☉ Hego Uribe
[Elkarrizketak] Hego Uribe eskualdeko Korrika Laguntzaileak
AEK euskaltegiak Korrika antoltzeko hainbat laguntzaile ditu Euskal Herriko txoko bakoitzean. Hego Uriben hauek dira BatZuk: Arkaitz Zipitria, Aitziber Berrade, Xabier Zabalo eta Amaia Sierra.

AEK euskaltegiak Korrika antoltzen du bi urtetik behin. Eta horretarako, hainbat laguntzaile ditu Euskal Herriko txoko bakoitzean. Hego Uriben hauek dira BatZuk: Arkaitz Zipitria, Aitziber Berrade, Xabier Zabalo eta Amaia Sierra.
1. Zer egiten duzu Korrikaren alde? 2. Noiztik zara Korrika Laguntzaile? 3. Zuen ekarpenarekin zer lortzen duzue? 4. Zein da gizartearen erantzuna Korrikarekiko? 5. Aurten ere korrika egingo duzu?
ARKAITZ ZIPITRIA – ARRIGORRIAGA
1. Egia esan, ez dut betebeharrik sentitzen, neure borondatez ari naiz eta. Noski, horrek ez du esan nahi zenbait momentutan zamarik sentitu ez dudanik. Dena den, Korrika batzordean biltzen hasi ginenean, Korrika herritik pasako den egunari garrantzia berezia ematea erabaki genuen eta eguna borobiltzen aritu gara, besteak beste. Arrigorriagatik ostiral bazkalorduan pasako dela jakitun, arratsaldean adin guztietako jendea Argala plazan elkartzeko apustua egin dugu. Horregatik, Korrika gurera iristen denetik eguzkia joan arte gozatzeko aukera izango du nahi duenak: taloak, puzgarriak, Osterabe, Gibelurdinek…
2. Oker ez banago, 19. Korrikan murgildu nintzen lehenengoz Korrika batzordean, baina horrek ez du esan nahi ordutik laguntzaileago naizenik. Asko gara, modu batean edo bestean, Korrika laguntzen dugunak.
3. Korrika batzordean elkartu garenok, aipatu bezala, Korrika iristen den egunari indar berezia emateaz gain, Korrika ikusgarri egiten saiatu gara, eta era berean, euskara eta euskaraz bizitzeko nahia. Horretarako, propagandarako ohiko baliabideak erabiltzeaz aparte, Bertso-korrika eta Korrika festa antolatu ditugu. Aipatzekoa da, agian, Korrika festarako aurten sortu dugun lekuko erraldoia. Horren bidez, are parte-hartzaileagoa bihurtu genuen eguna.
4. Milaka eta milaka pertsonak bizi eta babesten dugun aldetik, erantzun ederra iruditzen zait. Bi zentzutan ederra. Batetik, ederra da egunotan Euskal Herriko auzo, herri eta bideek hartzen duten itxura. Eta bestetik, are ederragoa da elkarlanean bizi eta sortzen duguna.
5. Arrigorriagan hasiko naiz eta hankek esango dute non gelditu…
AITZIBER BERRADE – SAN MIGEL, BASAURI
1. San Migelen laguntzen dut, Korrika iragarriz herria kartelez apaintzen dugu (batzuen ustez zikintzen dugu kar kar…), kuestazioa egiten dugu (aurten San Migeleko txistulariek eta trikitilariek alaituta), eskolarekin Korrika Txikia antolatu, auzokideei ahoz-ahoko informazioa eman…
2. Noiztik? Duela 22 urte inguru… Korrika asko, ezta?! Hainbat urtez aritu nintzen AEKn irakasle, eta eskolak emateari utzi ostean laguntzaile jarraitzen dut Korrikan. Euskera , AEK-ko lagunak eta Korrika izugarri maite ditudalako.
3. Denon ekarpenen artean lortzen da Korrika aurrera ateratzea ; nire ekarpena sare handi honen zati txikitxo bat da.
4. Zoragarria, itzela da jendeak Korrikarekiko duen inplikazioa, prestakuntza lanetan, Korrika Kulturalean ….Korrika Txikietan umeen emozioak bereziki hunkitzen nau eta nola ez… Korrika bera pasatzen denean jendearen erantzuna, jarrera…. emozio kolektibo hori ikaragarri polita da.
5. Bai, noski. San Migelen egingo dugu familia osoak. Bilbon ere egingo dugu hainbat tartetxo, asteburuan ere nonbait egingo dugu egun pasa (Oñati, Arrasate…) eta apirilaren 9an Iruñeara!! Topera gozatuko dugu Korrika!!
XABIER ZABALO – GALDAKAO
1. Korrika laguntzaile naiz ikusi nuelako behar bat zutela. Korrika ez dago bakarrik AEKko irakasleen esku eta konturatu nintzen herriak ere parte hartu behar duela. Azken nean, eskualdeko antolatzaileak laguntzen ditut Galdakaoko egitarau kulturalak prestatzen.
2. Txikitatik beti gustatu izan zait Korrikaren inguruan sortzen den giroa. Ondoren, Gazte Konpartsa batean ibili nintzen eta AEKk urtero bezala gutuna bidali zigun Galdakaoko elkartea zen bezala. Hori izan zen nire lehenengo kontua Korrikarekin eta erabat erakarri ninduen.
3. Bi urtero pasatzen da eta urte bakoitza ezberdina da. Batik bat, euskararekiko kontzientzia besteongan piztea lortzen dugu. Horrek ahalbidetzen du Korrikak aurrera egitea.
4. Gizartearen erantzuna Korrikarekiko masiboa da: bihurtu da Euskal Herriko ekimen kultural bat. Nik ikusten dut Euskal Herria osoarena dela, ez bakarrik AEKrena.
5. Noski! Dagoeneko parte hartu dut Galdakaon egin diren zenbait ekitaldietan eta apirilaren 7an ere bertan izango naiz. Gaztea zarenean kilometro bat baino gehiago egitea erraza da, baina gaur egun kilometro bat osorik egitearekin nahiko. Aperribain hasiko naiz aurten eta Galdakaoko herrigunean bukatuko dut.
AMAIA SIERRA – UGAO
1. Urte bi hauetan zehar lanean ibili den jende guztiari eta kolektiboei babesa eta elkartasuna ematea.
2. 19. Korrikan izan zen lehenengo aldia. Txikitatik parte hartu dut eta korrikak beti sortu du ilusioa, elkarlana eta poztasna. Laguntza txikia bada ere aurrera jarraitzeko modu bat da, denok disfrutatzen duguna.
3. Aurreko galderan aipatu moduan elkartasuna eta urte osoan lanean ibili den jende horri eskerrak emateko modu bat. Euren lanagatik disfrutatzen dugulako Korrikako aste magikoa.
4. Gaur egun gizarteak oso ondo erantzuten dio Korrikari. Baina ez gara engainatu behar, korrika egunero da eta euskarak urte osoko babesa behar du. Hala ere, oso ondo dago Korrika parte hartzea ikaragarria izatea. Batzuek aldarrikatzeko, beste batzuek kirola egiteko, beste batzuek parte hartze soilagatik,.. baina oso giro polita sortzen da eta Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugun jendea bagaudela erakusteko modua da, bisualizazioa ematen baitu.
5. Noski baietz! Otxandion izan ginen Korrikaren hasieran. Herrian ere korrika egingo dut eta, nola ez, Iruñean bukaera jaiean ere izango naiz!
☉ Hego Uribe
Trenbidera jausitako zuhaitz batek 30 minutuko atzerapenak eragin ditu Hego Uribeko Renfeko C3 linean
Ezbeharrak atzerapenak sortu ditu distantzia luzeko trenetako joan-etorrietan eta baita C3 lineako aldirietan, oro har

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat trenbidera erori da Ugao eta Laudio artean gaur arratsaldean.
Ondorioz, gutxienez 30 minutuko atzerapenak eragin ditu tren zerbitzuan: bai distantzia luzeko joan-etorrietan eta baita Hego Uribe eskualdetik igaro den C3 linean.
☉ Hego Uribe
Hezur muina ematea ikusarazteko mezua Andaluzian zabaldu dute Ugaoko eta Basauriko txirrindulariek
Arkaitz eta Beñat Santamaria ugaotarrek eta Jose Manuel Rodrigo basauriarrak Leyenda de Tartessos lasterketa gogorrean hartu dute parte, Huelvan

Arkaitz eta Beñat Santamaria anai ugaotarrak, Jose Manuel Rodrigo basauriarrak eta Joseba Urrutikoetxea arrigorriagak pedalkadak ematen jarraitzen dute hezur muina ematearen garrantziaz ohartarazteko.
‘Eman hezur-muina, eman bizitza’ lemarekin txirrindulari taldea sortu dute eskualdeko lau herritar horiek, eta iazko urrian Almeriako Titan Desert proban parte hartu ostean, duela egun gutxi Leyenda de Tartessos lasterketa egin dute Santamaria anaiek eta Rodrigo basauriarrak
—Rafa Yurrebaso galdakoztarrak ere egin zuen lasterketa—.
“Proba oso gogorra izan da, gainera, Andaluzian izan diren ekaitzek are gogorrago egin dute”, diote. Hala ere, pozik daude hezur muina ematearen garrantzia ikusarazi dutelako beste behin ere.
Taldearentzat urteko lehen proba izan da Tartessosekoa, baina ez da bakarra izango: hurrengo erronka Leongo Itzulia BTT izango da, maiatzean. Bertan, laurek hartuko dute parte.

☉ Hego Uribe
Arratiako Korua Usansolotik eta Galdakaotik igaroko da Santa Ageda bezperan
Usansolon goizean izango da Arratiako Korua eta Galdakaon arratsaldean. Ordutegi zehatza jaso dugu albistean

Santa Ageda bezpera izango da bihar, otsailak 4. Eta tradizioa jarraituta, Hego Uribe eskualdean hainbat eta hainbat talde kalera aterako dira koplak abestera.
Era berean, Arratiako Koruaren bisita ere izango dugu eskualdean: Usansolon eta Galdakaon geldialdiak egingo ditu.
Goizeko 08:25ean hasiko du kalejira Koruak Zeanurin eta Arantzazutik, Igorretik, Dimatik, Lemoatik eta Bediatik igaro ostean, Usansolon egingo du geldialdia 10:15ean [2024an Usansolon harrapatu zuen GEURIAk Korua].
Ondoren, Zornotzara joango dira eta handik Bilbora. Bizkaiko hiriburuan 11:30etik 20:00ak arte egongo da Arratiako Korua leku batetik bestera.
Eta, etxerako bidean, 20:40ean eguneko azken geldialdia egingo dute Galdakaon. Iaz Iturrondo plazan ikusi ahal izan genituen [ikusi bideoa].
☉ Hego Uribe
Metroaren 5. Lineako tunel osoaren % 20 hondeatu du dagoeneko ETSk
Sarratu eta Usansoloko ospitalaren arteko iIbilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro hondeatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Metroaren 5. Lineako obrek aurrera darraite. Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalea lotuko ditu eta guztira 6,3 kilometroko ibilbidea izango du geltoki hauekin: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.
Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa ari da obrak egiten, eta adierazi dutenez, lineako tunel osoaren % 20 hondeatu dute dagoeneko: “Ibilbideko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro guztira”, diote.
Iazko apirilean aurreikusi zutenez, tunelak 2028ko azarorako bukatuko dituzte, eta erabiltzaileek 2029ra arte edo 2030era arte ezin izango dute metroa erabili (Galdakaoraino).
Gaur egun, ETS Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian.
“Gainera, haren ondoan ari da eraikitzen etorkizuneko geltokirako bi sarbideetatik bat. Puntu horretan ahokadura hondeatu da eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo hondeaketa-lanak marruskatzeko makinarekin egingo dira. Beste sarbidea ospitalean bertan egongo da”, esan dute.
Sarratu-Aperribai tartea
Sarratu-Aperribai arteko tartean (1.540 metroko ibilbidea) ere esku hartzen ari da ETS, eta hiru puntutan ari dira lanak egiten: Larrazabalen, Sarratun eta Aperribain.
“Larrazabal inguruan errepide berria martxan jarri da eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisteko lanak hasi dira”, diote.
Gainera, gas linea desbideratu dute Larrazabalen: “Gasa kentzeari esker, merkantzien linearen behin-behineko trenbidea desbideratzen hasi ahal izan da, eta, lehen fasean, gaur egun Arcelor-Mittal lantegiari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da. Horrez gain, merkantzien sarea Arcelor-Mittal lantegiarekin lotuko den etorkizuneko trenbidean ari dira lanak egiten. Lantegi hori Basconia lantegi zaharraren inguruan dago. Aurtengo maiatzean irekitzea aurreikusten den lantegirako trenbideko sarbide berria eraikitzeko lanak ere egiten ari dira”, esan dute.
Bestetik, Sarratu inguruan hasi dituzte Matxitxakoko zubia eraisteko lanak, bertan geltoki berria eraiki ahal izateko. Lan horiek bi urtez luzatuko dira eta Basauriko Udalak inguruko trafikoa berrantolatu behar izan du.
Eta, Aperribain auzorako beste sarbide bat jarri dute martxan: “Horrek obrarako sarbideak independizatzea eta bertan bizi direnei eragindako eragozpenak murriztea ahalbidetuko du”, diote.
Aperribai-Galdakao tartea
Aperribai-Galdakao tartean (2,8 kilometro luze) Bengoetxeko eta Galdakaoko geltokiak eraiki behar ditu ETSk. Eta bitartean, larrialdiko aireztapen-galeriak egin dituzte Olabarrietan eta Abusun.
“Olabarrietan, 126 metro luzeran, hondeaketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Halaber, fronte horretatik lineako tunelaren 2.800 metroetatik 287 metroko hondeaketan eta euste-lanetan aurrera egin da”, esan dute.
Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko hondeaketa- eta euste-lanak egin dituzte, hau da, galeria osatzen duten 355 metro guztien % 92 inguru.
“Azkenik, Bengoetxeko geltokian osorik kendu da landare-lurrezko geruza. Orain arte, 46.460 metro kubiko hondeatu dira, hau da, % 57ko aurrerapena. Ostalaritza-guneari dagokion euste-pantaila ere egin da, beste aurrerapen batzuen artean”, diote.
Sailburuaren eta Ahaldun Nagusiaren bisita
Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean bisitatu dituzte Metroaren 5. Lineako obrak.
“Lurraldea kohesionatzen duen proiektua da, eta bere eragin-eremuan bizi edo lan egiten duten pertsona guztiak metro-sisteman sartzen ditu, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Tamaina horretako proiektuei kosta egiten zaie erritmoa hartzea, baina egiten dutenean, duela minutu batzuk egiaztatu ahal izan dugun bezala, obren aurrerapena geldiezina da”, adierazi du Garcia Chueca sailburuak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, hau nabarmendu du: “Dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duen Aldundi honek (guztira 407 milioi euro) metroa luzatzea lehentasuna zela esan zuen bere garaian, trenean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa gura dugulako, pertsonak batuko dituen eta haientzat aukera berriak sortuko dituen mugikortasuna, hain zuzen ere. Duela 30 urte Metroak Bizkaia aldatu zuen. Orain, 5. linea berriak metroak irabazten jarraitzen du, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Eta eskualde hauen konektibitatea nabarmen hobetuta egingo du, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako”.
☉ Hego Uribe
‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte Basaurin eta Galdakaon
Jaialdia martxoaren 21ean izango da Durangon. Sarrerak salgai daude Basaurin eta Galdakaon

‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdia antolatu dute martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat musikarik elkarlanean sortutako kultur ekimena da, eta helburua da “Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerrora ekartzea”.
Musika nagusi izango da jaialdian, eta dagoeneko honako artistek eta taldeek parte hartuko dutela jakinarazi dute: Anari, Belako, Bengo, Borla, Chuleria Joder!, Dena, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Lukiek, Malakias, Ødei, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta.
Gainera, bertsolariak, bakarrizketak eta dantza ere izango dira jaialdian. Eta, izen gehiago iragartzeko daudela adierazi dute antolatzaileek.
Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 edo 25 euroan. “Ekimen honen helburua erresistentzia sustengatzea denez, bi prezio dituzue aukeran. Ez dago alderik sarreran, ekarpen ekonomikoak baizik. Ekitaldi solidarioa izanik, bakoitzak bere ahalmenaren edo nahiaren arabera erabaki dezala zenbatekin lagundu nahi duen Palestinaren aldeko borroka eta errepresioaren aurkako kutxa”, diote.
Hego Uribe eskualdean Basaurin eta Galdakaon jarri dituzte sarrerak eskuragarri: Fissions eta Berezi tabernetan Basaurin, eta Zurrut tabernan Galdakaon.









