Sareak

☉ Hego Uribe

Zozketa // Bizkaiko Bertso Txapelketaren finala ikusteko bi sarrera zozketatzen ditu Geuriak

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, Geuriak bi sarrera zozketatzen ditu abenduaren 17an, Bilbao Arenan izango den Bertsolaritza finalerako.

|

Bilbo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2016 Bertsolariak

Abenduaren 17an, larunbatez, Bizkaiko Bertso Txapelketaren finala izango da Bilbao Arenan. Finala 17:00etan hasiko da eta zortzi bertsolarik hartuko dute parte: Beñat Ugartetxea Ostolaza, Etxahun Lekue Etxebarria, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Jone Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Xabier Amuriza Sarrionandia bertsolariak jantziko dio txapela 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari.

ZOZKETA BUKATUTA


IRABAZLEAK
Iraide Goitia Ozaeta – Basauri (Bizkaia)
Gorka Etxebarria Elordui – Arrigorriaga (Bizkaia)

ZOZKETAREN OINARRIAK
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, Geuriak bi sarrera zozketatzen ditu larunbatean, abenduaren 17an, 17:00etatik aurrera Bilbao Arenan (Miribilla) izango den finalerako. Sarrerak salgai daude online erosteko, baita egunean bertan, txarteldegian. Zozketan parte hartu nahi dutenek honako info@geuria.eus helbide elektronikora email bat bidali beharko dute hurrengo datuak zehaztuz. Hilaren 15ean, ostegunean, 12:00etan bukatuko da zozketa eta egunean bertan helbide elektroniko bidez jakinaraziko zaie irabazleei noiz eta nola jaso sarrerak.

Gaia: BBT16 Finala
Izen-abizenak:
Herria:
NAN:
Telefono zenbakia:

☉ Hego Uribe

Eskualdeko pentsiodunek mobilizazioak hasiko dituzte Renfeko trenetan irisgarritasuna lortzeko

Ekainaren 17an martxak egingo dituzte Ugaoko eta Basauriko Pentsiodunen Mugimendukoek Renfeko c3 lineako geltokietara, eguerdi aldean

|

Renfeko tren bat, Arrigorriagan // Geuria

Ekainaren 17an mobilizazioak deitu ditu Basauri, Arrigorriaga, Ollargan, Ugao, Aiaraldea, Urduña eta Bilboko Pentsiodunen Mugimenduak Abando Infdalecio Prieto geltokia eta Urduña kubritzen duen Renfeko C3 lineako zerbitzuaren egoeraren haritik.

“Duela gutxi, Renfeko Urduña-Abando C3 lineako geltokietarako sarbideak berregituratu dira, Basauri-Bidebietakoa izan ezik”, azaldu du Rufi Rubio Ugaoko Pentsiodunen mugimenduko kideak. “Mugikortasun murriztua duten pertsonak nasaraino iristen dira, baina ezin dira trenetara sartu”.

“Prentsan iragarri denez, 500 tren berri ipiniko dituzte Renfen, horietako 33 C3 linean. Aurreikuspenen arabera, azken oztopo horiek desagertuko omen dira. Baina momentuz ez dute data jakinik iragarri, eta badirudi ez dela epe laburrekoa batzuk 2025erako espero dituztelako eta beste batzuk 2027rako”, izan dira Ugaoko pentsiodunaren berbak. “Tren berriak C3 lineara heldu baino lehen aldiriakeko konboi bakoitzean plataformadun bagoi bat ipintzea eskatzen diogu Renferi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak trenera igo ahal izateko”.

Rufi Rubio: “Tren berriak C3 lineara heldu baino lehen aldiriakeko konboi bakoitzean plataformadun bagoi bat ipintzea eskatzen diogu Renferi, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak trenera igo ahal izateko”

Horiek horrela, ekainaren 17an mobilizazioa egingo dute pentsiodunek C3 lineako geltoki batzuetan eta martxak egingo dituzte plazetatik geltokietara (Basauri-Bidebieta, Ugao, Urduña, Amurrio, Laudio eta Bilbon). Ugaoko kasuan, 12:00etan bilduko dira Herriaren plazan eta bertatik geltokira abiatuko dira. Bilbon kontzentrazioa egingo dute Plaza Biribilan eta ostean talde-erreklamazioak aurkeztuko dituzte Abando geltokian.

Antzinako arazoa

Gatazka hau ez da berria: Ludi Viguera Arrigorriagako auzotar ohiak GEURIAko #087 Monografikoan argitaratutako erreportaje batean azaldu lez Urduñako Maria Luisa Goikoetxea izan zen C3 lineako irisgarritasun arazoa azalerazi zuen herritarra.

Maria Luisaren kexa horietatik abiatuz, Hego Uribe zeharkatzen duen C3 lineako geltokietako irisgarritasun arazoa ibilbideko geltoki guztietara hedatu zen. Gaur egun, Urduña, Amurrio, Laudio, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga, Basauri eta Ollargan geltokietako irisgarritasun arazoak, orokorrean, “konponduta” daude: “Geltokietarako sarbideak nola edo hala konpondu ditu Renfek eta nasara heltzea posible da, Bidebieta-Basauri geltokian izan ezik: gaur egun, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira geltokira sartu”.

Hala ere, eta GEURIAn iragarri lez, 14 milioi euroko lizitazioa martxan ipini du Espainiako Gobernuak bertan tren geltoki berria eraikitzeko. Proiektuak hiru jarduera biltzen ditu: eraikin berria egitea, geltokiaren trenbideak eta nasak birmoldatzea eta trenbideak estaltzeko lauzak iparraldera luzatzea, tarteko solairu berri batekin.

Harrapaketak trenetan

Rufio Rubiok C3 linean gertatzen diren bestelako arazoak gogoratu dizkio GEURIAri: “Irisgarritasun arazoez gainera, hainbat arazo gertatu dira Renfeko aldiriakeko trenekin: maiztasuna, informazio falta eta pertsonen harrapaketa kasuak egon dira Ugaoko geltokian”, azaldu du.

Verónica Portell eta Renfeko ordezkariak EH Bilduko ordezkariekin, Bilbon // Utzitakoa

Joan den ekainaren 10ean Verónica Portell Renfeko EAEko arduradun instituzionalarekin elkartu ziren Ugaoko EH Bilduko ordezkariak lehen aldiz, azken urteetan Ugaoko geltokian C3 lineako aldiriakeko trenekin gertatutako ezbeharren inguruan berba egiteko eta bilera “modu positiboan” baloratu zuten alderdiko ordezkariek.

Uda igarota, Bizkaia eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazio gehiago egiteko asmoa iragarri dio GEURIAri: “Urduñatik Bilboraino bidaia egingo dugu aldiriakeko tren batean eta Abandora iritsita talde mobilizazioa egingo dugu bertan”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Etxez etxeko arretan egindako probak digitalizatzeko sistema martxan jarri du Osakidetzak Barrualde-Galdakaon

|

Mikel Baza Osakidetzako Zeberioko eta Arrigorriagako medikua emakume bat bere etxean artatzen 'Maletik' pilotajean // Osakidetza

Etxez etxeko Lehen Mailako Arreta hobetzeko asmotan ‘Maletik’ maleta digitala martxan jarri du Osakidetzak. Horren bidez, etxeko kontsultetan egiten diren ohiko proba guztiak digitalizatu eta zuzenean pazientearen historia klinikoan erregistratuko dituzte.

‘Maletik’ sistemak elektrokardiograma, espirometroa, dermatoskopioa, otoskopioa, tentsiometroa, pulsioximetroa, fonendoa, termometroa, tableta eta kanpoko bateria bat barne hartzen ditu. “Tresna horiei esker, konstanteen erregistroak, irudiak eta auskultazioen audioak hartu eta pazientearen historian kargatu ahal dira”, dio Gotzone Sagardui Osasun arloko sailburuak.

Ekimenaren pilotajea Barrualde-Galdakao ESIan eta Uribeko ESIan egin dute otsailetik apirilera bitartean, eta Osakidetzaren sare osora hedatuko dute hilabete honetatik aurrera. Mikel Baza Bueno Zeberioko eta Arrigorriagako lehen arretako medikuak parte hartu du ekimenean (duela urtebete elkarrizketa egin genion GEURIAn Mikeli)

“Teknologia hau aitzindaria da estatuan, eta etxez etxeko arreta ematen dute mediku eta erizain taldeei hornitzen hasi zaie, haien lana errazteko eta kalitate handiagoko asistentzia emateko”, dio Sagarduik, eta gaineratu du, “harrera positiboa” izan duela profesionalen eta pazienteen aldetik.

Herritarrak kexu

Beste alde batetik, udari begira Osakidetzak osasun zentroetarako egin duen plangintzaren aurrean, sindikatuak eta herritarrak kexatu dira. Ildo horretan, Zaratamoko, Zeberioko eta Arrankudiagako alkateek euren herrietako kontsultorioetako lehen arretako zerbitzuaren egungo egoera salatu dute, eta Osakidetzaren “interes falta” azpimarratu dute, “egoerari aurre egiteko”.

Gainera, azken hilabeteetan Osakidetzako lehen arreta indartzeko eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Basaurin: otsailean elkarretaratzea eta martxoan manifestazioa.

Eta iaz, Osakidetzako langileek greba egin zuten, plantillaren egoera “gero eta prekarioagoa” dela salatzeko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Kiroldegietako grebengatik galdutako zerbitzuen dirua itzuliko dute Basaurik eta Galdakaok

|

Galdakaoko Urreta kiroldegia, grebari lotutako kartelak sarreran jarrita // Galdakaoko Udala

Azken hilabeteetan Bizkaiko kiroldegietan izandako greba eta lanuzteak direla eta, galdutako zerbitzuen zenbatekoa itzuliko dute Basauriko eta Galdakaoko Udalek.

Basauriren kasuan, diru-itzulketak banku-helbideratze bidez egingo dituzte: “Beraz, ordainketa horiek helbideratuta ez badituzue, mesedez, emaguzue zuen kontu-zenbakia gure instalazioetan edo webgunearen bidez”, adierazi dute Basauri Kirolaketik.

Galdakaon herritarrak Esan bulegora bertaratu beharko dira edo egoitza elektronikoa erabiliz eska dezakete itzulketa, “greben ondorioz erabili ezin izan diren orduak eta egunak modu zehatz eta zintzoan azalduz”, diote. Erabiltzaileek ekainaren 30era arte dute eskaera egiteko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Zeberiok eta Zaratamok kontsultorioetako lehen arretako zerbitzuaren egungo egoera salatu dute

Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiagako alkateak Zeberioko plazan elkartu dira eta Osakidetzaren “interes falta” salatu dute lehen arretako arazoari aurre egiteko

|

Txutxi Ariznabarreta, Ekain Goti eta Alberto Ugarriza alkateak // Geuria

Gaur goizean Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiagako alkateak Zeberioko udaletxe aurrean elkartu dira Osakidetzak herri txikiei eskaintzen dien arreta salatzeko. Izan ere, Zeberio, Zaratamo eta Arrankudiaga bezalako herriek ez daukate anbulatoriorik, baina bai erizaintza eta mediku zerbitzuak eskaintzen dituzten kontsultategiak.

Hala ere, urtean zehar, Osakidetzak iragartzen dituen arrazoiak direla eta, zerbitzu horiek ez dira bere osotasunean eskaintzen (batzuetan erizaintza zerbitzua dago baina medikuarena ez, esaterako) eta horrek eragin zuzena dauka Hego Uribeko herrietako herri txikienetako herritarrengan.

“Aspalditik, Osakidetzaren gainbehera agerikoa da eta Zeberioko egoera ez da salbuespena”, izan dira Ekain Goti Zeberioko alkatearen berbak. “Urtean zehar, bereziki oporraldian eta uda garaian hainbatetan egoten da anbulatorioa mediku eta erizain barik”. Herriko alkatearen arabera, anbulatorioa guztiz itxita egon ez arren, bertako zerbitzuak “ez dira behar bezala eskaintzen eta herritarrei ez diete kalitatezko osasuna bermatzen”.

2023an, eta Osakidetzako datuen arabera, kontsultorioa egun bi itxita egun zen (erizain eta mediku barik, alegia), baina mediku barik 61 egun eta erizain barik beste bederatzi egun. Aurtengo lehen hiruhilabetean 13 egun egon dira herritarrak mediku zerbitzu barik. “Aipatutako guztia onartezina da sarritan errepikatzen den egoera baita, promesak promesa arazo honi ez diote irtenbiderik bilatu”, kexatu da Zeberioko alkatea eta osasun sistema publiko, duina eta kalitatezkoa eskatu du.

Zaratamok ere antzeko egoera bizi du gaur egun eta lehen mailako arreta “desmantelatze estrukturala” leporatu dio Alberto Ugarriza alkateak Osakidetzari. Izan ere,  Osakidetzako datuen arabera, Zaratamoko Elexalde auzoko kontsultorioan 60 egunez ez da medikurik egon 2023an: “Hiru hilabete guztira mediku zerbitzu barik”, nabarmendu du Ugarrizak. Arkotxako kontsultorioan 33 egunez falta izan da mediku zerbitzua.

Osakidetzako datuen arabera, Zaratamoko Elexalde auzoko kontsultorioan 60 egunez ez da medikurik egon 2023an

“Ikusten denez, Zaratamoko herritarrok gero eta aukera gutxiago ditugu osasungintza publikoan erreferentziazko medikuarekin egoteko”, gehitu du Zaratamoko alkateak.

Txutxi Ariznabarreta, Ekain Goti eta Alberto Ugarriza // Geuria

Zeberioko herritarrek erreferentziazko medikuarenera joan nahi badute Ugaora jo behar dute eta Zaratamokoek, Arrigorriagara. “Zaratamori dagokionez, landa eremuetan bizi diren herritarrak Arrigorriagaraino mugitu behar dira eta zer esanik ez Arkotxako auzotarren inguruan: Arkotxako auzokideek sekulako itzulia egin behar dute Arrigorriagara joan behar badira, garraiobide publikorik ez daukatelako”.

Alberto Ugarriza: “Osakidetzak ez digu jaramonik egiten. Momentu honetan, Osakidetzaren aburuz gaur egun bizi dugun egoera hau onartu behar dugu”

Zaratamoko udal ordezkariek urtero salatzen dute gaur egun bizi duten egoera hau eta urtez urtez lehen arretako zerbitzuak mantentzeko eskatzen diote Osakidetzari: “Baina alferrik: ez digute jaramonik egiten. Momentu honetan, Osakidetzaren aburuz gaur egun bizi dugun egoera hau onartu behar dugu eta denboraren poderioz egoera txarrera egiten ari da”.

“Azken urteetan, Osakidetza, egoera jakin batzuetaz baliatuz herrietako kontsultorioen zerbitzuak murriztu ditu eta lehen arretako osasun zerbitzuan izugarrizko eragina izan du horrek”, azaldu du Txutxi Ariznabarreta Arrankudiagako alkateak. “Eta ez hori bakarrik, gaur egun bizi dugun egoera normaltzat jotzen ari da”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bizkarsoro filmaren proiekzioa eta solasaldia egingo dute Basaurin eta Ugaon

Ekainaren 12an eta 19an egingo dituzte proiekzioak eta solasaldiak, hurrenez hurren

|

Bizkarsoroko frame bat // Bizkarsoro

Josu Martinezen Bizkarsoro luzemetraia proiektatu eta horren inguruko solasaldia antolatu du Hego Uribeko AEK-k Foru Aldundiaren babesarekin, Praktikatu eta bizi programan.

Saio bi prestatu dituzte: bat Basaurin eta beste bat Ugaon. Basaurikoa ekainaren 12an antolatu dute Ibaigane Kultur Etxean, 18:00etatik 20:30ak arte. Ugaokoa hilaren 19an izango da, ordutegi berarekin.

Bizkarsoro existitzen ez den herria da, baina Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Pertsonaiak ere fikziozkoak dira, baina gure lurraldeko edozein herritar izan daiteke.

Bost hamarkada ezberdinetan zehar bost istorio ikusiko ditugu Bizkarsoron. Historia 1915etik 1982ra bitartekoa da, eta euskarari eta euskaldunen errepresioari buruzkoa. Istorio hauek ahozko testigantzetan eta idazleen testuetan oinarrituta daude.

Basauriko jardueran parte hartzeko 645 715 621 telefonora deitu beharko dute interesdunek eta Ugaokorako 663 040 035 telefono zenbakia ahalbidetu dute.

Zuzendariaren filmografia

Itsasoaren alaba (2009)
Sagarren denbora (2010)
Debekatuta dago oroitzea (2010)
Barrura begiratzeko leihoak (2012)
Gure sor lekuaren bila (2015)
Jainkoak ez dit barkatzen (2018)
Caminho longe (2020)
Paperezko hegoak (2021)
Mirande. Film bat egiteko zirriborroa (2023)

Osorik irakurri