Martxoaren 30ean, ostegunez, hasiera emango dio AEKk 20. Korrikari Batzuk lemapean. Otxandion izango du abiapuntua eta Euskal Herriko herri gehienak zeharkatu ondoren, Iruñean bukatuko du ibilbidea.
Tartean, Hego Uribeko udalerrietatik igaroko da euskararen aldeko ekimen erraldoia apirilaren 7an, ostiralez. Hain zuzen, bi alditan pasako da Korrika gure eskualdetik. Lehendabizi, Usansolotik sartuko da gauerdia inguruan: Erletxe (00:03), Ospitalea (00:10), Usansolo (00:24) eta Bediarako bidea hartuko du.
Ondoren, Arratia eskualdeko herrietatik barrena ibili eta gero, Ugaotik (13:30) sartuko da Korrika 20, eta jarraian gurutzatuko ditu Arrigorriaga (14:17), Basauri (14:44), Etxebarri (15:31) eta Galdakao (16:03). Galdakaotik Usansolora egingo du bidea. Zaratamorik ez da pasako Korrika.
