Psikologia Elkargotik aholku hauek proposatzen ditugu: eguna antolatzea eta planifikatzea; informazio egokia eta ofiziala bilatzea; lagunekin, senitartekoekin zein lankideekin modu birtualean harremanetan jartzea; jan, arnastu, mugitu eta ondo lo egitea; sormena lantzea; eta ongizatea lortzeko, lan egiteaz gain, emozioak, pentsamenduak, sentsazioak eta ekintzak orekatzen ikasi behar dugu.

Itxialdiak ondorio positiboak eta negatiboak ditu baina.
Bakardade honek -edo isolamendua hobe esanda-, gure bizitza eredua guztiz kolokan jarri du. Batzuei etxean uneoro egoteak ezinegona sor dezake; beste batzuei, berriz, bakardadeak tristura eragingo die. Beraz, egoerari neurria hartu behar diogu, egoeraren arabera eta pertsonaren arabera. Sentipen hauek guztiak normalak direla azpimarratu behar dugu, egoera bera ezohikoa baita. Baina badago egoera honi ondorio positiboak bilatzeko aukera. Hala nola, senideengan geneukan loturak eta hauen garrantziaz hausnartzeko aukera, edo gure burua zaintzeko aukera: musika ikastea, marraztea, idaztea edota errezeta berriak prestatzea.

Telelanean, langabeengan… horietan ere eragina du itxialdiak, jakina.
Telelana egin behar badugu, etxeko toki konkretu batean eta ordu jakin batzuetan egin behar dugu. Hauek errespetatzea oso garrantzitsua da, bai gure onerako bai gurekin bizi direnentzat. Beste alde batetik, ERTE batengatik lanik gabe geratu direnek egoera hau ez dela betiko izango jakin behar dute. Beraz, pazientziaz eta aholku egokiz hornitu behar gara egunotan.

Bizkaian Psikobizi zerbitzua abiarazi duzue, erabat doan.
Psikobizi Bizkaiko Psikologia Elkargoak finantziatutako doako larrialdi-arreta psikologikoko zerbitzua da. GIPEC larrialdietan berezitutako psikologoek ematen dute zerbitzua. 30 langile daude zerbitzuan lanean eta beste lau koordinazioaz arduratzen dira. Kasu bakoitzaren datuak kudeatu ondoren, esku-hartze telefonikoa egiten dugu, hau da, telefonoz deitzen diogu laguntza behar duenari. Zerbitzua alarma egoera ezarri zenetik, gehien behar duten pertsonenganako arreta eskaintzea zuen helburu (osasun arloko langileak, COVID-19ak jota hil direnen familiak, beste aurrez-aurreko zerbitzuetan lan egiten duten profesionalak…), baina orain gizarte osoari ireki dugu. Edonork erabil dezake.

Jende asko dago zuk aipatu duzun egoeran.
Lehenengo astean jada kontsulta asko izan genituen eta asteek aurrera egin ahala kontsultek gora egin dute, nabarmen. Adibidez, laguntza psikologikoa behar duten osasun langileen eskakizunak izan ditugu, edo aurretik antsietate-nahasmendu edo bestelako nahasmendu psikologikoak jasan duten pertsonen deiak ere bai. Hala ere, COVID-19agatik hildakoen familiek dolua jasateko edo arreta jasotzeko deiak izan dira gehien jaso ditugunak.

Zeintzuk dira profesional batzuek jasaten ari diren presioaren ondorio psikologikoak?
Egoera honetan lan egiten duten pertsonek sentipen desberdinak izan ditzakete: hauskortasun fisiko zein emozionala, bere burua eta senitartekoak ez kutsatzeko beldurra, lana txarto egitea materiala edo tresneria eskura ez izateagatik edota memoriaren galera estres egoera denboran luzatzeagatik. Horregatik, egunotan oso garrantzitsua da zainketa pertsonala bermatzea, gure burua zaintzeko beharrezkoak ditugun detaile txiki horiek mantetzea.

Konfinamenduan arazo psikologikoren bat hedatu dezakeen pertsonaren perfil zehatzik badago?
Ez dago perfil zehatzik. Berez egoera latza da eta horrek pertsonen sentipenetan kalte zuzena eragiten du, pertsonen eta egoeraren arabera, arinagoa edo larriagoa izango da. Baina koronabirusaren inguruko ikerketak gero eta gehiago dira, eta ziur aski, Psikologiak egin beharreko ekarpenak zeresana izango du.

Bestetik, konfinamendua aurretik arazo psikologikoak zituztenak badaude.
Bai. Aurretik arazo psikologikoak dituzten pertsonek arreta psikologikoa jasotzeko aukera ere badute, arreta telematikoa eskaintzen duten psikologoen kasuan behintzat. Arreta psikologikoa telematikoki eskaintzea tresna ezinhobea bilakatu da azkenengo asteotan, eta badaude arreta mota hau eskaintzen duten psikologo asko, behintzat Bizkaian. Era berean, Psikobizi zerbitzua ere eskuragarri dago.

Itxialdia (psikologikoki) eramangarri egiteko aholkuak

☉ Hego Uribe

Tuberkulosi kasu baten jarraipena egiteko testak burutuko dituzte Arrigorriagako eta Ugaoko ikastetxeetan

Familiak jakinaren gainean daude, eta asmoa kutsatutako pertsonaren kontaktuen azterketa egitea dela adierazi du Osasun Sailak

|

Maiatza eta ekaina bitartean egingo dituzte testak / Osakidetza

Lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Osasun Sailak kaleratu duen oharrean, “dagoeneko tratamendua jasotzen ari den eskola-komunitateko kide batean tuberkulosi kasu bat detektatu ondoren”. Zehaztu dutenaren arabera, “pertsona horren kontaktu estuen azterketak agerian utzi du ez dagoela inolako kutsadurarik”.

Hala ere, eta protokoloak zehazten duenari kasu eginda , testak egingo dituzte Arrigorriagako Eskolan eta Ugaoko ikastetxean maiatza eta ekainean zehar. Dagoeneko gutuna igorri zaie familiei, arreta telefonoa dute eskuragarri, eta hurrengo egun eta asteetan bilerak egingo dituzte prozedura zehatzago azaltzeko.

Hori horrela, eta  “prebentzioagatik” , nahiz eta “ikasleen eta gainerako langileen esposizio-denbora oso laburra izan den arren eta kaltetutako pertsonak FFP2 maskara erabiltzen zuen arren”, kontaktuen azterketa eskola-eremura zabalduko du Osakidetzak.

Halaber, zera gogorarazi nahi izan dute: “Tuberkulosiaren gaixotasuna, normalean, ez da larria gure inguruan, eta tratamendu egokiarekin sendatzen da; airearen bidez kutsa daiteke eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, gaixotasun hori kutsatzeko, biriketako gaitza duten pertsonekin elkarbizitza estua eta luzea izan behar da; beraz, kasu honetan, kutsatzeko arriskua txikia da”.

Bukatzeko, Osasun Sailak “lasaitasunerako” mezua zabaldu nahio izan du: “izan ere, prebentzio-protokoloak egitea ohikoa da, tuberkulosia ez da aparteko gaixotasuna eta, beraz, esperientzia dauka ezarritako prozeduretarako. Gainera, Osasun Publikoaren eta Osakidetzaren jarduketa azkarra eta koordinatua nabarmendu du, erregistratutako kasua detektatzeko, tratatzeko eta kontrolatzeko, eta, aldi berean, prebentzio-protokoloa abian jartzeko”.

 

 

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIA Basauriko eta Galdakaoko Euskara Planen lanketan ari da herrietako eragileekin batera

Hurrengo urteetako Euskara eta Erabilera Planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

|

Basauriko eta Galdakaoko lan mahaiak / Geuria

Bi udalerrietako euskararen egungo egoera abiapuntutzat hartuta, hurrengo urteetako euskara eta erabilera planak lantzen eta garatzen ari dira Basauriko eta Galdakaoko Udalak.

Basauriren kasuan, euskarari buruzko udalerriko datu soziolinguistikoak aztertu dituzte, azken urteetan euskara sustatzeko planaren barruan egindako ekintzak baloratu, eta hobetzeko proposamenak jaso. Batzar sektorialak ere egin dira, eta  atzo, maiatzak 9, plan berria garatzeko lan bilera egin zuen Udalak eragile ezberdinekin, GEURIA bertan zela.

Galdakaoko Udalari dagokionez,  euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa (AROA) diseinatzen ari dira. Planak Galdakaoko gizartearen beharrei erantzun nahi die eta gizartea eraldatzeko tresna izan nahi du, euskararen ekosistema osoan eragina izan dezaketen erronkak definituz eta bere eginez, euskararen hizkuntza komunitatea zabaltzeko eta ahalduntzeko bidean.

Hori horrela, atzo  planaren balorazioa egin zen, otsaila-martxoan egindako galdetegiaren datu nagusiak aztertu ziren, eta galdera baten bueltan aritu ziren partaideak, tartean GEURIA: euskararen egoerak zelako izan beharko luke 2034. urtean?

Hurrengo pausoak ere zehaztuta daude, bai Basaurin eta bai Galdakaon:

GALDAKAO

• Maiatzaren 23an, 18:30ean, Torrezabaleko erakusketa gelan. Planaren helburu nagusien aurkezpena egingo da.

Aurkezpenaren ostean, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hartuko du hitza hizkuntza-eskubideez hitz egiteko. Eta bukatzeko, erakunde biek hitzarmena izenpetuko dute, aurrera begira elkarrekin eman ditzaketen urratsak aztertze aldera.

BASAURI

• Ekainak 1ean, 10:30ean, Solabarria plazan Open topaketa. Bertan orain arteko prozesuaren ondorioak azalduko dira, eta plan berria aurkeztuko da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko Rally 48 taldeak VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du

Eskualdeko laukoteak lau kontzertu eskainiko ditu estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan, VSB Tour 24 sariarekin

|

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Arrigorriagako Chois eta Mark-L, Galdakaoko M. Sanchez eta Etxebarriko Quiet-Gk VillaSoundBilbao lehiaketaren laugarren edizioa irabazi dute Rally 48 izeneko bandarekin eta sari modura VSB Tour 24 esperientzia biziko dute: lau kontzertu eskainiko dituzte estatu mailan banda ospetsu baten telonero moduan. Gainera, Rally 48 taldeak, lehiaketan sariak jaso dituzten Kalipotxo, Mikosis, S.A.D (Sistemak Arriskutsuak Dira), Markos García eta Gydeon taldeekin batera Mikel Amundarain eta Andoni Barinaga musikarien aholkularitza-saioak jasoko dituzte.

VillaSounBilbaoko azken kontzertua joan den apirilaren 25ean eskaini zuen Rally 48k eta zapore onarekin utzi zituen bandako kideak. Taldekoak, kideak baino lagun onak dira. Horrela azaldu dio behintzat GEURIAri Mark-L arrigorriagarrak: “Betidanik gustatu zaigu musika eta VillaSoundean izena emateko aukera zegoela ikustean elkartzea erabaki genuen”, aitortu du eta sariak taldearen esperientziarako oso “positiboak” zirela gehitu du. “Bira edo tour bat egitea, jaialdi batean kantatzea… sari oso deigarriak ziren eta lehiaketan parte hartzea esperientzia itzela izan da. Eta horixe bera da orain egin behar duguna: taldeari era honetako esperientziak gehitzea”.

Mark-L: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”

Rally 48 eskualdeko lau lagunek osatzen dute eta horietako bi eskualdeko Belardi Rockers proiektutik datoz eta beste biak, beste musika proiektu batetik: “Proiektuak berez hilabeteko ibilera baino ez dauka: duela hilabete bi hasi ginen elkartzen”, dio Mark-Lek. “Asier (Choisy) disko bat kaleratzekoa zen eta ni EP bat prestatzen ari nintzen, horrela, zenbait lagun elkartu ginen disko bat kaleratzeko”. Hasiera batean kide bi zirenak Rally 48 izeneko laukoteean bihurtu zen eta egun batzutara izen bereko lehen diskoa kaleratu berri du. Bertan hiriko soinuak, popa, rocka eta rumba uztartzen dituzten eskualdeko musikariek, “erritmo freskoak eta urbanoak”.

Rally 48, Bilboroken // Rally 48

Eta orain zer?

VillaSoundBilbao lehiaketa irabazita, ikusgarritasuna lortzea da taldearen hurrengo helburua: “Ahalik eta gehien mugitu eta kontzertuak eskaintzea da gure asmoa, musika berria sortzen dugun heinean. Esperientzia lortzea garrantzitsua da guretzat”.

156 taldek eman dute izena aurtengo VillaSoundBilbao lehiaketan eta horietatik 12k kontzertuak eskaini zituzten Bilborocken. 12 horietatik seik sari bat irabazi dute: VSB Tour 24 (Rally 48), BIME Live (Kalipotxo), Aste Nagusia (Mikosis), Musika Bulegoa (S.A.D), Bilbao Basket (Markos García) eta Lokal Session (Gydeon).

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Iñaki Larrabeiti zaratamarrak 2.500 kilometroko bidaia-solidarioa egingo du bizikletan Almeriara galdakoztar birekin

Bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak Galdakoztar birekin: bost asteko bidaia izango da eta 30 etapetan banatuko dute, helburu solidario batekin

|

Eduardo Traver, Iñaki Larrabeiti eta Pedro Ramirez, Peña Hincadan (Errioxa) // Utzitakoa

Ekainaren 1ean Almeriako Cabo de Gatara abiatuko da Iñaki Larrabeiti (Zaratamo, 1959) bere bizikletarekin, Elkartasunezko Bizikleta Bira burutzeko. “Betidanik maite izan dut txirrindularitza eta zale modura praktikatu dut ere”, azaldu dio zaratamarrak GEURIAri. “Bizikleta gainean bidaia luze bat egiteko gogoa betidanik izan dut . Izan ere, azken urteetan astebeteko irteerak egin izan ditut lagunekin baina inoiz ez naiz harago joan”.

Oraingo honetan bizikletara igo eta 2.500 kilometro egin nahi ditu Zaratamokoak: bost asteko bidaia izango da 30 etapetan banatuta. “Asmoa Kantauri isurialdea zeharkatzea da Galiziaraino eta behin Galizian Portugalerantz jo, hegoalderantz, Faroraino. Portugal atzean utzi eta Andaluziarantz abiatuko naiz”. Etapa bakoitzean 80 kilometro egitea aurreikusten du eskualdeko kirolariak, ondo bidean.

Bidaiaren hasieratik amaiera arte konstante bakarra Iñaki bera izango bada ere, etapa jakin batzuetan eskualdeko txirrindulari batzuk izango ditu bidelagun: Kantauriko isurialdetik Portugaleraino Pedro Ramirez galdakoztarraren laguntza izango du eta Portugaletik Sevillarainoko tartean Eduardo Traver galdakoztarra gehituko zaie pedalei eragiten. Beren ibilbidea egunez egun jarraitzeko eta proiektuaren berri izateko Whatsapp kanal hau zabaldu dute.

Solidaritatea gurpiletan

Baina zer ezkutatzen du bidaia honek? Erronka hau ez dute kirolean zentratu soilik; elkarlaguntza solidario batekin uztartu nahi izan dute abentura honen sortzaileek. Izan ere, Eduardo Traver bidaiaria eta farmazeutikoak Kooperako Ekuma proiektua kudeatzen du: “Kirol erronka hau elkarlaguntza proiektu batekin lotu nahi genuen hasieratik Koopera Euskadi GKEarekin”, azaldu du Larrabeitik.

“Gure ekintza maila bitan sailka daiteke”, gehitu du Eduardo Traverrek: “Alde batetik erabili beharreko materiala eramaten dugu Ginea Bissaura eta bestetik kontsultak eta ebakuntzak egiten bertan”. Gineako taldea anestesista bik, kirurgialari bik, ginekologo bik, oftalmologo bik, erizain batek eta farmazialari koordinatzaile batek osattzen dute. “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”, azaldu du Traverrek. Urtean bidaia bi egiten dituzte bertara eta egonaldiak 15 egunekoak izan ohi dira. Bertara joaten diren langileak boluntarioak dira eta 10 orduko lanaldiak egin ohi dituzte.

Eduardo Traver: “Gaur egun arte 3.800 paziente baino gehiago artatu eta 870 ebakuntza baino gehiago egin ditugu Ginean”

Elkartasunezko Bizikleta Biraren bitartez jasotako dirua 2017tik Ginea Bissaun burutzen ari diren Ekumara bideratuko dute. Horretarako, proiektuan parte hartu nahi dutenek transferentziak bidali ditzakete ES 81 2100 1551 7102 0020 1653 kontura edo BIZUMa 629 252 812 telefono zenbakira.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bidegorria Galdakaoraino eraikitzeko aldarrikapenarekin jarraituko Biziz Bizi elkarteak

|

Apirilaren 27an 27. bizikleta martxa antolatu du Biziz Bizi elkarteak Bilbotik Galdakaora, Etxebarritik eta Basauritik igarota // Bizi Bizi

Bilboko Boluetatik Basauriko Kareagara bitarteko bidegorria eraikitzeko lanek aurrera darraite. Bizkaiko Foru Aldundia ari da lanak egiten eta asmoa da Durangalderaino luzatzea, tartean Galdakaotik igarota. Hala zehazten du iazko martxoan Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onartu zuten Bizkaiko Bizikleta-Bideen Lurralde Plan Sektorialak.

Momentuz Boluetatik Basauriko La Basconiarainoko tartea ari dira egiten, eta horregatik Biziz Bizi elkarteak ‘Bidegorria Galdakaora Orain’ aldarrikapenarekin jarraituko du.

Apirilaren 27an, larunbatez, 27. bizikleta martxa antolatu dute. Hilero bezala, Bilboko Kale Nagusian, Foru Aldundiaren aurrean, hasiko da martxa 11:00etan, eta Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu.

“Bizikletaz joatea gehien gustatzen zaigunaz gozatuko dugu, eta, aldi berean, lagunak egiteko, esperientziak kontatzeko, euskaraz hitz egiteko eta abar aprobetxatuko dugu, hori guztia segurtasun neurri egokiekin, poliziaren laguntzarekin eta musikarekin, musika askorekin”, diote Biziz Bizi elkarteko kideek.

Hiru urte

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, ‘Bidegorria Galdakaora orain!’ lemapean”, dio Alberto Delgado basauriarrak, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

Osorik irakurri