☉ Hego Uribe
Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake
Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.
Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.
Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen 2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.
☉ Hego Uribe
ZOZKETA | Agerreko uzta euskarari puzka, Errigora eta GEURIAren eskutik
Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.
Urriaren 24tik azaroaren 14ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuz osatutako 3 saskiko eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Euskarari Puzka’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.
Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:
1️⃣ GEURIA Instagram orrialdeko jarraitzaile izan
2️⃣ Zein lagunekin egingo zenuke otordu eder bat? Argitalpenean zure lagun bat etiketatu
3️⃣ Berdea (eko) edo gorria: zein nahi duzu? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrela jakingo dugu zein saski duzun gustokoen.
Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 11ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.
Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.
Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.
ARRIGORRIAGA
+Arrigorriaga (Eguzkibegi Ikastolan utziko dira internet bidezko erosketak)
+Arrigorriagako AEK
BASAURI
+Arizko Ikastola
+Bolintxu AEK
GALDAKAO
Barandiaran AEK
+Eguzkibegi Ikastola
USANSOLO
+Usansolo
☉ Hego Uribe
Gazteei zuzendutako Gurot euskarazko tribial lehiaketa martxan da Galdakaon eta Etxebarrin
Gurot, euskal kultura eta kultura unibertsala euskaraz eta online lantzeko tribial jokoa, martxan jarri dute Bizkaiko 14 herri eta eskualdetan, tartean, Galdakaon eta Etxebarrin.
Besteak beste, arteari, historiari, zientziei, kirolei eta euskal kulturari buruzko galderak erantzutean datza lehiaketa, eta urriaren 28an hasi eta abenduaren 15ean bukatuko da.
Erabiltzaileek puntu gehien lortzea bilatu beharko dute sariak irabazi nahi badituzte. Lehiaketa eskuragarri dago herritar guztientzat, baina Galdakaon, Etxebarrin, Abanto-Zierbenan, Zornotzan, Durangaldean, Enkarterrietan, Erandion, Gernikan, Getxon, Lekeition, Mungian, Sestaon, Txorierrin eta Uribe Kostan bizi diren 12 eta 18 urte bitarteko gazteek bakarrik izango dute sariak jasotzeko aukera. Gehienez ordubete aritu ahal izango da erabiltzaile bakoitza egun bakoitzeko.
Aurten hiru sari zozketatuko dituzte: asteburu pasa zein esperientzia bonoak Tarragonako Port Aventuran, Toledoko Puy du Foun eta Euskal Herriko nekazal turismo etxe batean bizitzeko. Horiek lortzeko aukera izateko jokalariek ahalik eta puntu gehien bildu beharko dituzte galderei zuzen erantzunez.
Zozketak abenduaren 16an egingo dira eta sariak honela banatuko dira: lehenengo saria puntu gehien lortzen dituen erabiltzaileak jasoko du zuzenean; bigarren saria banatzeko zozketa egingo da puntu gehien egin dituzten 15 erabiltzaileen artean; eta hirugarren saria banatzeko zozketan puntu gehien egin dituzten lehen 50 erabiltzaileek hartuko dute parte. Sariak 2025eko urtarriletik abendura bitartean erabili beharko dira.
2019an abiarazi zenetik, banakako lehiaketan parte hartu duten pertsonen kopuruak gora egin du etengabe, eta iaz 3.220 parte-hartzaile izan zituen.
Orain martxan dagoen lehiaketa banakakoa da, baina 2025eko lehen hilabeteetan taldekako lehiaketa jarriko dute martxan. Iaz 231 hirukotek parte hartu zuten taldekako lehiaketan, eta finala San Mameseko Ipar Aretoan jokatu zen eta finalistak 500 lagunen aurrean lehiatu ziren.
☉ Hego Uribe
Bideoa / Martxan dira Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun taldeak!
Martxan da Berbalagun ekimena Galdakaon eta Basaurin. Aurtengoa hogeigarren ikasturtea da Galdakaon eta hamabosgarrena Basaurin.
Dagoeneko biltzen hasi dira astero taberna batean biltzen diren ohiko berbalagun taldeak, baita interes taldeak ere, hala nola, mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, paseo taldea, Gurasolagun taldeak, musean aritzeko taldeak edota irakurketa taldea.
Berritasun bezala, aurten behingoz Eskalada taldea sortu dute. Iaz taldea eratzeko “ahalegina” egin zuten, eta aurten errealitate izango da, behintzat, Galdakaon: urriaren 22an izan dute lehenengo hitzordua Urreta kiroldegian.
Ildo berean, aurten “erronka potoloa” izango da Galdakaon zein Basaurin Gurasolagun taldeak indartzea. Orain arte eskulanak egiteko saioak antolatzen zituzten guraso eta umeekin, eta aurten bi adar gehitu dituzte: “Alde batetik, umeak eskolaz kanpoko ekintzak egiten dauden bitartean, zain dauden gurasoen arteko hizkuntza ohiturak euskararatu nahi ditugu. Eta bestetik, kiroldegietako ikastaroak egin bitartean ere gurasoak euskaraz aritzeko taldeak sortu nahi ditugu”, adierazi dute.
“Uste dugu erronka honekin fruituak lortu ditzakegula. Gurasoek tarte horiek aprobetxatu ditzakete euren euskara erabiltzeko. Planteamendu hau oso erraza da”, diote.
Ikasturte berriko Hego Uribeko Berbalagun egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute Galdakaoko Ganbara tabernan. Bertan izan dira Asier Martin eta Ioritz Lopez de Alda Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun dinamizatzaileak, Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko alkateordea eta Asier Iragorri Basauriko alkatea.
Izena ematea: doan!
Berbalagun taldeak martxan dauden arren, izena emateko epea ikasturte osoan zehar zabalik dagoela gogorarazi dute Berbalaguneko dinamizatzaileek.
Izena ematea doakoa dela azpimarratu dute, eta eskatzen den gauza bakarra euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea dela.
Taldeetan eta ekintzetan izena emateko 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus edo hegouribe@aek.eus helbide elektronikoetara idatz dezakete interesdunek.
Basauriko eta Galdakaoko Udalek, Udal euskaltegiek, AEK-k eta, Basauriko Hizkuntz Eskolak babesten dute Hego Uribeko Berbalagun programa.
Euskara, gero eta gehiago
Urte hauetan guztietan Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 770 lagun inguru ibili dira. Azken ikasturtean, 2023-2024 ikasturtean, 260 lagun ibili ziren 36 berbataldetan banatuta.
“Berbalagun programak euskaraz bizi nahi duten horiei, bizitza bere osotasunean euskaraz egiteko pausoak ematen laguntzen die. Izan ere, euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eroateko zubi lana bikaina izateaz gain, euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzeko lanabes ezin hobea da”, diote.
Bai Galdakaok eta bai Basaurik euren kaleetan “euskara gero eta gehiago entzuteko erronka” dutela azpimarratu dute Edurne Espillak eta Asier Iragorrik, eta horretarako, Berbalagun proiektua “oso zubi ona” dela.
“Ohiturak aldatzea batzuetan zaila dela onartu arren, ekimenak aldaketa hori oso modu apropos eta atseginean egitea errazten du”, dio Espillak.
Iragorrik nabarmendu du euskara “leku formaletatik kanpo” ere erabili behar dela: “Zorionez, gaur egun, gazte gehienek ikastetxeetan euskaraz ikasten dute; beraz, gure erronka kaleetan gero eta euskara gehiago entzutea da”.
Hego Uribeko Berbalagun / Agenda
2024 Urria-Abendua
Urriak 24, osteguna / Basauri
Kosmetika Naturala egiten ikasteko tailerra
18:30 Nai Lua Tetegia
Azaroak 5, asteartea / Galdakao
Berbalagun Jaia
18:30 Ganguren taberna
Azaroak 7, osteguna / Basauri
Berbalagun Jaia
18:30 Bonboi taberna
Azaroak 10, igandea / Basauri
Mendi irteera: Gaztelu-Malmasin-Tximintxe
09:00 Basauriko udaletxe ondoan
Abenduak 3, asteartea / Galdakao
Mintzodromoa
10:30 Kurtzeko frontoia
Abenduak 3, asteartea / Basauri
Mintzodromoa
10:30 + 18:30 Solobarria plaza
Abenduak 13, larunbata / Basauri
Baskott Gaua
–:– San Jose ikastetxea
☉ Hego Uribe
Pentsiodunek eskualdeko 135 herritar bildu dituzte Ugao eta Basauriko geltokietan, trenetan irisgarritasuna eskatzeko
Gaurkoan 135 pertsona bildu dira Hego Uriben: 72 Ugaon eta 63 Basaurin Renferi aldiriakeko tren bakoitzean gutxienez sarbide egokitua duen bagoi bat ezartzeko eskatzeko
Gaur, urriak 21 Hego Uribeko tren geltokietara abiatu dira Aiaraldeko eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak, helburu nagusi batekin: mugikortasun murriztua edo mugatua duten edo zailtasunak dituzten pertsonak C3 lineako trenetara igotzeko oztopoak kendu eta irisgarritasuna hobetzea sarbide egokituekin.
Gaurkoan 135 pertsona bildu dira Hego Uriben: 72 Ugaon eta 63 Basaurin Renferi aldiriakeko tren bakoitzean gutxienez sarbide egokitua duen bagoi bat ezartzeko. “Pozik gaude gaur Ugaon izandako emaitzarekin”, azaldu diote Pentsionisten mugimenduko kideek GEURIAri.
Bidebietan eta Ollargan geltokietan ez da jendea elkartu gaurkoan. Eskualdetik kanpo beste 62 pertsona elkartu dira Amurrion eta 31 Laudion.
Maiatzetik borrokan
Joan den maiatzean eta ekainean Bizkaiko eta Aiaraldeko Pentsionen Mugimenduak kanpaina bat abiarazi zuen Renfeko C3 linearen inguruan. Pentsiodunen helburua Renfek “neurri egokiak hartzea” da mugikortasun murriztua edo mugatua duten edo zailtasunak dituzten pertsonak ibilbide hori egiten duten trenetara “behar bezala” igo ahal izateko. Horiek horrela, pentsiodunek sarbide hori ahalbidetzeko bagoi bat eskatzen dute gutxienez tren unitate bakoitzeko.
Hego Uribe eskualdeari dagokionez, C3 linea Ugao, Arrigorriaga eta Basauritik igarotzen da eta mozioak aurkeztu zituzten tren-linea hori igarotzen den udalerrietan, eskaera horren alde. Ugao-Miraballes eta Arrigorriagako udalek onartu zuten eta eskualdetik kanpo baita Amurriok, Urduñak eta Laudiok ere.
Herritarren sinadurak bildu zituzten ere uda baino lehen, joan den ekainaren 17an tren geltokietan aurkeztu ziren erreklamazio indibidualei eransteko: “Lankide pentsiodunok hara jo genuen, mugikortasun murriztua edo mugatua zuten hainbat lankiderekin batera. Bilboko Plaza Biribilean, Renfeko Abandoko geltokiaren ondoan, 400 pentsiodun bildu ziren, eta informazio- orriak banatu zituzten”, azaldu dute pentsiodunen mugimenduko kideek.
Renfek baietz, baina noiz?
Egoera honen aurrean, Renfeko ordezkariak arazoa konpontzeko prest agertu direla azaldu dute pentsiodunen mugimendutik eta problema hori tren berriekin konponduta egongo litzatekeela gehitu dute: “Baina beti zehaztu gabe noiz jarriko diren martxan. Arrigorriagako alkatearen gestioen aurrean ere emaitzarik gabeko promesak egin dizkigute”, azaldu dute mugimenduko ordezkariek.
Pentsiodunen mugimendua: “Renfeko tren berriek arazoa konponduko dutela esan digute baina beti zehaztu gabe tren horiek noiz ipiniko diren martxan”
Ondorioz, sentsibilizazio-kanpaina berri bat eta askotariko ekimenak prestatu dituzte pentsiodunek. Idazki berri bat bidaliko diete Udalei eta gai honen inguruko gutunak jasotzea proposatuko diete, “beren udalerrietan mugikortasun murriztua duten pertsona askori eragiten dien arazo soziala baita”. Eskuorri horiek udalerrietako plazetan, geltokietan eta trenetan banatzeko asmoa iragarri dute.
Trenean Bilbora
Gaurko mobilizazioen ostean, azaroaren 4an, pentsiodunek Hego Uribe eta Aiaraldeko herritarrak deitu dituzte eguerdira aldera trenera igo eta Bilbora joateko. 12:00ak aldera Bilboko pentsiodunekin biltzea da helburua.
Bertatik manifestazioa egingo dute Kale Nagusian barrena Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzako eraikineraino eta gutun bat emango diote Oscar Puente Garraoietako eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroari: “Hau ez da Urduña eta Bilbo konektatzen duen C3 lineari bakarrik eragiten dion arazoa; beste linea askotan ere gauza bera gertatzen ari da”, laburbildu dute Pentsiodunen Mugimendutik.
“Erakundeei eta herritar guztiei dagokie Renferi arazo horri irtenbidea emateko eskatzea. Horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu babesa ematera eta ahal duten ekimenetan parte hartzera”.
☉ Hego Uribe
Kirk denboraleak zuhaitzak bota, argi mozketak sortu eta edukiontziak mugitu ditu Hego Uriben
14:00etatik 16:00ak aldera arte espero dira haize bolada gogorrenak. Euskalmetek haizeagatik abisu laranjak aktibatu ditu eta herritarrei tentuz ibiltzea eskatu die
Atzo bertan hasi heldu ziren Kirk urakan post-tropikalaren arrastoak, borraska indartsu baten formatuan. Borraska penintsula iberiarreko ipar mendebaldetik heldu zen atzo arrastian eta gaualderako bere ondorioak igartzen hasi ziren Hego Uribe eskualdean.
Borraskaren inpaktu handiena Zeberion izan da, baso ingurunean: Gezala auzoko bidea itxita egon da ordu batzuez, bertan zuhaitz bat jauzi da. Udal ordezkariek gehitu dute Undurraga eta Elorria auzoetan ere zuhaitz batzuk bota dituela haizeak eta edukiontzi batzuk ere eraman dituela. Usansolon ere haizeak zuhaitz batzuk bota ditu.
Zaratamon herria argiteria publikorik eta zuntz optikorik gabe utzi du ekaitzak goizeko lehen orduetan, baina udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez ez da bestelako ezbeharrik egon.
Etxebarrin ezbehar gutxi gertatu direla azaldu dute Udaletik. Iker López alkateak azaldu du haize gogorrek edukiontzi batzuk eraman dituztela herriko auzo jakin batzuetan. Arrigorriagan ere errepide ondoko zuhaitz txiki batzuk bota ditu haizeak eta Edurne Garitazelaia kultur etxe ondoko edukiontziak lekualdatu ditu ere Urgoiti pasealekuan: “Momentu honetan brigadako langileak daude edukiotziak errepidetik kentzen”.
Basaurin, Galdakaon eta Ugaon ez da ezbehar aipagarririk egon momentura arte. Hala ere, 14:00etatik 16:00ak aldera arte espero dira haize bolada gogorrenak: “Eguerdi inguruan haizea are gehiago zakartuko da, eta lekurik haizetsuenetan haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete”, azaldu dute Euskalmet Agentzia Meteorologikotik.
AEMET: “Arratsaldean fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko du, euria eta zaparradak utziz”
“Arratsaldean haizeak mendebaldera egingo du kostaldean, gero barnealdean eta pixkanaka indarra galduko du. Orduan, fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko du, euria eta zaparradak utziz; zaparradak trumoitsuak eta zenbait lekutan mardulak izan daitezke. Hego-mendebaldeko haize zakarrak tenperatura igoaraziko du, bereziki Kantauri isurialdean”.
Kostaldeko abisuak laranjak izango dira Atlantikoko kostalde osoan, Beaufort eskalan 8 eta 9 arteko haizeekin eta sei metrotik gorako olatuekin. AEMETek haizeagatik abisu laranjak aktibatuko ditu egunean zehar Galizia osoan eta Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Euskadi eta Nafarroako hainbat eremutan.
Erne ibai eta mendietan
Agentziak ohartarazi duenez, aurreko egunetako prezipitazioei gehituta, urakan ohiarekin lotutakoek arriskuak ekar diezazkigukete, eta, beraz, “kontuz ibiltzea gomendatzen da, ibaien goraldietan eta mendi-hegalen lerraduretan”.
AEMen arabera, ekaitzak daraman hezetasunaren ondorioa da gaur bizi dugun egoera eta “ibai atmosferikoa” bezala definitu dute meteorologoek. Kirkek bultzatutako ibai honek hezetasuna ekarriko du Atlantiko subtropikaletik penintsularaino.