→Basauri

Hego Uribetik Gernikara egingo dute bidea eskualdeko oinezko zutabeek

basauri ongi etorri errefuxiatuak 2017 gernikara aurkezpena

Arrigorriaga, Orozko, Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiagatik datozen herritarrak Basauritik irtengo dira Muxikara trenez, handik oinez Gernikara heltzeko.

Arrigorriaga, Orozko, Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiagatik datozen herritarrak Basauritik irtengo dira Muxikara trenez, handik oinez Gernikara heltzeko

Urtebete igaro da Bizkaian Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma eratu zenetik. Otsailean izan zen hori eta hilabete ondoren, martxoaren 8an, Basauriko plataforma sortu zen, “emakume errefuxiatuen egoera salatzeko”, dio Oihane Lopez plataformako kideak. Ordutik hona zenbait ekimen egin ditu Basauriko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak: banderolak eta zapiak saldu, errefuxiatuentzako arropa bilketak eta mahai inguruak, besteak beste.

Aurten bat egingo du plataforma herrikoiak Ongi Etorri Errefuxiatuak-Bizkaia plataformak deitu duen ekintzara: Gernika 2017. “1937an tropa faxistek Gernika eta beste udalerri batzuk bondardeatu zituzten eta 80 urte geroago, begien aurrean ditugu interes geopolitiko edo ekonomikoek eragindako gatazka armatuen ondorio zuzenak diren jendearen lekualdaketak”, dio Susana Felipe Basauriko plataformako kideak: “Gaur eguneko errefuxiatuek miseria saihestu nahian beren sorlekuak uzten dituzte, bizimodu duina eramateko asmoarekin. Orain dela 80 urte guk bizi izan genuen egoera bera”.

OINEZKO ZUTABEAK GERNIKARA

Hilaren 29an, Basaurin, Bizikleta zutabeari ongi etorria egingo zaio Arizgoiti plazan 11:00etan. Ostean, San Pedro elizako plazan, bere garaian gudagatik erbestera joan behar izan zuten basauriarrei omenaldia egingo zaie. 13:30ean Arizko Euskotren geltokian bat egingo dute Arrigorriaga, orozko, Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiagatik oinez datozen zutabeekin, trena hartu eta Muxikara joateko. Behin helduta, Euskal Herri osotik heldutako zutabeek oinez egingo dute bidea Gernikara.

Apirilaren 29an eta 30ean ekitaldia antolatu dute Gernikan, “BAI babesari, harrerari, giza eskubideei, feminismoari eta ekologismoari. EZ gerrari, arrazakeriari, faxismoari, militarizazioari eta kapitalismoari” lemapean. Apirilaren 29an oinezko zutabeak egingo dituzte zenbait udalerrietatik Gernikara. Helburua da 16:00etan Muxikara denak heltzea eta bertatik ibilbide isilak egitea Gernikaraino (17:00etan). Ekitaldi nagusian Piedad Cordova aktibista kolonbiarrak (Medellin, 1955) parte hartuko du. Era berean, hitzaldi-solasaldia, txikigunea, ekintza kulturalak eta kontzertuak izango dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak