→Hego Uribe

Zergatik ez dituzte itxi Zaratamo eta Zeberio 500etik gorako inzidentzia-tasa badute?

Zaratamoko intzidentzia-tasa 1.153,61ekoa da, eta Zeberion 553,51ekoa. Hala ere, ez dituzte neurri berezirik hartu, “udalerri mugakideak ez baitaude eremu gorrian”, dio Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Zaratamoko intzidentzia-tasa 1.153,61ekoa da, eta Zeberion 553,51ekoa // Geuria

Koronabirusaren intzidentzia-tasak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Bizkaian intzidentzia-tasa 515,38koa da, Araban 439,72koa eta Gipuzkoan 420,57koa. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko atzemandako positibo guztien batezbestekoa 480,8koa da, hau da, eremu gorritik oso gertu dago. Zaratamo da intzidentzia-tasarik altuena daukan udalerria (1.153,61), Zeberioren (553,51), Galdakaoren (413,66), Arrigorriagaren (401,91), Basauriren (314,87), Ugaoren (292,11) eta Etxebarriren (235,60) aurretik.

5.000 biztanletik gorako herriei dagokienez, eremu laranjan daude Galdakao, Arrigorriaga eta Basauri, eta horian Etxebarri. Ugao, Zaratamo eta Zeberio ez dira semaforoan sartzen 5.000 biztanletik behera dituztelako. Zaratamoren eta Zeberioren kasuan intzidentzia-tasa 500etik gorakoa da, baina ez dituzte neurri berezirik hartu, “udalerri mugakideak ez baitaude eremu gorrian”, dio Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. Zentzu horretan, irekita jarraitzen dute bertako saltokiek zein tabernek: “Inguruetako herriek kolore gorrira salto egiten ez duten bitartean ‘normaltasunez’ egongo gara Zaratamon: dagoeneko, bertako tabernak eta zerbitzuak martxan daude. Hala ere, egoera hau guztiz aldatu daiteke gaurtik aurrera eta ziurrenik itxiera perimetrala izango dugu”, dio Ugarrizak. Hain zuzen ere, EAEko udalerri guztiak ixtea aztertuko du gaur LABIk (Euskadiko Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoa).

LABIk aztertuko dituen promosamenen artean daude: udalerri guztiak perimetralki ixtea; dendak 19:00etan ixtea, jarduera sozialak, kulturalak eta kirol arlokoak ordu berean etetea; edota eremu publikoan eta pribatuan gehienez lau pertsona elkartzea. EAEko ordezkariek eta beste erkidego batzuetako ordezkariek etxeratze agindua aurreratzea eskatu zioten Espainiako Gobernuari (Alarma Egoeraren dekretua aldatu beharko litzateke horretarako), baina Salvador Illa Osasun ministroak baztertu egin zuen eskakizuna. Dena dela, Espainiako Gobernuak aztertzen jarraituko zuela berretsi zuen ministroak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak