→Hego Uribe

Joseba Elorrietari eta GBGEri ohorezko-aitorpena egin die Eusko Jaurlaritzak, egindako ekintza solidarioengatik

Joseba Elorrieta basauriarra (ezker) eta Alvaro Saiz GBGEko ordezkaria (eskuin) // Irekia

Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduen dominak eta diplomak banatu ditu asteburuan Eusko Jaurlaritzak. Guztira 11 domina eta zenbait diploma banatu dituzte, tartean Hego Uribe eskualdeko herritarrei. Hain zuzen ere, Joseba Elorrieta Mendiola basauriarrari —eta Gorbeako Arraba aterpetxeko guardari— bereizgarri berdeko domina eman dio Jaurlaritzak, “iazko urtarrilaren 2an, 4an eta 5ean Gorbean galduta zebiltzan bi pertsona erreskatatzeko lanetan aktiboki parte hartzeagatik eta menditik jaitsi ezin ziren beste lau mendizale aterpetxean hartzeagatik”.

Joseba Elorrieta basauriarra, Josu Erkoreka eta Rodrigo Gartzia Segurtasun saileko ordezkariekin // Irekia

Bereizgarri berdeko domina, besteak beste, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da. Elorrietaren dominaz gain, beste hamar domina banatu ditu Jaurlaritzak.

Bestetik, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteari (GBGE) plaka-diploma eman dio Eusko Jaurlaritzak, “urriaren 28an, GBGEko hainbat boluntario La Palma uhartera joan zirelako bertako herritarrei Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak teilatu, ate eta leihoetan eragindako errautsa garbitzeko eta erretiratzeko lanetan laguntzeko”.

Alvaro Saiz galdakoztarra, GBGEren izenean jaso zuen plaka // Irekia

Ekitaldia otsailaren 12an izan zen Arkaute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Bertan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, Rodrigo Gartzia Segurtasun arloko sailburuordea eta Fernando Izagirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari galdakoztarra izan ziren. Ohorezko-aitorpen hauen helburua da urtero nabarmentzea Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten taldeen lana, baita larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo moduan nabarmendu diren organizazioak edo pertsonak ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak