Metroaren 5. Linearen aldeko Galdakaoko plataformak martxa antolatu du maiatzaren 7an, igandez. Metro zerbitzua Galdakaora irits dadin aldarrikatuko dute eta horretarako 8,2 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute Galdakao-Usansolo Ospitaletik Etxebarriko metro geltokiraino. Galdakaoko Udalak babesa erakutsi dio ekimenari.
Martxa 09:30ean hasiko da Ospitaletik eta Usansolo, Bekea, udaletxea, anbulategia, Urreta, Bengoetxe, Aperribai, Urbi (Basauri) eta Etxebarri zeharkatuko ditu.
Etxebarriko Udalaren babesa
Metroaren 5 Linea bultzatzeko martxari babesa emango dio Etxebarriko Udalak: “Eskualde mailako mugikortasuna hobetzea ekarriko du 5. Lineak. Hain zuzen, osasun zentroa eta Galdakao-Usansolo Ospitalea lotuko ditu”.
Ibilaldia Etxebarriko Metro geltokian bukatuko da. Bertan komunikatua irakurriko dute eta ondoren pintxo-potea eskainiko dute doan parte hartzaile guztientzat.
