Sareak

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko ludoteka zerbitzuek ikasturtea hasiko dute iraila eta urria artean

Eskualdeko ludotekek iraila eta urrian artean zabalduko dituzte ateak. Ugaon, Basaurin eta Arrigorriagan oraindik ere izena emateko epea zabalik dago.

|

arrigorriaga umeak 2016 ludoteka

Eskualdeko ludotekek iraila eta urrian artean zabalduko dituzte ateak ikasturte berrian. Dagoeneko Galdakao eta Zaratamo hasi dira ludoteken zerbitzua eskaintzen.

Galdakaoren kasuan, 3 eta 11 urte bitarteko haurrei dago zuzenduta zerbitzua eta hilero egitaraua argitaratzen dute. Momentu honetan, 800 haur inguruk eman du izena zerbitzu honetan, baina jarduerak adin-tarte horretako ume guztientzat zabalik daude. Zaratamon Elexaldeko eta Arkotxako Kultur Etxeek eskaintzen dute ludoteka zerbitzua 2 eta 6 urte bitartekoentzat.

Izena emateko epea zabalik: Etxebarri, Ugao, Basauri eta Arrigorriaga

Etxebarriko ludoteketan (5-9 urte) ikasturtea irailaren 18an hasiko da eta izen-emateak hilaren 13an eta 14an egin ahal izango dira Metakal zein Kultur Etxean.  

Ugaoko  ludoteka zerbitzuan (4-7 urte) izena emateak eta ordainketak hiruhilero egiten dira. Zentzu horretan, ikasturteko lehen hiruhilekoan (irailaren 19tik abenduaren 21era) izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 17ra arte. Zozketa eta onartutakoen zerrenda irailaren 18an argitaratuko dute. Bigarren txanda urtarrilaren 9tik martxoaren 22ra bitartekoa izango da eta hirugarrena apirilaren 10etik ekainaren 21era. Ugaon erroldatuta daudenek 3 euro ordainduko dituzte hiruhilabe bakoitzeko, eta kanpokoek 60 euro.

Basauriko ludoteketan (4-12 urte) izena emateko epea zabalik dago hilaren 19ra arte eta ikasturtea urrian hasiko da maiatzera arte. Onartuen zerrenda irailaren 21ean kaleratuko dute eta matrikula ordaintzeko epea hilaren 22tik 27ra bitartean egongo da zabalik. Astean 3 eguneko ludoteka zerbitzuagatik 96 euro ordaindu beharko dira, 64 euro bi egunengatik eta 32 euro egun bakarragatik. Urriaren 2an emango diote hasiera ikasturteari.

Arrigorriagako ludoteka zerbitzua urriaren 4an hasiko da eta hiru talde egongo dira Lonbon (4-10 urte) eta bi Abusun (4-11 urte). Irailaren 22ra arte irekita egongo da izena emateko epea. Eskaintzen direnak baino eskabide gehiago badaude, zozketa egingo dute irailaren 28an eta hilaren 29an behin betiko zerrenda publikatuko dute Kultur Etxeko iragarki-taulan eta Abusu Zentro Soziokulturalean. Matrikula urriaren 11ra arte ordaindu ahal izango da. Arrigorriagarrek 20 euro ordainduko dituzte eta bertan erroldatuta ez daudenek 30 euro.

☉ Hego Uribe

Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari

Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia

|

Basconia eta Padura futbol taldeak // Geuria

Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.

Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.

Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea

Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin

|

Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.

Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira

Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik

|

Itziar Atienza 'Entrevías' telesaileko hirugarren denboraldian eta Itziar Ituño 'Touré Detektibea' telesailean // Geuria

Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.

Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.

Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.

Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.

Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.

Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei

Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte

|

Eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an // Argazkia: James Gathany, Wikipedia

Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.

2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.

Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.

Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.

Osasun Publikoko arazotzat

Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.

Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.

Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.

Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.

Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute

Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake

|

Abuztuaren 3a arte dago zabalik alegazioak aurkezteko epea // Irekia

Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.

Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.

Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen  2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.

Osorik irakurri