Sareak

☉ Hego Uribe

DESKARGATU / ‘Yodög arraintxoa’, abusuen kontrako ipuina sortu dute bi basauriarrek

|

'Yodög arraintxoa' ipuinaren irudiak

‘Yodög arraintxoa’ abusuak pairatu, salatu eta indartuta agertzen den arrain baten istorioa da. Bi basauriarrek sortu dute gazteei eta nerabeei zuzendutako ipuina: Pepe Godoyk idatzi eta Jon Spinarok ilustratu. Gaur GEURIAk estreinatu du eta lau haizeetara zabaldu du. Beheko esteka honetan jaitsi daiteke PDF formatuan ipuin osoa:


🐟 🐙 YODÖG ARRAINTXOA 🐳 🦀
➡️ DESKARGATU HEMEN ⬅️


Ipuina zazpi hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, italieraz, frantsesez eta alemanieraz. Euskarazko itzulpena Iñigo Isuskizak egin du, katalanera Yolanda Vigarrek itzuli du, Ainhoa Chascok ingelesera, Naiara Pérez Etxabek italierara, Yolanda Cantero Vegak frantsesera eta Mascha Karlitskayak alemanierara. GEURIAko zuzendari eta gaur egun edizio-lanak egiten dituen Jon Villapunek egin du diseinu eta maketazio lana. Erabilera ez komertziala librea da. Ipuinaren idazlearekin harremanetan jar daiteke helbide elektroniko honetara idatzita.

Mirian Alonsoren oroimenez idatzi du ipuina Pepe Godoyk. Mirianek, Pepek bezala, sexu-abusuak pairatu eta salatu zituen. 2022ko martxoan zendu zen Mirian. Pepe Godoy basauriarrak 2018an salatu zuen eskola futbolean sexu abusuak pairatu zituela entrenatzaile batek partetik. Ondoren, entrenatzaile beraren aurkako salaketa gehiago etorri ziren. Hala ere, Baskonia Futbol Eskolak ez zuen entrenatzailea -eta idazkaria- kargutik kendu. Adin txikiko baten salaketari esker, entrenatzailea epaitegietara eraman eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2021ean. Baskonia Futbol Eskolak izena aldatu zuen eta gaur egun Baskauri Futbol Eskola da.

Modu batera edo bestera, ‘Yodög arraintxoa’ ipuinean laguntzeagatik Fran Gonzálezi, Nerea Careagari eta Yoli Calongeri esker onak eman dizkio Pepe Godoyk.

☉ Hego Uribe

Metroko L1 eta L2 lineetako maiztasunak handitzea aztertuko du Bizkaiko Garraio Partzuergoak

|

Metroko trena Etxebarriko geltokian, Basaurira bidean // Geuria

Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatuko diote Metroaren L1 eta L2 lineetako maiztasunak handitzeko azterlan bat egin dezan.

Gauzak horrela, azterketa tekniko bat egingo dute hainbat faktoretan oinarrituta, hala nola, gertatu diren hazkunde demografikoetan edota hiri-mugikortasun joeretan. Hego Uribe eskualdean, Etxebarriri eta Basauriri eragingo lieke.

Gaur goizean onartu dute mozioa Gernikako Batzar Etxean, EAJ, PSE, EH Bildu eta PPren aldeko botoekin eta Elkarrekin Bizkaiaren abstentzioarekin.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bi gizon atxilotu dituzte Basaurin, Galdakaoko estanko batean indarkeria eta beldurra erabiliz lapurreta egiteagatik

|

Atxilotuek 31 eta 59 urte dituzte // Ertzaintza

Ertzaintzak, Basauriko Udaltzaingoarekin elkarlanean, 31 eta 59 urteko bi gizon atxilotu ditu Basaurin, Galdakaoko estanko batean lapurreta egitea leporatuta.

Gertaerak atzo, osteguna, jazo ziren 19:30ak aldera Galdakaoko estanko batean. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, lapurretako bat aurpegia eta burua estalita sartu zen lokalean, eta saltzailea labana batekin mehatxatu zuen, eta dirua kutxa erregistratzailetik hartu zuen. Kanpoan beste pertsona bat zuen zain ibilgailu batean eta biek ihes egin zuten.

Estankoko langileak ibilgailuari buruzko datuak eman Ertzaintzari eta kotxea Basauriko Udaltzaingoaren patruila batek geldiarazi zuen herrian. Ibilgailua miatu zutenean, lapurretan erabilitako labana, burua estaltzeko erabilitako arropa eta dirua aurkitu zituzten.

Ibilgailuan zihoazen bi bidaiariak indarkeria eta beldurra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zituzten. Orain, agintari judizialaren eskuetan noiz jarriko dituzten zain daude.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Eskualdeko pentsiodunek mobilizazioak hasiko dituzte Renfeko trenetan irisgarritasuna lortzeko

Ekainaren 17an martxak egingo dituzte Ugaoko eta Basauriko Pentsiodunen Mugimendukoek Renfeko c3 lineako geltokietara, eguerdi aldean

|

Renfeko tren bat, Arrigorriagan // Geuria

Ekainaren 17an mobilizazioak deitu ditu Basauri, Arrigorriaga, Ollargan, Ugao, Aiaraldea, Urduña eta Bilboko Pentsiodunen Mugimenduak Abando Infdalecio Prieto geltokia eta Urduña kubritzen duen Renfeko C3 lineako zerbitzuaren egoeraren haritik.

“Duela gutxi, Renfeko Urduña-Abando C3 lineako geltokietarako sarbideak berregituratu dira, Basauri-Bidebietakoa izan ezik”, azaldu du Rufi Rubio Ugaoko Pentsiodunen mugimenduko kideak. “Mugikortasun murriztua duten pertsonak nasaraino iristen dira, baina ezin dira trenetara sartu”.

“Prentsan iragarri denez, 500 tren berri ipiniko dituzte Renfen, horietako 33 C3 linean. Aurreikuspenen arabera, azken oztopo horiek desagertuko omen dira. Baina momentuz ez dute data jakinik iragarri, eta badirudi ez dela epe laburrekoa batzuk 2025erako espero dituztelako eta beste batzuk 2027rako”, izan dira Ugaoko pentsiodunaren berbak. “Tren berriak C3 lineara heldu baino lehen aldiriakeko konboi bakoitzean plataformadun bagoi bat ipintzea eskatzen diogu Renferi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak trenera igo ahal izateko”.

Rufi Rubio: “Tren berriak C3 lineara heldu baino lehen aldiriakeko konboi bakoitzean plataformadun bagoi bat ipintzea eskatzen diogu Renferi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak trenera igo ahal izateko”

Horiek horrela, ekainaren 17an mobilizazioa egingo dute pentsiodunek C3 lineako geltoki batzuetan eta martxak egingo dituzte plazetatik geltokietara (Basauri-Bidebieta, Ugao, Urduña, Amurrio, Laudio eta Bilbon). Ugaoko kasuan, 12:00etan bilduko dira Herriaren plazan eta bertatik geltokira abiatuko dira. Bilbon kontzentrazioa egingo dute Plaza Biribilan eta ostean talde-erreklamazioak aurkeztuko dituzte Abando geltokian.

Antzinako arazoa

Gatazka hau ez da berria: Ludi Viguera Arrigorriagako auzotar ohiak GEURIAko #087 Monografikoan argitaratutako erreportaje batean azaldu lez Urduñako Maria Luisa Goikoetxea izan zen C3 lineako irisgarritasun arazoa azalerazi zuen herritarra.

Maria Luisaren kexa horietatik abiatuz, Hego Uribe zeharkatzen duen C3 lineako geltokietako irisgarritasun arazoa ibilbideko geltoki guztietara hedatu zen. Gaur egun, Urduña, Amurrio, Laudio, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga, Basauri eta Ollargan geltokietako irisgarritasun arazoak, orokorrean, “konponduta” daude: “Geltokietarako sarbideak nola edo hala konpondu ditu Renfek eta nasara heltzea posible da, Bidebieta-Basauri geltokian izan ezik: gaur egun, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira geltokira sartu”.

Hala ere, eta GEURIAn iragarri lez, 14 milioi euroko lizitazioa martxan ipini du Espainiako Gobernuak bertan tren geltoki berria eraikitzeko. Proiektuak hiru jarduera biltzen ditu: eraikin berria egitea, geltokiaren trenbideak eta nasak birmoldatzea eta trenbideak estaltzeko lauzak iparraldera luzatzea, tarteko solairu berri batekin.

Harrapaketak trenetan

Rufio Rubiok C3 linean gertatzen diren bestelako arazoak gogoratu dizkio GEURIAri: “Irisgarritasun arazoez gainera, hainbat arazo gertatu dira Renfeko aldiriakeko trenekin: maiztasuna, informazio falta eta pertsonen harrapaketa kasuak egon dira Ugaoko geltokian”, azaldu du.

Verónica Portell eta Renfeko ordezkariak EH Bilduko ordezkariekin, Bilbon // Utzitakoa

Joan den ekainaren 10ean Verónica Portell Renfeko EAEko arduradun instituzionalarekin elkartu ziren Ugaoko EH Bilduko ordezkariak lehen aldiz, azken urteetan Ugaoko geltokian C3 lineako aldiriakeko trenekin gertatutako ezbeharren inguruan berba egiteko eta bilera “modu positiboan” baloratu zuten alderdiko ordezkariek.

Uda igarota, Bizkaia eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazio gehiago egiteko asmoa iragarri dio GEURIAri: “Urduñatik Bilboraino bidaia egingo dugu aldiriakeko tren batean eta Abandora iritsita talde mobilizazioa egingo dugu bertan”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Etxez etxeko arretan egindako probak digitalizatzeko sistema martxan jarri du Osakidetzak Barrualde-Galdakaon

|

Mikel Baza Osakidetzako Zeberioko eta Arrigorriagako medikua emakume bat bere etxean artatzen 'Maletik' pilotajean // Osakidetza

Etxez etxeko Lehen Mailako Arreta hobetzeko asmotan ‘Maletik’ maleta digitala martxan jarri du Osakidetzak. Horren bidez, etxeko kontsultetan egiten diren ohiko proba guztiak digitalizatu eta zuzenean pazientearen historia klinikoan erregistratuko dituzte.

‘Maletik’ sistemak elektrokardiograma, espirometroa, dermatoskopioa, otoskopioa, tentsiometroa, pulsioximetroa, fonendoa, termometroa, tableta eta kanpoko bateria bat barne hartzen ditu. “Tresna horiei esker, konstanteen erregistroak, irudiak eta auskultazioen audioak hartu eta pazientearen historian kargatu ahal dira”, dio Gotzone Sagardui Osasun arloko sailburuak.

Ekimenaren pilotajea Barrualde-Galdakao ESIan eta Uribeko ESIan egin dute otsailetik apirilera bitartean, eta Osakidetzaren sare osora hedatuko dute hilabete honetatik aurrera. Mikel Baza Bueno Zeberioko eta Arrigorriagako lehen arretako medikuak parte hartu du ekimenean (duela urtebete elkarrizketa egin genion GEURIAn Mikeli)

“Teknologia hau aitzindaria da estatuan, eta etxez etxeko arreta ematen dute mediku eta erizain taldeei hornitzen hasi zaie, haien lana errazteko eta kalitate handiagoko asistentzia emateko”, dio Sagarduik, eta gaineratu du, “harrera positiboa” izan duela profesionalen eta pazienteen aldetik.

Herritarrak kexu

Beste alde batetik, udari begira Osakidetzak osasun zentroetarako egin duen plangintzaren aurrean, sindikatuak eta herritarrak kexatu dira. Ildo horretan, Zaratamoko, Zeberioko eta Arrankudiagako alkateek euren herrietako kontsultorioetako lehen arretako zerbitzuaren egungo egoera salatu dute, eta Osakidetzaren “interes falta” azpimarratu dute, “egoerari aurre egiteko”.

Gainera, azken hilabeteetan Osakidetzako lehen arreta indartzeko eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Basaurin: otsailean elkarretaratzea eta martxoan manifestazioa.

Eta iaz, Osakidetzako langileek greba egin zuten, plantillaren egoera “gero eta prekarioagoa” dela salatzeko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Kiroldegietako grebengatik galdutako zerbitzuen dirua itzuliko dute Basaurik eta Galdakaok

|

Galdakaoko Urreta kiroldegia, grebari lotutako kartelak sarreran jarrita // Galdakaoko Udala

Azken hilabeteetan Bizkaiko kiroldegietan izandako greba eta lanuzteak direla eta, galdutako zerbitzuen zenbatekoa itzuliko dute Basauriko eta Galdakaoko Udalek.

Basauriren kasuan, diru-itzulketak banku-helbideratze bidez egingo dituzte: “Beraz, ordainketa horiek helbideratuta ez badituzue, mesedez, emaguzue zuen kontu-zenbakia gure instalazioetan edo webgunearen bidez”, adierazi dute Basauri Kirolaketik.

Galdakaon herritarrak Esan bulegora bertaratu beharko dira edo egoitza elektronikoa erabiliz eska dezakete itzulketa, “greben ondorioz erabili ezin izan diren orduak eta egunak modu zehatz eta zintzoan azalduz”, diote. Erabiltzaileek ekainaren 30era arte dute eskaera egiteko.

Osorik irakurri